13 minute read

HEMEROTEKA

...bihotza kargaturik begiak bustirik eta zure alaba [harri zuri finezko] tonban ehortzirik

Bertsotarako mututu zinen noizbait Donostiako Anoetako pilotalekuan 1972an. Harrezkero kito zure plaza. Handik bi urtera Zubeltzuri Deban egindako omenaldian ere isilik zu…

Advertisement

Eta Zubeltzu bera ere bai. Hura isilik, eta ni ere, hura baino gazteagoa, isilik. Basarri han zen, eta hark eman zuen azken agurra teatroan. Bazkaltzeko denboran ere besteek bezala kantatu zuen Basarrik. Zubeltzu eta ni ginen isilik egon ginenak. Zubeltzu, zaharra zelako. Ni, berriz, gaixo bat txarra pasatua nuelako. Lehenbizi bihotzetik sentitu nuen [1963, nonbait]. Sagar biltzen ari nintzela, petxuan halako min bat sentitu nuen. Zerbait gauza ona ez zela konturatu nintzen, eta hurrengo egunean medikuarenera joan nintzen. Hark etxean egoteko agindu zidan: izpietan ikusi ninduen eta ez zidan ezer bilatu; biriketan-eta, alegia. Bihotza ikusteko aparaturik ez zeukan gure herriko medikuak, eta hurrengo egunean etxera etorri zitzaidan bera.

Eta zein zenuen okerra? Petxuko anginak, haren iritzirako. Hark ez zeukala hori ikusteko aparaturik eta Donostiara joan beharko nuela. Joan nintzen eta han elektrokardiograma egin zidaten, eta baietz, egia zela herriko medikuak esandakoa, eta kontu handia edukitzeko. Erregimena jarri zidan handia Donostiako mediku hark. Egin ere ez nuela egingo pentsatu nuen lehenbiziko aldetik, baina ohitu egiten da bat edozein eratara. Gauza batekin ibili nintzen gaizki: tabakoarekin. Hori ez nuen dominatu; beste guztiak bai.

Harrezkero ere plazan ibili zinen zu, hala eta ere. Bai, beti segitu nion bertsolaritzari. Urtea joan eta urtea etorri eta banenbilen, eta hortxe zortzi urte pasatu nituen. Baina Donostiako Anoetako pilotalekuko horretan, bertsotara joanak orduan ere, eta erdilanetan geldialdi txiki bat egin genuen, beti bezala. Eta gehiago ez nuela kantatuko! Bi aldiz ahalegindu nintzen, baina ez zegoen kantatzerik. Hala, Joxe Lizasok etxera eraman ninduen. Medikua segituan ekarri nuen, eta ez zidan inportantzia handirik eman. Maiatzean, azkeneko eguna zen hura, eta banenbilen poliki-poliki.

Noiz arte poliki-poliki?

Esango dizut hori ere. Maiatzaren hamarrean, nire urtebetetzean juxtu, hirurogeita hiru urte nik orduantxe, afaltzen ari ginela eman zidan berriz ere atake batek eta konturik gabe gelditu nintzen. Ohera jaso ninduten, eta nire burua ohean ezagutu nuen. Berriz ere medikua ekarri genuen, eta Donostiara, espezialista batengana joan behar genuela esan zidan. Aita Zabala gure etxean tokatu zen eta bere eskola-lagun baten zuzenbidea eman zidan. Tolosakoa zen, Ramon Maria Otegi, Donostian kontsulta zeukana. Hark egiteko gauzarik ez neukala esan zidan. Zenbat behar zuen galdetu genion, eta ezer ere ez zuela behar esan zigun. Eta berak egin zigun beste mediku batekin kontsultatzeko modua ere, Urkolarekin, esan nahi dut.

Jabier Urkolarekin, neurologoarekin?

Ez dakit, ba, nola zuen izena. «Urkola medikua» zen guretzat... Joan gara arratsaldean Urkolagana, eta oso hondatuta nengoela esan zidan. Gurutze Gorrira joan behar nuela, han Arrazolak ikusiko ninduela. Analisiak egin zizkidaten eta ez zuten uste bezain gauza txarrik bilatu nire buruan. Tumoreren baten esperantza zuten, eta ez eduki nik halako gauzarik. Bost egunean eduki ninduten. Atzera Urkolagana bidali ninduten, eta geroztik harekin ibili nintzen. Hitzik ere ez nuen egiten harengana joan nintzenean, eta asko mejoratu ninduen. Esku eskubia ere jateko hainbat ez nuen, baina gero gizon ia egin nintzen.

Bertsotan egiteari utzi behar izan zenion, orduan. Bertsotan egiteko ez nintzen gauza, baina bertsotan egin gabe ere makina bat bizi ziren, eta nik ere hala behar izan nuen harrezkero. Burua oso mantsotu zitzaidan, nekez pentsatzen nituen gauzak, eta bertsotan egitez gero, burua azkarra behar zuen lehen, eta oraindik azkarragoa behar du gaurko egunean. Han nire lagunik ez zen bertsotan zebilenik, Basarri besterik, eta urte askoan Jainkoak lagun ziezaiola desio nion. Horrelaxe hondatuta nenbilela, igande baten lehen ibili dugun Zubeltzuren omenaldian izan ginen, eta gustu ematen zuen orduko bertsolariekin. Zortzi baziren egun hartan Deban, eta bat baino bestea ederkiago jardun ziren denak. Poz ematen zuen gazteak horrela ikusteak. Euskal Herrian ez zen orduan adina bertsolari izan sekula, eta onak gainera. Lizaso, Agirre, Lazkano, Gorrotxategi, Lasarte, Arozamena, Mugartegi eta Lazkao Txiki ziren igande hartan Deban kantatu zutenak. Oso saio ederra izan zen.

Orduan adina bertsolari ez Euskal Herrian, diozunez... Bertsolari onak, eta gazteak, gainera, nik esan ditudanak. Eta beste horrenbeste bertsolari ere bazeuden, behar izanez gero. Txanda batean batzuk, eta beste batean, aurrekoan etxean gelditu zirenak izango ziren aurrena... Gogoan daukat Txirritaren omenaldia. Bi gizaldi bezala ginen: Txirrita bera, Lujanbio, Telleri Txiki, Juan Jose Sarasola eta Fernando Alkain; horiek ziren gizaldi bat. Beste gizaldia, berriz, Basarri, Alkainen semea Iñaki, Txapel ere oso zaharra ez, eta ni ere han nintzen or- duan. Zaharrak zirenak joan ziren mundu honetatik, eta gazteak ginenak ere zahartu ginen eta larri genbiltzan zuk nahi duzun garai horretan. [1974]

Zein eta zein ziren zure garaiko bertsolari zaharrenak? Eta nola zetorren bertsolari-soka?

Zubeltzu, Artxanberri Altzokoa, Bidaniako Muñoa, Enbeita Muxikakoa, Pello Saikola eta horrelako batzuk ziren zaharrak. Haiei segitzen genienak, Basarri eta biok, Loidisaletxe Errezilkoa, Asteasuko Kortajarena, Azkoitiko Patxi Larrañaga Barbero, eta Zubikoa Sunbillakoa, baina Bankan bizi zena. Ordukoan, bertsotan zebilen zaharrena Mattin izango zen, eta umorerik onenekoa ere bai. [Eta are eta bertsolari izen-ilada luzeagoa egin digu]... Eta ni gogoratu gabe gelditu naizenak, batez ere gazteak, beste hogei baziren gutxienez hemen, sariketara presentatzen zirenak. Eta barkatu nik aitatu ez ditudanak.

Bertsolari faltarik ez...

Ez, baina bertsolariak gauza askotarako behar izaten ziren orduan: herriko festetan plazan kantatzeko; ezkontza bat zenean edo meza berri bat zenean, ezkondu aurreko afari bat zenean; edozein mezatan ere kantatzen ziren bertsoak orain, eskaintza egiterakoan. Bersolariak, lehen egiten ez zuen tokietan, askotan egiten zuen orduan kantuan. Denbora baten esan balitz elizan mezatan bertsotan egin behar zela, meza hark balio zuenik ez genuen sinistuko. Holakoxe aldaketak izaten dira.

Eta bertsolari denentzako adina plaza ba al zen?

Bai. Eta esango dizut, zenbat eta bertsolari gehiago, orduan eta lan gehiago izango du bertsolari bakoitzak. Sekulan ez zen bertsolaririk orduan hainbat aldiz ibili bertsotan. Lujanbiok esan ohi zuen, gauza handitzat bezala, Txirrita eta biak hamazazpi herritan izan zirela urte baten. Haiek egin zuten handiena hori izango zen. Haien denboran, herri batetik bestera joateko ere, ez zen, izan ere, gure garaian bezalako erraztasunik. Ahal zuten bezala ibili beharko zuten haiek, eta gure garaian, berriz, nor bere automobilean joango ziren ia bertsolari denak, eta alde ederra!

Sasoi bateko garaia, zuen aurrekoa, zeuena gero… Kontatzen ari naizen garaian, hamazazpi herri zerbitzea hilabetean egiten zuen bertsolari batek. Ez zuen hilero egingo hori, baina nik neronek ere, agorrean [agorrila] behintzat, hamabosten bat plaza egin izan nituen. Besteek ere horrelaxe. Denentzat egoten zen lana nahikoa. Gertatu izandu zen Basarri eta biok herri batera bertsotara joatea eta: ‘Zer, lehengo urtean izan duzue bertsolaririk?’, eta agureren batek erantzungo zigun: ‘Lehengo urtean ez... Oraintxe hogei bat urte izango dira Txirrita eta Pello Errota hemen izan genituela. Gogoratzen naiz udaletxeko balkoitik nola jardun zuten’. Hori herri askotako berria zen. Herri askotan ahaztuta egoten ziren noiz bertsolariak ikusi zituzten ere.

Zure garaian nahi beste sortu zirela bertsolariak, alegia. Eta gure ondorengo gizaldian ere oso ugari sortu ziren, eta ez daukagu kezkarik Euskal Herria bertsolaririk gabe gelditzeko, gu isilduagatik. Poz ematen zuen, eta poz ematen du, festa batera joan eta zortzi edo hamar bertsolari, eta denak sasoikoak... Gaixo egon nintzenean ikusi nuen. Ez zen falta izan niri zeinek lagundurik. Euskal Herri guztitik etorri zitzaidan jendea bisitatzera, eta, asko, lotsatzeko moduan, eskuak bete gauzarekin. Bizi nintzen arteko zorra banuen. Hildakoan denak ordaintzen omen dira, eta nik ere holaxe ordaindu beharko nituen.

Bizi arteko zorra… «Zor zaharra, zor txarra» diote...

Hala zen gure garaian eta hala izango da geroan ere... Eta orain nire berriketa hau bukatu egingo dut. Zer esaten ari naizen ere asko ez dakit, eta hobe izango da garaiz erretiratzea. Sermoi txarra ere, zenbat eta luzeago eta okerrago izan ohi da. Nire berriketa ere hala izango delakoan nago. Eskerrik asko niri laguntza egin zidaten guztiei, eta baita Euskal Herriko bertsolari guztiei ere. Nire alde bertsotan egin zuten gehienek, eta, behartu izan banintz, egin ez zutenek ere pozik egingo zutelakoan nengoen. Eskerrak Euskal Herri guztiari ere, eta nire berriketa hau hementxe bukatzen da. •

HIK HASI 2022-06-02

ARG: FOKU

Txikien Neurrira Bertsotan

Gurasotasuna edo amatasuna bertso jardunarekin uztartzeaz hitz egin genuen Erika Lagoma Pombarrekin (Lesaka), Uxue Alberdi Estibaritzekin (Elgoibar), Amaia Agirre Arrastoarekin (Villabona) eta Oihana Iguaran Barandiaranekin (Amasa). Euren bizipenak eta biziraupenak aletu ondoren bertsoa eta gurasotasuna/ amatasuna definitzeko hitz bana izan zen lehen eskaera.

Has gaitezen amaieratik. Uxue Alberdi k umorez “ezin da bukaera pentsatu!” bota zuen eta kantuarekin lotu zuen. Oihana Iguaran ek ere berdintsu “erditze osoa abesten pasa nuen eta haurra jaiotakoan ezin nuen kantatu, prozesu horretan kantatu izanak horretara lotzen ninduen eta arnasa ixten zitzaidan…” Neurriarekin ere lotzen du tasun berri hau. Amaia Agirre k enpatia eta errespetua izan zituen ahotan baina baita kantua bera ere, haur jaioberri txikiari kantatzea kosta egiten baitzitzaion egun batzuetan. Amatasuna eta bertsogintza orain gutxi arte oximorona izan direla aldarrikatu zuen Erika Lagomak: “pentsatu egin behar dugu hau nola eraiki, benetan jasangarria izan dadin”.

Bertsogintzan bezala, amaieratik hasierara itzuliz, haurrak izateko erabakia hartzean bertsolaritzak baldintzatu ote zituen galdetuta Iguaranek dio orain gehiago eragingo liokeela bertsoaren agendak, segur aski, erabakia hartu zuenean baino, orduan gehiago baitzegoen barne gatazkei begira: “guraso izateko desio hori nondik zetorkidan argitu beharra izan nuen, denbora hartu nuen horretarako, asko irakurri nuen eta bertsokideekin hitz egiteak ere asko lagundu zidan”. Haurdun geratu zenean eta haurra uda garaian jaiotzekoa zela jakinik jende dezentek aipatu omen zion uda galduko zuela (udan saio mordoska izaten da). Gipuzkoako Txapelketan zehar nolabaiteko larritasuna bizi izan zuen, uda galdu horren ondoren kantuan jarraitzekotan finalean sartu behar zuela edo gutxienez Euskal Herriko Txapelketara sailkatu behar zuela sentitzen baitzuen.

Agirrek gogoan du 2003ko Gipuzkoako Txapelketako finalean kantatu ostean orduko bikotekidearekin gaiaz hitz egin zutela eta oraindik bertsotan gehiago egin zezakeela sinestuz gurasotasuna atzeratzea erabaki zutela. Egungo bikotearekin hasi eta gutxira erabaki zuten pausua ematea eta ama biologikoa bere kidea izateko motiboetako bat, hain zuzen ere, bertsoa izan zela dio.

Alberdiren kasuan, bere lehen haurdunaldiak bat egin zuen bere txapelketetako ibilbideko unerik gorenarekin baina horrek ez zion zalantzarik eragin. 2011ko Gipuzkoako Txapelketa bete-betean jaio zen lehen umea eta sentitu zuen txapelketaren ziklikotasun horrek “sekula ez zaituela ongi harrapatzen” bizi eta sormen proiektuetarako eta lehiatzeari muzin egitea erabaki zuen, “desagertzeko beldur handia” sentituagatik. Bigarren haurrarekin are gutxiago erreparatu zion datari.

Lagoma ere ez zen baldintzatua sentitu ez baitzebilen bereziki bertsotan. Ama izandakoan, baina, bere alderdi hori faltan ematen zuela jabetu zen eta haurrek bi urte [bikiak ditu] egin zituztenean berriz eman zuen plazarako pausua. “Ezinezkoa” egiten zitzaion hiru zutabeak uztartzea: bi umeren kargu egitea, bertsogintza eta lana: “Gezur handi hori sinetsita izan nintzen ama, pentsatuz ahal izango nuela lehen egiten nuen guztia egiten segi:

Nafarroako Txapelketan kantatu nuen, ikasketekin segi nuen, Euskal Herrikoan kantatu ostean saio batzuk ere heldu zitzaizkidan… eta krak egin nuen, gorputzak geldiarazi zidan burua”.

Bateragarritasunari begira, talka gehiago ere aipatu zituen lesakarrak: etxetik joaten zenean sortzen zen drama (5 minututara baretuagatik beregan zeramana), bueltan haurrek hartzen zuten zigorjarrera eta karga mentalak ekarritako neke kronikoa “hori guztia kokteleran sartu eta oholtzara inprobisatzera igotzea ez zen erraza”.

Kontziliazioa-edo

Agirrek, lehen haurra jaiotzear zela bertsoeskolak utzi zituen ordutegi jasangarriagoak izatearren eta bikoteak horiei eusteko esan bazion ere, berak argi zeukan horri uko egingo ziola eta hartara eramangarriagoa izango zela bertso-jardunari eustea. Bertso afari batzuetan asko sufritu zuen, hala ere, etxekoen kezkatan eta gainera ez ulertua sentitzen zen zenbait testuingurutan; “ezta haurra aitarekin utzi bazenu ere!” entzun zuen inoiz eta berak bazuen halako beldur bat, bere papera defendatu nahi bat, haurraren karroa eramanez, motxilatxoan berak hartuz eta baita besteen epaiari begirako apurua ere, bikotekideak “orain ere badoa” esango ote zuen bera joandakoan, ez zuen berak aisi eremuan askotan sumatzen zuen “aita postizo” horrekin analogiarik egin ziezaioten nahi. Orain bertsotan ez ezik gai-jartzaile ere badabil eta batzuetan gaizki sentitzen da horrek ordu asko hartzen dizkiolako, etxean dagoenean ere, baina, aldi berean, asko ematen dio bertso munduak.

Iguaranentzat garrantzitsua izan zen aurrez Alberdiren eredua eduki izana, posible zela sinesteko. Ez zeukan argi nola sentituko zen haurra jaiotakoan eta argiago zeukan gauzak nola ez zituen nahi nola bai baino: “Txikia jaio eta bi hilabetera-edo berriz bertsotarako gogoa, inbidia… sentitzen hasi nintzenean asko poztu nintzen, mundu horretara itzultzeko irrika nigan sentitzeak poza eman zidan eta hasitakoan, nire zati hori berreskuratzeak arnasa ematen zidan”. Pandemiak gauza asko zaildu dituela baina bertsoa logistikaz kontziliagarriagoa egin duela aipatzen du, ordutegiz bereziki: “LABIk zehaztutako arauekin irisgarriagoa egin zait bertso jarduna” zehaztu du, umorez baina benetan. Enplegu-lanaren aldean, malguagoa egin zitzaion bertsogintza hasieratik, ordu kopuruz dosifikatuagoa… Hori bai, zaintza baimenei begira uste du bertso saio batean aritzeko ahala izateak ez duela esan nahi jardun osoan itzultzeko moduan zaudenik eta “zer hobetu handia” dagoela. Denek egin zuten bat adierazpenarekin, Alberdiren kasuan ez zuen zaintza baimenik hartu irabazi baino gehiago galduko zukeelako eta Lagomaren kasuan ere, garai hartan baimenak orain baino ere laburragoak zirenez, baimen motza izan zutela oso bikoteak. Kontziliazioa hizpide, Alberdik dio uztarketa ez-ohikoa dela euren etxekoa, guraso biak artistak baitira, baina badauzkala alde onak: “aste barruan biok gaude etxe-jiran egun guztian, otorduak elkarrekin egiten ditugu eta bion jardunari garrantzia bera emanez, bidean joaten gara zailtasunak ebazten”.

Lan jarduera nagusi gisa bertsoa izan edo ez, aldea handia dela adierazi dute: “Niri alderdi ekonomikoak ez zidan laguntzen, aukeratzerik banu agian bertsoa baino lehenago Ikastolako lana utziko nukeen, baina orduan ez nion hori baimentzen nire buruari, orain hasi naiz jardun murriztua hartzen. Hain zuzen, haurrek bi urte zituztelarik propio aldatu nuen lanez, opor guztiak haurrekin pasa ahal izateko… Eta hezkuntza ez da edozein lan, energia asko xurgatzen dizu”, dio Lagomak. Momentu horretan ez zuen kantura joateko gogo berezirik sentitzen nekearengatik baina mugarria jarri zuen, haurrek 10 urte betetzean, berak 40 izango zituela eta orduan “itzuli” egingo zela, eta halaxe egin du.

Iguarani bertsogintza profesionalki begiratzeak asko lagundu dio bere buruari bertsotarako baimena edo askatasuna ematen, nahiz eta hala izan beharrak pena ematen dion. Alberdirenean ere guraso izatean erabaki zuten saioetan kobratuko zuen tarifa igotzea, “aitortza” edo apustu gisa, batetik, eta bestetik, haurrak zaintzeko beste pertsona bati ordaindu behar zionarekin galtzen atera baitzitekeen bestela… Babesaren premiaz hitz egin dute guztiek, Iguaranek zehazki, ingurukoen jarrerak aurrera bidean lagundu egin diola eta “esan baietz eta gero moldatuko gara!” , entzuteak aurrerako bultzada ematen diola sentitzen du.

Erruduntasuna eta epaia Solasaldi osoa zeharkatu du erruduntasunaren gaiak, izan sentitu dutelako, sentitu ez dutelako edo errua deseraikitzeko jarrera aktiboa hartu behar izan dutelako. Tarteka-marteka, Alberdik aipatutako “zeharkako kontrolak” ere denei egin die kalte, izan “ez zegokien” leku edo gorputz batetik ari zirela sentitu dutelako (umore mota batzuk ez balegozkie bezala, esaterako), edo “ama izan ondoren bertsotan zein goiz hasi diren” entzun izan dutelako. Arrazoia biologikoa, kulturala, izakera edo dena delakoa izanagatik ere Lagomak “kulpa”sentitzen zuen oholtzaratzean, beste nonbait egon behar zukeela eta leku denetan egon ezin zuenez argi zuen “zer ezin zuen utzi”. Bertso jardunetik urruntzeko erabakia ziur hartu zuen arren, bidean faltan eman ditu gauza asko. Etxekoen babesa izanagatik nahasia izan da berarentzat emozio saltsa: “Nik, gainera, ez dakit zer den ume bat izatea, badakit zer den bi izatea eta horren intentsitatea eta karga mental bikoiztua…” eta uste du jendarte gisa denok hartu behar genukeela ardura honetan, “gai honek denok zeharkatzen gaituelako, ama izan dena, izango ez dena, izango dena…”. Agirrek ere “komunitate zentzu oso txikia” dugula gaineratu du.

Villabonakoak oso presente du txapelketako saio batera bidean, bikotea haurdunaldiaren azken-azken txanpan zegoela, berarengandik urruntzean bizi zuen erruduntasuna eta nola sentitu zuen, behin harrezkero, saiora zihoanez gero, bai ala bai, horri buruz kantatu beharra eta errealitate bat ikusarazteko ardura. Gogoeta eginez ohartu da amatasunak lagundu ziola bere “lesbiana izaera” plazaratzen, ordura arte erdi isilduta izan ondoren. Bere amatasuna, gainerakoan, ia oharkabean pasa dela uste du eta horri buruz apenas kantatu izanaren arantzatxoa daukala.

Iguaranek aipatzen du, kideen testigantzei esker piztuta zeuzkala heldu zitezkeen emozio batzuekiko “alarma gorriak”, erruari eta epaiari lotuak bereziki. Etorri direnean, aurreikusiak izanagatik, min puntu bat eman diotela eta kudeatzea pixka bat kosta zaiola dio: “Aldi berean, uste dut horrek berak ekarri didala nire buruari profesionalak ez diren beste gauzetarako baimena ematea; umearekin joan naiz askotan lagunengana eta bertso alorrekoak bihurtu zarete aisialdi zati hori (…), egindakoa begiratzen ari naiz eta aldiro pentsatzen nola egin dezakegun hobeto”.

Zaintza molde honi guztiari buruz aritzeko kontzeptu gisa “parenting-a, gurasotasuna eta amatasuna” hartu dituzte ahotan eta zenbait eredu zartatu, lurrera ekarri eta laxatu beharra aipatu dute. “Ezagutzen ditudan ama guztiak sentitu izan dira epaituak barrutik eta kanpotik; nik ere muturreko exijentzia nuen nirekiko eta diskurtsoak eskatzen nizkion nire buruari, kasik biziraupen fasean nengoenean…” dio Alberdik. Bigarren haurrarekin erabaki omen zuen ez zuela kulpatik bizi nahi eta bere identitatean hain errotuta zegoen sormena beharrezko zuela: “Bigarrenarekin ez daukat oroitzapenik etxetik kulparekin atera izanarena (…). Nire ama oso independientea izan da, ordu asko pasatzen zituen egunero lanean, balioa ematen zion aisialdiari, bere ahizpari, kirolari… Berarentzat ez zen seme-alabak eta gero beste guztia, bestelako eskema bat izan du… Eta independentzia horren balioetan hezi izanak gauza batzuetan lagundu egin dit”.

Agirrek buruan du haurrak minbizia izan zuen garaian, ez zekiela jendeak ulertzen ote zuen, epaitzen ote zuen, baina berak bertsotara joateko premia zeukala: “Nire ihesbidea zen, batzuetan ezin da, buruak eta gorputzak ez baitute erantzuten, baina besteetan, lo egin gabe bertsotara joanda ere pilak kargatuta itzultzen nintzen… Ez egoari jaten emateagatik, lagunekin egoteak, munduak martxan jarraitzen zuela sentitzeak, sortzen disfruta nezakeela ikusteak… lagundu egiten zidalako baizik. Lagomak, ostera, zegoen lekua ez zegokiola sentitzen zuen, beraz, “iruzurgile sindrome” horrekin eta gainerako “pastel guztiarekin” ez omen zen baldintzarik onenetan iristen bertso plazara.

Haurretik aurrera

Lagomak iradoki du norberari bertsotarako baimena diru-iturri denean soilik eman beharra tristea dela eta “eraikuntzan” dagoen zerbait dela amatasuna eta bertso-jarduna, “ongi landu beharrekoa” jasangarria izan dadin. Alberdik dio, errealki, “punta-puntako bertsolaria” izan ezean zaila dela “hor mantentzea”. Iguaranek ere buruan du “datozenei espazio bat”, babes bat eman nahia eta espazio hori eman ezean “desagertzeko dagoen arriskuaz” hitz egin du Lagomak: “Haur txikiak izan berri dituzten emakume horientzat antolatuko bagenitu urtean hiruzpalau bertso saio goxo, baldintza zainduetan, ez existitzearen sentsazio hori izan ez dezaten… Ederra litzateke eta ez da hainbeste kostatzen hori egitea”.

Agirrek, atzera begiratuta, sentitzen du berak bere amatasuna bizitzeko era aztertu duenetik, “gai-jartzaile gisa amatasun ezberdinen errealitatea islatzeko premia handia” sentitu duela, batzuetan gehiegizkoa izan ote den ere pentsatu izan du: “Bertsolari garaian besteekiko epai edo ukazio jarrera izan ondoren, gerora, barruak kontrakoa eskatzen dit, gaia ateratzea, bertsolari bezala ezin badut gai-jartzaile bezala (…), oholtzan eta oholtzatik kanpo, baldintza guztiei begira jarri behar baitugu oholtzan amak nahi baldin baditugu”. Behar eta baldintzekiko sentiberatasun handia garatu du eta bertsokideren bat saiora haur jaioberriarekin joatekoa bada aparkatzeko leku bat gordetzen, bularra emateko espazio bat bermatzen, zaintzailearentzat gune bat bilatzen… saiatu da: “Gauza sinpleak dira, baina eskatu ezean, jendea ez da ohartzen… Eta oholtzara ez zara berdin igotzen, hori guztia bermatuta dagoenean edo ez dagoenean”. Iguaranek, egituraz horrela izaten ez denaren adierazgarri, “zaintzak blokeatu” egin izan duela dio: “Harritu xqere egin izan nau kontuan hartzeak”.

Alberdik, zentzu zabalean, aurrera begira, existitzen segitzekotan, honi guztiari eta gehiagori arreta jarri beharko dietela uste du eta orain egiten denak edo ez denak baldintzatuko duela geroa: “Gai hauei lekua eman behar zaie bertsosaioetan eta baita saioen aurre-ondorenetan ere. Irautekotan, plaza bizitzari egokitu beharko zaio”. •

This article is from: