11 minute read
ERREPORTAJEA: BURUARI ERAGITEN Jon Altuna Oxan
from Bertsolari 126
by elkarmedia
BURUARI ERAGITEN
Xakean joka, bertsotan jardun…
Advertisement
TESTUA: JON ALTUNA OXAN
“Bertsolari Txapelketa kirol lehiaren parekoa da; elementu gehiago nahasten baditu ere, xakearen antzekoa; bertsolarien burulana, jardun kognitiboa, ariketa konplexu eta integrala. Informazioaren bilaketarekin, kalkuluarekin eta, besteak beste, memoriarekin gertatzen den bezala, burmuineko bi hemisferioetako hainbat eremuren parte hartzea eskatzen du. Ariketa konplexua da bertsoen sormena; gaitasun asko lotu behar dira gainerakoak baino originalago edota erakargarriago jardun eta partida irabazteko”. Horixe esan zuen, gutxi gorabehera, Gemma Sangines hizkuntzalari eta Valentziako Unibertsitateko irakasleak 2009ko Txapelketa Nagusiko finala BECen ikusi eta gero. Antzekotasun asko dituzte xakeak eta bertsoak, baina berezitasun handiak ere bai. Horixe da, xakea eta bertsolaritza uztartuko dituen artikulu honen abiapuntua.
Xakea modan jarri da, berriro, azkenaldian. Jokoaren zabalkundean hiru mugarri aipatu izan dira: Spaskik eta Fischerrek 1972an jokatutako Munduko Txapelketa; Karpov eta Kasparoven arteko norgehiagokak 1984-85ean; eta Erreginaren Ganbitoa (The Queens Gambit) telesaila 2020an. Hirurek milioika lagunen arreta piztu zuten. Antzinatik datorren jokoak milioika zale ditu mundu guztian. Elkarren artean, oso erraz jokatzen dute, gainera, gaur egun, Internet bidez, on line. Duela urte batzuk presentzialki, edota postaz. Erreginaren Ganbitoa telesailak jaso duen garaian, XX. mendearen 2. partean, esaterako. Arrakasta izugarria izan du ikus-entzunezkoak, zale berri ugari ditu munduan: 2020ko urriaren 23an estreinatu eta 5 egunera, hilaren 28an, eguneko telesailik ikusiena zen; hilabetera, azaroaren 23an, ordura arteko serierik arrakastatsuena zela aitortu zuen Netflixek; milioika ikusle zituen: lehen hilabetean, jada 62 milioi bazkidek ikusi zuen mundu osoan.
Aste batzuk lehenago aurkeztu zuen Woody Allenek, Donostian, 2020ko Zinemaldian, Riftin Festival filma. Bertan heriotzaren aurka xakean jokatzen jarri zuen Allen zuzendariak, Allen prota-
gonista, 1940an Ingrid Bergmanek, Zazpigarren Zigilua filmean egin zuen bezala. Dena den, xakeak gaur egun munduan duen eragina, presentzia eta garrantzia baino, bertsolaritzarekin duen lotura jorratuko dugu; bi zaletasunak dituztenek, oro har, lotura nabarmenak ikus-
ten dizkiete, bi jarduerek burmuinak lanean jartzeaz haratago. “Askok uste baino erlazio handiagoa daukate, biak dira, nolabait esateko, estrategia jokoak: xakea, argi eta garbi; eta bertsolaritza ere bai, azken finean, errimak ondo pentsatu, egoki josi, esaldiak zuzen bete… hor ere estrategia mordo bat dago”, adierazi digu Jon Mendiluze, xakea eta bertsolaritza “gertutik bizi” eta “asko maite” dituen Irurako gazteak. Horretan bat egin du Asier Ibaibarriaga xake jokalari eta bertsozaleak: “Biek eskatzen dute aurrelana, nork bere jakintza dauka, xakean hasierak ezagutzen dira, bertsotan bakoitzak norberaren errimategia darama. Estrategia mailan antzekoa da, jokatzera edo saiora joaterako buruan daukate nola jokatu behar duten; bakoitzak egin behar du berea, batzuetan aurrera, bestetan atzera; kalkulu asko egoten dira hor, zenbateraino zabaldu bidea, edo, ondo zabiltzanean, erregulatu. Xakean piezak dauzkazu; bertsotan elementu askotarikoak; azken finean, eurekin jolasteko. Are gehiago, xakea buruz buruko kontua da, kolpe bat batek, erantzun
Asier Ibaibarriaga: “… xakea buruz buruko kontua da, kolpe bat batek, erantzun besteak; eraso eta kontraerasoa, bertsotan bezala. Edertasun bat ere sortu behar da bien artean”
Jon Mendiluzeri aberasgarria iruditzen zaio bakoitzak bere estrategia eta ikuspuntua izatea: “Bai xakean eta bai bertsotan, arau batzuen barruan, baina bakoitzak bere estilora eta bere modura jokatzeko aukera dauka; bertsokeran, doinuen eta errimen aukeraketan, paperak interpretatzeko moduan, bertsolariak; aperturak, jokatzeko modua… erabakitzerakoan xake jokalariak”. Esanguratsua da Asier Ibaibarriagaren iritziz, saio osteko “posoa” edota ondorena ere, “jardun eta gero geratzen dena; bertsotan zenbat buelta ematen den, hemen ez dut asmatu, han gaia ez dut ulertu, errima hau hartu banuen… Xakean, antzera, jokaldiren batez damutzen zara… oso ariketa mentalak dira biak, buruari eragiten zaio bietan”. Arrigorriagatik jaso zuen behin Ibaibarriagak bertsoa eta xakea uztartzeko proposamena: “Unai Iturriaga eta Jexux Mari Irazu
eraman genituen, herriko bik jokatu zuten partida komentatzera, pentsatzen zuten bitartean, tarteka, bakoitzaren estrategiez aritu ziren bertsotan”. Denetarik egin du Ibaibarriagak bertsoaren inguruan: elkartean lehendakari, antolatzaile, epaile, gai jartzaile… Aspalditik miresten du xakea ere, Euskal Ligan, Bizkaiko eta Gipuzkoako ohorezko mailetan jokatu du ermuarrak. Erreginaren Ganbitoa telesaila ikusi ondoren berritu zitzaion Gari Berasaluze idazleari xakearekiko lilura eta 64 begirada, xake taularen zuri-beltzetan liburua idatzi du. Filmak XX. mendeko emakumezko xake jokalari baten historia eta istorioak kontatzen ditu. Idazleak, emakumezko bertsolari eta xake jokalariak parekatu ditu liburuaren pasarte batean. “Gurean bertsolaritza gizonen espazioa izan den bezala, munduan barrena xakea ere gizonen eremua izan da azken mendeetan. Beraz, Polgar ahizpek gizonezkoen nagusitasuna eta pribilegioak kolokan jartzeak lurrikara eragin zuen horretarako prestatuta ez zegoen lekuan. Judit, Sofia eta Susan ere Kontrako eztarritik heldu eta sartu ziren xakearen mundura, eta azpiratze sistema guztietan errepikatzen den bezala, emakume bertsolariek plaza hartzean sentitu eta pairatu izan dituztenen antzekoak bizi behar izan zituzten, horiek biltzeko eta aztertzeko ahaleginik egin ez den arren”. Gari Berasaluzeren
liburu mardulean, Markos Zapiain filosofo eta idazlearen iritzia ere jasotzen du, 1999an, Xabier Mendiguren Bereziartuk Stefan Zweigen Xake nobela itzuli zuenean egindako kritikatik ateratakoa: “Xakea ez da joko hutsa, gudua baizik, eta bakea, bizitza bera eta mundua, (…) 64 laukitxoek maitasuna, gorrotoa, (…) distira eta eromena ikusi izan dituzte sarritan. Zientzia da xakea, baina baita poesia ere, eta hiria, eta labirintoa”. Xakea presente egon da hainbat bertso, poema eta literatur lanetan. Eta alderantziz, poesia hutsa dira xake partida batzuk. Omar Jayam (10481131) Persiako poetak, rubaiyat famatuen egileak, bizitza eta xakea batu zituen poema batean:
Asier Ibaibarriaga. Arg: XDZ
Xakean jada ez da konputagailu bati irabazteko gai den jokalaririk… Konputagailua bertsotan jartzeko ahaleginen bat egin da, baina oraingoz ez da pertsona batek bezain ondo bertsotan egingo duen programarik sortu. Lortuko al da?
Ondo begiratuta, mundua xake taula handi bat besterik ez da: lauki zuriak egunak dira, beltzak gauak. Destinoak pertsonekin jokatzen du xakeko piezak bailiran: Hona eta hara mugitzen gaitu eta partida amaitzean, heriotzak ezerezaren kutxara bota
Jolasa eta jokoa
Artetik eta zientziatik, bietatik dute biek. Bai xakean, bai bertsolaritzan badira maisulanak, partida edo bertso sorta gogoangarriak, jendeak asko miresten dituenak. Xakeak asko dauka zientziatik: arauak, kalkulua, probabilitateak eta abar. Bertsolaritzak ere bai, silaba kopuru jakin bat eta errima izan behar ditu bertsoak. Hori guztia kalkulatu egin behar du bertsolariak, xake jokalariak xake mugimendu bakoitzak dakartzan ondorioak edota xake matea emateko biderik dagoen kalkulatzen duen bezala. Jolasa eta jokoa daude bien baitan. Xakea jolasa besterik ez da lehiaketarik ez badago. Berdina gertatzen da bertsolaritzarekin. Jolasa joko bihurtzen da txapelketan. Lagunartean xakean edo bertsotan jarduteko ez dago aurrez prestatu behar handirik, ahalik eta ondoen egin, ondo pasa eta kitto. Aldiz, txapelketara etxean aurretik ondo prestatuta joango dira bai xake jokalaria bai bertso-
www.ingeteam.com
laria. Arratsalde batean erakutsi beharko dute aurrez prestatutako guztia eta norberaren talentua, daukaten onena eman garaipena lortzeko, ahal bada maisulanen bat sortzeko, jokaldi-bertsoaldi bikainen bat egiteko. Bestalde, bi diziplinetan aurkaria kontuan edukitzekoa da. Baina, zer da? Adiskidea ala etsaia? Partida gogoangarria edo bertso saio eder bat osatzeko beharrezko kidea, ala gainditu beharreko aurkaria? Bietan da dilema hori ere. Denok daukagu aurkari kuttun eta sarri madarikaturen bat.
Norgehiagoka gogoangarriak
Aurreko Bertsolari aldizkarian (B125, 2022 Udaberria) bikain jaso ditu Kepa Matxainek historian zehar izan diren bertso-beefak, edota beste era batera esanda desafio handiak, Udarregi-Pello Errota edota Imaz-Txirrita artekoak, esaterako. Xakean ere asko egon dira; aipagarrienak, Spaski-Fischer edota Karpov-Kasparov artekoak. Xakea nazioartekoa da, bertsolaritza gure-gurea, munduan antzeko adierazpen ugari den arren.
Txapelketa Nagusiak
Egungo munduko txapeldunak, Magnus Carlsen norvegiarrak, 2023an jarriko du jokoan berriro bere nagusitasuna. Ekainaren 16tik uztailaren 5era, Madrilen, planetako beste 8 xakelari onenek jokatu zuten torneoaren irabazleak jokatuko du bere aurka, buruz buru. Radjabov, azerbaijandarra; Nepomniachtchi, errusiarra; Duda, poloniarra; Firouzja, indiarra; Caruana eta Nakamura, AEBtarrak; Rapport, hungariarra; Sergey Kariakin Ukrainan jaiotako jokalari errusiarrari sei hileko zigorra jarri dio Nazioarteko Xake Federazioak Ukrainako gerrari buruz egindako adierazpen batzuk direla eta. Erabakitzear dago jokatzen utziko dioten ala bere ordez beste jokalari bat aukeratuko duten. Denek denen aurka jokatuko dituzte bi partida, bat zuriekin, bestea beltzekin ekain-uztailetan.
EHUko aularioko oholtzan Galtzagorri, Ttartalo eta bertsolariak kantuan. Arg: XDZ
Eta irabazleak, torneoan puntu gehien eskuratzen duenak, Carlsen txapeldunarekin buruz burukoa datorren urtean. Egitura, beraz, desberdina da Bertso Txapelketa Nagusiarekin alderatuz. Bertsotan, zortzi jardungo dira finalean, denek dute buruz buruzkora iritsi eta txapela janzteko aukera. Maialen Lujanbio, aurreko txapelduna, zain dago, abenduaren 18an Iruñean, Navarra Arenan, jokatuko den finalerako sailkatuta. Beste zazpiek, irailaren 24an hasi eta abendura bitartean, 41 bertsolariren artean egindako kanporaketetan lehiatu eta lortuko dute finaleko txartela.
Pertsona eta makina
Aipagarria da, dena den, munduan badela txapeldunari irabazten dionik. Xakean jada ez da konputagailu bati irabazteko gai den jokalaririk. Kasparov izan zen azkena 1996an Deep Blue programa gaindituta. Konputagailua bertsotan jartzeko ahaleginen bat egin
da, baina oraingoz ez da pertsona batek bezain ondo bertsotan egingo duen programarik sortu. Lortuko al da? XIX. mende hasieran ikuskizun handia bihurtu zen xakean jokatzen zuen automata, Turkiarra izenekoa: pertsona maniki batek mugitzen zituen fitxak eta partida gehienak irabazi. Besteak beste, Frantzia, Ingalaterra eta AEBetan erakustaldiak egin zituen. XX mendean sortu ziren jada benetako konputagailuak, garapen handia izan dute eta, gaur egun, programa informatikoa gaindituko duen jokalaririk ez dago. Ezta munduko txapeldunak ere. 1977an Greenblatt izeneko konputagailuak Bobby Fischer, orduko txapeldunaren aurka hiru norgehiagoka jokatu eta hirurak galdu zituen, Cambridgen, AEBetan Massachusettsen. Bera da askorentzat historiako munduko jokalari onena. Pertsona eta “makinaren” arteko azken lehia, Gari Kasparov eta Deep Blue programaren artekoa izan zen 1997an. Azkena, ikusgarriena eta oihartzun handiena izan duena. Deep Blue IBMk sortutako super konputagailua zen; Kasparov, munduko txapelduna. Bien arteko lehen matcha 1996an jokatu zuten Penssylvaniako Filadelfian. 4-2 nagusitu zen Kasparov, hiru irabazi zituen, bi berdindu eta
Manex Agirrezabal: “Azken urteotan sistema konputazional oso onak atera dituzte hizkuntza arrunta sortzeko, adibidez, GPT3, baina bertso metriko eta esanahidunak sortzeko oraindik bide luzea dago”
EHUko aularioko oholtzan Galtzagorri, Ttartalo eta bertsolariak kantuan. Arg: XDZ
bakarra galdu, +3 = 2 -1. Urtebetean hobetu egin zuten programa eta 1997ko bigarren norgehiagokan Deep Blue nagusitu zen: bi irabazi zituen, hiru berdindu eta bat galdu +2 =3 -1-. Jada ez da pertsonarik programei irabazteko gai. Gaur egun xake programa edota motorren arteko txapelketak egiten dira. Stockfish modulua da gehienak irabazten dituena. Milioika xake partida, jokaldi eta jokori buruzko hainbat informazio sartu zioten. 2017ko abenduan AlphaZero adimen artifizialean oinarritutako moduluaren aurka jokatu zuen 100 partidako matcha eta galdu. AlphaZerori soilik jokoaren arauak txertatu zizkioten eta nahikoa izan zituen lau ordu, bere buruaren kontra jokatuz ikasitakoarekin Stockfish 28 aldiz garaitzeko. Beste 72 partidatan berdindu egin zuten.
Bertsolari artifiziala
Bertsotan egingo duen programa sortzeko ahaleginak ere egin dira, baina momentuz txapelketa batean bertsolariak baino hobeto egin eta gaindituko duenik ez da sortu. Manex Agirrezabal Zumarragako informatikari eta gaur egun Kopenhageko Uniber-
tsitateko irakaslea aritu zen horretan. Berak adierazi digunez, “lan hau 2010ean hasi genuela esan daiteke. Garai hartan bertsotarako arbel digitala proiektua garatzen genbiltzan eta, horren ondoren, bertsoak automatikoki sortuko zituen sistema garatzeari ekin genion. Hori izango zen aurrerago Bertsobot bezala ezagutuko zen sistemaren oinarria. Momentu berezi bat aipatzekotan, 2012an egin genuen bertso saio bat aipatuko nuke. Bertso saio horretan, EHUko hiru ikerketa talderen indarrak batuta, 2 robot (Tartalo eta Galtzagorri) oholtza gainean jarri genituen, Andoni Egaña, Felix Zubia, Oier Lakuntza eta Maialen Velarderekin batera. RSAIT (Robotika eta Sistema Autonomoen Ikerketa Taldea) taldeak robotari gorputza jarri zion, IXAk burmuina (nolabait), eta Aholab taldeak ahotsa. Esperientzia zoragarria izan zen niretzat”. Manex Agirrezabalen iritziz, “posible da bertsotan egingo duen makina osatzea. Hori bai, pentsatu behar duguna da ea zer den bertsotan egitea. Nik bertsotan egitea eta Andoni Egañak egitea bertsotan egitea da, baina maila ezberdinean gaude. Bertsoak automatikoki sortzea posible da, baina zein da ordenagailuak eskain dezakeen maila? Une honetan ez oso altua. Azken urteotan sistema konputazional oso onak atera dituzte hizkuntza arrunta
Txuri eta beltz itxura Begiratuz ingurura Hasteko unea heldu da e4 ez egin duda Erregea dut helmuga Bi burun arteko guda
Jon Mendiluze
sortzeko, adibidez, GPT3, baina bertso metriko eta esanahidunak sortzeko oraindik bide luzea dago”. Argi dauka hori, hizkuntzaren espazioa askoz ere zabalagoa delako. “Xakean 16 pieza ditu pertsona bakoitzak jokatzeko; bertsotan milaka hitz”. Dena den, bere ustez, zientzia eta sormena lotuta daude: “Bertso bat sortzeak planifikazioa eskatzen du. Zientzialariok ere, ikerketa proiektu bat burutzerakoan, plangintza bat izan behar dugu. Horretaz gain, zientzia egitean oso garrantzitsua da sormena. Sormenak ematen baitizkigu ideia berriak, gure arazoari aurre egiteko soluzio posibleak eta abar. Askotan ematen du zientzialariak planifikatu besterik ez duela egin behar, eta bertsolariak sormena besterik ez duela behar, baina, berez, bai bertsolariek zein zientzialariek sormena eta plangintza behar dituzte”.
Liburu aitzindariak
Xakeari buruzko euskarazko lehen liburua Jon Esturo eta Maximo Aierbe euskal presoek idatzi zuten, Soriako kartzelan 1982an. Hiru urtera argitaratu zuten. Urte batzuk lehenago Zamorako kartzelan egon zen preso Xabier Amuriza bertsolaria. Ez zuen denbora galdu, euskara hobetzeko, bertsolaritzaren gorabeherak aztertu eta idazteko baliatu zuen. Orduko lana, Hitzaren kirol nazionala. Hiztegi Errimatua liburuan argitaratu zuen 1981ean Amurizak. Honek ere kirolarekin lotu zuen bertsolaritza, izenburuan bertan ageri denez. Bi kasu hauek ezagututa, esan daiteke, beraz, xakeari eta bertsolaritzari buruzko lehen argitalpen didaktikoak kartzelan ondu zirela.•