1 minute read

eta zuzendaritza lanetan dihardutenak

Aiora Madariaga, Iraia Etxebeste eta Ibintza Iragorri, Ikasle ohiak eta egun Urmendi haur eskolako irakasle eta zuzendaritza lanetan dihardutenak:

Iturri zaharretik ur berria

Advertisement

Bizitzako momentu bakoitzak geroa eraikitzen laguntzen duela argi izan duzu beti. Orain, urteetan atzera eginez, herriko txikienen heziketa-hastapenak bildu dituzu garaiko anekdota, borrokaldi, gertaera, datu bitxi eta abar jasoz, eta benetan herriarentzat altxor preziatua sortu duzu. Zuek izan zineten orain dugunaren eta garenaren abiapuntua eta oinarria, eta argi dago ez zirela alferrikakoak izan zuen ilusioa, borroka, indarra, eskuzabaltasuna…

Txikitan, Karrikako sukaldeaz bereziki gozatzen genuen lehendabizi esnatzen ginenok. Mahaiaren bueltan, kideak esnatu artean, izaten zen ahora eramatekorik. Sukaldeko goxotasuna, ontzi soinuak, kafe eta fruta-txikituaren usaina, helduen kezka, kontu eta algarak… Behin handituta, eta bertan lanean, hantxe errepikatuko zen egoera bera.

Ipuinik zoragarrienetako irudiak balira bezala bizi ditugu Karrikako argazki zaharrak. Baserri giroko auzo magiko hartan karro gurpildunak abian, eta bertan, herriko txikienak (tartean gu) eta euren hezitzaileak karro gidari (egun lankide ditugunak hainbat). Ipuin hartako auzokideak eta inguru zoragarriak nola ahaztu… Inguruarekiko hartu-eman horretan hezi gintuztenen ilusioak gurekin jarraitzen du, eta karro haien gurpilak gelditu gabe dabiltza oraindik ere, gure proiektuaren garraiatzaile apartak eta ezinbestekoak.

Gure bizitzako lehen urte haietan bizi izandakoak kontatzen dizkiguten koadernoak ditugu etxean. Garai hartan gure gurasoek irakurtzen zituzten, eta egun, edozein momentutan, nahi bestetan eta nahi dugunarekin partekatu ditzakegu konturik preziatuenak.

Koadernoak ireki orduko, Karrikako koloreak ikus ditzakegu, orduko soinuak entzun, gure loaren ohituren berri izan; gustuko genituen nahiz oka eragiten ziguten elikagaiez oroitu; ondoezak sentitu; gure mugimendu garapenaren nondik norakoaz jabetu; gure guraso eta hezitzaileek bakarrik ulertzen zituzten hitzak ezagutu; eskaintzen zitzaizkigun esperientziekin gozatu; bitxikeriekin barre egin; gure orduko interesak ezagutu, genuen jolas motarekin gozatu, etxean bizi izandakoaren berri izan…

Munduan inor gutxik izango dugu garai hartako hezitzaileen ahaleginez eta profesionaltasunez sortutako tamainako altxorrik!

Egun, gure txikien zurrunga hots artean, koadernoak idazten jarraitzen dugu gortina arteko argi-izpiak probestuz. Berea bakarra eta bestearenarekiko ezberdina den koadernoa. Goizean elkarrekin bizi izan ditugun orduetara atzera egiteko momentua izaten da. Gure oroimenak, abileziaz, haur bakoitzaren irudi, mugimendu, ekintza, espresio nahiz hitzak errepasatzen ditu.

Iturburu jarri zioten izena Karrikako etxe horri, proiektu hari. Iturri hartatik edan genuen gure bizitzako lehenengo urteetan. Eta oraindik ere emari hartatik jaso eta ematen dugu ur berria.

Eskerrik asko, Izaskun

This article is from: