2 minute read
Euskaraz: Aukera berriak sortzeko unea
Aukera berriak sortzeko unea
Mundu guztia bezala, irailean AEKn ere zalantzak zeuden kurtsoa aurrez aurre eta betiko moduari eutsi ahalko zioten. Bai, bi hilabete daramatzate eskolak aurrez aurre ematen, eta bai, nahiko modu normalean. Baina ez hori bakarrik, iazko matrikulazio kopuruari eutsi diote, eta daukagun egoerarekin ez da lorpen makala! Hortaz, indartsu eta inoiz baino gogotsuago daude irakasleak.
Advertisement
Hala ere, aldaketa nahikotxo egin behar izan dituzte, ikasleentzat horren garrantzitsuak diren aldaketak. Aurten ez da barnetegirik eginen, egoerak ahalbidetzen ez duen bitartean gutxienez, eta ez dirudi aldatuko denik. Berri txarra ikasleentzat, momenturo horretaz galdezka ari direnak, zoritxarrez ezin baitute horrelako hizkuntza murgilketarik gure zonaldean egin.
Horrekin batera, kurtsoa hasita, beste berri triste bat heldu da helduen euskalduntzean: 2021eko Korrika atzeratu egingo da. Duela bi ikasturte bailara osoko jende anitza batzea lortu zuen Korrikak gurenean. Lan eta lan aritu ziren ikasle, irakasle eta euskararen aldeko pertsonak eta, ohitura bi urterik behin horretan lan egitea bada ere, oraingoan urtebete gehiago itxaron beharko dugu.
Baina honek ezin du euskalgintza eta AEK geldiarazi eta aukera berriak bilatzera eraman ditu. Horregatik, barnetegien ordez eguneko txangoak antolatzeko asmoa dago Errobi euskaltegian, talde txikitan bada ere, primeran pasatzeko aukerak badaudelako eta baita egun osoz euskaraz aritzekoak ere. Korrikarik egon ez arren, Euskaraldia bailarako euskaldunak batzeko unea izan da eta, Errobi euskaltegiko irakasleen ustez bada garaia Euskal Herri mailako ekintzen aitzakiarik gabe bertako euskaldunon sarea josi, antolatu eta ekiteko. “Euskarak oraindik kalean lekua hartzeke duelako, kultur eskaintza euskaldun eskasa dagoelako, euskaldunon artean oraindik elkar ezagutzen ez dugulako, euskara irribarreak sortzeko aitzakia bat izan daitekeelako, gure ikasleek guztiz eta bertan euskalduntzea merezi dutelako, zonaldean euskaraz erraz bizi ahal izateko”. Hortaz, bertako AEKren ustez Izarbeibarko euskaldunak biltzeko aitzakiak egon badaude eta aukera berriak sortzeko unea heldu da.
Izarbeibarko AEKn, beraz, gogoz eta ilusioz heldu diote ikasturteari helduen euskalduntze prozesua ahalik eta osatuena izateko eta bailara euskaldundu dadin.
Emakumea, beltza eta euskalduna sentitzea
Garelako Euskara Elkartea
Karriketan piper errearen usaina nagusitzen zen bitartean kurso berriari ekiteko ordua heldu zitzaigun, kurso berezia bezain arraroa, zalantzez eta arauez leporaino edo musukoraino.
Egunerokotasunera itzultzeko aurrera pausoak eman ditugu orokorrean eta oso pozgarria da (gure mugimenduak inoiz baino gehiago murriztuak ikusi ditugun arren) esterilla besopean kirola egitera edo bere karpetarekin euskara ikastera animatu den jendea karriketan ikustea.
Baina pandemia honek eguneroko beste pandemiak bigarren planoan utzi ditu.
Emakume asko inoiz baino larriago pasatzen ari dira irtenbidea aurkitzeko ezintasunean.
Arrazakeria eta diskurtso xenofoboak berpizten ari diren bitartean errefuxiatuen kopurua handitzen doa. Black Lives Matter.
Estaturik gabeko herrialdeak egoera ezin larriago batean daude, Sahara, Palestina... free.
Gurean, euskararen presentzia eta euskarak behar duen estatusa eta normalizazioa lortzeko urratsak moteldu eta lingua navarrorum-en kontrako erasoak azkartu egin dira. Errigoraren beharra kasu.
Pandemia zahar hauei aurre egiteko beharra guztion begi bistan dago, bueno, ez guztion begietan baina hauek erretratatzea edo zokoratzea gure eskuan dago, emakume zein gizona, beltz edo zuri azaletakoa, euskalduna zein erdalduna, nire-zure-gure eskuetan.
Orain betiko markatuko gaituen urtea bukatzear dagoenean URTE BERRI ON eskatzea baino ezin dugu egin... Edo zertxobait gehiago bai?