APRENDIZAI OBJEKTUAK Gure taldeko kideok ekarri ditugun aprendizai objektu guztiak oroitzapen onak ekartzen dizkigutelako aukeratu ditugu. Hori dela eta, esan dezakegu haur hezkuntza guretzat etapa positiboa izan dela. Ekarri ditugun objektuak gure sormenarekin loturik daudela ikusi dugu batez ere. Beraz, aztertu dugu sormenak indar handia izan duela gure haur hezkuntzako etapan.
MARGOAK Oroitzapen onak izatea da objektu hori aukeratzearen arrazoi nagusia. Haur Hezkuntzako etapan asko erabiltzen zituen objektuak dira margoak. Horren bidez, sormena eta motrizitate fina garatu eta koloreak ikasten zituzten. Margoekin, marrazki ugari egiten zituzten urtean zehar, gehienetan modu libre batean. Gutxitan ematen zizkieten marrazteko fitxak. Bestalde, margoekin ere marrazkiak gordetzeko karpetak egiten zituzten, haur bakoitzak berea, modu autonomo batean eta zenbait momentutan irakaslearen laguntzaz. Hiru hilean behin marrazkiak etxera eramateko eta gurasoei egindako marrazkiak erakusteko zen karpeta bat egitearen arrazoi nagusia. Bestalde, urtebetetzeetan ere haur bakoitzak marrazki bana egiten zion urteak betetzen zituenari eta horrek ere oroitzapen onak ekartzen dizkio. Orokorrean, poztasunarekin, alaitasunarekin, lasaitasunarekin,askatasunarekin ‌ lotzen duen objektua da. Adinaren arabera, haurren garapenaren arabera edota jardueraren arabera margo batzuk ala beste eskaintzen zizkien irakasleak, bai koloretako arkatzak, argizarimargoak,akuarelak edota tenperak. Orokorrean nahiz eta lan indibiduala izan, gelako kideekin batera marrazten zuten, beraz harremanetarako edota komunikaziorako momentu paregabea zen. Horrek ere oroitzapen onak ekartzen dizkiola esan beharra dago.
1
AKUARELAK Haurtzaroko momentu positiboekin lotuta dago. Bereziki irakasle batekin lotzen du jarduera, oso lotura estua izan zuelako berarekin. Adierazgarria izan da haur hezkuntzako etapan, izan ere askotan egiten zituzten sormenarekin eta adierazpen artistikoarekin lotutako jarduerak, asko gustatzen zitzaizkionak. Akuarelarekin, adibidez, marrazkiak egiten zituzten edo, bestela, karpetak apaindu. Horretaz gain, material honi esker psikomotrizitate fina lantzen zuten. Irakasleak asko markatu zion, hainbesteraino non haur hezkuntza beste modu batera ikusteaz gain, Haur Hezkuntzako gradua berari esker ikasten ari dela uste duen, beste arrazoi batzuen artean. Gainera, akuarelak erabiltzearen alde positiboak ikustarazi zizkion. Besteak beste, akuarelekin egiten zituen jarduerek erlaxatzen zutela eta bere buruarekin egiteko aukera paregabea eskaintzen ziotela konturatu zen.
LOKARRIAK Objektu hau Haur Hezkuntzan egindako zapata baten eredu bat da, lokarriak lotzeko aukera ematen duena. Sarreran esan bezala, oroitzapen onak ekartzen dizkion objektu bat da eta ikasketa desberdinak ekarri zizkion. Lokarriak nola lotzen diren ikasteko aukera emateaz gain, konstantziaren eta saiakeraren bidez emaitza onak lortzen direla ikasi zuen, hau da, arazoen aurrean ez dela amore eman behar. Beraz, bizitzarako ezinbestekoa den ikaskuntza bat bereganatzen lagundu zion eta hori da, hain zuzen, oroitzapen onak ekartzearen arrazoi nagusia. Esan beharra dago ere ikasketa modu erraz batean gauzatzen ahalbidetu ziola. Izan ere, praktikoa iruditzen zitzaion bere egunerokotasunean. Azkenik, umeak ere ikas zezakeen lokarriak zapatetan lotzeaz gain, egindako txantiloi batean ere lotu zitezkeela, gerora egunerokotasunean erabili ahal izateko.
2
TENPERAK Tenpera Haur Hezkuntzan esanguratsua egin zitzaion objektua izan zen. Oroitzapen onak ekartzen dizkio, positiboki gogoratzen ditu dinamika hauek egiten zituzten momentuak. Koloreekin jolasteko aukera ematen zion, koloreak nahastu, kolore berriak sortu... Esperimentatzeko aukera eskaintzen zion. Marrazteko modu ezberdin bat, espresio modu ezberdin bat zen berarentzat. Adin honetan berezko dugun irudimena eta sormena bultzatzen zuten dinamika hauek. Momentu askeak bezala gogoratzen ditu tenperekin aritzen ziren uneak, gehiegi gidatu gabeko momentuak, marrazki libreak egiteko eta, neurri batean, zikintzeko aukera eskaintzen zituztenak. Tenperen bitartez, psikomotrizitate fina lantzeaz gain, koloreen ikasketa sakondu eta nahasketen bidez kolore berriak sortzeko lehenengo pausoak eman zituzten, esperimentazioaren bitartez ikasi zuten. Aldi berean, zikintzeko aukera zabala zen arren, txukuntasuna nolabait mantentzeko saiakera ere egiten zuten. Tenperek, sormena garatzeko bidean eragina izan dute haur hezkuntzako etapan. Librea, gidatu gabea izateak, bakoitzak berea nahi duen eran egiteko aukera izateak, lan pertsonalagoak egitera bultzatzen zituen, haien nortasunaz jabetzen joateko bidea eskainiz.
3
Ekarri ditugun objektuek gugan izan duten eragina aztertu ondoren, Haur Hezkuntzan guretzako garrantzitsuak izan diren hainbat kontzepturekin egin dugu topo. Haur Hezkuntzarekin gehien lotu ditugunak sormena eta esperimentazioa dira, taldeko gehienek bi kontzeptu horiekin erlazionatutako objektuak ekarri baititugu. Margoek, akuarelek eta tenperek sormenerako bidea ireki ziguten Haur Hezkuntzan. Taldeko kide guztiok ditugu objektu horiekin egindako dinamikak sormenarekin eta gure irudimena lantzearekin lotuta. Ezinbestekoa iruditzen zaigu etapa honetan haurrei berezko duten irudimen horri bultzada bat ematea, horrela beraien nortasuna errespetatu eta bere burua gehiago ezagutzera eramanez. Aldi berean, esperimentazioa gure ikaskuntzaren beste zati garrantzitsutzat hartzen dugu, adierazgarria gure hezkuntza prozesuan. Bestetik, saiakeraren bidez, ikasketa bat lortzeko behin eta berriro egiten den saiakera (lokarriak lotu), emaitza lortzera iristeak, gure auto-estimuan duen eraginaz ohartu gara. Saiatzeak ikasketa dakar, eta ikasketak harro sentiarazten gaitu, gure buruaz dugun kontzeptuan eragin zuzena izanik. Bestalde, ikastola eta etxearen arteko lotura ez da ahaztu behar. Hau da, jarraipena dago etxean eskolan egin ondoren. Irakasleak normalean lokarriak lotzea gela batean erakusten du, baina posible da gurasoek umeei laguntzea eta hori dela eta, umeak gero eta erraztasun handiagoa izango du. Azken finean, zenbat eta gehiago praktikatu orduan eta zehaztasun handiagoz lortuko du lokarriak lotzea. Eskola familia jarraipenak haurraren motibazioan eragin zuzena du. Metodologiari dagokionez, ezberdina da taldekide bakoitzak jaso duena. Batetik, gure hezkuntza garai ezberdinean eman delako; bestetik, eskola bakoitzaren funtzionamendua ezberdina izan delako. Gure sentsazioa denborarekin hezkuntza gidatuagoa dagoela da. Gaur egun, gure ustez, haurrek helburuak markatuagoak dituzte eta irakasleek eta ikasleek presio handiagoa jasaten dute hezkuntza askea nolabait mugatuz. Pentsamenduak gure Haur Hezkuntzako garaian jarrita ditugula, guretzako irakasleak izan zuen garrantziaz jabetu gara. Irakasle-ikasle arteko harremanak norainoko indarra izan dezaken ohartu gara. Gai edo dinamika bat ikaslearentzako gustuko izan ala ez izatearen arrazoia irakaslearen motibatzeko gaitasunean egon liteke. Irakasleak, ikaslearen eredu den horretan, ikaslearen jarreran eragin zuzena izan dezake. Gustuko ditugun zenbait dinamikak, irakasle jakin bat gogoratzen digu zenbaitetan. Haur Hezkuntza, garai horretan asko markatu gaituen irakasle batekin lotzen dugu askotan, oinarriak finkatzen ari garen etapa honetan gure bizitzaren parte izan dena. Aitzitik, Lehen Hezkuntzan aldaketa nabaritzen dugu irakaslearekin genuen harremanean, haurra irakaslearengandik pixkanaka urruntzen joaten baita zenbait kasutan, gure ustez, hezkuntza gidatu eta lotuegi baten ondorio.
4