4 minute read

Mirian Mendoza, hezitzaile ohia

Miriam Mendoza, hezitzaile-lankide ohia

(kalekume izaten jarraitzen duena):

Advertisement

Urte dexente igaro da Karrikara lehenengo aldiz iritsi nintzenetik: bai oroitzapen ederra! Begiak itxi eta bertan erraz kokatzen dut neure burua: 23 urte, ilusioa, gogoa, urduritasuna...

1992ko iraila iritsi da, nire lehen eguna eta aurreko egunetan izandako urduritasuna ez da batere baretu. Mapa behin eta berriz begiratu dut bidean ez galtzeko eta, lehenik autobusez, gero oinez ia bi orduko ibilbidea egin ondoren, iritsi naiz, halako batean! Nekazari auzo honetan haurtzaindegi bat dagoela? Garaiz ibiltzeak ematen duen lasaitasuna lagun, behin eta berriz galdetu diet bertan topatu ditudan guztiei ea non dagoen Karrikako haurtzaindegia. Ez da posible! Baserri zahar hau? Ai ama, nora etorri naiz?

Hemen neguan elurra egingo ote duen galdetu diot Izaskuni iritsi bezain laster eta aurpegiko keinua ikusita, asma dezaket zer pentsatu ote duen: “Nondik datorkigu kalekume hau?”

Gurasoak eta haurrak iristen hasi dira. Lehenengo aurkezpenak egin ditugu eta “Zarauztarra? Surf egingo duzu, ez?” galdetzen hasi zaizkit. Ederki hasi dugu eguna! Hauek zer uste dute, kostaldeko guztiek surf egin eta ile erdi horitua izan behar dugula? Ez dakit ondo moldatuko garen...

Nireganako pazientzia handia azaldu dute, baita lehenengo pixoihala atzekoz aurrera jarri dudanean ere. Hau lotsa! Xalotasun handiz adierazi didate, hurrengoak ere horrela ipini baititut, errazagoa dela beste modu batera ipintzea. Bide luzea geratzen zait oraindik!

Baina hori hasiera besterik ez zen izan. Oroitzapen guztiak ondo zizelkatuta ditut; ondo gogoan dut lehenengo urtea hotzeriaz betetako urtea izan zela. Udako azken egun epel haietako batean katarro zahar batek harrapatu ninduen eta ezin izan nuen urte guztian gainetik kendu. “Normala da, haurrekin egunero harremanetan egotearen ondorioa da”, eta oraindik ez zen negua iritsi!

Nekazari inguru hura berria zen niretzat, guztiak liluratzen eta harritzen ninduen. Azaroa iritsi zenean beste “sorpresa” bat izan nuen. Haurrak siestan zeuden bitartean garrasi ozen bat entzun eta kezkatuta gelara abiatu nintzen zein haur ote zegoen negarrez ikusi eta lasaitzera. “Hori ere ez al duzu ezagutzen? Txerriak hiltzen ari dira eta beraien garrasiak besterik ez dira”. Besterik ez? Urte luzea izango zen hura!

Konturatu orduko ikasturte amaiera bertan genuen. Amaiera ederra eman nahi genion, desberdina, eta burutapen bikaina izan genuen (oraingo begiradarekin bikaina ez nuke esango, ausardiaz betea baizik). Giroa epeltzen hasia zen eta egunak luzatzen. Nire bizilekua kostaldean egonik, zergatik ez animatu haurrekin eguna pasatzera joan eta hondartza inguruaz gozatzera? Eta gaua pasatzera joango bagina? Ai, ama! Orain pentsatze hutsak oilo ipurdia sorrarazten dit, baina gaztetasunak duen freskotasunari eta indarrari tinko eutsirik ideia borobildu eta han abiatu ginen Rexu eta biok Askizuko aterpetxera (Getariatik gertu dagoen auzoan) 2 urteko bederatzi haurrekin gaua pasatzeko asmoz. Gurasoek guganako konfiantza osoa izan zuten eta gure esku utzi zituzten beren altxorrak.

Abiatu behar genuen eguneko goiza mugimendu handikoa izan zen: janari prestaketarako gauzak bildu (sukalde kontuetan Rexu abila zen), haurren gauzak, motxilak, soka, baloia... zer ez genuen eraman! “Agur, bihar arte!”. Han hasi zen gure ikasturte amaierako bidaia ikaragarria!

Askizura erraz iritsi ginen eta aterpetxea gure modura antolatu ondoren auzo inguruan jolasean jardun ginen. Getariako hondartzan eta portuko itsasontzien joan-etorria ikusten eman genuen arratsaldea. Itsasontziak antxoaz beterik zetozen eta haiek lehorreratzerakoan arrantzaleek haurrei baimena eman zieten beraien esku txikiekin hartzeko. Antxoak ukitu zituztenean baten nazka eta bestearen harridura ikustekoa zen. Ni kalekumea izango nintzen baina haiek... Inguruko jende guztia harrituta zegoen talde bitxi hura ikusten. “Bazterrean eseriko gara itsasontziak hobeto ikusteko eta adi inor uretara erori gabe!”. Haurren poza eta algara kutsakorra zen oso eta ondotik igarotzen zena bertan geratzen zen gure sekretua jakin nahian. Baina ez zegoen sekreturik, konfiantza eta lasaitasuna besterik ez.

Egunak bere onena eman zuen, eta “nola kenduko diegu hondar hau guztia?”. Pazientzia handiz jardun ginen etxeratu eta haurrak banaka-banaka dutxatzen, pijamak jantzi, pixoihalak jarri, afaria prestatu... Bapo afaldu eta kantu eta jolasean jardun ondoren lotarako ordua iritsi zen. Gela nagusia literaz osatua

zegoen eta bertako koltxoiak lurrean kokatuz denek elkarrekin lo egin zuten. Rexu eta biok gau osoan begi bat zabalik eta belarriak adi-adi izan genituen hontzen modura. Oilanden itxura genuen, txita txiki guztiak besapean gozogozo lokarturik. Gaua luzea izan zen!

Goizean goiz esnatzen hasi ziren haurrak eta hurrengo egunari hasiera emateko prest geunden. Egun hura ere ederra izan zen eta bidaiari amaiera emateko nire neba eta ahizpa agertu ziren denontzat izozki mordoarekin. Hura festa! Bazkaltzera gonbidatu genituen, nola ez! Gezurra badirudi ere, osorik amaitu genuen denok.

Halako esperientzia zoragarririk ez dut sekula gehiago bizi izan, gauzak asko aldatu dira eta Askizun bizi izandakoa argazkiei esker bere osotasun eta freskotasunean bizi dezaket. Haurrak ez dira esperientzia hartaz gogoratuko baina ziur hien gurasoek gogoan izango dutela! (Lo lasai egin ote gau hartan? Kar, kar,kar!).

Egun guztiak desberdinak ziren eta Karrikako bizitzak aberasten zuen une oro: muino txikietan gora eta behera jardutean haurren poza, errekako ur gardeneko plisti-plastak, inguruko abereak ikustearen zirrara... eta udara iristean asko eskertzen nuen baserri ondotik igarotzen zen errekako putzulo sakonetan murgiltzea. Ni uretan, haurrak siestan. Hura paradisua!

Erraza izan zen lankideen eta bertako auzokideekin gauzak partekatzea, familia artean nengoela iruditzen zitzaidan. Sukalde txiki hark makina bat konfidentzia jaso zuen... janari eta kafe artean tarte txikiren bat elkarrekin egotea asko eskertzen nuen. Bertan amets, ilusio, poz, tristura... emozio ugari elkartzen ziren, adin eta bizitza desberdineko emakumeona.

Urtea ziztu bizian joan zitzaidan, baita bi urte, eta hiru, konturatu orduko Karrikako abentura amaitu zen niretzat. Bihotzaren zati handi bat han gelditu zitzaidan, lankideekin izandako harremana, gurasoekin lortutako konplizitatea, haurren irribarre goxoak (baita negarrak ere)... Urte haiek gogoratzerakoan irribarre goxo bat datorkit, eta aho bete hortz esan dezaket halako leku zoragarririk ez dudala sekula ezagutu eta ezagutuko. Hiru urte haiek zoragarriak izan ziren!

Mila esker Karrikako proiektu eta abenturaren parte izaten uzteagatik!!!

This article is from: