12 minute read

Contactos

Next Article
X Films

X Films

Contactos sailak gainerako arte diziplinei eta zientziak deritzogun ezagutza jarduerei zabaltzen die zinema. Eta hori bereziki garrantzitsua da gogoan zinema dokumentala hartzen badugu, zinema mota hori berez baitago bideratuta hausnarketara eta ezagutzara, gainerako arte garaikideekin partekatzen baitu errealitatea ikertzeko interesa. Sailak Espainiako zinemagintzaren historiako film erradikal eta muturretako batetik hartzen du izena, Contactos filmetik (Paulino Viota, 1970), jaialdiko lehenengo Heterodocsias Rewind sailean (2010) izandakotik. Edizio honetan ate guztiak ireki dizkiogu Fernando Gandaseguiri arte biziak –jaialdiko azken edizioetako ildo emankorrenetako bat da, Garbiñe Ortegaren aurreko arte zuzendaritzak abiarazi zuen eta guk ilusio osoz ematen diogu jarraipena– programatzeko proposamen xume bat egin dezan, eta Bruno Delgado Ramo, Esperanza Collado eta Paula Guerrero gonbidatu ditugu performance eta instalazio sorta bat gauzatu dezaten. Fernandok aurtengo gogoeta ildoetako bat izango du abiapuntu, atzera begirako bietatik batean protagonista diren ibaiak, eta Brunok, Esperanzak eta Paulak pantailaren inguruan lan egingo dute, pantaila geometriatzat eta zinemaren gutxieneko elementutzat harturik. Hori guztia Oteiza museoan gertatuko da.

Azkenik, Sofia Erregina Arte Zentroaren Museo Nazionalarekin elkarlanean, mundu mailan estreinatuko dugu Aquí no hay nada que comprender dokumentala, Elena Asins (1940-2015) artista madrildarraren obraren ingurukoa. Asins luzaroan bizi izan zen Azpirotzen (Nafarroa). Gainera, Líneas y puntos proiektatuko dugu, Asinsek bere kolaboratzaile eta musikagile Gorka Aldarekin egin zituen bideo ugarietako bat. Gorkak berak aukeratua da bideo hau.

Advertisement

Desbordes: otra historia del ojo

Begiak urezko bihurtu zaizkigu. Laia Estruch, Sibina

Georges Bataille zuzendariaren Historia del ojo filmean, eszena bat zezen plaza batean gertatzen da, antzerkiko arkitekturen antzera, begiratzeko toki bat. Eszena horretan, begiekin lotutako beste egoera batzuen artean “itsutzeko moduko eguzkipean”1, ikusleak zezenketa bat ikusten ari dira; zezen bat toreatzailearen aurka oldartzen da, eta airean darabil adarkatzen duen bitartean. Adar batek begia harrapatu eta begi zulotik atera dio, ur emaria handitzen zaion ibai baten antzera gainezka eginez.

Desbordes: otra historia del ojo programan biltzen diren lanen performatibotasunak erregimen eskopikoaren nagusitasuna gainditzen du, ikusmenak gertaerekin, gorputzarekin edo lurraldearekin duen lotura; obren iridiszentziak beste agentzia posible batzuk konfiguratzeko espazioa zabaltzen du ikusleen begiradan. Ibai bat bezala, komisariotza honetan ibilbide bat proposatzen digute, Luz Brotoren Aumentar el caudal de un río, Nilo Gallegoren Pigmeus do Mondego eta Itziar Okarizek Izar Ocarizen laguntzarekin egindako Respiración oceánica lanen arteko loturan barrena.

Proposamena Luz Brotoren esku hartzearekin hasiko da, eta orrialde hauetan instalazio originalaren parte diren bi irudi argitaratu dira. Obraren keinua zera izan zen, Lleidako Segre ibaiaren emaria hitzez hitz eta pittin bat handitzea izan zen, duela mende batetik emaria murriztua baitu interes ekonomikoak direla eta. Proiektuko bolumenen edo eskala bisualen erlazioari eutsiz, irudietako batean, ura ubidera eramaten zuen ezkutuko mahukaren ezkutuko ikuspegia agertzen da, eta bestean, berriz, ibaiaren aireko ikuspegia erakusten digu, lurraldean eraginez handitutako baina, aldi berean, ikusezina den emariarekin.

Komisariotza honekin jarraituz, Nilo Gallegoren Pigmeus do Mondego performancea izanen da; Montemor-o-Velho herrian izaten den Citemor jaialdian aurkeztu zuen lana, penintsula osoko jaialdi zahar eta garrantzitsuenetako batean. Portugaleko herri txiki horretan, arroz soroen artean, sigi-saga dabil Mondego ibaia. Nilo Gallegok eta bere laguntzaileek performancearen agertoki liluragarri bihurtu zuten ibai hori. Performatibizatu egin zuten, Mondego ibaia soinuzko aktante bihurtuta. Obraren bideoa ikusgai izanen da jaialdiak irauten duen astean, arte bizien web plataforma honetan: Teatron.

Programa bukatzeko, Itziar Okarizen Respiración oceánica izanen da Oteiza museoan. Performancean, yogan erabiltzen den Ujjayi arnasketak sortutako soinua ateratzen da Itziar Okarizen eta Izar Ocarizen gorputzetatik, eta soinu hori beren fonazio aparatuaren bitartez isurtzen da, ahotik, ibaiak ozeanoetara isurtzen diren antzera. Ur masa handiek bezala, Itziarren eta Izarren arnasketa anplifikatuak dena hartzen du, eta esanahiaren zero gradura eramaten gaitu, hitza baino lehen soinua izan zen tokira; sortzeko dauden irudien horizontea.

Delikueszentzia fenomeno fisiko bat da: zenbait gorputzek airearen hezetasuna xurgatzen dute, disoluzio urtsu bat eratu eta ur bihurtzen diren arte. Demagun gorputz horiek begiak izan litezkeela. Begi delikueszenteak, gertatzen dena xurgatzen dutenak begi zulotik gainezka egin arte. Urezko begidun ikusleak, agentzia berreskuratzen dutenak begiratzeko beste toki bat eraikitzeko, begiaren

beste istorio bat. Fernando Gandasegui

Aumentar el caudal de un río Luz Broto

Esku hartze honen bitartez, azpiegitura handiek lurralde baten egoeran duten eragina pittin bat deskonpentsatu nahi da, ezkutuan eta prekarioan.

Beste ubide bat sortzea izan zen proiektua, duela mende bat zentral hidroelektriko bat elikatzeko eraiki zen Seròs ubidetik desbideratu eta Segre ibaira itzultzeko; izan ere, ibai horren emaria, Lleida hiritik igarotzean, ingurumen estandarrek eskatzen duten gutxienekoaren azpitik baitago.

Seròs-eko ubideak ura ibaitik hartu eta 25 km egin ondoren Segre ibaira itzultzen du; esku hartze honek, berriz, lasterbide gisa funtzionatu zuen, ubidetik desbideratutako uraren zati bat ibaira itzularazteko.

Emarien bolumenetan izan zuen eragina ez zen izan ikusteko modukoa, baina, hala ere, eskala txikian jardun zuen egungo banaketa (40 litro orduko, gutxi gorabehera) deskonpentsatu nahian: 60.000 litro segundoko ubidera eta 2.000 litro segundoko ibaira. Ezkutatutako mahukekin eraikitako ubideak sifoi efektuari esker funtzionatu zuen. Gailua zazpi hilabetez egon zen instalatuta, desagertu zen arte.

Aumentar el caudal de un río 2014 urtean Campo Adentrorako (Centre d ‘Art la Panera) ekoiztu zen eta MACBAren bildumaren parte da.

Luz Broto artista eta irakaslea da Bartzelonako Unibertsitateko Arte Ederretako Fakultatean. Espazioarekin lan egiten du, hemen dagoenarekin, tokiaren arkitekturari, hirigintza inguruneari edo lurralde baten barruko posizioari, azpiegiturari edo antolaketa egiturari, araudiei, erabilerei eta protokoloei erreparatuz; eta dena aldatuko duten gutxieneko eragiketak proposatzen ditu. Toki espezifikoko esku-hartze proiektuak egin ditu hainbat erakunderekin lankidetzan eta hainbat testuingurutan: Asimilar la temperatura exterior (Secession, Viena, 2011), Aumentar el caudal de un río (Centro de Arte la Panera, Lleida, 2014), Abrir un agujero permanente (MACBA, Barcelona, 2015), Derogar las normas de uso relativas al silencio (Koldo Mitxelena Kulturunea, Donostia, 2016), Tensar una línea entre dos interiores paralelos (FLORA, Bogotá, 2018) edo Prolongar los pilares (ethall, L’Hospitalet, 2021). Blueproject Foundation, BCN Ekoizpena edo gaur egun Botín Fundazioaren Arte Plastikoen Beka bezalako ekoizpen-bekak jaso ditu. luzbroto.net

Pigmeus do Mondego Nilo Gallego

Mondego ibaian egin zuen performancea, Montemor-o-Velho herrian, inguruneko soinuzko elementuak ez ezik, perkusiozko, haizezko eta difusio elektroakustikoko musika tresnak ere erabilita. Citemor jaialdirako bereziki diseinatutako proiektua da, zazpi musikari-akziolariren partaidetzarekin eta herriko hainbat pertsonak lagunduta.

Produkzioa María Ordás / Bideo grabazioa Hugo Barbosa, Pamela Gallo, Adán Santiago / Bideoaren edizioa Raúl Alaejos, Nilo Gallego / Citemor koordinazio teknikoa Carlos Ramos / Koordinazio orokorra Vasco Neves / Produkzioa Joana Macias / Citemor jaialdiko zuzendaritza Armando Valente, Vasco Neves

Nilo Gallego musikaria da, eta soinuarekin esperimentatzea abiapuntu duten performanceak egiten ditu. Bere lanek osagai ludikoa izaten dute beti, eta ingurunearekiko eta egunerokotasunarekiko interakzioa du xede. Bateria, perkusioa eta elektronika jotzen ditu. Horretaz gain, antzerki eta dantza garaikideko konpainientzat musika sortzen du eta soinu espazioak diseinatzen ditu; Orquestina de pigmeos ekintza kolektibo esperimentaleko kide da (Chus Domínguezekin batera) eta Silvia Zayas, Alex Reynolds sortzaileekin edo Societat Doctor Alonso konpainiarekin, besteak beste, lankidetzan aritzen da.

Pigmeus do Mondego honako hauek osatzen dute: Nilo Gallego, Noemí Fidalgo, Ana Cortés, Raúl Alaejos, Varis Fuertes eta Pedro Sousa Coias; musikari hauen laguntzarekin: Katsunori Nishimura eta Markus Breuss; eta honako hauen partaidetzarekin: Guilherme Barbosa, José Dias, Pedro Miguel, Mario Neves, Andreia eta Jessica, Ignacio Martinez, Saul García, Sinead Conolly, Jessica, Joana, Joí¢o, Mariana, Mariana Pardal, Mariana Vizinha, Rafael Nobre, Ruben, Tiago eta Clube de Canoagem do Infante Montemor elkartea.

Respiración oceánica Itziar Okariz, Izar Ocarizen laguntzarekin

Obra hau arnasketa koru batean oinarrituta eraiki zen. Ujjayi yoga egitean erabiltzen den arnasketa mota bat da. Hitzak ni garailea esan nahi du, eta ohiko itzulpena “arnasketa ozeanikoa” izaten da, irudi hori gogorarazten duelako. Piezak izaera figuratiboa du, arnasketaren soinuaren espazio abstraktuaren eta sortzen duen irudiaren artean, zeinua eta zentzua bananduta, apurtuta egongo balira bezala.

Itziar Okarizek ekintzaren eta performancearen esparruan lan egiten du, hizkuntza arautzeko moduak eta definitzen gaituzten zeinuen ekoizpena zalantzan jarriz. Bere lanak —ahots performanceak, berehalako ekintzak, bideoak, instalazioak eta testu piezak— arkitekturaren, lurraldearen, gorputzaren, erritualaren, sexualitatearen eta semiotikaren arteko loturak aztertzen ditu. Sarritan jardunbide feministekin lotu izan da, punk rockarekin, baita genero eraikuntza arauemaileen queer kritikarekin ere; Itziarrek situazionismoarekin lotutako disidentzia estetiko modu bat hedatzen du. Bere proiektuak dira, besteak beste: Unquiet Objects, Disjecta, Portland (2021); Respiración oceánica, Moving Words, Rimi Scenekunst, Stavanger; Personae, máscaras contra la barbarie, Els Baluard, Palma Mallorkakoa; La noche de las ideas, Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionala, Madril (2021); Las Estatuas, Oteiza fundazioa, Alzuza (2020); Bodies of Water, 13th Shanghai Biennale, Shanghai (2020); Perforado por, Espainiako pabiloia Veneziako 58. Bienalean, Sergio Prego-rekin batera (2019); Footnote to a Footnote, Academia Española, Erroma; I Never Said Umbrella, Tabakalera, Donostia (2018); Una construcción… CA2M, Madril (2018); Ideorritmias, MACBA Museu d’Art Contemporani, Bartzelona (2017); Itziar Okariz, Kunsthaus Baselland, Basilea (2017); Dream Diary, Ars Parcours, Basilea (2017).

Izar Ocarizek irakurtzea, idaztea, marraztea eta karate egitea ditu gogoko. Biak Bilbon bizi dira.

Acciones para la pantalla Bruno Delgado Ramo + Paula Guerrero + Esperanza Collado + Javier Montero / Las Synergys

Laukizuzena hemen zegoen gu iritsi baino lehen, eta hemen jarraituko du joaten garenean. Beraz, badirudi film bat, lehenik eta behin, espazio mugatu bat dela […] guk, jendetza handi batek, arreta handiz begiratzen dioguna.

Hollis Frampton

Baina gure aurpegietan islatutako argia leiho batetik etorriko balitz, eta leiho horretan paraleloan proiektatutako irudia paisaiako eguzkiaren argitasunean galduko balitz, filmak astebetez edo gehiagoz iraun izanen balu eta gu han izanen bagina, begira, zain, zer forma hartuko luke pantailarik ez izateak? Falta den laukizuzenean pentsatzen dugu, eta, hala ere, gure kokapenetik eta gure esperientzia enpirikotik trapezio bat ikusten genuen beti, horietako asko, guztiak desberdinak, eta pertsona bakoitzak, une oro, geurea geneukan.

Pantaila martxan jartzea, nolabaiteko autonomia emanez, lagungarri izan dakiguke Isidoro Valcárcel Medinak 9 secuencias sobre la pantalla lanean aurkezten duen proposamena berresteko: proiekzioa, bere oinarria den euskarri horren zerbitzura. Proiekzio ingurunean, ikus entzuleen arreta mailak gora edo behera egiten du eta zehaztu egiten da ingurumen parametroen arabera; elementu jakin batzuk, berriz, mantendu egiten dira, arreta keinu partekatua izan dadin lagunduz, keinu filmiko bat. Pantaila bahitzea arretaren elementu disruptorea izango litzateke, zalantzarik gabe, baina nahasmendu egoerak eta argirako euskarri bat bilatzeko beharrak keinu partekatu hori itzultzen badigu?

Bruno Delgado Ramok ikerketatzat planteatzen du bere diziplinarteko lana, baliabide zinematografikoen jardunbide esperimental, material eta espazialean oinarritutako ikerketatzat, eta espezifikotasunaren ideiak, prozedura edo irakurketa espaziala garrantzitsuak dira ikerketa horietan, filmazioa eta proiekzioa kokapen eta testuinguru espezifikoetako argizko prozesuak direla pentsatuta. Oraingo honetan, Acciones para la pantalla lana prestatu du Paula Guerrero, Esperanza Collado eta Javier Monterorekin batera, Las Synergys kolektiboan. Proposamena Gabinete kino~okno proiektuaren partaidetzarekin sortu da, leihoaren eta zinemaren arteko konexioei buruzko ikerketak partekatzen dituztenez; Las Synergys kolektiboa Sevillako Santa Clara espazioan garatzen ari da proiektua. Ayudas Creación Injuve programaren babespean.

Film sorta hau Jorge Oteiza Museoan eginen dugun esku hartzearen barruan proiektatuko dugu. Proposamenaren une nabarmenki espazialenak animatzen dituzten hausnarketa berberei jarraikiz, film sorta honekin esperientzia filmikoari buruzko hainbat hipotesi eratu nahi ditugu, pantaila-leiho eta euskarri-argi konexio sarearen ikerketa sentikorretik abiatuta. Premisa horren arabera, film bakoitzak hipotesi bat planteatuko liguke. Proiekzioak eta leihoak aktibatzen duten argizko uneari lotutako egoerak, materialak edo ekintzak erlazionatuko lituzke hipotesi horrek. Kode bat ezarri ordez, kontzeptu horiek egitura bat konfigura lezakete, eta egitura hori izango genuke euskarri pantailaren eta leihoaren gure konbentzio eta erabileren azterketa tautologiko batean. Proiekzioa bizitzen ikasten dugu leihoaren bagajearekin. Pantaila gainean garatu dugun hezkuntza sentikorra proiektatzen dugu leihoan. Nahiz eta proiekzio egoerak eta leihoak aldatu egiten diren (ez gara eskema ideal batez ari), gure sentipenezko trebakuntzak pertzepzioko zenbait elementu edo egitura aktibatzen ditu, berezko faktorerik izan ezean. Oro har, leihoaren erabileraren hiru osagai aurkitzen ditugu inplizituak proiekzioaren jardunbidean: mozketa (eremu baten trazadura), atalase gaindiezina (muga bat da, euskarrian gauzatzen dena, eta ez dago urratua izateko pentsatua, baina bereizitako bi espazioren baterako existentziari eusten dio) eta uhinak sartzea ingurune egonkor batean (argizko, soinuzko edo haizezko bektoreak, esaterako). Hiru osagai horien jokoak edukiaren eta hedakorraren arteko, barnealdearen eta kanpoaldearen arteko, edo gainazalaren eta sakontasunaren arteko tentsioak pizten ditu. Termino partikularretan, leiho bakoitzak eta pantaila bakoitzak faktore espezifikoak eragiten dituzte. Eta beste horrenbeste gertatzen da programarekin ere.

Filmen ordenak nozio zehatzen sekuentzia bat marraztu lezake, etenik gabe ibiltzeko moduko ibilbidearen zati bat. Lehenik eta behin, fokua, irudi baten bila, lehen aipatu dugun argizko une horretara biltzea begiak eta, horren bitartez, gure arreta ematea. Gu gauden beste espazio hori utzi eginen dugu, hutsune ñabartu bat itzaletan, gure gorputza murgilduta dagoen itzala, inguruneko baldintzen babespean. Gure begiak euskarri lauak islatzen duen argia jasotzen duen bitartean, bi dimentsioko irudia hartzen duen oihal zurrunak gauden espazioa eraldatzeko gaitasuna du. Euskarriak ezartzen duen mugatik kanpoko argi ezak eta argi kontzentratuak eratzen duten lekua. Gure gorputzek, printzipioz, zeharkatzen ez duten atalase bat gauzatzen du pantailak, leihoak bezalaxe (jada ate ez den leihoaz ari gara). Haizea ikusten dugu, baina horrek ez du atalasea gainditzen. Argizko unearen interfazea da. Paisaia islatzen duen eguzki distira, pantailak islatzen duen proiektorearen distira: bi argi iturriek itsutzeko ahalmena dute, distirak orban beltzak edo urdinak utz ditzake gure erretinetan inprimatuta. Horregatik aukeratzen dugu beti isla ikustea, gehienez ere ikus dezakegun gauza bakarra izanik (gauzetan duen isla), eta iraunkortasun leunagoak planteatzen dituena erretinan.

Filmek, modu inplizituan, beren kabuz eta haien artean ere, antagonikoak izan daitezkeen kontzeptuak dituztela egiaztatu dugu, hala nola agerikoena, argia eta iluntasuna. Baina, filmen bitartez, antzeko beste irudi batzuk ere bilatzen ditugu, hala nola leihoa eta pantaila. Horrek, lehenik, ikusmenaren zenbait mekanismo ulertzera garamatza, eta, bigarrenik, egunerokotasunaren behaketa horietatik abiatuta egoera filmikoaren konbentzioei buruzko gogoeta egitera.

Bruno Delgado Ramo, Paula Guerrero

Focus I Jenny Okun Erresuma Batua, 1977, 3 min, 16 mm, koloretan, isila

A Proposal to Project in 4:3 Viktoria Schmid

Austria, 2016, 2 min, 16 mm, koloretan, isila

Windmill II Chris Welsby Erresuma Batua, 1972, 8 min, 16 mm, koloretan, isila

Room Window Sea Sky Peter Todd

Erresuma Batua, 2014, 3 min, 16 mm, koloretan, isila

Arequipa Barbara Hammer

AEB, 1981, 12 min, 16 mm, koloretan, isila

Window Stan Brakhage AEB, 1976, 10 min, super-8, koloretan, isila

Eye Eclipse + 3 Suns + Solar, the blindman eating a papaya + Heat Ray João Maria Gusmao, Pedro Paiva Portugal, 2007-2011, 9 min, 16 mm, koloretan, isila

Saio bikoitza: Elena Asins

Líneas y puntos Elena Asins, Gorka Alda

Espainia, 2010, 5 min, DCP, zuri-beltzean, elkarrizketarik gabe

Bere lan berantiarrean, Elena Asinsek biziki esperimentatu zuen Gorka Alda konpositorearekin batera bideoaren arloan. Geometriaren inguruan egindako urte luzeko ikerketei garapen berria, denborazkoa, emateko modu bat izan zen. Líneas y puntos Alda eta Asinsen arteko lankidetzak emandako hogeita bi bideoetako bat da, artistaren corpus ezezagunenetako bat, gutxien aztertu denetako bat. Konpositoreak aukeratu du saioari hasiera emateko.

Olga Sevillano proiektu digitalen arduraduna da Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionalean. Museoaren webgunea koordinatzeaz, kudeatzeaz eta garatzeaz arduratzen da, eta kultura-erakunde baten webgune onenari emandako Webby 2018 nazioarteko saria irabazi zuen.

Javi Álvarez musikaria eta artista da, eta bideo nahiz dibulgazioko lanak eta dokumentalak egiten ditu. Ondas 2017 sari bat irabazi zuen Catástrofe ultravioleta podcastarekin.

Aquí no hay nada que comprender. Un documental sobre Elena Asins Javi Álvarez, Olga Sevillano

Espainia, 2020, 62 min, DCP, koloretan, espainiera Mundu-mailako estreinaldia

Elena Asinsen obraren berezitasuna ezagutzen hasteko bide bat, formatu eta bitarteko ugari biltzen baititu, hala nola poesia zehatza eta marrazkiak, nahiz bideoa, eskultura eta instalazioa. Kontakizun koral bat, arte estu eta zorrotz batek egiten dituen galdera askori erantzuten saiatzen diren ahotsekin.

Film hau Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionalarekin lankidetzan aurkeztuko dugu.

This article is from: