1 minute read
OROIMENA
1936ko Gerra, osteko diktaduraren sasoia eta gerraren giza dimentsioa izango dira abiapuntua
Advertisement
Larrabetzuko Udalak UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatearekin batera herriko Memoria historikoan oinarritutako hiru proiektu artistiko bultzatuko ditu hurrengo hilabeteetan. 1936ko Gerra Zibila, gerraosteko diktaduraren garaia, eta gerraren giza dimentsioa izango dira proiektuon abiapuntua; eta helburua, ostera, honakoa: orduko andre, gizon eta umeen egoerak eta bizipenak gaurkora ekartzeko eta berauei aitortza justua eta egiazkoa egitea.
Urrira arteko tartea izango dute artistek proposamen horiek garatzeko, eta udazkenean emango dituzte emaitzak ezagutzera. Udalak, herritarrekin batera, hiru proiektu horien artean gauzatuko den egitasmoa aukeratuko du.
Hautatutako proiektuen egileak:
I. Ane Seijas / Julen Sainz de Rozas /Ane Lopes. Proiektuaren izenburua: Noranzko bgirada. "Noranzko begirada hainbat modutan irakur daiteke. Gatazka-begiradarekin lotu daiteke, hau da, mendien artean bidaiatzen duen begiradarekin. Informazio bila, baina bere posizioaren berri eman gabe. Baina gudu-zelaitik haratago, edo esan genezake, lurraldetik haratago, zentzu sinbolikoa ere izan dezake. Memoria, nolabait, "noranzko begirada" da; iragana orainetik ezagutzeko nahia”.
II. Eriz Moreno / Amaia Molinet. Proiektuaren izenburua: Zuloa. “Larrabetzuko memoria historikoaren irakurketa ikusizko argitalpen batean. Hiru atal izango ditu: argitalpena bera, ibilaldi bat, eta aurkezpenaren ekimenaren baitako zuhaitz-landaketa bat”
III. Liben Svaart. Proiektuaren izenburua:
Hona hemen. “Hona hemen orain ez dagoena artearen ikuspegitik oroimenaren aztarnei buruz hausnartzeko prozesu parte-hartzailea da. Lau fasetan antolatuta dago, bizitzaren aroetan oinarrituta, baina belaunaldien arteko harremanak sakontzeko asmoz: jolastokia, erromeria, mahai-ingurua, eta agurra. Prozesu honetan erabakiko dugu zer egin nahi dugun oroimenarekin, desirekin, minarekin... Agurra izango da prozesu hau ixteko eguna”.
BURDIN HESIAREN HAUSTURAREN 84. URTEURRENA
Borrokalari antifaxistak gogoan
Ekainaren 13an, Burdin hesiaren hausturaren 84. Urteurrenean, borrokalari antifaxistak izan genituen gogoan Larranbetzun. Ibilaldia egin zen Plazatik Gaztelumendira. Bertan, ekitaldi xume baten bidez, borrokalari antifaxisten omendu genituen.