3 minute read
Zer komeni den kontuan hartzea karrika, plaza eta gainerakoei izena ematean
from Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak” (Euskaltzaindia-EUDEL) Eu/Cas/Fr
by EUDEL. Euskadiko Udalen Elkartea. Asociación de Municipios Vascos
Aitorturik jardunbide hori kaltegarria izan ohi dela zeren eta horrelako izendapenek, gerora, Konferentziak gomendatzen ez dituen izen-aldaketak eragin ohi baitituzte, Kontuan harturik gidalerro gutxi dagoela pertsona bat bizirik dagoela edo haren heriotzatik denbora laburrera haren izena hartzeari buruzko jardunbideei dagokienez, 1. Gomendatzen du agintari nazional eskudunek aholka dezaten ez erabiltzea pertsona-izenak entitate geografiko bat izendatzeko dena delako pertsona hori bizirik dagoen bitartean. 2. Halaber gomendatzen du agintari nazional eskudunek beren gidalerroetan gomendio argiak ematea izen bat oroipenerako erabili baino lehen itxaron beharreko denborari buruz.
Komeni da, azkenik, plazak eta kale edo karrikak pertsonen omenez bataiatzean, eremu jakin batera gehiegi ez lerratzea eta oreka bilatzea; alegia, gehiegi ez ugaritzea arlo jakin bateko pertsonak, hala nola erlijioaren arlokoak, politikaren arlokoak, arlo militarrekoak eta abar.
Advertisement
Zer komeni den kontuan hartzea karrika, plaza eta gainerakoei izena ematean
Faktore hauek hartu behar lirateke kontuan karrika, plaza, eraikin eta herri eta hirietako gainerako arkitektura-elementu berriei izenak ematean: • Izaera bereizgarria; hau da, unibokoa izatea. Horrek esan nahi du herri berean ez luketela egon beharko izen bereko bi kalek edo gehiagok. Izen berriak ematean, saihestu egin behar da, ahal den neurrian, jada existitzen diren beste bide batzuen izenekin nahastea ekar dezaketen izenak.
Era berean, unibokotasuna zaintzeko, ez lirateke zatikatu behar bere morfologiagatik izendapen bakarra behar duten karrikak. Alegia, karrika batek izen bakarra izan behar luke, baina onargarria da izena aldatzea baldin eta karrikaren norabidea angelu zuzenean aldatzen bada, gorabehera fisikoren batek zeharkatzen badu (adibidez, erreka bat), edota karrika zabalago batek edo plaza batek ebakitzen badu.
Orobat, unibokotasun horren mesedetan, komeni da, odonimoa izen berezi batez osatuta dagoenean —leku-izena izan zein pertsona-izena izan—, harekin batera, ahal dela edo beharrezkoa ez bada, izen arruntik ez jartzea afixa edo xaflan hizkuntza bat baino gehiago erabili behar denean, Euskal Herrian gehienetan gertatzen den moduan. Hots, hobe da, ahal izanez gero, odonimoaren atal espezifikoa bera izatea bi hizkuntzetan, gaizki ulertuak saihestearren eta, izendegiak osatzeko edo erreferentziatzeko orduan askotan forma bakarra bildu ohi denez, beste forma baztertua gera ez dadin. Adibidez, Fleming Doktorearen
karrika / Rue du Docteur Fleming edo Oiz Mendiaren kalea / Calle del Monte Oiz jarriz gero, atal espezifikoak desberdinak dira eta hitz desberdinez hasten dira hizkuntza bakoitzean: Fleming euskaraz eta Docteur frantsesez, Oiz euskaraz eta Monte gaztelaniaz. Fleming karrika / Rue Fleming eta Oiz kalea / Calle Oiz jarriz gero, berriz, atal espezifikoak berdinak dira.
• Izendapenaren luzera. Izena erabakitzeko orduan, kontuan hartu behar da izen hori afixa edo xafla batean ezarriko dela, beharbada euskaraz eta erdaraz jarri beharko dela eta letra-tamainak ez duela oso txikia izan behar ondo irakurriko bada. Horregatik, komeni da, izena hautatzeko orduan, aurreko faktore horiek guztiak kontuan hartzea eta oso izendapen luzeak, ahal dela, saihestea.
Gainera, izendapen luzeak ez dira erabilgarri gertatzen, ez dira praktikoak, eta herritarrek izendapen horiek laburtzera jotzen dute.
Adibidez, Jose Antonio Agirre Lekube Lehendakariaren parkea / Parque Lehendakari José Antonio
Agirre Lekube dioen xafla bat, 12 hitz dituena, jarri beharrean, egokiagoa izan daiteke Jose Antonio Agirre parkea edo Agirre Lehendakariaren parkea aldaera laburtua erabiltzea. Nolanahi ere, ezin da jarraibide zehatzik eman; kontua da, batetik, horren jakitun izatea eta izendapen luzeegiak saihesten saiatzea, baina, bestetik, laburtu beharraren beharraz izendapen ilun edo nahasgarririk ez jartzea.
Adibidez, Kristobal Kolon pasealekua izendapenaren ordez, nahikoa izan daiteke Kolon pasealekua. Hala gertatzen da pertsonaia historiko oso ezagunekin: aski dute deiturarekin, eta ez dute behar izaten pertsona-izena eta lanbidea zehaztea. Adibidez, Elkano kalea (Juan Sebastian Elkano kalea forma osoaren ordez), Okendo kalea (Antonio
Okendo Almirantearen kalea forma osoaren ordez), Picasso kalea (Pablo Picasso Margolariaren kalea forma osoaren ordez).
Bestalde, deitura hutsa aski adierazgarria ez bada, ugaria delako, edo pertsona hain ezaguna edo oso aspaldikoa ez delako, beharrezkoa izaten da bigarren deitura edo pertsona-izena ere ematea. Adibidez, Katalina Erauso kalea, Klaudio Gallastegi kalea, Sánchez Toca kalea, García Lorca kalea.
Eta izendapen osoa behar izaten da, dena dela, forma laburtua nahasgarria edo behar bezain zehatza gertatzen ez denean. Adibidez, Jauregi Jeneralaren kalea (ez nahasteko Jauregi kalea / Calle Palacio izenekoarekin), edo Deba Ibaiaren kalea (Deba kalea nahasgarria litzateke, ibai baten izena eta herri baten izena baita) edo Urduña
Mendatearen kalea (Urduña kalea nahasgarria litzateke, Urduña udalerri baten izena baita). • Onargarritasuna. Ez litzateke onartu beharko izen gordinik, barregarririk edo diskriminatzailerik.