1 minute read

Jon Martin, ikasle ohi eta bertsolaria

Jon Martin, ikasle ohi eta bertsolaria:

Bertso berriak, Iturburu eskolari jarriak

Advertisement

Haurrak ginen garaia urrun dago, ene! Mundu hura zen beste bularreko esne… Nahiz bakoitza jatorri ezberdinak erne Iturburu bereko alaba ta seme .

Hodei batek badaki iturri bat zer den askok hartu genuen tragoren bat hemen . Haurtzaroak behar du fresko eta garden tantaz tanta erreka bihurtu baino lehen .

Pareta zuri, leiho orlegiak soan ostatua genuen Karrika auzoan muxua erorketan, txaloa pausoan besarkada gutxi ez genuen jaso han .

Haur bat ez baita soilik pardel eta talko tradizionalki egin ohi zenaren kalko . Askok pentsatu arren ez zutela ahalko zaintzatik hezkuntzara egin zuten salto .

Haurrak berezko sena dauka ikasteko; ta maisuak, ardura libreki uzteko . Garaia zen eredu berriak hasteko norbera heziz, gero besteak hezteko . Gure lehendabiziko puzzleei ekiten pieza bat non jarri zaila zen jakiten . Oraindik ari gara, sartu eta irten, piezaz pieza munduan tokia egiten .

Saiatu ta puskatu . Hutsetik berriz has (konfiantzan besterik ez daiteke ikas) . A ze irakasleak, pazientzia arnas, mundua zelorekin konpontzeko kapaz .

Gometxa borobil bat beti harrigarri paperetik askatu, paperean jarri . Bi begi dirudite erantzun egarri nork eraiki duen nor galdezka elkarri .

Guretzat ze zortea hain goiz aurkitua sormena margotuko zigun isipua . Nahiz ta helduaroak eman garbitua oraindik mantentzen dut tenpera sikua .

“Uztaia gora-gora” kantatzean ozen zerurantza luzatu borobila zuzen . Erakutsi ziguten jauzi on bat zer zen uztai barruan preso egon ez gintezen . Irudimenez inoiz, bestetan arrazoiz giharrak ere bete zitzaizkigun sasoiz . Korrika hasi ginen, berandu ala goiz; katuka, noizean behin; belauniko, inoiz .

Haur ginela iritsi zaurgarri ta hauskor eta handik atera ohi ginen haur koxkor . Garenaren zati bat, jolasti ta jator, han jasotakoari ez al diogu zor?

This article is from: