2 minute read
Ibil Bedi Iluna argitara
Hirugarren diskoa taldearen mugarri izaten omen da, onerako zein txarrerako. Ibil Bedi taldearen kasuan zaila da Goldeari alde txarren bat azpimarratzea. Arima sendatzen duen lan horietakoa da. Taldeko Areta
Senosiain eta Ibai Osinagarekin hitz egiteko plazera izan dugu.
Orain arte egindakoari fidela den diskoa da, baina aldi berean aldaketak eta ezusteak dakartza Goldeak. Alabaina, Ibai Osinagak ez du uste euren musika horrenbeste aldatu denik, egiteko modua baizik: “Ekoizpen edo grabaketa prozesua aldatu da. Prozesuan hartu ditugun erabakiek eragina izan dute estiloan”.
Erabaki zuzenak izan dira, diskoak harrera bikaina izan baitu. Diskoaren sorkuntza prozesua ordea, gora-beheratsua izan omen zen, baina baita hezitzailea ere. “Oso disko kolaboratiboa izan da” esan digu Osinagak, “hasierako ideiak asko aldatu dira eta batzuetan emaitza ez zitzaigun gustatzen edo ez zen espero genuena”. Hain da horrela, behin baino gehiagotan grabatuak izan direla kantuak, lehenengo bertsioarekin guztiz pozik ge - ratu ez zirelako. “Horrek taldea garapen prozesu batean sartzea eragin du” gehitu du Senosiainek. Honen ostean, esan liteke aukera ezberdinetara irekiagoak daudela, euren burua baimendu baitute horretara: “Ordu asko sartu eta hala ere behin betiko emaitza ez izateak frustrazio ugari ekarri dizkigu. Egiten ari ginenak ez zuela ezertarako balio pentsatzera iritsi gara, baina bistan da, balio du”. Letre dagokionez, letra indibidualak, pertsonalak dira, baina aldi berean, oso kolektiboa da: “Badago diozun horretatik, baina ez da nahita egindako zerbait” dio Osinagak. “Gauza oso pertsonal eta zehatzak kontatzen dituzunean, entzuleak bere inguruan ikusten duenaren arabera interpretatzen ditu, horrek bihurtzen du pertsonala kolektibo” . Diskoa iluna ere badela askok esan omen diote, baina Senosiainek ziurtatu du ez dela bilatua izan: “Guztiok entzuten dugu musika iluna edo tristea, baina ez gara batere tristeak. Iluntasun hori saltsan ibiltzeagatik etorri da”. Horregatik, ziur dira estudioan ordu gehiago igaro balituzte emaitza are eta ilunagoa izango zatekeela.
Aldatu nahi ez dutena euskara hutsez abestea da: “Zerbait naturala dela esan behar nuen, baina ez da. Aspaldi hartu nuen euskaraz idazteko erabakia, horrela ikasi dugu idazten. Hori da izan dugun erreferentea” dio ziurtasunez Osinagak. Diskoa osatzeko euren erreferente musikalez ere mintzatu dira. Senosiainek argi du disko honetan erreferente zuzenak izan dituztela: “Maria Arnal i Marcel Bagés, Idles, Él Mató a un Policía Motorizado, MICE… Alabaina, gure musikan baino, artista hauen musika egiteko dituzten moduak behatu ditugu”. Arrazoia eman dio Osinagak: “Behin kantua prest genuenean, abestiari eman nahi genion kutsua erabakitzeko erabili ditugu erreferente horiek. Kantua sortzerako garaian, ordea, niri zaila zait esatea ez dakit noren antzeko musika egiten dudala”. Zuzenekoetan entzuleak iluntasun eta edertasun guzti honetaz gozatzeko aukera izango du, argi efektu batzuekin batera: “Asko aldatu da gure zuzenekoa. Apustu indartsua egin dugu” ezagutarazi digu Osinagak.
Finean, diskoa sortzeko lanak eta zuzenekoek helburu bera dute, musikaz gozatzen jarraitzea. Horregatik, Senosiainek espero du Goldea diskoak ate berriak irekitzea. “Esaten da taldeen hirugarren diskoa mugarri izaten dela onera edo txarrerako. Ez dakit zer gertatuko den gurekin”, dio txantxetan Osinagak. “Ea disko honek aurrera egiteko aukerak eskaintzen dizkigun, kantu berriak sortu eta kontzertuak ematen jarraitzeko”. jaione dagdrømmer