1 minute read

11 . AZKEN HAUSNARKETA

11

Azken hausnarketa

Advertisement

Iturburu, hasieratik bukaeraraino, nire bizitzaren zati bihurtutako proiektu handi bat izan dela aitortu behar dut. Are gehiago, nire bizitzari gatza eman dion ezinbesteko motorra izan dela ere, aitortzera ausartuko nintzateke. Militante sentitu naiz. Eta militante sentitze horrek eraman nau, ez bakarrik haur txikiekin eguneroko lana serio egitera, baita beste esparru askotan hedatzera ere nire pentsaera, filosofia eta aldarrikapenak.

Haur Eskoletako Koordinakundearen bitartez egindako lan pedagogiko/ politikoa hor dago, bere emaitzekin. Irakasleak hezten egindakoak ere asko asebete ninduen. Hezitzaileak prestatzen aritu izana ibilbide profesionalari txapela jartzea bezala bizi izan nuen. Eta arlo horietan guztietan inplikatuta ibiltzeak eragin zuzena izan zuen Iturbururen ibilbidean; gurpil baten modura, mugimendu zirkularrean murgilduta eman genituen urte guztiak, elkar elikatuz. Bihotzez egindako lana izan da, sinesmenak bultzatua eta konpromisoak gauzatua. Urte luzez, temati.

Eskuetan duzun liburua, beraz, maitasunetik idatzia da. Hogeita hiru urtetan egindako lan mardul eta koherentearen historia, bere momentu gazi-gozoak tarteko. Jakina da ez direla gertaera guztiak zehatz-mehatz jaso, baina gertakizun eta historiaren haria ongi azaldua geratu dela uste dut. Leiala izaten saiatu naiz, ahalik eta objektiboena izaten.

Aitortu behar dut nire sentipen pertsonalak islatu ditudala zenbait momentuetan, jakinda, bere garaian, lankide nahiz gurasoen artean bat zetozen sentipenak izan zirela hemen tartekatu ditudanak.

Eskerrak eman nahi dizkiet, hasteko, abentura honetan partaide zuzenak izandako guztiei, baita argazki bilduma osatzen eta lege arazoak gainditzen lagundu duten guztiei ere, besteak beste Iosune Cousillaseri. Eskerrak, nola ez, testigantza emanez liburua osatu duten lagunei: Txiki Falero, Pello Añorga, Miriam Mendoza, Aiora Madariaga, Iraia Etxebeste, Ibintza Iragorri eta Jon Martin.

Eta, azkenik, esker bereziak Udalari, Iturburuko historia Mugarri sailean argitaratzeagatik.

Liburuaren helburua Oiartzungo historiaren zati izan dena dokumentu modura jasotzea izan da, herri ondare modura gera dadin. Lortu dudala uste dut.

Honaino iritsi bazara, irakurle, bihotzez eskertzen dizut. Historiaren parte izan eta zure momentuak islatuak ikusi badituzu, poza ematen dit. Liburua herri ondare gisa jaso nahi duzun horri, nire miresmen eta esker ona.

This article is from: