14 minute read

BERTSO IBILBIDEA: LEKEITIO Aissa Intxausti

BERTSO IBILBIDEA LEKEITIO

TESTUA ETA ARGAZKIAK: AISSA INTXAUSTI

Advertisement

Arg: Pepito (Wikipedia)

Postaletako herria da Lekeitio: irla, itsasoa, hondartza, portua… Donostia txikia ere deitzen diote batzuek. Milaka pertsona etortzen dira herria bisitatzera, baina inor gutxik ezagutzen du beste Lekeitio. Hasi aurretik, gomendio bat: KONTUZ, ez etorri kotxez udan, ezin izango duzu aparkatu. Leku bat ezagutzeko ezinbestekoa da jendea ezagutzea; izan ere, berezi xamarrak omen dira herri honetakoak: Kanpora doazenean beti esan behar dute nongoak diren eta herri-harrotasun larregi dutela ere esan daiteke “benetako” lekeitiarrek (zergatik ari ote naiz hirugarren pertsonan hitz egiten?); hala ere, jende jatorra, langilea eta kantaria da hemengoa. Gure hobe beharrez, gaur ez gara sartuko beraneanteen gaian. “Paparduak esan eutzan/ kolaijo kumiari/ gaur daukagula Lekitton/ bisigua ugari” kantatzen dute herritarrek. Egia esan, bisigu asko dago Lekeition, baita bi hankadunak ere, eta bisigu itzela harrapatzen dute askok bertako jaietan; beraz, bisigua ugari Lekitton. Beste kantu bat ere famatua da lekeitiarren artean, eta herria zein herritarrak nahiko ongi deskribatzen dituela esango nuke:

“Hasi talatik eta portaleraino ez dago besterikan tabernia baino nor ez da mozkortuko hainbat tabernakin baita islako akerra edaten baleki”.

Orain bai, prest gaude Lekeitiotik ohikoa ez den ibilbidea egiteko, eta postaletako herria beste tour baten bidez ezagutzeko. Bihurgunez beteriko errepideetatik iritsiko gara, bestelako biderik egon ere ez dago eta. Arropaineko biribilgunea pasa, zaharren egoitza, ikastetxeak eta anbulategia atzean utzi eta herriaren erraietan sartuko gara. Behin hona helduta, non aparkatu? Bidaian baino denbora gehiago kotxea uzteko lekua bilatzeko egon ostean, lortu dugu. Kotxetik irten, eta goazen lehen geltokira.

1 PORTUA 2 GALARRENA KULTUR ELKARTEA 3 MALEKOIA, K13 ETA SAN JOANEKO TXIRINGITOAK 4 UDALETXEKO PLAZA 5 ABAROA PARKEA 6 MENDEXAKO FRONTOIA

1. GD / PORTUA

PORTURA JAITSIKO GARA LEHENENGO: AZKEN MENDEETAN ARRANTZALEEN TOPAGUNE IZAN DEN LEKURA, GAUR EGUN ASTEBURUETAKO MARIANITOZALE ETA RABAJALEEN BILGUNE

BILAKATUA. Lehen zeuden hainbat baporetatik gutxi batzuk ikus daitezke: baxurakoa bakarra, Kalamua, eta lauzpabost legatzontzi. Hala ere, tradizio batzuk mantentze dira: kanaberarekin arrantzan gazte pila dabil eta baita abadeen moilatik zein tinglatutik saltoka ere.

Neguko aste barruan arimarik ez da ikusten hemen, ez bada jubilatu kuadrilla bat txikiteoan edo betiko tabernan betiko gazte batzuk. Udaberriko asteburuetan, eguzkiarekin batera hasten da jendea pilatzen, eta udan gainez egiten du portuak.

Guk 1999ko udaberrira egingo dugu salto. Susmoa dut garai hartan bisitari gutxiago pasatzen zirela hemendik, azken hamarkadetan turismoa hauspotzeko hamaika politika egin direla ikusita. Gitarra eskuan iritsi ziren Unai Iturriaga eta Jon Sarasua Lekeitioko kaira, eta urte luzez gogoratu den saio musikatua eskaini zuten bertako Willows irlandar tabernan.

J. SARASUA Oihaneko pagoak blai aideratuz hiru elai Unai ez al duk Lekeition koplarik kantatu nahi?

U.ITURRIAGA Oi Lekitto lekitto behin etorri eta kitto 15 urte bakarrik eta hemen zerbezatan itto.

J. SARASUA Ai Unai lagun hori ez zabiltz zuzen kantari Lekeitiora etortzekotan kresaletan ito adi.

U. ITURRIAGA Nik berba eitten dot benetan minik ez dot bihotzetan garagardotan itto ta gero itto nintzen kresaletan. J.SARASUA Gaua daukagu epela eta hustu zen kupela iruditzen zait Euskal Herriak nora joan ez dakiela.

U. ITURRIAGA Ez zabiltza zuzen oso zabiz nahiko kurioso isla batean bakarrik al zauz ai gure Robinson Crusoe.

J. SARASUA Armarik ez zaigu falta hori da egi galanta baina pirata bihurtu zaigu Europako demokrata.

U. ITURRIAGA Hori betiko mitina baina erantzuna gordina korsarioa eta pirata ez dira gauza berdina.

J. SARASUA Ze Euskal Herri txepela europearren hotela eskerrak laster afrikakoek abordatuko dutela.

U. ITURRIAGA Sarasuan hainbat hautu guk ezin doguz ulertu naci en el mediterraneo kantatuz joango jaku.

J. SARASUA Mediterraneo edarra urak badauka aparra lurrak ez dira gehiegi baina itsasoa da bakarra. U. ITURRIAGA Berba horrek dira jakinak aspalditxotik eginak itsasoan be marraztu dabez lurreko muga berdinak.

J. SARASUA Arimak badu gloria ardoa ezta ogia haizea dabil epela eta bukatu da istoria.

U. ITURRIAGA Pazifikoan Mururoa Kuba be beherantza doa Lea ibaiko ur freskotan galdu da gure gogoa.

Jon Sarasua eta Unai Iturriaga Lekeition (HITZETIK HORTZERA, 1999) https://www.youtube.com/ watch?v=KWqQQYeALYU

2. GD / GALARRENA KULTUR ELKARTEA

PORTUTIK GORANTZ EGITEN DUTEN KALE PARALELO HORIETAKO BATEAN DAGO GALARRENA KULTUR ELKARTEA, ETA BERAU DA POTO BERTSO ESKOLAREN ELKARGUNEA. BERTSO ESKOLA 70EKO HAMARKADA BUKAERAN SORTU ZUTEN, BAINA URTE LUZEZ GELDIRIK EGON OSTEAN, 2014AN BERRIRO HASI ZEN

MARTXAN. Galarrenako goiko pisuan hasi ziren lagunarteko bertso afarietatik sortu zen Galarrena Kopla Txapelketa. Lekeitiar bat baino gehiagok kantatu du bertan, eta plazan ibili ohi ez den jendeak kantatzeko aukera bikaina bilakatu da. 2016an antolatu zuten lehen edizioa eta herritarrak zein kanpotarrak batu izan ditu kopla txapelketak ordutik. Lehenengo txapelduna Lander Ibarluzea Aitxulua izan zen, eta geroztik Asier Galarza Muxi, Oihana Bartra, Xabat Galletebeitia eta Koldo Muñizek izan dute txapel hau janzteko ohorea.

Ariketa mota anitz eta giro apartagatik nabarmentzen da ekitaldi hau; izan ere, ikusleak hondartzako motxilarekin egon ohi dira garagardo fresko bat hartzen, eta, horrela, ezinezkoa da saio paregabea ez izatea. Umorea gailentzen den arren, denetik egon ohi da, eta nabarmentzekoa da buruz burukoan izaten den zailtasun handiko ariketa bat: bakarka hitz bati bi minutuz kantatzea, ahal beste kopla sartuz denbora barruan.

Horrez gain, 2021ean lehenengoz bertso saio literarioa egin zen Galarrenan; bertan, Miren Agur Meabek, Miren Amurizak eta Uxue Alberdik hartu zuten parte. Aurreko urteko arrakastaren ostean, aurten ere egingo da saio literarioa. Nortzuk izango ote dira protagonistak?

Ariketa horri honela erantzun zion Oihana Bartrak 2018ko udan, “justizia” berba gaitzat hartuta:

Justizia berba zintzilik ai zenbat pertsona hilik agian egon beharko nuke bi minutuak isilik.

Justiziak zenbat bide zenbat jende ez da libre hemengoek be badakizue Galarrena adibide.

Ta herriko zenbat bazter ta borrokalari eder Lekitxon ere adibideak dira Pototo ta Liher.

Ta emakumeak erduz gabaz beti gure kabuz eta bueno zer esango nuke orain manadari buruz.

Epaia irten da ta klaro ez da bortxaketa, raro lehen gutxi-gutxi sinesten nuen eta orain gutxiago.

Justizi hortan apurka non hasi eta non buka zoritxarrean ohituta gaude injustizietan sartuta.

3. GD / MALEKOIA, K13 ETA SAN JUANEKO TXIRINGITOAK

BI GELTOKI PASATU DITUGU, ETA GALARRENAKO KANTOIA IGO OSTEAN, EGARRIA NABA-

RITZEN HASI GARA; beraz, behin Lekeitiora etorrita, nola ez dugu zerbait hartuko txiringito batean? Bakarraren faltan, hiru ditugu aukeran.

Egun euritsuetan itxita egon ohi diren hauek ezinbesteko bilakatzen dira eguzkia atera bezain pronto. Kontzertuak, antzerkiak… eta nola ez, bertso saioak ere egin izan dira azken urteetan. Gaur, hiru txiringito bisitatuko ditugu, nahiz eta denak ez dauden zabalik. Txankletekin zein oinutsik, gona batekin zein bainujantzitan; hemen ez dago araurik: sartu eta gozatu.

Txiringitoa eta bertsoak, beste zerbait behar al da zoriontsu izateko?

K13

Aste Santuetan hasten da Lekeition bisitarien denboraldia, eta, ondo hasteko, ezin da bertso saio bat falta herriko plazan dagoen txiringito honetan. Sustrai Colina etortzen zen urtero, beste bertsolari batekin normalean.

Antolatzaileen azken urtea izan zen aurreko denboraldia, eta agur on bat egiteko Azken Guda Dantza izeneko ekitaldia antolatu zuten. Bertan Josune Aramendi eta Sustrai Colina aritu ziren txiringitoa agurtzen:

S. COLINA Egon litezke mila despedida klase, baina nire partetik azkena da hauxe: adio txiringito ta Xabi belaxe segi zazu ba libre umore ta haize Sutagarren kantako Mari bezalaxe.

J. ARAMENDI Nahiz eta egoerak sarritan gogaitu zuek esperantzaren bueltan hor jarraitu bizitzak alde eder pila bat hor baitu nahiz azken guda dantza gaurkoan amaitu lasai musikak berriz elkartuko gaitu.

SAN JUAN

Ilunabarra kaipirinha batekin ikusteko leku bikaina da San Juan. Ermita zaharra almazen bezala erabilita, Atabaka kultur elkartekoek kudeatzen dute txiringitoa. Herriko ondare historiko eta kulturalaren babestea eta hedatzea oinarri duen elkartea da hau, eta sarri antolatzen dituzte arratsaldeak alaitzeko ekitaldiak. Bi bertso saio antolatu dituzte gaur arte, eta arrakasta itzela izan dute. Jarraian, Garazi Navarrok kantatutako agurra dugu. Gainera, Garazi ez da bertsolaria bakarrik, txiringitoko barra atzean ere ibili izan da lanean uda bat baino gehiagotan!

Iluntzetako lagunarteak begi ondoko kresala badakigu hau postal bat baino zeozer gehiago dala zapore on bat utzi nahi dugu azken agurrek bezala ta udazkenak doinu ta neurri berriak ekar ditzala.

MALEKOIA

Eraitsitako eraikin bat besterik ez da gelditzen, duela ez hilabete asko malekoian txiringitoa zegoen lekuan. Udako iluntzeetan sortzen zen giroaren usain nostalgikoa nabari daiteke oraindik. Egitarau oparoa zegoen lekuan, hutsune nabarmena.

Bertan ospatzen zen 2017tik “Beach bertso party” ekimena. Hemen duzue Xabat Galletebeitia lekeitiarra gai jartzaile ibili ostean, Onintza Enbeitak eta Sustrai Colinak egin zuten libreko saio baten aletxoa:

S. COLINA Ta nun ibili zara aurten oporretan O. ENBEITA Uda dana daroat nik herrian bertan S. COLINA Tekilak ba al daude ai Muxikan bertan O. ENBEITA Egon badaude baina eskasak benetan S. COLINA Askoz hobeto zaude zu hemen gurekin O. ENBEITA Etorriko naz bueltan eta lehengo berdin S. COLINA Holako bistarik ez al duzu atsegin O. ENBEITA Baina bat nekatzen da postal berdinekin

S. COLINA Ta ze iruditzen zaizu gaurko panorama O. ENBEITA Etxera eroateko modukoa dana S. COLINA Ba hau dugu jende bat e txerik ez daukana O. ENBEITA Ta arratsaldea hementxe darama

S. COLINA Hotza ez da existitzen bilbainoentzat O. ENBEITA Hemen bilbainoak gitxi dagoz behintzat S. COLINA Batzuk ikusten ditut aztertuta ertzak O. ENBEITA Nik be jertse bat daukat poltsoan neuretzat

S. COLINA Ondarrutar bazina ez zenuke hotzik O. ENBEITA Enaz ondarrutarra eta nago pozik S. COLINA Hori esaten baduzu ez duzu bihotzik O. ENBEITA Ni hotzez nago eta jendea ortozik

O. ENBEITA Ondarrutarren kontra berez eztot ezer S. COLINA Baina mintzatu zara euren kontra laster O. ENBEITA Rima ona zalako eskuin eta ezker S. COLINA Kontra egonda ere ez da pasatzen ezer S. COLINA Ta jaietara arte geratu behar zara O. ENBEITA Bota dut begirada lehen ere islara S. COLINA Libre daukazu eta joan zaite lotara O. ENBEITA Jaietan berriz ere bikotea gara

O. ENBEITA Hilaren bian berriz o men gatoz hona S. COLINA Esan nahi du garela oso tandem ona O. ENBEITA Bastante pekuliarrak andra ta gizona S. COLINA Bilboko turista ta Muxikako amona S. COLINA Señora esan nahi nuen b aina etzun rimatzen O. ENBEITA Ta nik aguantau behar dana ondo hartzen S. COLINA Klaro nahi dan guztia ez zait ta rimatzen O. ENBEITA Kostako zaizu amona hori orekatzen

S. COLINA Bueno ederra izan da hemen egotea O. ENBEITA Ba bai ederra izan da rimak emotea S. COLINA Nahiz eta paisajeak jo duen topea O. ENBEITA Hau aurrean daukanak zertako dotea O. ENBEITA Marea bajatu da astiro-astiro S. COLINA Honi esaten zaio t odo inkluido O. ENBEITA Oraintxe bajatu ta gero berriz igo S. COLINA Ta gu hemen topatu behar gaitu berriro

S. COLINA Gustora gaudelako joan gabe aparte O. ENBEITA Zabaldu dira hemen leiho eta ate S. COLINA Beraz agur entzule jator eta maite O. ENBEITA Mosu bana danori ta irailerarte.

Iraila aipatu dute Sustraik eta Onintzak baina, zer dago irailean? Lekeition, behintzat, festa: San Antolinak. Eta, noski, festa dagoen lekuan, bertsoak daude. Zer egiten den jaietan ezagutzeko, joan gaitezen udaletxeko plazara.

4. GD / UDALETXEKO PLAZA

BALKOIAK ETA BALKOIAK DAUDE: TXIKIAK, HUTSAK, ESTALIAK, KOLORETSUAK, TERRAZAK, ALTUAK, SEGURTASUN HANDIRIK EMATEN EZ DUTEN HORIETAKOAK… BAITA LORE EDERRAK DITUZTENAK ERE: GERANIOAK, PETUNIAK,

HUNTZA… Herri gehienetan bezala, gurean ere etxe adina balkoi mota daude, baina, 1995etik, herriko jaietan, Lekeitioko balkoietan bertsolariak ere azaltzen dira noizean behin.

Lehenengoz, Peru Aranburuk eta Xabier Amurizak kantatu zuten, Lekeitioko bertso eskolak antolatuta. Gaur egun, urtero, hiru bertsolarik zapaltzen dituzte plaza honetako balkoiak. Udaletxeko eskailerak jendez gainezka egoten dira eta plaza beteta: batzuk lurrean eserita eta asko zutik. Bertako hiru balkoi izaten dira irailak bateko biharamuna kentzeko erremedioa: Enrike pasteleroarena, Udaletxekoa eta Recreativa elkartekoa. Duela 20 bat urte, Oier Azula lekeitiarra izan zen protagonistetako bat, eta gaur egun ere ez du ahazteko gazteagoa zenean egin zuen saio hura. Andoni Egañarekin eta Unai Iturriagarekin kantatu zuen, eta honela oroitzen du saioa Azulak:

Kantatu behar nuen izen handiekin aurreko asteetan prestaketa ekin baina nola ez irten kuadrillakoekin irailak 1 “bajada” eta noski ezin galdu herriko jaiak hogei urterekin.

Jaietako kontua ez da nobedade hurrengo eguna ez da sekula debalde nork ez du izan inoiz eztarria grabe? Iturriaga ta Egaña biak parez pare eta kantatu nuen ia ahots gabe.

Garai batetik saio asko egin dira ta lekeitiar asko ez da igo, tira plaza ederra dugu balkoitik balkoira bertsolariak gora jendea azpira orain nahiago egon behetik begira

5. GD / ABAROA PARKEA

ITSASOA ATZEAN UTZI ETA BARRURA EGINGO

DUGU IBILALDITXOA. Herri erdian dago Abaroa jauregia, 1891n eraikia, Parisen bizi zen lekeitiar batentzat. Eraikin erraldoia da, eta, garaiko handikien artean ohikoa zen modura, eraikina bi zatitan banatu zuten: zati nagusia eta zerbitzariena. Kanpoko aldean lorategi zoragarri bat dauka, eta lehen lorezainaren etxea zena, gaur egun gaztetxea da.

Herritarrentzako parkea da orain lehen jauregiko lorategia zena: zuhaitzak, esertzeko bankuak eta katuak dira bertako protagonistak. Nahiz eta lehendik ere ekimenak egiten ziren, pandemia garaian areagotu egin dira, eta lehen beste leku batzuetan egiten ziren saioak Abaroan egin dira.

Horietako bat Iparraldeko Haizeak egitasmoaren barruan egiten den bertso saioa da. Aittitta Txiki elkarteak antolatzen duen ekimena da hori, eta iparraldeko jendearekin harremana estutzea da helburu nagusia. Iparraldetik Baigorriko dantza taldea, Larzabaleko ikastolako gazteak, herri-kirolari taldeak eta beste hainbeste etorri izan dira Lekeitiora hainbat urtetan.

Bertso saioari dagokionez, 2000. urtean ospatu zen lehenengoz, eta Amets Arzallusek eta Sustrai Colinak hartu zuten parte Beitia hotelean egin zen bertso afarian. Ordutik, formatu eta leku desberdinak probatu dira, baina beti etorri izan dira Amets eta Sustrai. Konturatuko zineten, dagoeneko, Sustraik asko kantatzen duela gure herrian, batzuek erdi lekeitiarra dela diote eta! Zineman, Konpainiako elizan eta beste zenbait lekutan ospatu ostean, azken urteetan Abaroan egin da Iparraldeko Haizeetako bertso saioa.

2021ean Xabat Galletebeitia, Sustrai Colina, Onintza Enbeita eta Amets Arzallusek kantatu zuten, eta Ametsen bakarkakoa dugu jarraian datorrena, gai honi erantzunez: Zuk Kutxa Bira ekimenaren harira idatzi zenuen: “Hizkuntza da oraingoz munduak eskaini digun bizileku bakarra”. Zuk kutxa horretan mezu bat sartu zenuen. Zer mezu espero duzu kutxa horretatik ateratzea?

Pentsatzen dugu: herri aske bat ez al da inoiz posible? Herri aske bat munduan zutik zapalduekin sensible ta hizkuntza da oinarri orotan egin gaituna haurride ideia horiek nahiz eta kutxa barrenean egin bide nahiago ditut handik aurrera kutxatik kanpora libre.

Abiapuntu baino ez da kutxa ez helmuga, ez gailurra handik aurrera haizean gisan dezala bidea urra politikakin azken urteetan daukat sinesmen apurra baina hala ere landu dezagun hasitako bidetxurra ta ametsak ez betetzeari gal diezaiogun beldurra.

Epe motzean nahiz libre bide ez egin Euskal Herriak oraindik ere iraun dezake jarritako oinarriak hizkuntzak ere segitu dezan hautsi gabe lokarriak belaunaldiei lekuko hori pasaz eskura harriak geure amets zahar urratuetan txerta ditzaten berriak.

6. GD / MENDEXAKO FRONTOIA

LEKEITIO BISITATZEN DUTEN GUZTIEK, NORMALEAN, ONDOAN DAGOEN MENDEXA ERE

BISITATZEN DUTE. Zubiaren erdian dago muga: erdia Lekeitio da eta erdia Mendexa. “Lekeitioko hondartza” entzuterakoan askoren iruditegian Karraspio hondartza dago, baina mendexarrek behin eta berriro errepikatzen dute: Karraspio Mendexa da!!

Nahiz eta herrixka honetan famatuena hondartza izan daitekeen, herrira igoko gara gu azken geldialdia egiteko. Izenak berak adierazten duen bezala, mendixka baten tontorrean dago herria, Lekeitiotik hiru bat minutura kotxez. Mendexako frontoia esanguratsua da eskualdeko bertsogintzan, hainbat jaialdi, txapelketako saio zein sariketa egin izan baitira han.

Bertan antolatu zuten, 1987ko irailaren 19an, Lea-Artibai eskualdeko lehen bertso ligako finala, eta eskualdeko bertsozale nagusi guztiek gogoratzen dute egun hura. Markinako taldeak eta Lekeitiokoak kantatu zuten, eta saioa ongi joan omen zen: Sei bertsolari kantuan, hiru gai jartzaile, aurkezle bat eta lau epaile, denak gizonak. Sari banaketa iritsi zenean, aipatutakoak eta oroigarriak ematen igo ziren beste zenbait gelditu ziren oholtzan, eta bat-batean… danba! Oholtza eta gainean zeuden hamalau gizonak lurrera erori ziren. Ez dakit nolakoak izango ziren garai hartako oholtzak, baina espero dut egun hartatik apur bat ikasi izana! Gutxik daukate ahazteko egun hartako gertakaria. Baina tira, istorio zaharretatik bertso berriagoetara etor gaitezen, geu ere oholtzatik jausi barik!

Jo dezagun 2007ko martxora. Iratxe Ibarrak ondorengo gaia jarri zien Sustrai Colina eta Aitor Mendiluzeri: “Aitona-bilobak zarete. Lekeitioko eskolapean jolasean ari zaretela KORRIKA pasatu da. Sustrai bilobak aitonari hau galdetu dio: ‘Nora doaz hain azkar?’”.

A. MENDILUZE Ene iloba galdezka zatoz bertatik aldamenetik: nora dihoaz hauek guztiak nora doaz ta zergatik? Nik zergatia eta norantza zein den ederki badakit urruti doaz oso urruti bertako izateagatik.

S. COLINA Beraz helmuga omen daukate Nueva York edo Parisen urruti nun den nik ez dut eta oso ondo entenditzen. Begira nola denak grinatsu eta sasoian doazen benga aittitta utzi bastoia ta eurekin joan gaitezen.

A. MENDILUZE Nola diozu bastoia utzi ta abia gaitezela? Ondo dakizu ezin naiz jardun korrika hoiek bezela. Lehen ez det esan beren helmuga hizkuntza indartzea zela beraz beraien pausoak nere hitzak izan daitezela.

S. COLINA Begira nola korrika baten dihoan herri osoa hemen aitona zaharrena ere hain dago animosoa baina zuk beti esan didazu eta hau ez da kasoa: poliki egin behar direla bai hitza ta bai pausoa. A. MENDILUZE Bai baina mantso abiatzeak denetan ez du balio hau da Korrika miragarria aidea dela medio ez da korrika denak bezela alderantziz da propio: honek arnasa estutu ordez arnasa ematen dio.

S. COLINA Zertan aipatu baina arnasa hauspoa ta pausokera? Nik zazpi urte ditut bakarrik eta ez dira sobera. Benga aitona joan gaitezen korri pixkat egitera eta korrika ezin baduzu txutxeriak erostera.

This article is from: