1 minute read
1.6.1 Zalantzazko kasuak
from Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak” (Euskaltzaindia-EUDEL) Eu/Cas/Fr
by EUDEL. Euskadiko Udalen Elkartea. Asociación de Municipios Vascos
1.6.1 | Zalantzazko kasuak Atal generikoa kalea, plaza, etorbidea, hiribidea edo kidekoa denean eta atal espezifikoa leku-izena denean, gerta daiteke leku-izen hori ingurukoa izatea edo ez izatea.
• Leku-izenaingurukoaezdenean,hauda,atalgenerikoarenetaespezifikoaren artean hurbiltasun geografikorik ez dagoenean, ez dago zalantzarik: esanahia ez da “nongo karrika/etorbidea/plaza…”, baizik eta “halako izena duen karrika/etorbidea/plaza…”, hau da, leku horien omenez jarritako izenak dira.
Advertisement
Halakoak ugariak dira kale/plaza/etorbide berri samarretan, horrelako izendapenak erabiltzea ez baita tradizioduna. Eta aposizio bidez izendatzekoak dira: [Leku-izena + (kalea, plaza…)].
Adibideak: Amsterdam kalea, Bailén kalea, Espainia etorbidea, Extremadura kalea, Frantzia pasealekua, Montevideo etorbidea; Nafarroa hiribidea [Donostiako kale bat da], Nafarroa etorbidea [Iruñeko kale bat da], Zuberoa kalea [Portugaleteko kale bat da], Baiona kalea [Bilboko kale bat da]…
• Leku-izena ingurukoa edo aski hurbilekoa denean, zalantza egin daiteke esanahia zein den: “halako tokira doan karrika/etorbidea/pasealekua…” den edo “halako izena duen karrika/etorbidea/pasealekua…” den. Batez ere, etorbide edo hiribide generikoekin izan ohi da zalantza. Gerta daiteke, gainera, haietako batzuen esanahia, jatorrian, “halako tokira doan etorbidea/hiribidea” izatea, baina esanahi hori galtzea edo lausotzea, nolabait, herriak edo hiriak zabaldu ahala eta beste kale edo etorbide batzuez inguratuta gelditu ahala.
Horregatik, era horretako kasuetan leku-genitiboaz baliatzea gaitzesterik ez badago ere, kaleekin erabiltzen den moldera biltzea gomendatzen da irizpide gisa —aposizioa erabiltzea eta leku-genitiboaz ez baliatzea—, azken batean etorbideak kale-mota bat baitira, kale zabalak oro har14 .
Adibideak: Arrasate etorbidea [Elorrion], Enekuri etorbidea [Bilbon], Errioxa etorbidea [Guardian], Galtzaraborda etorbidea [Errenterian], Kanpanzar etorbidea [Portugaleten], Landeta etorbidea [Azpeitian], Olarizu hiribidea [Gasteizen], Pasai San Pedro hiribidea [Donostian], Sanduzelai etorbidea [Iruñean], Txorierri etorbidea [Derion], Ultzama etorbidea [Berriobeitin]…
14 Hiri edo herrietan eraikinez inguratutako bideak dira kaleak, eta hiri barneko bide zabalak, berriz, etorbideak/hiribideak. Nolanahi ere, jatorrizko banaketa hori ez dago indarrean, eraikinez inguratuta baitaude gaur egun hiribide/etorbide gehienak.