2 minute read
Maite Rivas
Maite Rivas San Fermin Ikastolako ikasle ohia da. 2007 urtean bukatu zituen bertan ikasketak. Urte hauetan guztietan egindako ibilbide profesionalaz eta ikastolari buruz dituen oroitzapenetaz aritu gara berarekin solasean.
Zure familia Azagrakoa zen, eta bere garaian, euskaldunak ez ziren arren, San Fermin Ikastolara bidali zintuzten. Zer balorazio egiten duzu erabaki horren inguruan? Oso positiboa, noski. Gurasoak han jaioak dira, baina amak Tolosan eta Donostian ikasi zuen, han hasi zen nire familiaren euskarekiko kontaktua, euskara maitatzen. Guraso elebidunak izateak ematen dizun aberastasuna anaiak eta biok ere izatea nahi zuten. Txikitan Donezteben bizi ginen, eta euskara da gure ama hizkuntza.
Advertisement
Zer suposatu izan du zure bizitzan euskaraz ikasteak?
Euskaraz ikasteak hizkuntza bera eta bere inguruan duen gainontzekoa dakar harekin: euskal kultura, musika, dantzak, literatura, historia, festak… Agian, euskaraz jakin izan ez banu ez nuke nire bizitzaren parte izan den hori guztia ezagutuko.
San Fermin Ikastolatik alde egiterakoan, farmaziako ikasketak egin zenituen. Ikasketa horiek amaituta, ordea, medikuntza egitea erabaki zenuen. Zer dela eta erabaki hori?
Medikuntza fakultatean sartzea azken urteotan arrunt zaila da eta nik ezin izan nuen medikuntza ikasi selektibitatea egin ondoren, beraz, farmazia ikasten hasi nintzen. Ikasketa oso interesgarri eta politak diren arren, ez zen nire pasioa eta, posible baduzu, behintzat, zure lanak zure pasioa behar du izan. Farmazia ikasketak bukatu eta, epe labur batean, arlo horretan lan egin nuen. Medikuntza ikasteko aukera azaldu zitzaidan egun batean, egia esan, nire anaiari esker, berak nik egindako gauza bera egin baitu: farmazia eta medikuntza ikasi. Ni baino zaharragoa da eta berak ireki zidan bidea erabaki hau hartzeko. Gaur egun, ez dakit, berak lehenago pausu hori
eman izan ez balu, ni neu ausartuko ote nintzatekeen.
Eta zein da zure espezialitatea, edo gehien maite duzun arloa medikuntzaren baitan?
Familia medikuntzan residentea naiz, hemen, Iruñean. Donostian, plaza hartzeko momentuan, Pediatria egitearekin zalantzan egon nitzen, baina Iruñean geratu ahal izateak pisu handia izan zuen nire azken erabakian. Espezialitate benetan polita da, orokorra, baina ospitaleko giro lasaiago eta familiarrago batean. Dena den, nahi izanez gero, larrialdietan edo medikuntza ruralean aritu zaitezke familia medikuntza egiten baduzu. Pixka bat denetarik jakin behar duzu, zauri bat jostetik, depresio bat duen pertsona bat entzun, lagundu eta tratatzeraino, adibidez. Hori da gehien gustatzen zaidana, jendearekiko eta bere inguruarekiko hurbiltasuna.
Gaur egun mediku eskalduna zara Nafarroan. Zenbateraino uste duzu aurrera egin dela osasunaren arloan hizkuntzaren normalizaziora begira?
Oraingoz ez daukat esperientzia askorik lan honetan, beraz, ez dut zerekin konparatu. Gaur egun, mediku euskaldun asko dago eta gure artean euskaraz egiten dugu lantokian, euskaldunak diren pazienteekin batez ere. Badira, gainera, Medikuntzako ikasketak euskaraz eskaintzen dituzten fakultateak eta horrek arlo honetan asko errazten du eukarazko adierazpena. Pazienteen aldetik, entzun izan dut, haiengana euskaraz zuzentzen naizenean, geroz eta mediku euskaldun gehiago dagoela eta horrek pozten dituela.
Ze oroitzapen dituzu ikastolako garaietatik?
Oroitzapen dibertigarriak batez ere! Gogoan daukat ia egunero esnatzen nintzela ikastolara joateko gogoz, beno, azterketa sasoietan ez hainbeste. Nire ikaskideak gogoratzen ditut eta horietako batzuekin, oraindik ere, harreman estua mantentzen dut. Irakasleak, jantokiko bazkaria, saskibaloi taldea… Oroitzapen eta lotura ugari ditut oraindik ere. Pentsa, gaur egungo nire koadrilla ikastolako betiko lagunek osatzen dugu, eta Haur Hezkuntzatik ezagutzen dugu elkar...
Zer uste duzu eman dizula zuri ikastolak?
Aurreko guztia batuz, bizipen positiboak, batez ere. Nire bizitzan oso garrantzitsuak diren pertsonak ezagutu ahal izan ditut, bizitzarako garrantzitsuak diren balore batzuk eman dizkit eta proiektu baten parte sentitu izan naiz beti.