1 minute read
Santa Klara eliza | Tolosa
Tolosako eraikuntza zaharrenetarikoa da Santa Klara komentua. 1666an eraiki zen moja klarisentzako, Iturritza etxeko jaunek aginduta. Miguel Perez de Mendiola eta Magdalena de Huanene senar-emazteek beren dorretxea, Iturritza, utzi zieten 1612an; beraz, ordenak 400 urtetik gora daramatza Tolosan.
Alabaina, eraikina ez zen mojabizitzarako egokia eta komentu berria egitea erabaki zuten, Nafarroako zubiaren beste aldean eta garai hartako herri-gunetik kanpo kokatua. Garai hartan, ohikoa zen familia dirudunek moja-ordenak sortzea helburu bikoitzarekin. Alde batetik, izpiritualki, hil ondoren betiereko bizitza lortzeko eta, bestetik, leinuaren maila eta gizartean zuen ikusgarritasuna eta na- gusitasuna handitzeko. Lehenengo komentua egin zen eta ondoren eliza eraiki zen.
Advertisement
Santa Klara komentuak, hala ere, beste hainbat erabilera eduki ditu: ondorengo urteetan, hospital militar bezala ere erabilia izan zen, Frantziako tropek hartu ondoren, Konbentzio Gerran, Independentzia gerran eta karlistadetan. Izan ere, bertatik igarotzen zen Nafarroatik zetorren Errege-bidea, garaiko bide nagusia zena. Mendeetan ia aldatu ez den ikuspegia da Santa Klara komentuarena, aurrean Zumardi Txikia eta albo batean Nafarroako zubia duela.
Eraikinaren paretak harlangaitzezkoak dira eta egurrezko egitura du. Eliza estilo barrokoan egin zen 1711 eta 1732 urteen artean. Dena den, eraikin nagusiak ez du apaingarri berezirik ez kanpoaldean ezta barrualdean ere. Alde artistikoaz gain, elizak akustika du bere ezaugarri bereizgarrietako bat, eta abesbatza ugarik abestu izan dute bertan, bereziki Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketaren baitan.
Erretaula Ignacio de Iberoren lana da. XVIII. mendekoarkitekto eta eskultore garrantzitsuenetakoa izan zen eta berak egin zuen baita ere Azpeitian kokatutako Loiolako Santutegiko erretaula.
1964an, Santa Klara komentua Gipuzoako Probintziako Intereseko Monumentu Historiko Artistikoa izendatua izan zen. Aurten jakin da mojek komentua utziko dutela, eta momentuz ezezaguna da eraikinak izango duen etorkizuna.