1 minute read

Grafikagintzako tailerraren aurpegi berria

Grafikagintzako tailerra lekuz aldatu dute eta espazio zabalago eta egituratuago batean dago orain. Aldaketa honekin aurpegi berri batekin aurkezten da Grafikagintzako lantegia. Modu horretan, Inprimaketa Grafikoa ikasten ari diren Erdi Mailako ikasleei modu egokiago batean antolatuta egoteko aukera ematen zaie.

Tailerraren lekualdaketa hori Grafikagintzako eta Robotikako ikasleek partekatzen duten espazioaren berregituraketaren baitan sartzen da. Hemendik aurrera, espezialitate bakoitzak bere baliabideak espazio bereizietan izango ditu.

Advertisement

Makina eta gainerako osagai guztien kokapena diseinatu eta espazio berrira egokitu ondoren, lekualdatze-prozesua ikasleek beraiek gidatu dute, zeregin guztietan modu aktiboan parte hartuz. Hainbat elementu desmuntatu eta muntatzea, garbiketa egin eta materialak lekuz aldatzea izan dira euren zereginak. Horretarako, noski, irakaslegoaren laguntza izan dute.

Ikasleen konpromisoa eta ahalegina funtsezkoak izan dira proiektu hau modu egokian gauzatzeko.

Espazio berrian makineria inprimaketa-sistemen arabera multzokatu da. Horri esker, hemendik aurrera ikasleek modu antolatuago eta erosoagoan lan egin ahal izango dute.

Lekualdatze-lanak erlojuaren kontrako erronka izan dira, makinetako lanak eta landu beharreko edukiak ez gelditzeko. Beraz, ikasleen, ikastetxeko mekanikarien eta irakasleen ahaleginari esker, erritmo “normalari” eustea lortu da, aldaketa txiki batzuk gorabehera.

This article is from: