12 minute read
Bertsoak (210, 213
from Bertsolari 125
by elkarmedia
Aitatasuna
DOINUA: SAGUTXOTXIKIEKIN
Advertisement
Gaur dela harmar urte egin nintzen aita, orduztik nabil gure txikiei jarraika. Une gogorrak batzuk, gozoak hamaika, horietako zenbait nahi nituzke aipa, pasatu zaidan gauza ederrena baita.
Lo egiteko txarrak lehen bi urtetan, ordu txikitan esna jira eta bueltan, Amonak esan zidan “ez egon penetan, istori merezia duk hori benetan, heu ere halakoa baitintzen umetan”.
Etxean deskantsurik nola ez zegoen, kotxea eragiten bazen nahiko kemen, une batez isilik baitzeuden bederen, ohituraren ohituraz pentsa, mekasuen, Eroskiko gurdia eragiten nuen.
Oinez ikasi eta jolasteko grina, parkea bihurtu zen nire ofizina. Txirristan, zintzilika, orduak, makina, horrela etorri zen, zeinek imajina, zabuari bultzaka besotako mina. Pirritx eta Porrotxen zinta ehun aldiz, Astonauta kantatu dugu behin da berriz, Ipuin bera sei bider esana da Felix, erotuta nengoke, esaten dut egiz, halako zoriona sortuko ez balitz.
Pixka bat hazi eta akabo txirrista, eskola bukatzean zeinek segi pista. Euskal dantza, musika, makina artista, kirola ez dugu ba, utziko erdizka, aita bihurtu zaigu etxeko taxista.
Ibilerak ez dira oso erosoak, eta denen premia daukate gaixoak. Aita-amek watsapp-ez nolako pausoak, hasten dira nahasteak eta erasoak, haurren gauza txarrena dira gurasoak.
Umeak izateak badu bere mauka, haiekin ikasten da tirriki-tarraka, txorien txanda orain, aukera aparta, txirrina, hegabera, txonta, marikaka, etxean haur bat dunak mugarik ez dauka.
Aurretik izan nintzen saltsa denen arrain, bikotea jartzeko askotan buruz gain. Umeak izateak lotura du ordain, Felix Zubia zena, niretzako bikain, Jon da Olatzen aita bihurtu da orain. Nahiz batzuetan egon zoratu antzean, nahiz eta onak txarra eduki atzean, bi lore sortu ziren nire bihotzean, eta sari eder bat egun bakoitzean, haien besarkada bat etxera heltzean.
Amari amaz
DOINUA: ETA-RENSUETENETIK
AMA: Senarra, alaba ta ni (Ohiturak ohitura dira) telebista ikustera goaz salaren erdira. Baina ze tripako mina albiste baten harira: “haur bat abandonatu da motxila batean, tira.” Alabari ezin nion begiratu aurpegira. Ezin izan du jarraitu albisteari begira... aurpegia estali du eta negarrez hasi da.
ALABA: Telebista itzali dut egon gintezen bakean, baina malkoak ixuriz bukatu dut mantapean. Haur bat utzi dutelako urte batekin parkean, eta bat batean amak “ondo zaude”? esatean: Amorratuta lotu naiz iraganaren katean, jakin nahi ez nuen hori galdetzen nuen artean: “ni ere utzi al ninduten kontenedore batean.”? AMA: Amarekin bizi zinen, ez behar bezain gustora. Zu zinen bere aingeru baina deabru zen droga. 2 urte zenituela diputazioko froga: “edateko bizi den bat ez da iristen inora”. Berari esker iritsi Zinen zu gure ondora. Amak eskua askatu baldin bazizun gerora, zaila da ulertzen baina maite zaituelako da.
ALABA: Ezagutu nahiko nuke noizbait nire ama zena. Ezagutu nahiko nuke jarri zidana izena. Ezagutu nahiko nuke lapurtu niona sena. Sarritan planteatu dut 2.aukerarena. Baina galdera bat daukat erantzunik ez duena: Ez ote da uzteko gai dependentzien problema, parke batean alaba uzteko gai izan dena?
AMA: Txuri beltzeko munduan ederra da ortzadarra. Galdera bakoitzak dauka erantzun baten beharra. Urte batzuk igarota egin nahi dizut oharra: gainditu nahiko bazenu adiskidetzeko marra: bera ados egongo da ez delako ezer txarra, eta guk ere jarriko dugu horretan indarra. zuk bi guraso dauzkazu ta guk alaba bakarra.
ALABA: 14urte hauetan ez dut galderarik egin, nahiz eta nire barruak erantzunen bila ekin. Ni nire lehen amaren desberdina izan nadin, nola bihurtu dezaket berdintasuna desberdin? Nahiz eta min hartu dudan esan gabeko hitzekin, nahiz eta jada 16 urte dauzkadala jakin. Gaur gauean lo egingo dut aita ta amarekin.
Iritzia, bakarka…
Julio Sotok, joan den irailaren 10ean, Naiz-eko Gaur8 agerkarian, Amagoia Mujika kazetariari erantzunez:
Oholtzatik kanpo deserosotasun hori dagoenez, susmoa dut oholtzan ere ez ote garen gai horri iskin egiten ari. Iruditzen zait alde egiten ari garela agian horretatik eta heldu beharko diogula uste dut, ez posizionatzeko, bertsolariak gertatzen ari denari kantatu behar diolako baizik.
(Bide batez, zeinen zaila den bertsolarien iritzia jasotzea, txapelketaren testuinguruaren barruan ez bada. Txalo mundu txiki honi jarraipena egiten dioten kazetariei, eta txalo testu hau argitaratzeko lekua atondu duen hedabideari ere) “Txertoak ekarritako problematikari” egotzi zion bere garaian deserosotasun hori Juliok. Irailean deseroso bagenbiltzan, ea nola gabiltzan orain… Nik “txertoa” kendu eta “pandemia” edo “pandemiaren kudeaketa” jarriko nuke hor, baina ACHTUNG. Ez da honen asmoa upel horretako sagardoari tiraka aritzea, lizun usaina dakar eta. Interesgarria da “bertsolariak gertatzen ari denari kantatu behar dio” hori. Posizionatu edo ez, gertatzen ari denari kantatzeak konplexutasuna eransten dio nahitaez bertsotarako gaiari. Zenbat gauza ari dira une honetan gertatzen? Eta, gertatzen ari den horrek, zenbat hari-mutur ditu? Ados, bi-hiru bertso bakarka botata ez duzu kantatzen ari zarenari buruzko analisi integral bat egingo. Baina betelana tesi bat defendatzen pasatzeak ez al dakar pobretze moduko bat?
Iritzi monolitikoa debaluatuta dago burtsa sozialean. Ideiagintza irmoan sinesten dut, etengabeko kuestionamenduprozesuen ondoren badator. Ez al da horixe bera, gertatzen denari kantatzea?
(Epilogoa: goiko hori dena buruan zentrifugatzen neramala joan nintzen aurrekoan bertso eskolara, Arabako txapelketarako uste baino denbora gehixeago baina hala ere gehiegi ez dugula eta astero biltzen baikara orain, zintzo. Beti bezala, ahal nuena egin nuen bakarkakoa, presakako ideiagintza, erran nahi baita.)
Tabu
Tabu hitzaren laugarren adierak “gizarte eta politika gaietan, bertan ebatzi gabe dauden eta traumatikoak edo deserosoak diren auziak” hartzen ditu hizpide. Bertsoa ere, diskurtsogintza eta komunikazio bide den neurrian beti egon da tabuz inguratua, zeharkatua eta zenbait tabu puskatzeko prest; bertsogintza ez baita urruneko perspektiba, ez bada murgiltzetik abiatutako distilazioa.
Zilegi da bertsogintza bozgorailu gisa ulertzea. Zilegi da, bertsolariok gizarte mugimenduei oihartzuna ematea. Zilegi da, zalantzak sortzen dizkigunaren inguruan pentsatzeko tartea hartzea ere. Are, zilegi da zalantza kantatzea. Baina zalantzari forma eman behar zaio eta bihiru bertsora errenditu. Izan gaitezen zintzoak: gai konplexu eta deserosoen aurrean, zuetako zenbatek erabakitzen du gaiari itzuri egitea? Koadrilan, familian, gabonetako otorduetan, heldu diozue edo tabu bilakatu zaizue?
Honi bueltaka ari nintzela argitaratu da ondoko leihoan Manex Agirreren zutabea, “bertsolariak gertatzen ari denari kantatu” behar dion Julio Sotoren adierazpenaren bueltan. Hain zuzen, hari mutur ugari dituen gai konplexu baten aurrean, hiru bertsotan gertatzen den hori bildu ote litekeen da beste galdera posible bat. Eta abiatzerako dakigu ezetz. “Burtsa sozialean” debaluatu den “iritzi monolitikoa” aipatzen du Agirrek, eta burtsan gora doan zalantzaren apologia ez dakit onartzen dugun gai guztietan. “Bertsoak bizi duen garaiaren lekukotza zor du” zioen Amets Arzallusek azken bertsolamintzan. Eta ahalegin horretan ebatzi gabeko gai traumatiko eta deseroso ugari agertzen zaigu. Sumatu dut jendea pandemiari kantatzeko eskean, eta sumatu dugu giroa hori ez den beste guztiaz aritzeko premiaz. Gai sortzaileek ere oreka horren bila dihardute, bertsolariok bezala. Horregatik, saio askotan agurretan entzun ahal izan dira garaiari lotutako kokapen, kritika eta iritziak. Beste hari-mutur ugari ofiziotan eta bakarka landu ahal izan dira. Susmoa dut, gaiari heltzeko eskatzen duen horrek ez ote duen berak eskuetan duen haria mikrofonoan jar dadin nahi (biralaren garaia, bi zentzutan).
Bertsoak bertsolari beste iritzi bil litzake, eta bertsozale beste mezu osatu interpretazioan. Maialen Akizuk gradu amaierako lanean planteatu zuen diskurtso komunitate gisa ulertzen badugu, ordea, ohartuko gara zenbait gairen inguruko norabide edo iritzi konpartitze bat gertatzen dela bertsoen bidez. Kontsentsurik gabeko gaietan, baina, zaila da ñabardurak lantzeko bertsoaldirik aurkitzen. Eta ez gaude epaietarako. Zorionez, saio ugari, bertsolari asko eta espazio anitzetako collage-a da bertsogintza. Bertsozalea denak, han-hemenka entzundako saioetatik pandemiaren irakurketa nahiko oparoa osatu ahalko du.
Haur eskolak S.O.S!
DOINUA: DELIKATUABAITUT
Hausnarra, harrikada galdera, ezbaia… Pentsatzen dudan hori azaltzeko nahia Baliatu dezadan heldu zait garaia “Bertsolari”ri esker daukadan talaia.
Ta lehen sorta honetan nahi dut azpimarra Haur Eskola nafarrek daukaten liskarra nahiz etsigarria den konflikto zaharra urte berrian ere aipatu beharra.
Toperaino igota Ratioen langa Horri gehitu soldata duinen demanda Eman nahi omen zaio geroari txanda baina iraganeko baldintzak izanda.
Hezkuntza arautuan senide pobrea ahanzturaren zakuan sarritan gordea Denok nahiko genuke praktika hobea beharrezko babesa falta da ordea. Luzatuz murrizketa bortitzen fasea zein zaila den plangintza duinak lantzea! Ez al da edukazio txarreko trantzea dirua hezkuntzaren gainetik jartzea?
Tren azkarra heltzeko itxaropenean promesak pikutara doaz zuzenean Sos faltak S.O.S bat du barrenean txantxulloetarako badaukatenean.
Haurrak erdigunean jar ditzagun, chapeau! Baina marroia beti hezitzaileentzako Denon hobe beharra harturik aintzako Lan baldintza duinak Haur Eskolentzako!
Pasa o aparta
DOINUA: HAUXENDAGAIA ZELEBREZKUAT
Hemen agian ez dira biltzen guzti-guztien ahotsak azken aldian alde denetan entzun dira harrabotsak bertso sorta bat galde egin dit etsirik dudan bihotzak egoera hau bizi beharraz nekatuta gaudenontzat. “Hartu txertoa, hartu txertoa” eman duten garrotea ia arnasa hartzeko ere behar da pasaportea garai hauetan nahasi dira kontraesan bikotea Covid-pasea izatea ta osasuntsu egotea.
Antzerkiren bat edo filme bat nornahik gomenda dizuna bertso saio bat goi mailakoa aspaldi partez entzuna Bengoetxeak Labriten eman behar dun ikuskizuna OMSek ez dizu esango baina hori bada osasuna.
Esperimentu bat ez ote den duda egin dezakegu limitea non ote daukagu? honek muga non ote du? aurrerantzean benetan kontuz bizi beharrak gaude gu gurekin zernahi egingo dute hau onartzen badiegu.
Gogora ekarri nahi ditut hitzak zentzuzkoak ta sakonak Manuel Lasarte izan zenari kantuz entzun nizkionak askatasuna QR bati erregalatzen dionak, “bere garaian kenduko dio, lenago eman zionak!”. Ia bi urte pasatu dira guzti hau hasi zenetik zentzu gabeko hamaika neurri bat bestearen atzetik badaezpada hobe litzake denak kentzea kolpetik birusetik ez, baina burutik denok gaixotu aurretik.
Sasi-sare
Pasa da urte berriaren lehenengo hilabetea, asko gimnasio berri batera apuntatuta hilabetez, dietako jarraibideak hozkailuan eskegita lau astez, edo estankoko saltzaileak ikusi ez dituenak, baina, lagunei zigarroak lapurtzen dabiltzanak 27 egunez gutxi gora behera. Espero dut denok ondo egotea, eta egon lasai, otsailari egun batzuk baino ez zaizkio falta heltzeko eta hozkailua lehengoa izango da berriro ere. Azken egunotan sare sozialetan hainbat sarrera irakurri ditut geure buruari jarritako helburu
edo urte berrirako asmo horien harira. Sasi-mediku, sasi-jakintsu, sasi-influentziadunak, antza asko dakitenak, jarraitzaile kopuruarekin batera jakintza bereganatzen dutenak dira post hauen egile. Eta beldurra ematen du zenbat dauden pentsatze hutsak. Batzuk, asmoen alde haien iritzia tinko emanez “garrantzitsua da bizitzan helburu batzuk izatea, aldaketak egiteko argi izan behar dugu zer nahi dugun lortu…” eta horrelako hamaika sarrera igotzen dituzte sareetara. Pentsa aplikazio bat ere badago, goizean ohetik esnatu, limoi ura edan, ohea egin, kirola, etxea garbitu eta lanera joan aurretik hainbeste gauza egiteko antolatzen laguntzeko aplikazioa. Goizeko 7retarako dena eginda, aplikazioan sartuta eta produzitzeko bidean pozpozik joateko aplikazioa. Besteak, ostera, aplikazio eta xedeen kontra agertuz, datorrena datorrela hartu eta gorputzari entzun behar zaiola diotenak, astean Yoga hirutan egin eta sentitzen duguna elikatzea bultzatzen dutenak.
Eta hainbeste sasijakintsuren iritzi artean eta mugikorraren aurrean galdutako denboraren ostean, neure buruari begira jarri eta helburuak betetzen ari naizen galdetu diot: ari al naiz? Nire aurtengo asmoak ez dira gorputzarekin borroka egitekoak, edo sareetan elegante ateratzearekin lotutakoak. Aurten, bertsotan hobetzeko hautua egin eta momentuz birritan baino ez naiz joan bertso eskolara, ideia aldetik ere ez dut marabila handirik lortu, errimentzako koaderno polita berri-berri dago apalategian, telefonoak ez du jo saio baterako dei edo mezutxo batekin.
Bueno, yoga egingo dut astean hirutan, eta otsaila gainean denez, nire hozkailua, errimategia eta doinutegia, lehengoak izango dira, presio gutxiagorekin baina hobetzeko asmoz, telefonoak otsailean noiz joko.
Ardi txakurrak
Aurrekoan esan nizuen gure herrian txakurretik txakurrera alde handia dagoela eta akaso baten bat beldurtu ere egingo zen, are gehiago, hilabeteko etenaldiaren ostean. Lasai, oraingoan ez naute deklaratzera deitu. Deituko banindute ere, arrazoi gutxirekin. Izan ere, Gorbeiako ardi-txakurrari eta Border Collie-i buruz ari nintzaizuen.
Badira urte batzuk Eva ezagutu nuela. Bertsozale elkartera ikastaro bat ematera etorri zitzaigun, eta geroztik harremana dugu. Logopeda da bera, beste gauza askoren artean, eta ahotsa zaintzeko eta lantzeko aholkuak eman zizkigun. Evak lehenengo aldiz bertsotarako deitu zidanean, harritu egin nintzen. Ardi-txakur erakustaldi batean abestu behar omen genuen, artean, ez nekien askorik mundu horri buruz.
Evaren neba, Fidel, artzaina da eta berak eta beste zenbait kidek Arabako Arate elkartea osatzen dute. Artzaintzaren aldeko lanean dihardute pasio izugarriz, eta euren langintzaren transmisioa bultzatzeaz gain ardi-txakur erakustaldiak antolatzen dituzte. Ardi-txakur erakustaldi horietan ez da Border Collierik izaten, Gorbeiako ardi-txakurra edo iletsua bakarrik onartzen dituzte. Border Collie arrazako txakurra, txakur azkarra izateaz gain indarrez sartu da artzaintza munduan, lanerako eta aginduak betetzeko duen prestutasunagatik. Ondorioz, bertoko euskal arrazadun ardi-txakurrak desagertzeko bidean leudeke Arate elkarteagatik-eta ez balitz. Ardi-txakur erakustaldi horietan ezagutu nuen aurkezle lanak egiten dituen Josu ere, Evaren bikotekidea. Duintasun handiko gizona. Josuk asko daki arditxakurren gainean, eta, zoritxarrez, artzaintzaz beste daki ertzaintzaz... Tubacexeko langilea baita Josu. Borrokalaria, bakezalea, langilea eta euskaltzale amorratua. Tubacexeko gatazkan behin baino gehiagotan aritu da ertzaintzaren aurrean bertsotan, hitza bere arma bakarra... Bere bizkarrean, baina, beste batzuk probarazi dizkiote. Makila ez da lagunak egiteko biderik onena, ertzainek ez dakit, baina artzainek ondo dakite hori. Makila eskuan darabilte artzainek, baina ez ditut behin ere txakurraren aurka jasotzen ikusi. Bikote zoragarria dira Eva eta Josu, bertsotara goazen bakoitzean mimatu egiten gaituzten horietakoak. Bertsoari zor diot horrelako jendea ezagutzeko aukera eman izana eta, beharbada, horixe da bertsoarekin dudan zor handiena. Horretarako ere balio baitu bertsoak, lagunak egiteko. Horrelako saioetan bertsolariak izan dezake betegarri sentsazioa ere, baina nik badakit hori ez dela Eva eta Josuren zioa. Erdalguneetan euskararen presentzia bermatu nahi dute. Euskaltzale amorratuak dira eta egiten duten lana eskertzea baino ez dagokigu. Bertsolari bat baino gehiago gonbidatu dut nirekin abestera, eta ziur naiz oroitzapen ederrarekin bueltatu direla etxera. Halakoetan, oroigarritzat, ardi-txakur erakustaldiko epaileei ariketa puntuatzeko darabilten irizpide-orria eskatzen diet, bertsokideek etxera eraman dezaten. Ardi-txakur erakustaldietako epaileek zehaztuta daukate artzainaren eta txakurraren lana nola epaitu behar duten. Ikusgarria da daukaten zehaztasun maila, eta behin baino gehiagotan bertso txapelketetako epaileen lanaz oroitu naiz. Ardi-txakur erakustaldietan nahiko argi izaten dut zeinek egingo duen aurrera, bertso-txapelketetan behin baino gehiagotan sartu dut hanka. Bertsoak ez dira matematika. Badakit hori lehendik ere, baina zenbaki matematikoekin epaitzen dira. Hala behar luke? Koefiziente zuzentzailerik beharko litzateke? Ez naiz epaile zalea, baina neu ere epaile lanetan aritua naiz. Gure kontraesan txikiak. Buka dezagun urtea lasai, behintzat. Hurrengoan idatziko dizuet zerbait epaileei buruz, bitartean, urte berri on, bertsozale!