13 minute read

Lan

Next Article
Sail ofiziala

Sail ofiziala

‘Beharra, egitekoa’ esan nahi du euskaraz Lan hitzak, baina baita ‘uzta’ ere. Bat etortze horrek ziur aski aukera ematen du irakurketa historikoa egiteko: luzaroan landa lana ia beste lanik ez zen izan. Agian horrexegatik Antonio Reis eta Margarita Codeiro zinemagile portugaldar goraipatuek esaten zuten beti lagundu izan ziela beren burua “zinemagintzaren laboraritzat” hartu izanak. Lan izena jarri diogu jaialdiko sail berriari, bertan bilduko gara hainbat modutan zinema dokumentaleko lan eta irudimen prozesuen inguruan gogoetatzeko. Paisaia, azken lau urteetan euskal-nafar filmen panorama jakin bati buruzko saioak bildu dituen saila, jarduera publikoaren planteamendura igaro da edizio honetan: filmak emateaz gain, euren filmak ekoizteko prozesuaren nondik norakoak azalduko dituzte laburlabur zinemagileek. Termitas sailak, Paisaia sailaren antzera, gure inguru hurbileko lan egin berriak edo gutxi proiektatuak eskainiko ditu, eta euren lan prozesuko materialak aurkezteko eskatuko die zinemagileei. Manny Farberrek idatzitako “Arte termita arte elefante zuriaren aurka” artikulutik (1962) datorkio izena;

artikulu horretan itxura batean oropelaren kultura gutxiesten duten filmei buruz irakurtzen dugu, inongoa ez den eta ezertarako balio ez duen kastore xahutzaileen ekintzailetza mota batez bildurik. Arte termita/tenia/goroldiotsuari buruzko gertakari berezi bat da beti aurrera egiten duela bere mugak irentsiz, eta bere jarduera estu, neketsu eta lardaskatuaren arrastoak besterik ez dituela uzten igarotzen denean. Paulino Viota, gure irudi termitar maitea eta miretsia, jaialdian izango dugu, zineman lehenengo pertsonaren erabilerari buruz hitz egingo digu, dokumental garaikidean indar handia hartzen ari den ikuspegia baita. Azken urteetan sakon aztertu duen egile bat izango du ardatz, Federico Fellini, haren lanetan beti agertzen baitira gogoeta eta nia. Azkenik, atzera begirakoa. Nork azalduko du historia? Zinema dokumentalaren hastapenak Marokon saila luzatu egingo da Marokon bizi den Léa Morin ikertzaile frantziarrak eskainiko duen “zinema-hitzaldi” baten bidez eta Elias Querejeta Zine Eskolak ere parte hartuko duen mahai inguru baten bidez, izan ere, Punto de Vistarekin elkarlanean, aipatutako eskolan digitalizatu dira Léak erakutsiko dituen film batzuk.

Advertisement

Paisaia 1. saioa

Saio hau osatzen duten bi piezek ezaugarri komun bat dute: argia. Patxi Burilloren filmean, izenburuan bertan ageri da erreferentzia: Argileak, hau da, argia egiten dutenak. Eta, hain zuzen ere, hasieran pertsonaia misteriotsu eta anonimo horiek ikusten ditugu baso bat zeharkatzen, zuhaitzak modu iheskorrean argitzen; badirudi argia nonbait daramatela. Gainera, esan genezake pelikulak bigarren ekitaldi bat duela, eta, horretan, begira dauden ikusleak protagonista bihurtzen direla. Ñir-ñir egiten duen argi batek argitutako aurpegiak dira. Zeri begiratzen diote? Hori ez dugu inoiz jakingo, baina, argiz betetako begi horiek, guztiz kontzentratuta, gogoeta eginarazten digute ikustearen lilurari buruz. Lilura hori bera eragiten du Ainara Elgoibarren filmak, esku batzuek koloretako ledak manipulatzen dituztenean eta biderkatu egiten direnean, argi espiralak sortuz eta irudia abstrakzio bihurtuz. Baita Rotor-en ikusten dugun lehen planoak ere, aurrez aurre filmatutako eguzkiak. Errotorea makina elektriko edo turbina baten zati bat da, bira egiten duena, eta Elgoibarren filmak hainbat asmakizun erakusten dizkigu, pantailaren erdian idatzitako esaldien bidez; besteak beste, Wankel autoak eta motorrak, erlojuak edo ordu eremuen sistemak. Filmean, 16 mm-tan filmatutako objektuak agertzen dira, 2015. eta 2021. urteen artean Lindau, Stuttgart, Heidelberg, Altlußheim, Londres eta Bakion filmatutako objektuak, eta hori guztia soinu banda aberats batek janzten du, kanpai hotsekin hasi eta buka. Lur Olaizola

Argileak Patxi Burillo

Espainia, 2022, 15 min, DCP, koloretan, euskara

Argazkilaritza Pablo Paloma, Mirari Echávarri / Muntaia Jaume Claret, Pablo Paloma, Óscar Vincentelli / Soinua José María Avilés, Elisa Celda, Martín Scaglia / Ekoizpena Elías Querejeta Zine Eskola, Martín Besné, Julieta Juncadella

Rotor Ainara Elgoibar

Espainia, 2021, 15 min, DCP, koloretan, espainiera

Paisaia 2. saioa

Aurten, munduari itsasoz emandako lehen biraren 500. urtemuga da, Fernando de Magallanes portugaldarra hasi eta Juan Sebastian Elkano euskaldunak amaitu zuen misio haren urteurrena. Eta bi figura horiek dira, hain zuzen, ospakizunen ardatza. Baina, ospatuko dira ere balentria haren emaitzak? They Speak Too filmean, Anna de Guia-Erikssonek gorputza eta paisaia jarri dizkio Luis H. Francia poeta filipinarraren Black Henry obrari, eta bertako eszenak Donostia, Pasaia eta Getariako leku zehatzetan gauzatu ditu (Elkano inguru horretakoa zelako). Leku horiek zerikusi zuzena dute bidaia haren ondorio kolonialekin, bidaia hark arrasto gisa utzi zituen hildako guztiekin, suntsipen guztiarekin. Igandetan paseoan dabilen jendez betetzen diren kaleetan gelditzen da zinemagilea, eta ozen irakurtzen du Black Henry-ko testuaren gaztelaniarako itzulpen bat, Magallanes Filipinetara iritsi zenean gertatu izango zenaren bertsio bat. Jendea inguratzen zaio, eta gorputz arrotz bat balitz bezala begiratzen diote, Latinoamerika bezalaxe, Espainiak Filipinak kolonizatu izan ez balitu bezala. Anna de Guia-Erikssonek, historiaren bertsio baten harrizko arrasto horien aurrean jarrita, traman aurrera egiten du, eszenaz eszena; eta lehen truke hartan parte hartu zuten bi alde antagonikoen arteko elkarrizketak eta erabakiak imajinatzen ditu; batetik Humabón (gero Don Carlos) eta bestetik Lapulapu (Magallanes hil zuen erresistentzia taldea antolatu zuena) buru izan zituzten alde haien arteko hartu-emanak imajinatzen ditu. They Speak Took historia ofizialaren ibilbidea eteten du, munduari emandako lehen biraren eta Elkanoren irudiaren beste ikuspegi bat ematen du, eta mendeetan hainbat herri menderatuak izatea eragin zuen grina inperialistan Euskal Herriak zer leku izan duen hausnartzen du; urrunetik, orduko gertaerei buruzko elkarrizketa bat eszenaratzen du, eta gogorarazten digu gertaera haien loriak ospatu egiten ditugula, baina, ondorioak, aldiz, alde batera utziak izan direla. Lucía Salas

They Speak Too Anna de Guia-Eriksson

Espainia, 2020, 38 min, DCP, koloretan-zuri-beltzean, espainiera

Argazkilaritza Jessica Y. Lee / Muntaia Humberto Vallejo Cunillera / Soinua Juliana Príncipe Salazar, Sofía García Broca, Pablo Lillo Aguilar / Ekoizpena Mariana Sánchez Bueno

Termitas 1. saioa

XX. mendearen erdialdea. Espainiar familiak Espainiaren mende dauden kolonia, probintzia eta lurraldeetan bizitzen. Enbaxadoreak, diplomatikoak eta agian enpresariak, garaiko dirudunak azken batean, leku exotikoetan aisialdiaz gozatzen, leku horiek bereganatzen, leku horietan beren etxe berriak eraikitzen, eta harreman mota jakin bat ezartzen bertakoekin, “bestearekin”. Etxeko filmak arrastoz beteta, eta, agian, baita sekretuz beteta ere.

XXI. mendearen hasiera. Afrikako migratzaile gutxi batzuk Bartzelonan, beren bidean geldialdi bat egiten. Ez da aisialdia, baizik eta itxaronaldia, ziurgabetasuna eta malenkonia; eta asilo eskaera onartzeko zain dauden bitartean, zalantza egoera horretan, abiatu duten bidaiako oroitzapenez hitz egin eta ametsetako Europan eta jaioterrian pentsatzean sentitzen duten nostalgiari buruz hausnartzen dute. Film txiki bat, emozioz, distantziaz eta telefono deiz beteta.

Memorias de ultramar-ek eta Kambá!-k bi begirada desberdin eta osagarri eskaintzen dituzte, Europaren eta Afrikaren arteko azken mendeko (eta gaur egungo) harremanari buruz hausnartzeko. Eta modu ludikoan egiten dute, material eta arau desberdinekin: batetik, artxiboko materialarekin jolastuz eta bizitza berria emanez muntaketaren eta soinuaren bidez; eta bestetik, errealitatearen eta metafikzioaren arteko jolasaren bidez. Miguel Zozaya

Memorias de ultramar Carmen Bellas, Alberto Berzosa

Espainia, 2021, 49 min, DCP, koloretan-zuri-beltzean, espainiera

Muntaia Carmen Bellas, Eduardo Palenque / Soinua Juan Carlos Blancas / Ekoizpena Filmoteca Española

Kambá! Carolina Kuzeluk, Diana Kuzeluk

Espainia, 2021, 25 min, DCP, koloretan-zuri-beltzean, frantsesa-fula-espainiera-arabiera-amazic

Argazkilaritza Carolina Kuzeluk, Alex Reverté / Muntaia Gerard Borràs / Soinua Joaquín Faúndez Hormazábal / Ekoizpena Escac Films, S.L.

Termitas 2. saioa

Bizitza batzuk beste batzuk baino bizigarriagoak dira, hori jakina da. Ez dira bizitza baliotsuagoak, baina bai baloratuagoak, eta haien kapitalaren pisu guztiaz eragiten diete gainerako bizitzei. Heriotzaren ondoren ere, haien betiko bizitza gainerakoena baino betierekoagoa eta sakratuagoa da. Eta gauza bera gertatzen zaie filmei. Pelikula batzuek bizitza amaigabea dute, eta beste batzuek ez dute inolako bizitzarik. Ideia hori landu dute Concha Barquerok eta Alejandro Alvaradok Descartesen. Film batzuetan, bazterkina hondakin bat da, agian estra bat, baina, film debekatuetan, bazterkinak zentsuratik salbatu diren zati bakarrak dira, film horien erradikal askeak. Hori aurkitu zuten zinemagileek Espainiako Zinematekan, Fernando Ruiz Vergararen Rocío-ri buruzko materialen bila joan zirenean: 260 negatibo-erroilu. Soinua galduta dago. Filmaren zentsuraren aldeko epai zailaren irakurketak eta Francisco Espinosa Maestrok errepresio frankistari buruz idatzitako bi testuk birmoldatzen dute. Pablo Casanuevak, berriz, zortzi film labur aurkezten ditu, gerrari eta Asturiasen izan zituen ondorioei buruzkoak. Ahaztuak ziruditen zortzi bizitzaren post-mortem luzapenak dira. Estatuak errepresoreei eta gaizkileei bakarrik eman ziena berreskuratzen du zinemak, eta borrokan ari direnei bueltatzen die. Filmaren hasieran, etorriko denaren mapa bat dago, Ribeseyaren bi ertzak lotzen dituen zubiaren eraikuntza, eta zubiak bizi izandako hamaika gertaera aurkezten zaizkigu; behin, zubiaren egur zaharra bost mila pezetatan saldu zutela, eta beste behin, dinamitaz lehertu zutela zubia, faxismo geldiezinak aurrera egitea saihesteko asmoz. Filma, zubi bat bezala, hainbat materialez eginda dago: gutunak, argazkiak, artxibo publikoak, oroitzapenak, ahozko memoria. Banan-banan, film labur bakoitzak material horien erritmoa eta forma bereganatzen ditu, eskuz egindako botilak balira bezala, itsasora jaurtitako gutunez beteta. Gutun horiek iraganetik datoz, eta iragan horretan pentsatu beharra dago, orainean bizitzeko beharrezkoa delako. Lucía Salas

Descartes Concha Barquero, Alejandro Alvarado

Espainia, 2021, 21 min, DCP, koloretan-zuri-beltzean, espainiera

Argazkilaritza Concha Barquero, Alejandro Alvarado / Muntaia Concha Barquero, Alejandro Alvarado / Soinua Juan Carlos del Castillo / Musika Paloma Peñarrubia / Ekoizpena Alvarquero

8 filmes sobre la guerra Pablo Casanueva

Espainia, 2021, 33 min, DCP, koloretan, asturiera-espainiera

Argazkilaritza, muntaia Pablo Casanueva / Soinua Carlos Maestre / Musika Manuel de Falla (Tine Thing Helseth y Kathryn Stott) / Ekoizpena Solombra

Termitas 3. saioa

Alyonka soñada. Alyonka gainditua. Alyonka digeritua. Loa eta muntaketa, agian, digestioa egiteko moduak dira. Ulertzeko eta eraldatzeko moduak. Alyonka soñada-k amestu, gainditu, digeritu, ulertu eta eraldatu egiten du beste film bat, Alyonka. Lehenengo Alyonka Boris Barnet sobietar zuzendariak filmatu zuen 1961ean. Barneten ibilbidea korapilatsua izan zen (korapilatsua, kasu honetan, eufemismo bat da), eta ez dakigu zoriontsua izan zen ala ez, baina haren filmek, hori badakigu, zoriontsu egiten dute ikuslea. Alyonka-n neska bat dago, eta badaude ere lautadak, kamioiak, zeru urdinak eta hodei zuriak, maitasuna, energia, txakurtxo bat, izozkiak eta garagardoa. Zinemagileek ikusteko aukera izan baino lehen amestu zuten Alyonka, Internetek eskura jarri baino lehen (horixe da Alyonka soñada-k azaltzen diguna, filmak nola iristen diren guregana), eta ikusi ondoren ere, Alyonka amesten jarraitu zuten. Alyonka soñada-k ere, agian, amestua izateko gogoa ematen du, edo, beharbada, pelikulak nola amesten ditugun pentsarazten digu. Zinea artisau eran egiteko modu bat ere erakusten digu, zinea artisau eran baina aldi berean oso fin egiteko modu bat, ikusten dugunarekin lan egiteko modu bat, liluratzen gaituena ospatzeko modu bat. Eta gogorarazten digu denok muntatzaileak garela, bai behintzat gure ametsetan. Iraganeko pelikula bat amesten duen filma da, eta, beharbada, etorkizuneko filmak ere amestuko ditu; beharbada, bere arintasunaren ereduarekin, etorkizuneko pelikula horiek egitera bultzatuko gaitu. Pablo García Canga

Alyonka soñada Volga

Espainia-Alemania-Libano, 2021, 71 min, DCP, koloretan, errusiera-espainiera-ingelesa-katalana

Napardocs

NAPAR Nafarroako ikus-entzunezkoen ekoizleen eta profesionalean elkarteak NaparDocs sortu zuen 2018. urtean, zinema dokumentalari buruz hitz egiteko eta elkartzeko gune bat proposatzeko asmoz. Elkargune ireki hori handitzen eta lekua gehiago hartzen ari da jaialdian, ontzen, eta Nafarroako lurraldetik haratago zabaltzen.

Zehazki, eztabaidarako gune bat da, hiru lan-mahairen inguruan antolatuta: zinemagintzako gidoiari eta zuzendaritzari, produkzioari eta banaketari buruzko mahaiak dira, elkarrizketak, jaialdiko gonbidatuek moderatzaile lanak eginez. Hiru ponentzia horietatik abiatuta, beste profesional batzuekin loturak sortzeko eta esperientziak trukatzeko aukera ematen digu NaparDocsek.

Aurtengo berritasunetako bat networking saio bat izanen da, koprodukzioak sustatu eta mugaz gaindiko zubiak sortzeko asmoz, Zinema Zubiak proiektuaren bitartez. Ekimen horren partaide dira, NAPARekin batera, Ibaia Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea eta Zukugailua Iparraldeko zinema sorkuntzarako erakundea.

Mahai-ingurua: Ikertzea, programatzea eta zaintzea artxibo alternatiboetatik

Omar Berrada eta Ali Essafi komisario izanen dituen Nork azalduko du historia? Zinema dokumentalaren hastapenak Marokon atzerabegirakoaren esparruan, Punto de Vista jaialdia Elías Querejeta Zine Eskolako Ikerkuntza Departamentuarekin elkarlanean hasi da, Léa Morin-en gidaritzapean; lankidetza horren fruitu, orain arte ia inoiz ikusi ez diren eta Abdlerkader Lagtaâ eta Mostafa Derkaoui dokumentalgileek 80ko hamarkadaren amaieran egin zituzten bi filmetako materialak digitalizatu dira: Le port de Casablanca eta La femme rurale au Maroc dira film horiek (azken hori Fatima Mernissi-rekin batera). Esparru berean, Rabat-eko Archives Bouanani erakundeko arduraduna den Touda Bouanani ere izango dugu gure artean; erakunde horretatik, bere aitaren obra ez ezik, Marokoko zinemagileen belaunaldi oso baten obra ere berreskuratzea bultzatu du. Touda Iruñean geratuko da jaialdiaren ondoren, Uharteko Arte Garaikideko Zentroan ikerkuntzako egonaldi bat eginen baitu. Horiekin guztiekin, artxibo alternatiboetako ikerketaren, programazioaren eta zaintzaren erronkak eta aukerak zeintzuk diren arakatuko dugu, batik bat, Marokoko testuinguruan.

Léa Morin (ikertzaile eta kuradorea), Touda Bouanani (Archives Bouanani), Omar Berrada (ikertzaile eta kuradorea), Ali Essafi (zinemagile eta ikertzailea), Pablo La Parra (Elías Querejeta Zine Eskolako Ikerkuntza Departamentuko koordinatzailea), Manuel Asín (Punto de Vistaren zuzendari artistikoa)

Fikziozko saiakera baten alde. Léa Morinen zinema-hitzaldia

Aurkezpenean, Elías Quejetea Zine Eskolak Punto de Vistarekin lankidetzan digitalizatutako filmen zatiak ikusi ahal izanen dira.

1967ko irailaren 25ean, Karim Idriss zinemagile marokoar gazteak gutun bat bidali zion Łódź-eko (Polonia) Zinema Eskolako errektoreari. Eskolan sartzeko eskaera zen. Gutun horretan, bere ibilbidea deskribatu zuen, baita Marokoko zinema baten aldeko gaur egungo borrokak ere; berak aktiboki parte hartzen zuen borroka horietan. Hainbat urte geroago, beste gutun bat bidali zuen Marokoko Souffles kultur aldizkarira, berak egindako Les enfants du Haouz (1970) dokumentalari buruz (debekatu egin zutena); Marokon baztertutako gazteen adierazpen askatasunari buruzko filma zen. Ikerketa lan handiak egin ditugun arren, ez dugu inoiz film hori aurkitu, ezta Karimek Polonian egin zuen azken filma ere: Et l’exil de tous les jours. Bi gutun horiek, desagertutako filmak, dokumentuak, argazkiak, artxiboak eta filmetako hamarnaka aterakin eta rush abiapuntu hartuta, inoiz proiektatuko ez diren filmei buruz hitz eginen dugu: oraindik aurkitu ez diren filmak, galdu direnak, galarazi direnak, suntsitu direnak, amaitu gabeko filmak, rushak edo proiektu egoeran edo baita ideia egoeran ere geratu diren filmak. Poloniatik Irakera eramanen gaituzte, Berrechid-eko ospitale psikiatrikotik Casablancako portura, Hay Mohammedi-ko txabola auzoetatik herrialdeko landa eskualdeetara. Bidaia horien arrastoak geratzen dira. Karrete baten etiketak, kamera modelo bat filmaketaren argazki batean, ikasle diploma bat, CV batean edo prentsa artikulu batean idatzitako lerroak, eta argitara ateratzen joan diren irudiak.

Nola berreraikitzen ahal dugu material horretatik abiatuta? Nola biltzen ahal ditugu saialdi zati horiek? Nola pentsatu zinemaren historia bat idaztean, nahiz eta higadura, ahanztura, ezabatze eta desagertzeek zeharkatzen duten? Nola txertatu ziurgabetasuna, proba eta errorea? Nola gorde existitzen ez diren filmak? Zinema zaharberritzeko metodologiak hartzen ahal ditugu maileguan falta direnen aztarnak gordetzeko? Zer leku izaten ahal du fikzioak berrosatze politiko eta estetikoko lan horretan? Berreskuratu eta suspertzen ahal ditugu zinemagile gazte horien iraultza ametsak eta zinema gogoak, gure etorkizunerako espazio berriak asma ditzagun? Eta artxiboak berrasmatzeko espazio horiek balira? Léa Morin

Léa Morin komisarioa, ikertzailea eta programatzaile independentea da. Ikertzaileak, artistak eta teknikariak harremanetan jartzen dituzten proiektuetan parte hartzen du (ediziokoak, erakusketetakoak eta zaharberritzekoak). Bere ikerketa, funtsean, ideia, forma, estetika eta borroka politiko eta artistikoen zirkulazioari buruzkoa da, independentzien garaian (60ko eta 70eko hamarkadetan). “Archives Bouanani: une Histoire du cinéma au Maroc” (Rabat) eta Talitha (Rennes) film- eta soinu-lanak birzirkulatzen dituen elkarteko kidea da. Partekatutako fitxategien CINIMA3: Lodz-Casablanca webgunea diseinatu du (www.cinima3.com).

Zinemako pertsonak: lehen pertsona singularra Paulino Viotaren hitzaldia

Dokumentalen arloan, jaialdi honi dagokion aldetik, korronte bat zabaldu da, eta hainbatek “autobiografikoa” edo “nor bere baitan biltzekoa” dela ere esan du. Film sorta horietan autoreen bizitza edo haien hurbileko senideena lantzen da. Eguneroko egoerak agertzen dituzte, edo existentziaren gertaera dramatikoak, heriotzak, gaixotasunak, zahartzea… alegia, zinemak –finkatzearekin batera, kanporatu ere egiten duen artefaktu handi horrek– exorzizatzeko modukoak diren kontuak. Joera horretan, bizimodu arrunten eremuan gabiltza, América, América (Elia Kazan, 1963) filmeko heroismo familiar eta epikotik urrun. Epikoa zera da, kontatzeko modukoa den hori, baina dokumentalista gazteak jabetu dira bizitzearen zailtasunak eta artea kontatzeko modukoak direla, edozein bizitzatan.

Baina América, América dokumental bat izanen balitz bezala ikusten ahal da, hau da, egilearen osabaren bizimoduaren berreraikitze sinesgarri eta fantasiazkoa, aldi berean. Horrek fikzioa egiten duten beste zinemagile handi batzuengana garamatza, haiek ere bildu baitira nor bere baitan eta haiek ere pentsatu baitute beren esperientzia argitaratzeko modukoa zela. Gutxi izan dira zinema-ispilu honekin ausartu direnak; Fellini eta Godard-en kasuak baino ez zaizkit bururatzen. Baina adibide horien gauza interesgarriena da, alde batetik, dokumental autobiografikoetara hurbiltzen direla, haiek ere ez dutelako inolako handitasun heroikorik, eta, bestetik, dokumental horietatik urruntzen direla egileen nortasun bereziagatik eta adierazpen zinematografikoan maisu bikainak izateagatik.

Dokumentalekiko harreman bikoitz eta antitetiko hori dela eta, Federico Felliniri buruzko hitzaldi bat planteatzea egokia izaten ahal zela bururatu zaigu, inork baino urrunago eraman baitu introspekzio hori bere filmetan. Kasu zirraragarria da, zinemagileak hainbat mailatan erretratatu baitu bere burua; lehenik eta behin, sosien bitartez, nolabaiteko ezkutaketa jolas batera jolasten bere buruarekin (Moraldo, Marcello, Guido Anselmi, Snàporaz, Pippo Battistella; hemen: I vitelloni, La dolce vita; 8 ½, La città delle donne, Ginger e Fred); bere burua aurkeztuta gero (Block-notes di un regista, I clowns, Roma, Intervista). Parekorik gabeko film multzo horri buruz hausnartzeak argi berri –eta agian argigarriago– batekin argitzen ahal du jaialdian lantzen diren lehen pertsonako dokumentalen

Paulino Viota (Santander, 1948) film luze hauen egilea da: Contactos (1970) –2010ean Espainiako Zinematekak zaharberritu zuen eta Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionaleko bilduman dago–; Duración (1970) –hau ere aipaturiko bilduman dago–; Con uñas y dientes (1977-78); eta Cuerpo a cuerpo (1982). 1966tik 1974ra bitarte film laburrak ere egin zituen, eta, haren obra osoa Intermedio DVDk argitaratu du. 80ko hamarkadaren hasieratik, Viotak ikerketa eta irakasle lanetan dihardu, zinemari lotuta betiere. Irakasle izan da Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean, CECC-Centre d’Estudis Cinematogràfics de Catalunyan, Elías Querejeta Zine Eskola (Donostia) eta Kantabriako Zinematekan. Hitzaldiak eman izan ditu Espainiako kultura eta zinema erakunde nagusietan.

This article is from: