ALKARREN BARRI 286 EKAINA 2022
LABAYRU FUNDAZIOA
San Juan, bagileko... Holan hasten da Bizkaia inguruan, san Joan bezperan, iluntze aldera, baserrietan eta kaleetan suteak egiten diran bitartean, oihuka esaten dan konjuruetako bat: San Juan bagileko denpora ederreko, artoak eta gariak kaxan gordeteko zapoak eta sugeak surtan erreteko. Gora san Juan!
I
zan be, uda bagilaren 21ean hasi arren, tradizinoz, udako solstizioa san Joan bezperaz, ekainaren 23an, ospatu izan da. Horixe da urteko egunik luzeena, eta gaurik laburrena be.
Baina horrez gainera, soloetara joaten ziran sutan egozan gabilak eskuan hartuta, konjuruak esanez, lurrak be lapurrengandik, sorginkerietatik eta pizti kaltegarrietatik babesteko.
Kristauen kulturan guztiz sustraitutako ospakizuna bada be, jatorria aurretikoa da, eta antzinako siniskera, erritu eta zantzu ugari gordeten dira oraindino be Europa osoan.
Egun horretako beste erritu batzuk ura eta landareakaz lotuta dagoz. Iturri eta erreketako urek, baita garoak be, podere eta indar berezia daukie solstizio egunetan, bai udakoan eta bai negukoan. Sanjoanetan ohitura zabala izan da Euskal Herrian, inontza hartzeko, eguna argitu orduko bedar gainean ortozik, edo gari-soloetan biluzik ibiltea. Baita iturrietan edo erreketan aurpegia, eskuak eta oinak garbitzea be. Hori azaleko gaixotasunak osatzeko edo urte guztian babestuta egoteko ustean egiten zan.
San Joan eguzkiagaz lotuta dago. Eguzkiak argia eta beroa dakarzkuz, suak be bai; horregaitik biak batzen dira egun horretako ospakizunetan. Bagilaren 24ko egunsentian, eguzkia dantzan urteten zala uste izanda, ohikoa zan jentea mendi tontorretara joatea bere agerraldia ikusteko. Erriturik zabalena eta ezagunena sanjoan sua dala esan geinke; berau da jaiegun honetako sinbolorik adierazgarriena. Bai lehen eta bai orain, suak pizten dira herriko plaza, auzo, baserri, solo eta bidegurutzeetan. Jente asko batzen da sua ikusteko, eta herri txikietan oraindino be, era horretako formula bereziak esaten dira: “San Juan, San Juan berde, artoa eta garia gorde, txantxikuak eta zapoak erre. Biba San Juan berde!”
Sanjoan txorta edo Doniane kargea be aitatzekoa da. Bezperan, lehenengo orduan, landarak garoagaz bustita dagozala, txortatxoa prestatzen zan ederrenak aukeratuta, bai berez hazikoak bai etxean landatutakoak. Hurrengo egunean, etxekoandra bakotxa bere txortatxoagaz joaten zan meza nagusira, eta han bedeinkatu ondoren, ganbaran ixten ziran sikatzen. Ekatxa zanean txortako zenbait bedar hartu eta surtara botaten ziran, tximistetatik babesteko. Urtean zehar erabili bako landarak hurrengo sanjoan suan erretzen ziran. Zuhaitzek be garrantzi handia hartzen dabe udako ospakizunetan. Herri askotan, gazteek arbola luze adarbakoa jartzen dabe plaza erdian edo eleizaren aurrean, donilatxa. Zuhaitza, batzuetan jaubearen baimen barik, dagoan lekutik hartzen dabe. Enborra loraz eta landaraz apaintzen dabe eta puntan trapu zaharrez edo lastoz egindako txotxongiloa, edo ikurriña jartzen dabe. Enbor hori leku batzuetan erre egiten da eta beste batzuetan luzaro ixten da bertan. Erritu hau maiatzetik aurrera egiten da eta, gaur egun, herri askotan jaietara ekarrita dago •
San Joan sua Sanjoan suak gizakia garbitu eta azaleko gaixotasunetatik babesteko ahalmena dauka, horregaitik ausartenak saltoak egiten dabez suaren gainetik. Abereei be errauts gainetik pasarazoten jaken, kalte guztietatik libre egon eitezan.
URDULIZ 2008
30
“Por San Juan las cigüeñas salen a volar”