6 minute read
Fokuak
Manuela Serra zinemagile portugaldar beteranoa da, film luze bakar bat egin duena, O movimiento das coisas zoragarria (1985), Portugalgo Zinematekak berriki zaharberritu duena. Bat-batean etendako karrerak ez dira gutxi izaten zinemagintzan, batez ere emakumeen artean. Manuelak Punto de Vistaren programazio batzordeko kide ohi, zinemagile eta programatzaile Mercedes Álvarezekin hitz egingo du haren filmari eta zinemagintzatik urrunarazi zuten arrazoiei buruz.
Eta foku partekatu bat eskainiko diegu Sofia Bohdanowicz eta Payal Kapadia zinemagileei, izan ere, gure lankide Lucía Salasek haien film sorta bat programatu du, film guztiak genero berekoak, artxiboko fikzioa. Asko hitz egiten da agiritegiei buruz ikuspuntu dokumental batetik, baina, zertan dira haien fikzioak? Sofia Bohdanowiczek eta Sonia García ikertzaileak artxiboetako abenturei eta zorigaitzei buruz hitz egingo dute, emakume ikertzaileek eta sortzaileek egiten duten bezalaxe.
Advertisement
Manuela Serra
O Movimento das Coisas
Manuela Serra, Portugal, 1985, 88 min, DCP, portugesa
Isiltasunaren eguneroko istorioak. Haize kexkagarriko bide hutsetan, iparraldeko herrixka batean. Hiru familia protagonista dituen lan jardunaldia da: adineko lau emakume, landa, ogia, oiloak, antzinako istorioen oroitzapenak, hitz mineralogikoetan dastatutako keinuen bitartez. Baserri batean hamar seme-alaba dituen familia bat denboraren handitasunean murgiltzen da, lanaren ekintzan. Aitak zuhaitz bat moztu du. Harantzago, jendearen bizileku den ibaiko ura, txalupa bat, eguzkia eta herriko plaza, eraikitzen ari den zubia, balkoia, janaria, igandearen dentsitatea eta mistizismoa, meza eta azoka: larunbateko errituala. Eszenatoki zati horietan, Isabel ere mugitzen da, etorkizunari begira, besteengandik haratago, haientzat bizitzaren zentzua bizitzea besterik ez baita.
Egunsentitik ilunabarrera bitarte doa denbora. Bizia arnastea da, landa bitartekotzat erabilita iparraldeko herrixka batean, antzinako keinu lasaien bitartez. Bizitzan geldialdi bat da, gauzen bidez eta denboran zehar; balioak, isiltasunak…
Teresa Sá, sinopsi originala
Manuela Serrak Bruselako Institut des Arts et Diffusion (IAD) institutuan ikasi zuen zinema, 1971tik 1974ra bitarte. Muntaiako laguntzaile izan zen, artxiboko materialarekin batez ere, Deus, Pátria, Autoridade filmerako. VIRVER Zinema Kooperatibaren sortzaileetako bat izan zen, eta bertan gidoilari, ekoizle eta editore lanak egin zituen. Ordurako, ekoizle eta zuzendari laguntzaile gisa lan egin zuen hainbat film ertainetan eta Rui Simões-en Bom Povo Português filmean. 1979. urtetik 1985. urtera bitarte bere lehen lanaren gidoia idatzi, zuzendu eta ekoitzi zuen: O Movimento das Coisas. 1990ean, bigarren film baten gidoia idazten hasi zen, Ondas, Ondulaçoes edo O Movimento das Ondas, baina ez zuen inoiz filmatu.
Artxiboko fikzioak
Nire semeak, beraz, nire amarekin bizi dira, eta orain arte ez dituzte zapata urratuak eraman. Baina, nolakoak izango dira handitzean? Zera esan nahi dut: zer zapata eramango dituzte handitzean? Zer bide aukeratuko dute haien urratsetarako? Atsegina baina alferrikakoa den guztia haien desiratik baztertzea erabakiko dute, edo baieztatuko dute gauza guztiak direla beharrezkoak eta gizonak oinetan zapata sendoak eta egoera onean eramateko eskubidea duela?
Natalia Ginzburg, Zapata urratuak
Zein izango dira zinemaren zapata urratuak? Agian ezkutatuan egongo dira Rosselliniren gezur zoliaren atzean: “gauzak hor daude: zertarako manipulatu?”. Zinema garaikidearen zati handi bat eremu minimalista, opaku eta sobera misteriotsu batean existitzen da (auzia da ea hainbeste lainoaren atzean zerbait ote dagoen), zapatak gutxi erabiltzeaz sano egongo balira bezala. Bestelako filmak ere badira, atsegina baina alferrikakoa den guztia baztertzeko muturreko austeritatearen eta guztia behar izatearen baieztapen hedonista erradikalaren arteko erdibideko puntua aurkitzen dutenak. Zapata sanoak dituzte, ez dirua sobera dutelako, asko zaintzen eta inteligentziaz erabiltzen dituztelako baizik. Film horiek hor dauden gauzak hartzen, eta apur bat aldatzen dituzte, egiazkoagoak izan daitezen. Fikzio dei ditzakegun egitura nabarmenak eraikitzen dituzte haiekin. Narrazioa bera gauzen eta haiekin eraikitako egituren arteko itzulpen prozesu bat izango balitz bezala pentsatuz narratzen dute. Programa hau osatzen duten bi zinemagileen kasuan, hartu, agiriak hartzen dituzte, iraganeko artxiboak, eta narrazio bateko
pertsonaietan eraldatzen dituzte. Ikerketa prozesua bera ere hartu, eta fikziorantz moldeatzen dute. Vintage ideia ororen eta nostalgia fetitxista baten aurka, bi zinemagile hauek agiriak kidetzat hartzen dituzte, aktoreak izango balira bezala, egin aurretik eszena batez haiekin hitz egiten dutenak. Agian egiten dute artxiboaren terrorea gainditzeko, zeina gauzak ahaztearen edo milioika kutxen artean galtzearen beldurra baita. Agian ez direlako fidatzen haiek gordetzen dituzten erakundeek goratzen duten izaera publiko horretaz, badakitelako doan izateak ez duela beti mugagabe esan nahi. Programa hau osatzen duten filmak materialistak dira, eginak dauden materialen forma hartzen dutelako, beharraren arabera mutatzen direlako, baina haren borondatea osorik azpiratu gabe besteren aurrean, artxiboaren autoritatearen aurrean. Agiriaren eta haren narrazioaren arteko tentsio horretan zizelkatzen dira artxiboko fikzio hauek, filmen sorta bat, liluraz, xarmaz, suharrez eta akzioz egina.
Lucía Salas-en komisariotza eta oharrak
1. saioa Payal Kapadia
Payal Kapadia Indiako zinemagile gazte bat da, aurten bere opera prima estreinatu duena: A Night of Knowing Nothing. Norbaitek (nork?) gutun batzuk aurkitzen ditu zinema eskola baten kutxatila batean, eta bertan, emakume gazte batek, L-k, bere amodio debekatuari idazten dio. L eta K kasta desberdinekoak dira, eta haien arteko ezkontza ezinezkoa da (gaur egun ere). Korrespondentzian, L-k, amodio eta etsipen mezuak ez ezik, K-k bere gurasoen aginduz utzi behar izan duen borrokaren berri ere ematen du. Mumbaiko Zinema eta Telebista Institutuaren eskolan ikasleak kasten sistemaren eta ekonomia prekarietatearen aurka altxatzen dira, Indiaren eremu gero eta handiagotan hedatzen ari diren protestekin bat eginez. Unibertsitatean igarotako denboran jasotako materialez muntatuta, lagun eta ikaskideekin egina, Kapadiak fikzio bat antolatu du, melodramatik bezainbeste duena agit-prop-etik. And What is the Summer Saying? film laburra lehenagoko ariketa bat da, unibertso berean bizi dena: egon, ikusi, behatu, hitz egin; eta hizketaldi horietatik, badoan denboraren soinuak, eszena eta narrazio txikiak ateratzen ditu, uda batez gertatzen direnak Maharashtrako barrutian.
And What Is the Summer Saying?
Payal Kapadia, India, 2018, 24 min, DCP, zuri-beltzean, marati
A Night of Knowing Nothing
Payal Kapadia, India-Frantzia, 2021, 96 min, DCP, koloretan-zuri-beltzean, hindi-bengalera
2. saioa Sofia Bohdanowicz
2016. urtean, Sofia Bohdanowicz zinemagileak eta Deragh Campbell aktore eta idazleak Audrey Benac pertsonaia sortu zuten, artxiboko detektibe bat. Bien elementu biografikoen, familia historietako pusken eta asmakizun kolektiboen artean sortuta, Audrey-k ahaztutako historiaren une txikiak ikertzen ditu. Never Eat Alonen, aktore eta abeslari izandako amonaren eta haren aspaldiko mutil lagun baten iragana ikertzen du, telebistako musika saio ospetsu baten protagonista izan baitziren biak. Veslemøy ‘s Songen, berriz, Kathleen Parlow-ren arrastoen atzetik doa, Glenn Gould-en garaiko biolin jotzaile ospetsua eta San Petersburgoko kontserbatorioan ikasi zuen lehen emakumea, gaur erabat ahaztuta dagoena. Roy Thomson lanean, aitona gogoratzen du, Parlow-en ikasle ohia eta Torontoko Sinfonikoaren musikaria, eta hildakoen presentzia oroitzen du, bizi eta lan egin zuten espazioetan.
Never Eat Alone
Sofia Bohdanowicz, Kanada, 2016, 68 min, DCP, koloretan, ingelesa
Veslemøy’s Song
Sofia Bohdanowicz, Kanada, 2018, 9 min, DCP, zuri-beltzean, ingelesa
Roy Thomson
Sofia Bohdanowicz, Kanada, 2018, 3 min, DCP, sepian, ingelesa
3. saioa Sofia Bohdanowicz
MS Slavic 7 lanean, Audrey Benac-ek bere amonak, Zofia Bohdanowiczowa poetak, Józef Wittlin-ekin izandako gutun trukea aurkitzen du, nazismoaren eraginez erbesteratutako poloniarrak biak ere. Audrey-k modu independentean ikertzearen zailtasunei egin behar die aurre, agiri horien garrantzi politikoa eta poetikoa ulertu nahian, eta bien bitartean, haren inguruan (familian, adituen artean, artxiboan) eragozpenak topatzen ditu aurrera egiteko. Joan Didion-en Pentsamendu magikoaren urtean nolabait oinarrituta, Point and Line to Plane lanean, Audrey lagun baten heriotzaren dolua igarotzen ari da. Elkartzen zituen espazioak eta ideiak ibiltzen ditu, eta bide horretan, Kandisnky-ren eta, batik bat, Hilma a Klint aitzindari ahaztuaren koloreak eta trazaketak ateratzen saiatzen da. Audrey Benac sagaren orain arteko azken bi entregatan, Bohdanowicz-ek eta Campbell-ek alderdi intimoa eta historikoa uztartzeko hainbat modu arakatu dituzte, emakumeak ezabatzen dituen munduaren mekanismo hain berezi horren inguruko galderak eginez.
MS Slavic 7
Sofia Bohdanowicz eta Deragh Campbell, Kanada, 2019, 64 min, DCP, koloretan, ingelesa
Point and Line to Plane
Sofia Bohdanowicz, Kanada, 2020, 18 min, DCP, koloretan, ingelesa