5 minute read

Xalbadorren katarsitik Sarasuaren krisira

TESTUA: KEPA MATXAIN

ARGAZKIAK: XDZ

Advertisement

Demagun bertso ikuskizunak baduela kode espezifiko bat, ez performancearena, ez literaturarena, baizik eta ahozko inprobisazio performatuarena –tradizioz kultura popularrari lotua–, eta kode espezifiko horren anbiguotasunak zeharo despistatu izan dituela zenbait historikoki –bertsolariei “poeta kaskar” deitzen zietenak, bertsolaritza tabernazulotik antzokietara eraman behar zela aldarrikatzen zutenak, “autore bertsolaritza” planteatzera iritsi zirenak–, eta despistatzen dituela beste zenbait egun –hala-holako formula hibridoei fede apurtzailez erreparatzen dietenak eta abar luze bat–. Demagun, diot, kode bakar bat duela esatea asko erreduzitzea izan daitekeelako, eta, zer esanik ez, ibilian-ibilian kode horrek propio izateari utz diezaiokeelako –zer da propioa, izan ere?–. Baina uler gaitezen: demagun bertso-espazioak, jendaurreko ikuskizun bezala egonkortzen den unetik, sortzen dituela tradiziozko joko arau konbentzional batzuk, denboran zehar moldatu arren oraindik antzeratsu irauten dutenak –eta, itxura guztien arabera, aurrerantzean ere halatsu iraungo dutenak–. Eta Arg: Gari Garaialde demagun joko arau horien funtsa dela bertsolarien eta entzuleen arteko adostasun inplizitu bat, arrazoiketa entimematikoan gauzatzen dena: bertsolariak kantatzen du mezua, entzuleak aktiboki osatzen du hark kantatu nahi duenaren esanahia –oroitu irudiaz: bertsolariak azken puntua kantatzerako hor ari da kantuan entzulea, hari aurrea hartuta–, eta bi aldeen arteko elkarlanak ematen dio zentzua gertakariari. Hortik topikoa: bertsolaria herriaren ahotsa omen. Badu egiatik, alde batera: entzuleak esanahiaren eraikuntzan zenbat eta gehiago parte hartu, orduan eta lotura estuagoa bi aldeen artean. Lokarri hori hauts ez dadin, bertsolariak saihesten du entzuleek gustuko ez dutena kantatzea, eta entzuleak saiatzen dira bertsolariak kantatutakoa txalotzen –bereziki distiratsua ez den kasuetan ere–. Eta bertsolaria eta entzulea mezu berean errekonozitzen direnean, leherketa gertatzen da: katarsia.

Bertsolariak txaloak behar ditu, eta bertsozalearen txaloak, salbuespenak salbuespen, kontsentsuzkoak dira. Zer gertatzen da, ordea, zerbaitengatik kontsentsu hori erabat puskatzen denean?

Inork esango du bertso kodean errekonozimendurako tartea adinakoa dagoela harridurarako. Edo, Andoni Egañaren hitzetan esateko, “jakina”-ko bertsoak ez ezik “joño”-koak ere entzuten direla, –zer da ateraldia, entzulea ustekabean harrapatzea ez bada?–. Eta bai, noski, bertsoen funtsezko alderdietako bat da sorpresa kolpea, baina sorpresa neurtu bat izan ohi da ia beti, balio eta sinesmen sistema partekatu baten baitan ematen den sorpresa –eta, beraz, kontsentsuaren beste forma bat–. “Joño” eta “jakina” ezin dira erabat bereizi: entzuleak “joño!” dioenean, “joño-jakina!” esaten du zinez.

Inork esango du harridurarako ez ezik konfrontaziorako tartea ere eskaintzen duela bertsolaritzak. Eta bai, noski: gizarte egoera tentsiozkoan, eztabaida ideologiko bizian, bertsolariak mezu politiko jakin bat hauspotzeko erabili izan du tranpaldoa, zenbait entzuleren babesa arriskuan jarriz. Baina hori gertatu izan denetan ere, beti bilatu du norbaiten onarpena –gutxiengoarena agian, baina onarpena, finean–. Bertsolariak txaloak behar ditu, eta bertsozalearen txaloak, konbentzionalki, salbuespenak salbuespen, kontsentsuzkoak dira.

Zer gertatzen da, ordea, zerbaitengatik kontsentsu hori erabat puskatzen denean? Zer, bertsolaritzaren kode propio hori aldez edo moldez zartatzen denean? Jarraian aztertuko dira bertsolaritzaren historiara igaro diren bi kasu ezagun. Biak Donostian gertatuak, biak aski ezberdinak, baina bietan hautsi zen bertsolaritzaren balizko kode propio hori. Batetik bestera, 24 urte eta 450 metro: Anoeta pilotalekuan Xalbadorri egindako txistu jotzea, batetik, eta Anoetako Belodromoan Jon Sarasuak egindako “tongoa”, bestetik.

XALBADOR, EDO NOLA BIHURTU

Krisia Katarsi

Donostiako Anoeta pilotalekua, 1967ko ekainaren 11. Gerraosteko sikatearekin amaitu asmoz, zazpi urtean laugarren bertsolari txapelketa antolatu du Euskaltzaindiak. Hamar lagun iritsi dira finalera: Migel Arozamena, Txomin Garmendia, Jose Luis Gorrotxategi, Lazkao Txiki, Jon Lopategi, Bautista Madariaga, Xal- bador, Jon Mugartegi, Mattin Treku eta Uztapide. Entzule kopuru zehatzik ez da: 3.000 eta 4.000 bitartean, garaiko kroniken arabera. Aurreko txapelketan txapeldun eta txapeldunorde izandako Uztapide eta Lazkao-Txiki zuzenean lehiatuko dira arratsaldeko saiorako sailkatzen direnekin. Eguerdiko etenaldian jakin dira gainontzeko sailkatuen izenak: Lopategi, Xalbador eta Gorrotxategi. Arratsaldeko saiora goizekora baino are jende gehiago gerturatu da. Boskoteak bere lanak amaitutakoan, epaiaren zain gelditu dira entzuleak. Azkenean, zenbait minutuko tentsioaren ondotik, Alfontso Irigoienek irakurri du epaileen deliberoa: azken fasera igaroko dira Uztapide eta Xalbador.

Orduan hasten da historiara igaro den unea. Bazebilen aurrez zurrumurrua, eta halaxe gertatu da: entzule askok txistu jotzeari ekin dio, luzaz –bospasei minutuko txistukada aipatzen du zenbaitek–. Ez daude ados epaileen erabakiarekin, Lazkao Txiki nahi dute Uztapiderekin lehian. Maite dute Lazkao Txiki, beretakoa da, umoretsua, sentikorra, baina bizia eztenean. Aldiz, Xalbador, poeta kutsuko bertsolari baxenafar hura, urruneko zaie, ez diote erabat ulertzen gehienetan, hark bere mintzamoldea etengabe gipuzkoartzen badu ere. Txistu jo diote, beraz, erabakiari, txistu epaileei, baina txistuak ez daki norabide bakarrean joaten, eta bidean kolpatu du Xalbador bera ere. Bertso kodea zartatu da: entzuleek ez dute bera nahi, txaloak kentzea aski ez eta txistu jotzen diote. Zerbait ez dabil ondo. Lazkao Txiki ere ez dago eroso: “Ez zagok honetarako eskubiderik”, esan dio belarrira Jon Lopategiri, eta biak, atzeko eserlekuetatik altxaz, txistu artean txaloka hasi dira. Haien txaloekin batera entzuten dira zenbait entzulerenak ere, baina zerikusirik ez txistuen zalapartarekin, erabat zanpatzen dituzte. Bien bitartean, Uztapide eta Xalbador, isilik, mikroaren aurrean, noiz kantari hasiko zain. daki norabide bakarrean joaten, eta bidean kolpatu du Xalbador bera ere. Bertso kodea zartatu da: entzuleek ez dute bera nahi, txaloak kentzea aski ez eta txistu jotzen diote. Zerbait ez dabil ondo. Lazkao

Txiki ere ez dago eroso.

Halako batean baretu dira entzuleak, eta Uztapidek bota du bere agurra. Xalbadorren txanda iristean berriro ere txistu hotsak entzun dira, baina oraingoan txalo indartsuekin nahasirik –bere aldekoak zutik jarri eta esku zartaka dabiltza–. Segidan, Xalbadorrek, eztarria garbituz, ekin dio. Kantuan hastearekin bat isildu da pilotalekua: “Anai-arrebak, ez, otoi, pentsa / neure gustora nagonik, poz gehiago izango nuen / albotik bea egonik”. Ilun du begirasuna, ez du mikrofonoaz harago erreparatzen, badaki zer esan nahi duen eta horretara jarrita ditu indar guztiak. Pilotalekua erne dauka. “Zuek ezpazerate kontentu / errua ez daukat ez nik”. Txaloak lehertu dira aretoan, “txistuak jo…” jarraitzeko imintzioa egin arren, isildu beharra dauka, zaratak ez dio jarraitzen uzten. Entzuleak, barren hustuta, suminduratik erruduntasunera igarotzen sentitzen ditu orain. Listua irentsi du. Bere baitara bilduta segitzen du. Zain dago, zarata noiz apalduko, azken tiroa botatzeko. Badaki azken puntuaren indarra azken aurrekoarekin kateatzetik datorrela hein handi batean, eta errepikatu egiten du: “Zuek ezpazerate kontentu / errua ez daukat ez nik /”. Eta errematatzen du: “txistuak jo dituzute bainan / maite zaituztet oraindik”. Zoramena harmailetan. Anoeta pilotalekuak eztanda egin du. Lehengo txistuak txalo zaparrada bihurtu dira, bertso-kodea berrezarri da, eta saioak normaltasunez jarrai dezake aurrera. Hala egiten du, egitez. Handik pixka batera, epaimahaiak Uztapide izendatu du txapeldun, eta Xalbadorri saioko bertsorik onenaren saria eman dio.

Agurreko bertsoetan, Lazkao Txikik txistuei heldu die berriro, mesedez Xalbadorri inoiz gehiago halakorik ez egiteko eskatuz. Urepelekoak besarkada batekin eskertu dio keinua. Bere txanda heltzean, oraindik emozioek gain eginda, nola-halako agurra ezpaineratu du: “ Ez dakit egun zer pasatu den / nik frontoi unen barruan / olako gauza ez-berdin batzuk / pasatzen dira munduan / bertzen txistuak entzunik ez naiz / ni oso pozikan juan / txapela beti ondo dagola / lenago zagon lekuan”.

Gerora ere, behin baino gehiagotan adieraziko du Gipuzkoarekin duen maitasun-gorroto harremana (O, Gipuzkoa, maitatu zaitut bertso sortan, kasurako).

Anoetan gertatua Xalbadorretik harago doa, edonola. Iru-Garate delako batek hala dio Zeruko Argiako kronikan: “Epaimahaikoek bazekiten zortzi bat egun lehenago batzuk txistuak jotzekotan zirela”. Antzeratsu epaile lanetan aritutako Juan Mari Lekuonak: “Inpresioa daukat bospasei minutu luzez iraun zuen txistukada hori aldez aurretik mamitua zegoela; azken saioa aurretik bazegoen halako giro bat, edonolako epaiak ere bete-betea utziko ez lukeena”. Bistan da, azken fasera nor pasako baino puskaz auzi konplexuagoa ezkutatzen du txistu jotzeak: aurrenekoz, bertsozale askok publikoki erakutsi dute ez datozela bat epaileen irizpideekin; arrotz zaiela tribunal autoizendatu hori, eta matxinatu egiten direla haren erabakien aurka. “Herriarekin ez duk jolasten”, bota dio apaiz lagun batek Lekuonari. Epaileak ez ezik, txapelketa sistema bera geratu da auzitan, asko eta asko egun hartan bertan ohartu diren bezala. Euskaltzaindiak halakoak antolatzeari utziko dio puska luze baterako. Bien bitartean, Xalbador inoiz baino maitatuago bilakatuko da.

Epaileak ez ezik, txapelketa sistema bera geratu da auzitan, asko eta asko egun hartan bertan ohartu diren bezala. Euskaltzaindiak halakoak antolatzeari utziko dio puska luze baterako.

This article is from: