8 minute read

GASTEIZ.Ruben Sanchez Bakaikoa

2.GTXUSTA

JUAN MARI IRIONDO TXUSTAK GOITIZENAREN IZEN BEREKO TABERNA GOBERNATU ZUEN BEGOÑA LOPEZ DE

Advertisement

MUNIAINEKIN BATERA, HIRU HAMARKADAZ. Hura izan zen Gasteizko bertsolaritzaren habia urte luzez, asteroko bertso eskolarena, bertso saio eta afariena, bilerena… Lehen bertsozale haiek taberna konpartitu zuten langile batzordeekin, grebalariekin, Hala Bedirekin, hainbat herri mugimendu eta joera politikorekin.

Txusta bera ere bertsozalea izateaz gain saltsero samarra zen, futbolari ohia, errepresaliatu eta espetxeratu politikoa, izaera irekia zuena; purua eta irribarrea ahoan, hamaika aurpegi zituena. Berriki hil da, eta, idazten ari den honek (ere) patxaran bat edo beste medio bere lehenengo bertso saioa han kantatu zuenez, bihoakie besarkada bat bere familiari eta gertuko guztiei. Gaur egun, beste taberna bat dago Txusta zegoen lekuan. Barkatu baina izenik ere ez dakit.

Juan Mari Juaristik bertsoak jarri zizkion 2002an (taberna itxi berritan), sortatik hauxe hartu dut, askori gertatu baitzitzaigun:

Hegan hasi aurreko guztion habia zalea zena soilik, han bertsolaria, Txustan astindu gendun beldurren nagia, zurekin dugun zorra ez al da handia? Inork ez baitu ahazten bere “lehen aldia”.

3.GBODE

TXUSTA TABERNATIK BODE TABERNARA. Txusta hil eta hilabetera itxi zuten Bode taberna. Bode ez da bereziki bertso taberna bezala nabarmendu, Gasteizko mugimendu alternatiboaren taberna zen. Besteak beste, Hertzainak taldekoena. Bere aurkezpen kanta bertsotan eman zuena. Alabaina, 1984an ez ziren holako kopla asko kantatuko:

Isilik inola ez hobe abestu gainera mundu zaharra musikaz deuseztu abestu ta zaharra deuseztu hau maite ez duenak bizitzerik ez du.

Kaixo lagun guztioi gu gara hertzainak batzuk porraz berotzen dizkigute gainak guk musikaz hustuko dizkiegu zainak

gaur kolokatu behar dugu edonola gu mozkortzeko vodka horiek koka kola edonola koka kola zuek enporratzeko gure rokanrola. Gurekin nahi baduzu izan neska fina hobe txina batekin etorri bazina mundua ez litzateke egongo hain zikina neska fina etorri bazina ta elkarrekin ohean izango bagina.

Txoriek zelaietan mokoka garia guk kanutotarako nahiago maria gaur mozkortu baino lehen presta afaria hori duzu hertzainok nahi dugun saria.

Hertzainak jaio eta Hertzainak bukatu gu isilitzeko mediorik ez du inork asmatu geu hil baino lehen hobe da apaizak urkatu aita santu gaixoa puzkarrez akatu.

Ta ohezalea dena gertura dadila borrokarako prest balak eta fusila ta inguruan ditugun neska mutil pila muermoa beheraka ta goraka zakila.

Argazkia: Alea.

Josu Zabalak BERRIAn esan zuen: “Hasieran zaila izan zen jendeari ulertaraztea zergatik egiten genuen egiten genuena euskaraz, euskaraz egiten ez zen hiri batean. Baina bertakoen babesari esker iraun genuen lau urtez desertu miserable batean. Gasteizen genuen lagun sareak bultzatu gintuen. Lehen diskoa kaleratu arte ez genuen giro euskaldunetan kontzerturik egin”.

1980ko hamarkadan mundu alternatiboarekin batera hazi zen euskara Gasteizen, beste tribu bat gehiago. Mundu euskaltzalea zipriztindu zen besteen koloreekin, eta beste tribuek ikasi zuten euskara errespetatzen, lehenik, eta gerturatzen, gero. Eta hala euskararatu ziren gaztetxea, talde politikoak, intsumisoak, feministak, ekologistak, internazionalistak, musikariak… Arabako bertso mugimendua, inon ez bezala, kolektibo bat zela diote Jon Maiak eta Igor Elortzak 1990eko hamarkadan Gasteizera heldu zirenean, eta sektore alternatibo erdaldunek leku gutxitan bezalako begirunea zietela bertsolariei.

Eta bertsolaritza horrela ezagutu genuen Gasteizen: kolektibo bat. Maiz falta izan zaigu lehiakortasuna eta erronka. Garrantzi handiagoa eman izan diogu bertso eskolak, bertsozaleak eta bertso giroa sortzeari, bertsolari onak ateratzeari baino. Maiz, bertso eskolan lan egin izan dugu beste kolektibo batzuetan jarduten ginen bitartean.

(Ikus. Araba bertso histori ezberdin bat liburua)

4.GFLORIDA

80. HAMARKADAREN HASIERAN BERAZ, SORTU ZEN

GASTEIZKO LEHEN BERTSO ESKOLA (Araban beste bat besterik ez zegoen: Aretan). Bertso eskolaren bigarren urtean, bertsozale haiek bertsolari sentitu ziren eta, karneta atera gabe aitari autoa hartzen dion gaztea bezala, ausartu ziren ez soilik jendaurrean kantatzera, baita Arabako Txapelketa antolatzera ere. Gaur egun, Florida zinemak dauden lekuan antzokia zegoen, eta bertan egin zuten finala 1984ko ekainaren 10ean.

Txapelketa hura ulertzeko gako batzuk:

● Bertan kantatu zuen inoiz txapelketa batean kantatu duen lehen emakumeak: Amaia Otsoa. 2018an hil zen Amaia, eta horrela gogoratzen zuen sasoi hura (bertso eskolako gizonei begira): “Zuek ez zineten gehiegi kortatzen, baina gogoratzen naiz askotan Karmelek eta biok, erdi haserre erdi nekaturik, esan behar izaten genizuela «hori matxista da» monogaiaz aritzen ginenean, eta baten batek erantzuten zuela «bertsotan dena onartzen da» (freskotasunaren izenean). Hemen ere denok tolerantzia ikasi behar! Hala ere, talde ederra osatzen genuen, maitasun handiz gogoratzen ditut ostegun guzti horiek”.

● Irabazlea, Bilbotik Gasteizen bizitzera aldatu zen Juan Isasi Txinotxu izan zen, (hura ere) euskaldun berria. Txapelketan hasi eta bukatu zuen bertso ibilbidea jendaurreko jardunean. Ordura arte lagun artekoa zen hura handiegi egin zitzaion kazetariak eta antolatzaileak gainera etorri eta bertso saio zein elkarrizketetarako bertsolaritzat hartzean.

● Hurrengo Arabako Txapelketa 2002an egin zen, Printzipal Antzokian —tartean, San Prudentzio Sariketa ospatu zen 1990eko hamarkadan zehar—. Ematen du aitari autoa hartu zion gazte hark istripua izan eta beste 18 urte kosta izan zitzaiola berriz auto handiarekin ausartzea. Abel Enbeita izan zen Arabako bertso eskolen lehen irakaslea, gidaria, sosen bilatzailea eta Txapelketaren bultzatzailea. Egunean bertan parte hartu zutenei eta Txapelketari berari bertso sorta eskaini zien, eta hartatik seiko motz hau:

Arabako Txapelketa historiari erpeka hamasei lagun aurkeztu dira nerbioz beteta lehen urratsak erreta mikrofonoai topeka Arabak ere badu gerorik hasi dira eta.

Donostia (XDZ).

5.GMATXETE

1980KO HAMARKADAN BERTSO ESKOLAK HASI ZIRELARIK, BILBO ETA GASTEIZ IZAN DIRA BERTSOA GEHIEN JORRATU

DUTEN EUSKAL HERRIKO HIRIBURUAK (Añorga ez baita Donostia). Eta Arabako gasteizentrismoa dela-eta, Gasteiz izan da garrantzitsuena herrialdearen norabidea markatzen. Ez zuen hainbeste markatu ez BAMek Iparraldea, ez Donostiak Gipuzkoa, ez Iruñeak Nafarroa, ezta Bilbok Bizkaia ere. Eta ez da gauza kuantitatibo hutsa: beste herrialdeetan “mundu euskaldunak” bertso-markatu zuen herrialdea, Araba izan da bakarra mundu erdalduneko euskaldunek markatu dutena. Horrek eragin du hasieratik gauzak beste era batera egin izana. Euskal Herriko gainerako inguru erdaldunetako bertso eskolak kenduta, esan ahal da Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak BECeratu zenean egin zuela “lehen” ariketa sendoa bertsolaritza mundu erdaldunera gerturatzeko, 2001ean.

Ordurako burutua zen Arabako bertsogintzaren benetako arrakasta: etxeko ohiko hizkuntza euskara ez zuten arabar bertsolariak eta bertsozaleak sortzea, elkarrekin ondo pasatzen zutenak. Arabako herri eta Gasteizko auzo askotan egin ditugu historiako lehenengo bertso saioak; hasieran herabeti, eta hurrena festa giro txoroan. Sentitzen genuen, eta oraindik sentitzen dugu, lurralde berriak jorratzen ari den esploratzailearen adrenalina, gutxien uste duzun lekuan estreinakoz bertso giro bat sortzearena.

Pentsa liteke: “Tira Araba holakoxea da eta “han” horrela egin beharko ziren gauzak”. Izan ere, euskaldun paisaia mendi berdeekin lotzean, ahaztu egiten zaigu euskal herritar gehienak ez direla euskal hiztun naturalak. Horra zergatik den garrantzitsua Gasteizko bertso ibilbidea ezagutzea.

Plaza-urratze horretan, Matxete izan da bertso giro horren nagusietako bat, Gasteizko festetan: Andoni Egañak, 80ko hamarkadan Gasteizen egon zelarik eta udaletxeko euskara teknikaria zela, utzi ziguna. Eta, geroztik, urtero hutsik egin gabe (urte batzuetan diru laguntzekin gorabeherak izan badira ere) festetako bertso plaza izan dena. Andoni Egaña eta, bere moduan, beste hamaika lagun etorri da Gasteizera (batez ere unibertsitatera), eta haiek ere Gasteizko bertso giroa markatu dute; zorionez, elkar zipriztindu dugulakoan nago. Gasteiz euskalduntzen lagundu dute haiek, eta itzultzean (itzuli badira) Euskal Herria pixka bat gasteiztartuko zen.

Milaka bertso eder kantatu dira Matxeten eta ez nuke jakingo zein aukeratu, beraz, bat-batean liburuei begira 1992koa hartu dut —artean Bertsozale elkartea Bertsolari elkartea zenekoa—. Matxete plazan, Andoni Egañaren gaiei kantari, Jon Sarasua eta Xabier Amuriza, gai librean, sortu berri samarra zen Egunkaria hartu eta berriak iruzkintzen. Segi dezagun gure konplexuan zuloratzen ;-):

J. Sarasua: Euskal Herriko probintzi denek ez dute berdin indarra, egunkaria ikusi eta ez zaitezela hasarra, hiriko jaien orrialdeak dago ikusi beharra, Donostiari hamar pajina eta Gasteizi bakarra…

Amuriza: Eskalafoia hala omen da eta aguantatu behar badago hemen inbiri pixkat hiru probintzitan zehar, hemen bakarra ta Donostian hamar horrek omen dakar, ta Bilbokoak datozenean ehun da berrogeitamar.

6.GAMAIA ZENTROA

ETA, AZKENIK, ALDE ZAHARRETIK IRTEN ETA ARANBIZ-

KARRA AUZORA EGINGO DUGU JAUZI. Halako batean, belaunaldi gazteago batek hartu zion erreleboa 80ko hamarkadako Guardia Zaharrari. Arabako Bertsozale Elkartea —Txusta taberna oso kuttuna izanagatik— bulegoago zen lekuren batera eraman behar zen: kostatakoa eta ez minik gabea izan zen erabakia (eta hemen ulertu behar duzue Gasteizko tabernetan oso ardo ederrak egoten direla).

Lehen esan dut Gasteiztik antolatu zela Arabako bertso mugimendua. Gaur egun, zorionez, eskualdez eskualde, autonomoa da. Baina, hasieran, Gasteiztik heldu zitzaion eta abiarazi ziren Aramaixo, Legutio, Aiaraldea (Aretako bertso eskolako guardia zaharrari erreleboa emanez), Arabako Lautada, Mendialdea, Trebiñu, Arabako Errioxa, Añana edota Zuiako bertso eskolak, saioak, hezkuntza arautuko lana edo unibertsitarioen bertso eskolak.

Gauzak horrela, nahikoa aspaldidanik egiten dira bertso saioak Araba osoan zehar. Bertso eskolak zabalduta daude bazter guztietan, eta, beraz, munduan leku gutxitan gertatu den zerbait eragin dugu: hizkuntza handi hegemoniko batean hazi ginenok hizkuntza txiki gutxitu bat hartu, gure artean solasean erabili eta bertsotan kantatuz ondo pasatzea. Nahi duzuena esango duzue, baina oso arraroa da. Eta behin —eta oraingoz txikien mailan— bada ere, gure konplexutik askatzeko egun kolektibo bat izan genuen, Aroa Arrizubieta gasteiztarrak eskolarteko txapela jantzi zuen egunean.

Nik uste, ordurako, guk ez genuela “behar” EH mailako txapel baten aitortza gure lana balioesteko, baina beharbada zuek bai, kar-kar!

2017an izan zen, eta Aroak arabar bertsolariok bertso munduan sentitu izan dugun… nola esan? Konplexua sortzen zigun zera hori? Arabafobia gogorregia egiten zait ;-), baina ez dakit nola esan. Tira, hona, Aroaren agurra, egun batez bada ere, geu denok han goian egon ginen eta:

Eskerrik asko Muxikakoei tratatzearren horrela zuei ere sentitu bainaiz udalekutan bezela. Familiakoei, klasekideei ezin zen izan bestela. Ta kritikatu gaituzten denak izorratu daitezela! Arabar batek lortu duela Euskal Herriko txapela!

This article is from: