10 minute read
HEMEROTEKA
from Bertsolari 126
by elkarmedia
AINIZE MADARIAGA ARG: GUILLAUME FAUVEAU BERRIA 2022/05/01
Advertisement
Terapia diskoan, Ødeiren biluztasuna da mintzo; frankok bere burua ezagutzeko gisan. Lan korporal honetan bere burua erabat aske sentitu du, eta periferiak aldarrikatzen ditu.
Odei Barroso Gomila Ødei-k lehen bakarkako lana karrikaratu du: Terapia. Bere burua biluztu du, barne eta kanpoko munduak hobetzeko aldarrikapenez josia, ni-a eta gu-a kateatuz. Bi urteko lan «nekezaren» fruitua da diskoa.
2020an atera zenituen Terapia kantua eta bideoklipa. Bazenuena ideia diskoa ere ateratzeko?
Hastapenean nahi nuen gauza ttipia plazaratu, errateko: «Bon, hasiko dut ene ibilbidea bakarrik», jakinez 2zio bukatu zela. Dena fite kontsumitzeko garai honetan baluke zentzurik bost kantu ateratzeak, baina enetzat ez: zuzeneko kontzertu bat ezin eman. Hala, Jo kideari erran nion nahiago nuela lan luzeagoa eta borobilagoa atera. Data oso seinalatua da niretzat abenduaren 22a: amaren heriotzarena. Egun egokia zen frogatzeko ene buruari: «Bakarrik ahal duzu». Ene beldurrak baititut, barnera begira, eta ene burua ez bainuen gai ikusten taldetik at bakarrik aritzeko. Hola atera zen Terapia abestia.
Amari begira.
Omenaldia bada nonbait amari, beti sinetsarazi didana egin ditzakedala gauzak, beti erraten zidan: «Zuk egin, egin!». Gazte ginen partitu zelarik.
Barkamenak ere eskatzen dizkiezu etxekoei, amari barne.
Lan honetako berritasuna da ez dudala gai bat aurrez pentsatua eta erabakia. Utzi diot ene buruari ura errekatik bezala joaten; libre sentitu naiz. Barkatu kantua da sortutakoetan azkena, eta idazten fiteena, erraza eta instintiboa izan da. Familia guziari barkamena eskatzen diot, rapean erraten baitut aurrez aurre errateko gai ez naizena. Nahi nuen hustu eta bakoitzari erran zertaz dolu naizen. Amari eskatzen diot barkatzeko, gaztea bainintzen oso, eta, zoritxarrez, helduaroan daukagun baloratze hori ez neukalako momentu horretan, beraz, hori: «Heriotzak itzuliko al digu bizitzak kendu digun denbora», erraten diot.
Raparen definizioan dea egin duzun biluzte ariketa hori?
Bai, entzuten ditudan artista anitz biluzten dira. Beti bada pertsonaren eta pertsonaiaren arteko borroka hori. Baina maiz kexatzen naiz hartzen delarik pertsonaia, defendatzeko erraten diren astakeriak. Baina pertsonaia pertsonak du sortzen, orduan, pertsonaia horretan egiazko Odei ere badago. Biluzte hau aski inkontzientea izan da. Idazten duzularik barnean zara, eta bi hilabete geroago zeure burua kanpotik ikusten duzu: eta ni ere harritu naiz zein barna joan naizen. Baina hau dena ere ni naiz, eta beharra nuen, on egiten baitit barne lanketa hau egiteak. Ez diot mugarik jarri neure buruari. Aldarrikapen anitz egin ditzakegu nitik arituz, filosofia bat da. Ni hori, zu ni senti zaitezen da. Uste dut indar handiagoa duela ni batekin identifikatzen garelarik, gu batekin baino.
Gizartea ere indibidualistagoa den horretan, ongi heldu da ni hori, ez dea hala?
Bai, baina kasu emanez egozentrikoa ez bilakatzea. Kasurako, ni hori beste gu aktualizatu bat da.
Bortz kantuetatik hamabortzerat salto egin duzu.
Betea sentitu naizelarik lanarekin eman dut lana bukatutzat; errateko nuena sartu zelarik diskoan, nire terapiaren parte hori bururatutzat eman nuelarik.
Egin duzua noizbait gibelerat?
Ez. Zalantza ukan dut, hori bai: anitz kontatzen ari naizen sentipena ukan baitut. Zerbaitegatik atera da hola. Anitz sinesten dut kasualitaterik ezan; zentzua ematen saiatzen naiz gertatzen den guziari, dramarik handienari ere; amarena, kasurako.
Entzuleria psikologo masa da.
Bai [kur-kur-kur]. Niretzat ederra da jakitea nik bezala bakoitzak bere moduan ere sentitzen dituela gauzak. Interpretazioa ere bada, eta hori zabalik utzi behar da. Jendeak egiten didan harrera ere bada niretzat rol aldaketa, feedbacka, ematen diet agian, baina haiek niri ere bai. Kantu bateko letrak dio: «Gorroto nautenek ez naute ezagutzen, maite nauzuenek ere ez». Barne mundua anitz askatu dut disko honetan, baina oraindik ez nauzue ezagutzen.
Feedback hori bilatze aldera, lehen emanaldiak gaztetxeetan ematea hautatu duzu.
Bai, apustu artistiko eta ekonomikoa izan da. Bilatzen dut niretzat eta publikoarentzat hurbiltasuna: zor nion diskoari. Ezingo dut beti hola jo, biziraun behar baitut. Autoekoizpena da; dena gure sakelatik jarri dugu Jok eta biok, eta diru anitz da. Beraz, nolazpait berreskuratu beharko dugu, eta hori ez dugu gaztetxeetan lortuko. Gainera, lehen data hauetara etorriko dena hurbilekoa da, sinesten duena. Hari zor diot hurbiltasun hori. Jo Olaskoaga, Unai Arkauz, Itzaletan sua, BHO Oihan eta bortzok iganen gara oholtza handietara. Ttipietan, berriz, denok Oihan salbu.
Hegozentrismoari bizkar, periferia aldarri.
Aspalditik dudan aldarria da, baina nehoiz ez nuen esplizitatu diskoan bezain. Hegozentrismoaren haserrea aspaldikoa dut: nekatua naiz; min ematen dit ikusteak; komunikabideetan kasik ukazioa bizi baitugu Ipar Euskal Herri gisa. Ghettotan kantuan ere aipatzen dut Euskal Herrian periferia joria dagoela. Ohartu naiz, Frantzian, adibidez, rapa bilakatu bada masa kontsumorako musika, zenbat musika sortzaile periferiko baztertu dagoen, eta, zorionez, askok bidea hor aurkitzen dute.
Uste dut garaia dela hitza ematekoa periferia horiei: Nafarroa, Araba, Nafarroa Behere edota Zuberoakoei. Berrikuntzak eta aldaketak periferietatik baitatoz. Ez dut uste on zaigunik, herri eta pertsona gisa, beti erdira so egotea. Rapa gehienbat bazterretan ekoitzi eta ekoizten da: Barakaldon, hemen M.A.K.... Arreta emanen bagenie periferiei, aise gehiago mugituko lirateke gauzak.
Trap, drill... Nola kantatzen du Terapia-k?
Ez da rap kulturarik euskal kulturan. Lehen 2ziorekin, boom bap egiten genuen; rap estilo klasikoa. Trapa 2010ean lehertu zen mundu osoan: soinuak elektronikoagoak ditu. Azken aldaera da drilla, beste erritmika eta tenpo batzuk dauzka, bereziki baterian. Estetikan, nirean gelditzen naiz. Erritmoetan bereizten dira estiloak. Hau kontatzen dut gure herrian nahi baitut rap kontzeptuak sar daitezen, eta lehen egiten genuenarengandik nahi baitut bereizi.
Justuki, baduzu rapa euskal kulturan txertatzeko proiektua.
Estudio bat muntatzen ari naiz nihaur, Hendaian [Lapurdi], nire laguntza eskaintzeko nahi duenari. Bereziki Ipar Euskal Herriko rapa bultzatu nahi dut, baliabideak emanez modu duin batean lan egin ahal izateko, munduko diru guzia horretan utzi gabe.
Bertsolaritzatik raperat, bata bertzea bezain arautua dea?
Bertsoak on egin didan bezainbat kalte egin dit niri, pertsona gisa. Rapa egiten duen bertsolaria bainintzen. Ez da hala: ni rap kantaria naiz. Nekatu nau hainbeste elkartu nahi izateak rapa eta bertsoa: Odei bertsolaria rapean ari da. Ez, rapak bere kodeak ditu, bere egiteko modua. Baditu loturak, baina ez du zerikusirik, bestela bertsolari guziak rap kantariak izanen bailirateke. Bi arte mota dira, baina oso ezberdinak. Odei Barroso Gomila bertsotarako, baina Ødei rapean. Ezagutzen dugunetik definitzen baitugu ezagutzen ez duguna.
Hitzak bai, baina musika ere
bai. Badut bertze proiektu bat: Auhen. Musikarien zuzeneko musikaren gainean rapeatuko dut. Diskoko musika estudioan ordenagailuekin ikaragarri landutakoa da. Nire datu baseetatik makinekin egina den diskoa da.
Kantuetan ideia, hitz joko eta musika kateatze lan handia sumatzen da, naturala kasik. Hamabi urte dira rapean ari naizela. Batzuetan idazten dut intuitiboki heldu zaidan moduan; beste batzuetan, ordea, egiten dut flow-a: musikan sartzeko errimak bilatuz.
Gaitegia joria da.
Nitaz mintzo da, etxebizitzaz, periferiez, ghettoez ari den bitartean. Disko sozial eta politikoa da; engaiatua. Ez da moralista eta panfletismorik ez du. Arrunta eta sinplea naiz: nitik kontatzen dut, nire bizia, iritzia eta sentimenduak emanez. Ez naiz adibide bat, bat gehiago baizik ez naiz. • MIREN ELORZA ARG: GUILLAUME FAUVEAU MAXIXATZEN 2022/04/16
Txikitatik izan du Eneritz Artetxek hizkuntzarekiko atxikimendua eta horrekin jolasteko zaletasuna. 10 urte zituela hasi zen bertso eskolan, eta oraindik gogoan du umea zela ikasi zuen lehen bertsoa. Ordutik makina bat plaza eta antzokitatik igaro da bertsolaria. Gaur, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea da.
Ustez, Loidisaletxeri jarritako puntu bat eta hark emandako erantzuna izan ziren Eneritz Artetxek (Azkoitia, 1990) lehenbizikoz ikasi zituen bertsoak. Gogoan du osabak nola kantatzen zion, eta umetan ikasitako bertso haiek ahaztezinak zaizkio Artetxeri, oraindik “hasi eta bukatu” abesten baititu. Ordutik bertso asko ikasi ez dituela dioen arren, hainbat ekarpen egin dizkio bertsolaritzari; bertso eskolako ikasle izatetik, 15 urterekin irakasle izatera pasatu zen.
Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kidea da azkoitiarra, eta azken lau urteotan Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea ere bada. Elkarte horren proiektuaren egitekoaz arduratzen da Artetxe, eta, besteak beste, Gu ere bertsotan hizkuntza arautuko egitasmoa –eskola orduetan bertsotan egiteko proiektua– koordinatzen du. Bestalde, lau urtean behin txapelketak antolatzeaz ere arduratzen da. Azken urteotan oholtzaren beste aldean dabilen arren, Artetxek ondo gogoan du plaza batean bertsotan egin zuen lehenengo aldi hura: 13 urte zituela, bertso eskolako beste bi kiderekin batera, Arrasaten (Gipuzkoa) kantatu zituen aurreneko doinuak. Lehenbizikoz oholtzara igo aurreko urduritasunaz ere oroitzen da, baita hara igo nahi ez zuela-eta irakaslearekin izan zuen liskar txikiaz ere. Egun hartan nola jantzita zegoen ere “ondotxo” gogoratzen dela dio bertsolariak.
Grina, umetatik
Bertso mugimenduan hasi zenetik gaur arte, oroitzapen eta bizipen mordoa ditu gordeta Artetxek. Batzuk hobeak, eta besteak, ez horrenbeste; baina denak kutunak. Adierazi duenez, irakasle lanetan aritu zenean saiatu zen aurretik bertso eskolan ikasi zuen guztia ume eta ez hain umeei irakasten, eta ez bertsoaren osaketari zegokionez soilik: “Bertso eskolan bertsotan ikasi dugu, noski, baina horretaz aparte, beste hainbat kontu ere bai, hala nola bizimodu bat edukitzen, herri mugimenduko kide izaten, talde baten parte hartzen eta harreman sarea mantentzen”. Bertso eskolan irakasle aritu den urteetan gustokoena izan duena berak bertan jaso zituen balioak transmititzea izan dela adierazten du Artetxek. Gutxien, aldiz, publikoaren aurrean kantatzearekin zerikusia duten gatazkak gustatzen zaizkiola dio: “Ikusten duzunean pertsona bat bertsotan ondo ari dela, baina ez duenean jendaurrean atera nahi, kostatu egiten da. Eta alderantziz ere bai: ikasle bat jendaurrera ateratzera animatu duzunean, ikaragarrizko tratua pasatzen ari dela ikustea ere ez da samurra izaten”.
Azkoitiarrak etxetik jaso du hizkuntzarekiko eta euskal kulturarekiko zaletasuna. “Gurasoek beti esaten didate ostiral gauetan aita Setimonean egoten zela, eta gu Loiolatik bueltan hura agurtzera sartzen ginenean, bere magalean eseri, telebistako mandoa hartu eta Hitzetik Hortzera saioari begira egoten nintzela, begiak zabalzabalik”. Hizkuntzarekiko eta kulturarekiko zaletasuna lanbide bilakatu du Artetxek. Gainera, ia hamabost urtez bertso eskolako irakasle izateaz gain, Euskal Filologia ikasketak egin zituen Gasteizen, eta Euskal Kulturgintzaren Transmisioan graduondoa egina du.
Bertsolarien artean filologo mordoxka egon ohi den arren, profil hori izateak bertsotarako sorkuntzan eraginik ez duela iritzi dio Artetxek. Are gehiago: bertso eskolan ibili izanak hizkuntzarekiko interesa eman diola, eta horren eraginez, filologia ikasketak egin dituela adierazi du. “Matematika ikasi duen batek hizkuntza ni bezain ondo edo hobeto menpera dezakeela iruiditzen zait. Gaur egungo txapeldunak begiratzea besterik ez dago: Maddalen Arzallusek, esaterako, Arte Ederrak ikasi zituen, eta Amets Arzallusek, kazetaritza”.
Bertsolaritza “etengabeko mugimenduan” dagoen zerbait dela definitzen du Artetxek: “Belaunaldi berriak datozen heinean, gauzak mugitzen doaz, eta mugimendua dagoen bitartean, gizartea aldatu ahala, bertsolaritza ere aldatu egiten da”. Era berean, azken urteetako iraultzarik handiena feminismoaren eskutik etorri dela uste du azkoitiarrak. Zentzu horretan, ordea, zenbakietara mugatzea ez du gogoko. “Amorrua ematen dit zera esaten dutenean: ‘Finalean ez da bigarren emakumerik sartu’. Ez gaitezen soilik zenbakietan geratu. Edo alderantziz, ez dugu esango final bat parekidea dela lau neska eta lau mutil daudelako soilik”. Diskurtso osoan aldaketa handia egon dela uste du bertsolariak, baita gaiak jartzeko orduan ere, baina ez soilik emakumeak ahaldundu direlako, baita gai-jartzaileak “etengabeko prestakuntzan” dabiltzalako ere, izan feminismoan edo beste alorretan.
ENERITZ ARTETXE EIZAGIRRE
Adina: 31 urte.
Ikasketak:
Euskal Filologian gradua eta Euskal Kulturgintzaren Transmisioan graduondoa.
Lanbidea:
Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea.
Bertsolaria ez banintz…
Andaluzian jaioko banintz, flamenka jantzi eta kopla kantari ibiliko nintzen.
Lanetik ateratzean gogoko dut…
ingurukoekin denbora pasatzea.
Plazatik urrunduz
Azken urteotan bertsolaritza profesionalizatu den heinean, bertsoa kaleko inprobisazio eremuetatik desagertzen ari den sentipena du Artetxek. Bertsolaritzak “prestigioa” irabazi duela uste du, eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren finalean BEC beteta ikusteak kultur mugimenduari ospea ematen diola adierazi du. Bertsoa jende gehiagorengana heldu den heinean, ordea, betiko bertsozale batzuk urrundu egin direla uste du. “Jaialdietan gazte asko ikusten da. Bertsoa beste modu batera iritsiko ez litzatekeen eremuetara iritsi da; teknologiak ere eragingo zuen hor”.
Sare sozialetako bertsoa indartu, baina “tabernako barra ertzean ordu txikitan” entzuten zena murriztu egin dela dio azkoitiarrak, eta ondorioz, “kaleko bertsolariak” galtzen ari direla sumatzen du. Pandemiaren eraginez, gainera, jaialdien eredua ere aldatu egin da, eta ez da bertso-afaririk, bertsopoteorik nahiz antzeko ekitaldirik egin. Jaialdi mota bakarra egin da, baina Artetxeren ustez, bertsoa ez da hori bakarrik. “Bertsoa kaleko jardun bat izan da beti, eta hori galdu egin dugula iruditzen zait”. Haren ustez, izugarria da azken bi urteetan bertsolaritzak jasan duen bilakaera. “Barra ertzeko bertsolaritik beti izan dut gehiago, eta azken urteetan, barra ertzeko jarduna izatetik bakoitza bere etxean kantuan jardutera iritsi gara. Ikaragarria iruditzen zait ehunka lagun pantailaz bestalde etxeko paretari kantatzen ari ziren bertsolariak entzuten aritzea”. Egoera horrek herriko bertsolariak ezkutatzea ekarri du. “Non geratu dira kaleko bertsolariak? Horiek ere bertsolariak dira”. Jendea berriro ere bertso ekitaldiekin hasteko gogoz dagoela adierazi du azkoitiarrak; “otordu gogoa” dagoela, eta bertsoa betiko eremuetara iristeko itxaropentsu da Artetxe. •