ENTZUN/ ESCUCHAR 2018ko maiatzean, Fernando Pérez Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaoko zuzendaritzan hastearekin batera, hausnartzeko prozesu zabala eta dinamikoa jarri zen abian, bost urteko Proiektu Programa finkatzeko, Zentroko ikusleen komunitateei entzun ondoren. Entzun/Escuchar proiektu soila da, Zentroak arreta eman, ulertu eta entzun nahi baitu zer esan behar diguten aurrez ezagutzen gaituztenek eta oraindik ezagutzen ez gaituztenek, Azkuna Zentroan lan egiten dutenek eta etorkizunean egingo dutenek, hala gure programazioan elkarlanean ari direnek nola etorkizunean egingo dutenek. Talde horiek bide eman digute erkatzeko, zalantzan jartzeko, berriro doitu eta proposamenak jasotzeko, inguruneak eta erabiltzaileek dituzten beharrizanei buruz guztien arteko ulermena abiaburutzat hartuta. Iritziak elkartzeko prozesu hori lagungarria izan da estrategia prestatzeko. 2019ko urtarrilean aurkeztu da jendaurrean, eta begirada hemen eta nazioartean jarrita duen gizarte- eta kultura-zentro gisa kokatzen du Azkuna Zentroa. ‘Entzun/Escuchar’ prozesuan, gonbit egin genien gizarteari, artistei, sektoreko profesionalei, administrazioei, zentro artistikoei eta konplize diren erakundeei, AZko taldearekin batera hausnartzera. Dinamika bakoitzean alderdi desberdinak landu ziren, betiere orain arte
egindakoetatik harantz eboluzionatzeko xedez, balio gehiago emateko asmoz. Horrela egin dira “Entzun/Escuchar” proiektuko hamar saioetatik bederatzi. Bost saiok lotura dute programazioko arloekin eta diziplinekin: Musika / Musika esperimentala / Arte eszenikoak / Arte bisualak / Zinema eta ikus-entzunezkoak / Literatura eta hitzari buruzko programazioa. Beste hiru zeharkako lan-ildoei lotuta daude: Komunikazioa / Euskara / Hezkuntza eta pedagogia artistikoak. Prozesuan, 200 lagunek baino gehiagok hartu zuten parte (batez beste, 15 eta 20 lagun inguru saio bakoitzean), inplikatutako sektoreetako profesionalek. Gonbidatuen artean, Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaoko aholkulariez eta agente eta kolektibo lankideez gain, Zentroarekin harreman berezirik izan ez duten pertsonak eta erakundeak ere izan dira. Nolanahi ere, profil-sorta zabala lortu nahi izan da, genero, adina eta ibilbide profesionala aintzat hartuta; eta, horretarako, artistei, irakasleei, kazetariei, ekoizleei, sektoreko erakundeetako ordezkariei eta bestelakoei dei egin zaie. Proiektuaren lehen unean jasotako ideien bilduma gisa, Entzun/Escuchar koadernoa argitaratu zen, eta kontsultatu nahi duten pertsonek Mediateka BBKren lehen solairuan dute eskura.
2019ko TXOSTENA
AZKUNA ZENTROA - ALHÓNDIGA BILBAO
MEDIATEKA BBK, XXI. MENDEKO LIBURUTEGIA Mediateka BBK sorkuntza artistikorako, ikaskuntzarako eta esperimentaziorako gunea da, proaktibitatea bultzatzeko prestatutako bilduma bibliografikoaz eta kultura-programazioaz hornitua. Proiektuak pertsonak ditu ardatz, pentsamendua ikuspegi sozial, inklusibo eta jasangarritik bultzatzeko, artearen eta artisten bidez gizartea eraldatuko duen jakituria kritikoa sortzeko, eta gizarte anitzagoa eraikitzeko konektatu ahal izateko. LANTEGIA. IDEIEN LABORATEGIA, ARTE ETA KOMUNITATEEN HABITAT BERRIA. 2019an Lantegia. Ideien laborategia aktibatu zen, proiektu artistikoak ekoitzi eta ikustarazteko Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaok duen espazioa, parte hartzea, sorkuntza, berrikuntza, jakintza, irisgarritasuna eta dibertsitatea sustatzen dituena. Arte eta komunitateen habitat bat da, oso berritzailea, artistikoa eta nazioartekoa. Lantegia. Ideien Laborategia abian jartzea xede estrategikoa da 2019-2023 Proiektu Programaren esparruan, lan-ingurune irekia eta lankidetzakoa sortu behar baita, sorkuntza artistikoa ikerkuntzatik eta hezkuntzatik hurbilago dagoen prozesu gisa hartuta, eta ateak zabaldu behar baitira ekoizpenera eta esperimentaziora, Bilboko sorkuntzasarearen osasuna sendotzeko. HOBEKUNTZA POSITIBOKO PLANAK Azkuna Zentroan ahalegina egiten dugu sarrera zabalik uzten gure erabiltzaile guztiei, eta irisgarritasuneko neurriak sustatzen eta abiarazten ditugu, kultura- eta sorkuntza-prozesuak garatzean. 2019-2023 Proiektu Programan garatutako hobekuntza positiborako barnemugimenduan, iraunkortasun-plana jaso dugu, aurrezki energetikoa eta ingurumen-arloko hobekuntza lortzera zuzendutako ekintzekin. Irisgarritasun-plana ere badugu, espaziora eta programaziora iristeko sarbide unibertsala bermatze aldera; bai eta berdintasun-plana ere, era eta adin guztietako pertsonentzako espazioa sortzeko, berdintasunean oinarrituta. 32