2 minute read

Irakurgaia

Next Article
Aditzak

Aditzak

Ulertu

Ahora eramaten ditugun gauzak zerezkoak diren jakin nahi izaten dugu. Badakizu zerez eginda dagoen mastekatzeko goma?

Nola egiten da mastekatzeko goma?

Haurrek oso gogoko dute. Irakasleek, baita dentistek ere, ilundu egiten dute betondoa, ikusten duten bakoitzean. Batzuek zinema-aretoetako eserleku azpian uzten dute; gogor-gogor eginda gelditzen da. Inoiz oinetakoen zolan itsatsita ere aurkituko dugu! Zenbait lekutan, mastekatzea delitua da.

Mastekatzeko goma munduko bazter guztietan saltzen da; forma eta tamaina guztietakoak daude (haga, bola, pilula...), eta zaporeak ere askotarikoak dira: menda, limoia, kanela eta hainbat eta hainbat fruta. Bioleta-zaporekoak ere badira.

Puzgarria bada, mastekatu, puztu eta leherrarazi egiten da, batzuetan aurpegian bertan! Baina izatez ez da elikagaia; ez da irentsi behar, hainbatetan nahi gabe irensten bada ere. Mastekatu eta mastekatu egiten da, harik eta lurrina desagertu eta ahoan zaporerik gabeko kautxu zati bat gelditu arte.

Mastekatzeko goma ez da oraingo asmakizuna. Izan ere, antzinako greziarrek eta maiek aspalditik ezagutzen zuten; baina 1860an hasi zen gaurko moduan fabrikatzen.

Zein da mastekatzeko gomaren osagai nagusia? Txiklean oinarrituz egiten da; hau da, hosto erorkorra duen zuhaitz baten azalaren izerdian oinarrituz. Zientzialariek Achras zapota deritzote zuhaitz horri, eta Erdialdeko Amerikan hazten da.

Makinek latexarekin (kautxuarekin), argizariekin eta beste osagai batzuekin nahasten dute txiklea, gomaren oinarria egiteko, behin eta berriz mastekatu arren egoera solidoan gelditzen den oinarria. Fabrikatzaile bakoitzak, dena dela, bere formula dauka.

Gomaren oinarria eho, urtu, esterilizatu eta araztuta, jarabe lodi eta garden bat sortzen da. Beste makina batzuek zenbait osagai gehitzen dituzte, hala nola azukrea, arto-jarabea, gozagarriak, koloratzaileak eta lurringarriak.

Goma upel handi batzuetan nahasten da, harik eta ogi-orearen trinkotasuna lortu arte. Gero, arrabolak erabiliz, maindire mehetan lautzen da; horiek, ondoren, hozten eta gogortzen uzten dira, zati txikitan moztu baino lehen. Jarraian, paketetan sartzen dira.

Zergatik mastekatzen da txiklea? Jostagarria delako, lurrin-eztanda leuna eta freskagarria sortzen duelako, eta ahoa lanpetuta uzten digulako. Zenbaitek diotenez, txiklea mastekatzeak kontzentrazioa hobetu, asperdura arindu, eta lasaitu egiten du. Goazen, bada, gozoki-dendara!

Kathy Wollard, El libro de los porqués 2. Oniro (moldatua).

Esterilizatu: infekzioa sor ditzaketen germenak suntsitu.

Araztu: garbitu, zikinkeria kendu.

Arrabol: zilindro ­ itxurako tresna edo pieza.

Ulermena

Hitz egin testuari buruz

1 Nor dira mastekatzeko gomaren zale amorratuenak? Eta nork ez du batere atsegin?

2 Zer motatako txikleak daude? Zer zaporetakoak? Saiatu gogoratzen.

3 Noiz uzten diogu txiklea mastekatzeari?

Idatzi testuari buruz hosto baten izena.  Amerikako zuhaitz baten izena.  Amerikan erortzen den hosto baten izena.

4 Noiz asmatu zuten mastekatzeko goma? Beti egin da modu berean? Azaldu bilakaera, labur-labur.

5 Zer osagai ditu mastekatzeko gomak? Idatzi zerrenda.

6 Zer da Achras zapota ?

7 Denboralerroa  Idatzi ordena egokian mastekatzeko goma fabrikatzeko prozesua: a) Arrabolarekin maindire mehetan lautu. b) Gomaren oinarria eho, urtu, esterilizatu eta araztu, jarabea sortzeko. c) Hoztu eta gogortu ondoren, paketetan sartu. d) Oinarriari azukrea, arto-jarabea eta beste osagai batzuk gehitu. e) Goma nahastu, trinkotu arte.

8 Azaldu esapide honen esanahia: «Irakasleek eta dentistek ilundu egiten dute betondoa ».

Hausnartu eta lotu zure munduarekin

9 Zinema-aretoetako eserleku azpian, lurrean… hainbat lekutan uzten ditu jendeak txikleak itsatsita. Zer deritzozu horri?

Elikagaiak fabrikatzea

Irakurgaian txiklea nola fabrikatzen den ikusi dugu. Orain, aukeratu elikagai hauetako bat, eta erantzun galderei: jogurta gelatina ogia

• Zer tresna behar dira elikagai hori fabrikatzeko?

• Nolakoa da fabrikazio ­ prozesua?

This article is from: