1 minute read
Kale izenen eskuliburuaren atarian
from Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak” (Euskaltzaindia-EUDEL) Eu/Cas/Fr
by EUDEL. Euskadiko Udalen Elkartea. Asociación de Municipios Vascos
Joanak dira berrogei urte euskararen ofizialtasuna aldarrikatu zenetik. Ehun urte baino gehiago dira Euskaltzaindia sortu zenetik ere bai. Begien bistakoa da, bide beretik, hamarkada horietan gure kale eta karriketako izenak euskaraz lehen aldiz ikusteko parada izan dugula askok. Bestalde ere, aspaldiko kale izen euskaldunen euskal grafia egokia eskaintzeko edota euskal izena bera berreskuratzeko tenorean, argi dago herriak eta herri-administrazioek eskurik esku jardun dutela epealdi horretan Euskaltzaindiarekin, euskararen akademiarekin. Aitortu beharra dago, alabaina, maizegi izan direla halakoak auzigai eta kalapita iturri. Maizegi, beharbada, aritu izan gara batekoak eta bestekoak kale izen baten inguruko eztabaidak luzatzen eta hanpatzen, neurri edo izaritik harago. Euskaltzaindiari egokitu zaio, bere sorreratik, arlo honetan ebazpenak ematea, euskararentzat gune propioak agerrarazteko. Seinaleztapen, xaflak… eta abar dira horren lekuko, Euskal Herriko bazter orotan. Era berean errotu da, nortasunaren poderioz, euskarazko kale izendegiak ezartzea hiri eta herrietan. Asmo eta deliberamendu hori egokia izanik ere, aniztasunetik anizkeriara eraman gaitzake euskararentzat ezinbestekoa den batasuna urratuz eta hautsiz. Batasuna, nolanahi ere, era askotakoa izan daiteke, eta ez du behar, nahitaez, molde hertsia eta zurruna. Horrela ulertu du Euskaltzaindiak bere zeregin aholku-emaile ofiziala kale izendegiari dagokionez. Urteetan zehar Osoko bilkuran zein Onomastika batzordean emaniko arau, gomendio, irizpenak eta abar daude hona bildurik eta estekaturik, modu erabilerrazean, eta tokian tokiko euskal gizarteari zerbitzu duina eman nahian.
Horren haritik, Akademiaren Mendeurrenari lotuta aurkeztu genuen Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak izeneko liburuaren edizio berezi hau aurkeztu beharrean gaude, berriro ere, EUDELen eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlanaren emaitzari esker. Eta berezi diot, toki erakundeen barruan eskuli-
Advertisement
buruak jorratzen dituen gaien inguruko ardura eta kezka duten guztiek zuzenean eskuratzeko modua izango dutelako EUDELen ekimen honi esker. Har bitza, beraz, EUDELek gure aitortza eta esker ona, argitalpen hau toki-erakundeetan gai honen ardura dutenen artean zabaltzen eta ezagutarazten egindako ahaleginagatik, seguru baikaude ondorio aberasgarria izango duela gizarte euskaldunagoaren mesedetan, tokian tokiko esparrutik hedatuta.
Andres Urrutia
euskaltzainburua