1 minute read
KANPOTIK LARRUTIK ETA BARRUTIK Ana Galarraga
from Bertsolari 126
by elkarmedia
LARRUTIK ETA BARRUTIK
TESTUA: ANA GALARRAGA (ZIENTZIA DIBULGATZAILEA)
Advertisement
AMAREN BASERRIAN EGITEN GENITUEN BAZKARIETAN, AITONAREN BERTSOAK ENTZUTEKO EGITEN ZEN ISILTASUNA. AITAREKIN BATERA JOATEA AIARA, AZKEN PORTURA, ITZIARRERA, SAN PELAIORA, ORIORA, DONOSTIARA, OIARTZUNERA, TXAPELKETETAKO KANPORAKETETARA, TXAPELKETETAKO FINALETARA. AITAREKIN ETA SEMEAREKIN ITZULTZEA LEKU ETA JAIALDI HORIETARA, URTE BATEZ ETA HURRENGOAN ERE BAI. KATEA EZ DELA ETEN SENTITZEA.
Lagunekin egun osoko plana egitea, bi orduko saio baten aitzakiarekin. Aldez aurretik erabakitzea noren alde egongo garen, eta, azkenean, beste batekin maitemindu eta hura txalotu, lehen aukeratutakoa baino beroago. Errepikak egitea, ahotsa urratu arte. Ahotsa urratuta izanda ere, errepikak egitea. Gaupasa eginda joan arren, lo hartzeko arriskurik ez izatea.
Hizkuntzak elkartzen gaituela sinestea. Ez: hizkuntzak elkartzen gaituela baieztatzea. Entzundako bertsoekin sorginduta etxeratzea. Ordura arte ikusi, usaindu, pentsatu, sentitu gabekoak bertsolari baten ahotan entzun, eta nigan zegoela deskubritu. Edo neure egin. Eta negar, hunkituta negar egin. Eta barre; apenas nabaritzen den irribarretik hasi eta algara ozeneneraino. Amorratu eta penatu, huts egiten dutenean; eta poztu eta harrotu, asmatzen dutenean.
Jakitea, bertsoen bidez ez balitz, zenbait ideia eta gai ez liratekeela nire aita eta haren garaiko gizonengana iritsiko. Susmatzea, bertsoen bidez ez balitz, zenbait ideia eta gai ez liratekeela nire adin bereko gizonengana iritsiko. Emakume bertsolariak txalotzea, aupatzea, animatzea. Eta eskertzea, larrutik eta barrutik, bide berriak ireki izana; ahizpatasuna zer den galdetzen dionari, erantzun bat begien aurrean jartzeko aukera eman izana. Bezperan entzundako doinu berezi hori itsatsita dudala esnatzea, eta liluratu ninduen beste bertso haren hitzak buruz ikastea. Aurreko astean harritu ninduen saio esperimentala oraindik erraietan atximurka sentitzea. Azken Txapelketa Nagusira norekin joan nintzen, zer nuen jantzita, eta norekin egin nuen topo gogoratzea. Datorren Txapelketa Nagusirako irrikan egotea, eta dagoeneko lagunekin adostuta izatea zenbatgarren ilaran eseriko garen, keinu bat bera ere ez galtzeko, baina, era berean, kameren pare-parean ez jartzeko.
Emozionatzea, eztabaidatzea, gozatzea, iritzia ematea, iritzia eskatzea, xaxatzea, jolastea, kontra egitea, alde egotea, babestea… Eta beti norbaitekin: etxekoekin, lagunekin, ezezagunekin, maitaleekin, etsaiekin, bertsolariekin, bertsozaleekin eta bertsoak maite ez dituztenekin. Eta beti euskaraz. Hori dena da niretzat bertsolaritza; hori dena eta askoz gehiago, baita oraindik suma ezin dezakedana ere. Larrutik, eta barrutik. •