2 minute read

Irakurgaia

Next Article
Aditzak

Aditzak

Liburuek abentura itzelak bizi izateko aukera ematen digute. Agian, zeu ere irakurgaiko protagonista bezain liburuzale handia izango zara!

Ulertu

Bastian liburuzalea

Bastian Baltasar Bux liburuzale amorratua zen.

Ez baduzu inoiz arratsalde osorik eman liburu baten aurrean, irakurtzen eta irakurtzen, mundua ahaztuta, goseari edo hotzari kasurik egin gabe…

Ez baduzu inoiz burusi azpian irakurri, esku-argia hartuta, gurasoek lo egiteko ordua dela-eta argia itzali dizutelako…

Ez bazara inoiz negar-malkotan urtu istorio zoragarri baten amaieran, pertsonaiei agur esaterakoan, haiekin itzelezko abenturak izan ondoren…

Ez baduzu horrelakorik bizi izan, nekez ulertuko duzu Bastianek egin zuena.

Liburuaren izenburuari begira, Bastianek hotzikara sentitu zuen, eta berotasun gozo bat, aldi berean. Hainbeste aldiz amestutako liburua zen, liburuzale sutsua bihurtu zenetik bila ari zena: inoiz amaitzen ez zen istorio bat. Liburu guztien liburua!

Lortu egin behar zuen liburu hura, kosta ahala kosta!

Hiru marko zituen; baina, horiek eta gehiago emanda ere, Koreander jaunak argi esan zion ez ziola libururik salduko. Arazoak ez zuen irtenbide errazik... Baina Bastianek bazekien ezin zuela liburu hura han utzi; bazekien haren bila sartu zela dendara, liburuak dei misteriotsu bat egin baitzion. Azken batean, liburu hura berarena zen, betidanik!

Arretaz entzun zuen liburu-dendako bulegotik zetorren zurrumurrua.

Konturatu orduko, beroki azpian zuen liburua, bi eskuekin gorputzaren kontra gogor eutsita. Geldiro, atzeraka, bulegoko ateari begirabegira, kanpoko aterantz joan zen. Heldulekua kontu handiz altxatu –letoizko kanpaitxoek zaratarik ez egiteko–, eta ireki egin zuen kristalezko atea; apur bat, bitartetik irteteko beste. Gero, isil-isilik, kanpotik itxi zuen.

Orduan, korrika hasi zen. Koadernoek, eskolako liburuek eta arkatzkutxak, jauzika eta elkar joka, zarata handia ateratzen zuten.

Euriak irrist egiten zion aurpegitik behera, lepo barruraino. Hotza eta hezetasuna beroki azpira sartzen ziren, baina Bastianek ez zuen ezer nabaritzen.

Bat-batean, esnatu egin zitzaion kontzientzia. Ordura arte sinesgarriak izandako arrazoi guztiak, halako batean, sinestezinak ziren; elurrezko panpinak dragoiaren arnasan bezala urtzen ziren.

Lapurtu egin zuen. Lapurra zen!

Beste edozein lapurreta baino larriagoa zen, gainera. Liburua, ziur aski, ale bakarra zen, Koreander jaunaren altxorrik handiena. Biolinjotzaileari biolina edo erregeari koroa kentzea, izan ere, banketxean dirua lapurtzea baino okerragoa zen.

Korrika, gorputzaren kontra estutzen zuen liburua, beroki azpian. Ez zuen galdu nahi, larrutik ordaindu behar bazuen ere. Munduan gelditzen zitzaion gauza bakarra zen.

Michael Ende, Amaigabeko istorioa. Alfaguara (moldatua).

Hotzikara: hotza eta dardara nahasten dituen sentsazioa; sukarrak edo ikarak sor dezake.

Marko: Alemaniako lehengo moneta.

Letoi: zenbait material elkarrekin urtuz lortzen den metala.

Ulermena

Hitz egin testuari buruz

1 Nor da istorioko protagonista? Zer zaletasun du?

2 Beste zer pertsonaia ageri da testuan? Zer dakigu hari buruz?

3 Bastianek egin duena ulertzeko, hiru baldintza bete behar dira. Lotu. Arratsalde osoa irakurtzen eman negar­malkotan urtuta. Burusi azpian irakurri goseari eta hotzari kasurik egin gabe. Istorio zoragarri bat amaitu esku­argia hartuta.

Idatzi testuari buruz

4 Zer ikusi zuen Bastianek Koreander jaunaren dendan? Zer sentitu zuen?

5 Zergatik iruditu zitzaion Bastiani «liburu guztien liburua» zela?

6 Zenbatean erosi zuen liburua Bastianek?

7 Zergatik altxatu zuen atearen heldulekua kontu handiz?

8 Liburua lapurtu ondoren, nola sentitu zen Bastian?

9 Zergatik zen lapurreta hura beste edozein baino larriagoa?

Hausnartu eta lotu zure munduarekin

10  Koreander jaunak bere altxorrik handiena galdu zuen. Galdu duzu zuk inoiz zuretzat balio handia zuen zerbait? Zer egin zenuen?

11 Etxean dituzun gauzetatik, zein da zure altxorra?

12 Arazobilatzailea  Koreander jauna eta Bastian ez ziren ados jar tzen. Pentsatu, eta proposatu biak pozik gelditzeko moduko konponbide bat.

Bisitaldia liburutegira

Baduzue liburutegira joateko ohiturarik? Gauza berriak ikasteko eta ondo pasatzeko leku bikaina da. Liburutegira joango gara, liburuak maileguan hartzera.

• Liburu jakin bat irakurtzeko gogoz bazaude, hauxe da zure aukera! Bilatu edo galdetu liburuzainari non dagoen.

• Bestela, eskatu gomendioak liburuzainari. Nolako liburuak atsegin ditugun esan, eta ziur aholku erabilgarriak emango dizkigula.

Gogoan hartu!

Liburuzainaren lanbidea oso garrantzitsua da: materiala antolatuta izaten du erraz bilatu ahal izateko, irakurgaiei buruz aholkuak ematen dizkigu...

Ikasi hitzak: liburuen mundua

1 Liburu batek hainbat atal ditu. Erreparatu eta lotu atal bakoitza bere izenarekin.

This article is from: