1 minute read
Elhuyar Zientzia Azoka
Elhuyar Zientzia Azokan saria jaso dugu
Batxilergoko 1. mailako ikasleek Elhuyar Zientzia Azokan parte hartu dute ikasturte honetan zehar, eta sari bat jaso dute Bilbon, aurkeztutako lanarengatik. Horri esker, Erabi Tekonologia enpresan bisita tutorizatu bat jasoko dute aurki. Zientzia Aplikatuak ikasgaiko 6 ikasle aritu dira zehazki egitasmoan, bi taldetan banatuak, eta horietako batek jaso du saria. Ibai Armañzas, Ignacio Fernandez Arriaga, Hodei Oreja Elso eta Jon Sarria Lopez ikasleak Bilboko Ingenieritza Eskolako Ester Zuza ikertzailearen laguntzarekin aritu dira hezurreratarako euskarri biodegradarriak sortzeko ikerketa lantzen. Hain zuzen, hari esker lortu dituzte, ikerketa burutzeko gako nagusiak ez ezik, egitasmo hau aurrera eramateko ezinbestekoa zen materiala: polimero biodegradagarriak. Haiekin sortu nahi dituzte aipatutako hezurretarako euskarriak. Giza ehunen ingeniaritzarekin erlazionatutako bi ikerketa burutu dituzte zehazki, hezurren birsorkuntzarekin harremana dutenak. Orain arte, hezur arazoak konpontzeko protesiak edo autoinjertoak erabili izan dira, baina teknika hauek hainbat desabantaila sortzen dituzte. Horiek saihesteko azken urteetan teknika berriak garatzen ari dira, horien artean, hezurraren euskarri biodegradagarriak sortzea. Euskarri hauek hezur-matrizearen ezaugarriak imitatzen dituzte eta hauen helburua honakoa izango litzateke: hauek kaltetutako hezurrean ezarri eta hezurehun berria modu naturalean birsortzen doan bitartean dagokien funtzio biologikoak burutzea eta biodegradatzen joatea. Euskarri hauek polimero biodegradagarriak erabiliz ekoitz daitezke “solvent casting/particulate leaching” teknika erabiliz. Gure ikasleen ikerketetan aipatutako teknika erabili da polimero mota, gatz kantitatea eta moldeen tamaina aldatuz, ahalik eta euskarri porotsuena lortuko duten baldintzen bila. Horretarako, laborategian, esperimentazio lanak burutu dituzte, baita txostena idatzi eta Elhuyar Azokan parte hartzeko beharrezkoa den bideoa grabatu ere. Osotara bi hilabete inguru izan dituzte ikerketa egiteko, eta apirila amaieran lan guztia bidali zuten. Ekainaren hasieran, berriz, Bilboko Arenalean haien lana erakusteko aukera izan zuten, horretarako egokitutako stand batean. Bertan jaso zuten, hain zuzen ere, artikuluaren hasieran aipatutako saria. Ez ziren fi nalisten artean gelditu, baina aurkeztutako lan piloaren artean haiena izendatua eta saritua izatea nabarmentzekoa da. Zorionak egindako lan bikainarengatik!
Advertisement