2 minute read
Pello Añorga, kolaboratzaile eta guraso ohia
Pello Añorga, kolaboratzaile eta guraso ohia:
Orain dela ez aspaldi, 1970/80ko hamarkadan zehazki esateko, gogoratzen naiz Iturburu haur eskola izendatzeko haurtzaindegi hitza erabiltzen genuela gurasook, eta nola ikasi behar izan genuen haur eskola hitza erabiltzen, eta baita hezitzaile ere, haurtzainaren ordez. Gure logikak zera zioen: artzainak diren bezala ardiak zaintzen dituztenak, bada, haur txikiak zaintzen dituztenak haurtzainak behar zutela izan; baina ez, Iturburukoak ez ziren haurtzainak, hezitzaileak baizik (ederki kostatutako hitza!). Heziketa hitza, orduan, lotuta zegoen ikasketa formalarekin bakarrik, hots, 3 urtetik gorako haurrekin zebiltzan irakasleei erreserbatua, eta, hortaz, Iturburukoek borroka dezente egin behar izan zuten aldarrikatzeko heziketa askoz ere lehenago hasten dela; zeren haur eskolaren lana ez baitzegoen mugatua haurren fardelak aldatzera, edota haurrak lotaraztera, edo jaten ematera; askoz ere gehiago zen, esan nahi da heziketa proiektu oso bat ere edukitzea, haurrak jaio berrietatik garatzen joan behar zena.
Advertisement
Eta lortu egin zuten. Nola gainera! Iturburu agudo bihurtu zen erreferentzialeku haurtzaindegientzat, esan nahi da eredugarri; hain eredugarri, ezen bertara etortzen hasi baitziren bisitan irakasle asko eta asko. Denbora gutxian, interesa piztea lortu zuen Iturburuk, eta hala, Izaskun Madariaga, Iturburuko zuzendaria izanik, kolaboratzen hasi zen unibertsitatean (Eskoriatzako Irakasle eskolan), edo artikuluak idazten aldizkarietan (Hik Hasi, In-fan-cia, Jakingarriak), edo parte hartzen kongresuetan, edo kolaboratzen Hik Hasiko jardunaldi pedagogikoetan.
Iturburuk hezkuntza proiektu bat zeukan, eta oso pedagogia aurreratua praktikatzen zuen, haur eskola gutxik bezala. Haurrek esperimentatu egiten zuten, behatu, adierazi, komunikatu, kreatu... eta ikasi. Denera, 32 haur baino gehiago ez ziren izaten, eta bertara hurbiltzen zenak agudo suma zezakeen gertutasunaren giro atsegina. Gurasoak zein haurrak etxean bezala sentitzen ginen, eta haurrak lasai uzten genituen, esku onetan, konfiantza osoz.
Batek baino gehiagok esan lezake nola demontre egon zitekeen haur eskola kokatuta errepidearen ondoan. Hori ez al da antipedagogikoa? Eta agian, ez zaio arrazoirik faltako. Baina, errepidea errepide, lekuak transmititzen zuen sosegua, arnasa, freskura, bizia. Errepide hura ez zen oso pedagogikoa, egia da, baina Iturburukoek jakin izan zuten probetxua ateratzen eta pedagogiko bihurtzen. Errepidea auzoko leku guztiekin zegoen komunikatua, eta laster auzo guztia bihurtu zen patio, errepidea barne, eta autoak lagun, auto gidariak bezala. Mamuteko karroak hartu eta tu-tu!, haiek txango gogoangarriak! Orain nora joango, eta errekara, harriak botatzera, edo ura eskuetan sentitzera! Eta tutu!, ondoko belardira zomorroak bilatzera, eta txoriak entzutera, eta loreak usaintzera… eta zilipurdikatzera. Eta tu-tu!, ondoko ukuilura behiak ikustera, eta oilategira oiloak agurtzera, eta arrautzak jasotzera. Eta tu-tu!, txerritegira, Triniren txerriari kantatzera. Eta tu-tu!, Karrikako plazara, zuhaitzari muxu ematera; eta tu-tu!, baratzera, piperrak edo porruak ikustera… ere, aitortzera Ene, Karrika auzo guztia zen liburu bizia, eta bertako biztanleak ziren pertsonaia errealak. Leku guztietan zegoen zeri begiratua, eta zeinengandik ikasia, eta harremandua. Espazio guztiak gonbit egin zuen esploratua izatera. Dena zen ate, sarbide bezainbat aterabide, eta dena zen jostailu, dena baliabide pedagogiko. Haurrak hezten ziren ingurune errealean, eta gauzarik ñimiñoena bihurtzen zen hezigarri. Auzo oso bati ematen zion bizia eskolak, eta auzoak bizia ematen eskolari.
Porositate handiko eskola zen Iturburu. Talde kohesionatua zeukan gainera, eta normala zen gurasoek parte hartzea, eta prest egotea laguntzeko. Konfiantza eskaintzen zuen, eta konfiantza praktikatzen. Lekuak poesia zeukan, harmonia, gustua, zaporea… iturburua, eta egarria izanez gero, bertatik bertara edan zitekeen, botilatu gabe, zuzenean.
Horregatik, ez da harritzekoa, Hezkuntza Saileko Garapen Curricularreko Institututik ere gutun bat jasotzea, zeinean adierazten baitzuten interesatuta zeudela Iturburu haur eskolaren Curriculum Proiektua publikatzeko. Baita publikatu ere!
Pello Añorga, 2021eko maiatzaren 18an