12 minute read
IDAZMAKINAZ: NIRE BIZITZA Juan Mari Areitio
from Bertsolari 126
by elkarmedia
Bertsolari aldizkaritik deitu zidaten lehengo batean esanez ea zeozer idatziko nuen neuri buruz, beste batzuek bere egin dutela eta. Neure buruari esan nion: “Beste batzuek be egin xuek ta nik be egin biko xuat”. IDAZMAKINAZ TESTUA: JUAN MARI AREITIO ARGAZKIAK: XDZ NIRE BIZITZA
BERTSOLARI ALDIZKARITIK DEITU ZIDATEN LEHENGO BATEAN ESANEZ EA ZEOZER IDATZIKO NUEN NEURI BURUZ, BESTE BATZUEK BEREA EGIN DUTELA ETA. NEURE BURUARI ESAN NION: “BESTE BATZUEK BE EGIN XUEK TA NIK BE EGIN BIKO XUAT”.
Advertisement
Onena izango da umearotik hastea, ze ja ez naiz gaztea. Ni 1945ean jaio nintzen Abadiñoko Gaztelu auzoan, Burgizar baserrian, maiatzaren 6an. Beraz, oraintxe egin berri ditut 77 urte. Ni amak solteratan izan ninduen eta aita ez neban ezagutu. Han, Burgizarren, egon nintzen urtebetean, ama auzoko alargun bategaz ezkondu zen arte. Alargun hau Goxazko Bernardo zen. Honek bazituen lau seme, gazteena ni baino hamar urte zaharragoa, baina denok ondo konpontzen ginen. Nire
jaiotetxea, Burgizar, Goxazkotik hurbil dago, eta han osaba eta izekorekin asko egoten nintzen. Umearo normal-normala pasatu neban. Eskolara hasteko sasoia etorri zenean, eskolara hasi behar Abadiñora eta orduan komeriak. Nik erdara, beste askoren antzera, bape ez nekien. Maisua arratiarra zen, artaburua baino baserritarragoa, baina erdara besterik ez zeban egiten. Ea, nik zer ikasiko neban, eta nire moduan beste askok? Nahitaez sartzen ziguten espainolaren kultura. Ez neban negar gitxi egin eskola zela eta. Beraz, eskolara sarri ez nintzen joaten. Abarka pare bi eduki nituen: batzuk zaharrak eta besteak berriak. Berriak jantziz gero eskolara joaten nintzen, baina askotan zaharrak jantzi, hartu kortako behiak eta astoa eta basora joaten nintzen. Han pasatzen neban pozik eguna kantuan. Ez da milagro nik orain mendia eta basoa hainbeste maitte izatea. Ama ahalegintzen zen eskolara bidaltzen, baina nik, negar eta negar, ez neban joan gura izaten. Horrela joan zen nire eskola denbora.
Hamalau urtera heldu nintzen eta beharrera hasteko sasoia. Zeozer, ofizioa ikasteko gogoa eta hasi nintzen Abadiñoko tailer batean tornero ikasten. Horretan ibili naiz fabrika batzuk pasatuz. Baina berrogeita zortzi urtegaz, torneroak denok sobran eta, bidali gintuzten denok etxera. Orduan eraikuntzan hasi nintzen lagun batzuekaz, gehiena baserri-konpontzen, teilatuak eta horrela, 65 urtegaz jubilatu arte.
Bertso munduan sartu orduko aipatu gura dut nire beste zaletasuna izan dela ehiza eta perretxikoak. Ume-ume nintzela lau-bost urtegaz hasi nintzen perretxiko topetan, han etxe inguruko basoetan. Ehizean berdin, hamaika tiragoma egin eta apurtu dugu, 18 urtegaz eskopeta erosi neban arte. Nire ehiza beti izan da oilagorretara, txakurrekin basorik baso ibili. Txakurra basoan oilagorretan beharrean ikustea baino ederragorik ez dago, txakur ona bada, jakina.
Orain hau itxi eta geure arlora sartuko naiz, hau da, arlo seriora: bertso mundua. Galdetzen dute: “Hi zelan hasi hintzen bertsotan?”. Bada, beste askoren antzera, han gure Gaztelu inguruan ez zegoen bertsolaririk, baina umetan entzuten nituen han bertso zaharrak kantetan. Gure amak bere kantetan zituen Markesaren alabarenak, Bilintxenak, Behin batean Loiolan eta holako batzuk. Gainera, umetan entzuten nien nagusiei euskara galtzen doala, Duran-
gon eta herri handietan. Eta ni umea, baina pentsetan neban: “Joino, gu euskaldunak eta euskara galtzea eztok ondo egongo”. Gero, 13-14 urtegaz, han Gazteluko jaietan ikusten nituen mutilak eta gizonak bertso zaharrak eta kantetan. Hasi nintzen pentsetan: “Joino, euskerieri laguntzeko kanta ta bertso zaharrak eta kantetie ona ixengo dala, eta barrixek bere bai, ahal ixenez gero”, baina hori gaitzago ikusten neban. Horrela, hamalau bat urtegaz lagunar-
tean hasi ginen, hiru-lau trago eginda, geure artean kantetan. Baita neure artean bertsoak egiten bere: lehenengo errima bat, gero bi eta holan, baina lau errima ezin osatu. Baina ekin eta ekin neure artean. Gero, erromeria ostean trago batzuk eginda, ba zeozer… Han kuadrillan, besteak ezer ez eta neu onena. Laster hartu neban fama Gaztelu eta Abaiño inguruan. Guk Abadiño ez gendun esaten, beti Abaiño. Famatxue hartu nebanean, orduan kontuak! Tabernara sartuz gero laster hasten zen jendea “benga botaik bertso bat”, eta tabernara sartu baino gurago izaten neban sartu ez.
Han Abadiñon bazegoen honako gixon txoriburu antzeko bat trago batzuk egiten zituenean beti bertsotan ibiltzen zena. Bueno bertsotan esan dut, baina zeozertan. Aldrebesagorik ez zegoen hura baino. Hark ez zeukan ez errima, ez doinu, ez neurri… baina ekin eta ekin, eta nik bere berarekin ekin, eta jendea pozik. Hori izaten zen nire entrenamendua. Haren antzeko bat bazen Errigoitin bere, baina Errigoitikoa gizon formala zen. Hori bai, hark bere ez zeukan ez errimarik, ez neurririk, ez doinurik, baina ekin. Txiplas eta ni, eta bera bere bai. Behin Txiplasi honela kantau nion:
“Honen moduko bertsolaririk ez dot ikusi ondiño hau ordaindute asko hoba da zu ta ni debalde baino”
Bueno, joan naiz Errigoitira, baina etor nadin berriro Abadiño ingurura. Abadiñon baziren bertsozale zintzoak eta laguntzen ahalegintzen zirenak. Laguntzeko onena plazara ateratzea zela pentsatzen zuten. Nik orduan ez neukan plazara urteteko fundamanturik, baina ezetz esateko balorerik bere ez, eta joan egin behar.
Hara zelan izan zen: Abadiñon etxe batzuk egin zituzten. Etxegintzan ibiltzen zen bat: Zoloa Txiki, Anjel. Bera asko ibili zen Gipuzkoan, Zumarraga aldean etxegintzan. Laguna zen
Luzio Gabiriarekin eta, jakina, Luzio zen bertsozale handia, bertsolarien laguna, gai jartzen eta epaile ibiltzen zen. Bertsotan bere hark egiten zuen nik baino hobeto, zaila bere ez zen eta. Zoloa Txikik (bera Abadiñoko semea zen eta Abadiñon etxe batzuk egin zituen) eta Luziok eta biek zeozer egin gura zuten. Orduan ez zen erraza ezer egitea. Asmatu zuten haiek etxe haiek bedeinkatu eta aitzakia horregaz bertsolariak ipintzea, eta Abadiñoko batzuen laguntzarekin ipini zuten jaia. Goizean lehenengo bedeinkazioa eta, gero, pintxoak. Gogoan daukat zelan egon ziren txorizo egosiak, gazta eta ardau zuria eta beltza, eta mosto. Ez zen gutxi sasoi hartarako, eta jende mordoa batu zen etxeen azpian atoan. Bertsolariak ez edozelakoak: Zepai eta Igarzabal ekarri zituzten, eta ni. Nik ez nekien non nengoen ere. Zepai sasoiko gizona, Igarzabal ni baino urtebete zaharragoa (hark 19 eta nik 18). Gogoan daukat Zepaik lehenengo agurrean zelan kantatu eban:
Hemen lenago egon nintzala badira hogei bat urte Abadiñoko anai-arrebak ondo bizi al zarete?
Igarzabal ordurako pixka bat ibilia zen eta hark bertsoak ondo kantatzen zituen. Nik harrezkero daukadan poza da Zepai eta Igarzabalekin kantatu nebala. Bueno, goizean zer labur bat egin genuen, bazkaldu genuen eta arratsaldean, Luzio Gabiriak-eta antzerkia egiteko asmoa, eta guk, bertso saioa. Joan ginen eta jende mordoa zegoen itxaroten. Hasteko gaudela non datorren aguazilla bere txapel gorriagaz ezin dugula ezer egin esaten: “Orden del alcalde”. Eta denok etxera, isilik. Horra zelako hasiera eman genion gure karrerari.
Handik laster Luziok eta Igarzabalek eraman ninduten Gabirira, Gabiriko Osiñalde sariketara. Gabiriko hori hasi berria zen orduan. Ez dakit nortzuk egon ginen kantatzen, badakit bat Eusebio Igarzabal zela. Zeozer egin genuen. Gauean lo egitera Eusebioren etxera joan nintzen, eta hurrengo goizean gogoratzen naiz kortan zelako idi pare ederra egon zen. Eguerdirako han Goierrin bertan bertsolari gazteen bilera bat egon zen eta han hitzaldi bat eman zigun Juan Mari Lekuonak. Horrekin gogoratzen naiz. Handik aurrera zeozer kantatzen neban, baina gutxi, tabernan eta lagunartean. Hemen Iurreta inguruan baziren bertsotan ibiltzen ziren batzuk: Txo Alberdi, Goiuriko Rubixue, haren lagun bat Iñazio, eta Mañarian bizi zena Julian Martitegi. Hau izatez txantxikuarra zen, Oñatikoa. Honek eta Alber-
dik bertsotan politto egiten zuten eta horiekin danokin elkartzen nintzen noizbehinka tabernetan. Beste gazte bat ere bazen: Garaiko Kapela, Juan. Honekin ere ibiltzen nintzen.
Gero etorri zen soldautzara joateko ordua eta joan egin behar, ez zegoen beste aukerarik. Nora eta Afrikako bazterrera, Sidi Ifnira. Han egin genituen 14 hilabete etorri barik. Orduantxik eman zion Espainiak Marokori Sidi Ifni, lehenago ostutakoa. Sidi Ifni paraje pobrea zen. Han euskaldun mordoa egon ginen, geu izan ginen azkenengo soldaduak. Eta han ere euskaldun artean egiten genuen inoiz bertsotan. Hantxe aurkitu neban Enbeita, Joseba Andoni, Onintzaren aita. Inoiz kantatzen gendun zeozer elkartzen ginenean. Gero, soldadutzatik etorri eta hemen lehengo martxan, baina bertsotan oso gutxi, lagunartean egiten genuena. Holan hiru-lau urte pasata, egun batean, Alfontso Irigoienek deitu zidan, bertso saio bat ipini ebala Deustuko Unibertsitatean eta ea joango nintzen. Nik baietz. Joan nintzen eta han aurkitu nituen Enbeitatarrak, Ion eta ez dakit Abel egon zen, eta Zeberioko Intxaurraga ere bai.
Honekin Intxaurragarekin ibili nintzen bastante, hiru-lau urtean plaza mordoa egin genuen Bizkai aldean, eta Gipuzkoara ere egin genituen buelta batzuk: gazteen txapelketak, Idiazabalen Zepai sariketa, Artzenberri sariketa bere bai, Añorgan bere bai Orixe sariketa eta horrela. Hemen Bizkaian bere hasi nintzen: Lopategi, Azpillaga, Mugartegi, Arregi, Muniategi… Amuriza ondino kartzelan zegoen eta Mañukorta Ameriketan. Enbeitatarrekin, Ajuria eta han-hemengo denekin. Orduan ipini eben Mallabian gazteen txapelketa bat bizkaitarrontzat. Lehenengo urtean Ion Enbeitak irabazi eban, hurrengo urtean neuri eman eustien eta hurrengoan Elgetzuri. Hortxe sasoi inguruan hemen Durangon, Marisa Barrenak ipini eban bertso eskola moduko bat. Kuadrilla elkartzen ginen zapatu arratsaldeetan. Orduan ez zen ezagutzen bertso eskolarik eta guk egiten genuena zen elkartu eta ekin. Mallabitik
mutil mordoa etortzen zen Elgetzurekin batera, Ion Aurre eta beste batzuk. Holan ibili ginen urte bat edo bi, baina itxi genuen, eta gero hasi ziren bertso eskolak. Beharrezkoak gainera, guk bere, jarraitu izan bagenu hobe, premia bagenuen eta. Hortik aurrera, nik hemen, Bizkaiko bertsolari denekin eta Gipuzkoako batzuekin ere bai, urtean plaza mordoa egiten nituen urte mordoan.
Nik ez daukat esaterik bertsolaria ez naizela aukerarik izan ez dudalako. Nik aukerak izan ditut eta herriaren laguntasuna bere bai. Ez banaiz, zeozer falta izen dudalako izango da, baina ibili gara eta zeozer egin dugu. Behin Amurizak esan zidan: “Lehengoan han ulixen lekuen egon hintzen” eta “bai”, “eta han bestien be bai, jode mutil hi beste lekutara debalde juaten danik eztok egongo”. Ba badagoz eta bera bere bai makina bat egindakoa. Ondo kobratuta bere asko egin ditut, eta debalde egindakoen damurik ez daukat, eginaren poza bai.
Txapelketetan bere bastante ibilia naiz, Bizkaikoetan eta Euskal Herrikoan bere bai. Sekula ez dut inon ezer iribazi, hor ikusten da nire bertso maila zelakoa den, ez da nire burua gutxitzearren, baina holan da.
Urte askoan, hogei urte baino gahiagoan, Elgoibarrera joan izan naiz Santa eskean, kopla mordo batzuk bota doguz han baserririk baserri. Han lau koplari izaten gara Zierda eta German Meabe bertakoak eta kanpotik Narbaiza zena. Gero, Narbaiza ez zenean Azpillaga edo Mañukorta. Baina Narbaiza joan zen, Azpillaga bere bai, Mañukorta kili-kolo dabil eta aspaldian Mikel Mendizabal etortzen da. Holakoan normala den moduan, makina bat kopla bota ditugu han hala-holakoak, beste batzuk dexente samarrak. Arratsalde dena ibili eta gero afaria egoten da San Migelgo txokoan, eta afalostean, jakina, koplatan egin behar. Ni hara joaten hasi nintzenean, neska-mutil bik trikitia jotzen zuten. Gazteak ziren, 14 urte ingurukoak. Haiek biak eta beste bi, Baltzola anaixak. Askotan talde bi ibiltzen gara, batzuk alde batera eta besteak bestera. Horrek bertako gazte biak, ni hara joaten hasi nintzenean nobixa-nobixo zebiltzan (neska panderojolea Arantza). Holan pasatu ziren urteak eta, egun batean, afalondoren, lagunak hasi ziren esaten udaberrian ezkondu egiten zirela. Jakina, Narbaiza eta Zierda hasi ziren kantuan zorionak, urte on askotarako eta abar. Eta nire txanda etorri zenean honela bota neban:
Trikitixa ta pandero joten gazte-gaztetan hasita, orain ezkondu egiten dira joten ondo ikasita
Jendeak barre galantak egin zituen eta Arantxak berak handienak.
Elgoibarren santa eskea bertako Izarra kultur elkarteak antolatzen du eta, hainbeste urtean hara joanda, ia luzaro ez naizela joango eta orain hiru-lau urte honako omenaldi bat egin
zidaten. Opari batzuk eta abar, eta Germanek eta Zierdak bertso batzuk kantatu zizkidaten, dozena erdi bana bertso. Bertso ikaragarriak iruditu jatazen eta pentsatu neban jarritakoak izango zirela. Esan nien harexek bertsoak gura nituela neuk gordetako, baina ez ziren jarriak, bat-batekoak ziren eta akabo. Baina itzelak, ez zarete makalak. Eskerrik asko German eta Zierda eta Izarra elkarteari. Hori izan zen luzaro ez nintzela joango-eta, baina ondino jarraitzen dugu, Santa Agedak gura daben arte.
Bueno orain goazen berriz oilagorretara. Hemen Oiz, Urkiola eta Gorbeia inguruko basoei eman dizkiegu astindu ederrak. Urtero oilagor sasoia amaitzen denean jende askoren galdera: “Zer Areitio, aurten zelan oilagorrak?”. Beti. Urteroko galdera berdina eta bertso hauek egin nituen behin:
Oraintxe egin deustazu galdera zorrotza ukitu egin dauztazu gainera bihotza nahiz dala hegohaizea nahiz dala izotza ikaragarria da haegin hego hotsa
Domusantu aldera datoz ollogorrak akabo ehiztarien deskantsu ta_oporrak mendian hartu arren nekaldi gogorrak haien hegoak dira luze ta bizkorrak
Txakur bata pointerra bestie setterra ollogorretarako arraza ederra kartutxo txarrak edo kañoia okerra aitzaki asko daukan ehiztari alperra Oillogorra golpean altxatutzen da brau batzutan tiro batez bestatan hiru-lau parera tira ezian hark aurrera dirau maldeziño galantak inoz botata nau
Aurtengo ehiz garaia doa aurrerantza zapaldu dogu nahiko sasi ta arantza luma askorik eztut atara nik antza hurrengo urterako badut esperantza
Nik ez dut bertso asko jarri, baina banaka batzuk bai.
Orain ehizaren kontra jende asko dago eta, agian, arrazoia izango dute. Norbere plazeragatik jo ta hiltzea… Inoiz Amurizak egin deust haserrealdi ederra ea zertan ibiltzen naizen kulpabako txori koittaduak hiltzen. Bai, holan da, baina betikoa, oilaskoak eta arkumeak, legatzak eta makallauak bere errugabeak dira, baina hil egiten ditugu. Lazkanok bere baditu bertso ederrak jarriak, pasean datorren usoak hiltzearen kontra eginak. Nik ehiza bihar bertan utziko nuke denek uzteko izanez gero. Baina zer egiten dugu nik utzi eta beste denek jarraituz gero?
Bueno lehen esan dut bertso asko ez dudala jarri, baina banaka gutxi batzuk bai, adibidez beste hauek:
Martuteneko notizi hura nahi nuke adierazi bertso batzuek kantatutzeko badu honek nahiko grazi kaiolan zeuden txori polit bi joan dira ihesi geroztik bila dabiltza baina inork ez ditu ikusi
Ezta erreza kartzela baten holan ihes egitea kanpo ta barru egoten baita aingeru guardaz beteta baina nolabait aurkitu dute zorioneko atea ondo pentsetan jarri ezkero hori dok adarjotea
Ustekabean askatu dira arerioaren katetik nik etzekiat nola irten diran ta inork ere etzakik direktoreak esan omen du “ez dira joan atetik” Joseba txikik urtengo eban sator-zuloren batetik
Noizean behinka izaten doguz zenbait notizia eder ta berri hura entzutean guk ez genduan egin negar Pikabea ta Joseba orain dabiltza munduan zehar askatasuna maite duenak
eztabe katerik behar •