1 minute read
Atariko hitzak
from Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak” (Euskaltzaindia-EUDEL) Eu/Cas/Fr
by EUDEL. Euskadiko Udalen Elkartea. Asociación de Municipios Vascos
Euskaltzaindiaren eta Euskadiko Udalen Elkartearen (EUDELen) arteko elkarlanaren emaitza da Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak izenburua duen odonimiako eskuliburu hau. Ezbairik gabe garrantzi handiko ekarpena da bi erakundeon lankidetzaren ibilbide luzean.
Izan ere, urrundik dator harreman hori, eta era askotakoa da. Gogoangarria da 2001ean EUDELek Euskaltzaindiarekin batera plazaratutako Euskal Autonomia Erkidegoko biztanle-entitateak izeneko argitalpena. Era hartan, Onomastika batzordeak ondu zuen izendegia herritar guztien eskura ez ezik Udalen zerbitzura ere jarri zen, euskararen normalkuntzaren garapenean baliabide erabilgarria izan zedin. Orobat, Euskaltzaindiak eta EUDELek aspaldixkoan sinatua dugun lankidetza-hitzarmenaren zutabeetako bat da onomastika arloa. Horren baitan sartzen da halako gaiez Euskaltzaindiak Udalei aholkularitza ematea. Zinez uste dut emankorra izaten ari dela orientabide espezializatu hori udal mailako toponimia finkatzeko, kale eta bide izenak ezartzeko eta, oro har, seinale eta errotuluetako izen bereziak egokiro ager daitezen. Hori guztia Udalen eskumena da, eta berriki garatu du 179/2019 Dekretuak, Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzkoak. Eginbehar horretan ziur nago irizpidebilduma hau bereziki lagungarria eta gertuko lanabesa izango zaiela leku-izenak ofizialtzeko zereginean era bateko edo besteko ardura eta erantzukizuna dutenei, hala Udaletako agintariei nola udal-langile eta euskara-teknikariei. Hala ere, argi izan dezagun irizpide hauen eragite-esparrua gizarte osora hedatzen dela. Kale-izenak herritar guztion hurbileko geografiarekin estu lotuta daude, eta zuzen idatzita egon behar dute, euskararen normalkuntzarekin eta duintasunarekin bat etorriz. Belaunez belauneko tradizioz aurrekoengandik hartutako leku-izenak zaindu eta beren jarraitutasuna bermatu behar dugu. Kultura ondare
Advertisement
materiagabearen parte da toponimia, eta espresuki hala jasotzen da Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legean. Espero dut eskuliburu honetara bildutako irizpide, gomendio eta aholkuak onuragarriak izatea, euskararen normalkuntzaren arlo honetan ere Udalei dagozkien eskumenetan sendo aurrera egin dezagun. Horregatik, gonbita egiten dut lan hau irakurri eta duen mamia ezagutzera. Azkenik baina ez azken, esker ona adierazi nahi diot Euskaltzaindiari lan bikain hau gauzatzeagatik eta, beregainki, Akademiaren Onomastika batzordeko kideei.
Gorka Urtaran
EUDELen elkarteburua