2 minute read

TTAKUN

Gizonez zein gizonei horrenbeste kantu, gizonekin, gizonki ohi dugu kantatu... Aitzakian galderak nahi ditut kokatu... Nik galdetuko dizut, zuk lasai kontatu.

Arreta jartzen zaio emakumeari, (plural bila ez dabil hainbat begi adi), “gizonak” esaten da, sendo, irmo, handi. Baina ba ote zara denen ordezkari?

Advertisement

Gizonek zenbat kargu, postu eta toki... Banan banan nahiz zenbait suertatu egoki, orokorrean eta estrategikoki, denak gorroto ditut kategorikoki.

Mundua baldin bada zuen legekoa, zuen tokiko bezain zuen mendekoa... Noiz izan zaizu traba, noiz mesedekoa izatea “gizonen” talde berekoa?

Galdetu nahi nizuke tonu seguruan, baina dena zait duda iritzi puruan... Haritz, entzunez gero zure inguruan, “not all men” entzutean zer duzu buruan?

Hitz egiten baitute puskaz goxoago, ikusten baitzaizkie puskak osoago… Sentiarazten naute (nahiko argi dago) gizontasun “berriek” deserosoago.

Noren hitz-denboratik nork zer zurrupatu? Nork eremuak utzi? Zeinek okupatu? Pribilegioak nor eta noiz aupatu… Nirea noiz erantzi ezin dut hautatu.

Kalera lasai joan litekeenak mudan, parrandan beldurrik ez daramanak udan, etengabe sentitu ohi ez denak gudan… Dena erraz duenak zer jartzen du dudan?

Hamaika bertso berrik (duda hestez-heste) galderatik daukate asko bataz beste. Zureaz esan baitut desio hainbeste… Hurrengoan nireaz aritu gaitezke.

Haritz Mujika

Asko beharrak eraman izan ditu gutizira; Zuen bilkura modu horretan ez al da hazi ba?

Gizonarte hutsak dauzkadalako lur zorrotz, labaintzat...

Talde anitzak segurtasuna dakarkit ordaintzat.

Uxatzen naute tabernek, ehizak ta kirol eskaintzak...

Kezkatu modak, garbitasunak, gurasoen zaintzak...

Ta hala ere naukazu berdinbidean, orbaintzat... Gizontasunak noiz hartu ditu ertz horiek aintzat?

Gure ardurez arduratzeko mila dira erak: bistaratu lan ikusezinak, ahalbidetu grebak.

DOINUA: ”LANGILE BATEN SEMEA NAIZ NI”

Mingaina mizto, eskuak labain, begiak bi laser gorputzak gorpu, laztanak bortxa, boterea plazer...

Deitu eskrupulogabe, giza historiaren kantzer.

Ezin ukatu egia denik esandako ezer

Beraz, tori nire onarpen, damu, barkamen; edozer. Hori guztia guk egin dugu bueno, ta orain zer?

Mutikoxkorra noiz bihurtzen da mehatxu, gizongai?

Harremantzeko botere tresnak hartzean aldagai?

#NotAllMen aldarrikatuz ari baldin bada nornahi ez al da izango dagokiona ez duelako nahi?

Gure ekintzaren ardura norberea delako, ai...!

Ta gainontzeko gizonenaren zati bat ere bai.

Lubakiaren bi alde parekatzea desira, beti irrifartsu, dantzan ta kantuz hurbilduz hesira. Nik ere gehitu nahi nuke more kolore bizira, alde honetan borroka zuri beltzean bizi da.

Batzuentzako dena delako “Betiko”, “Berezko”... Ar izateak emandakoa hartzea bidezko. Ta sistema iraultzea besteontzat ezinezko, pribilegioei uko egiteko zenbat gaude (edo daude?) presto? Hemen erdi eme gera hor erabat gizonezko, akonplejatu zapaltzaileok beti “Inon ez”ko.

Testosterona ahotik joaten zaie bi hereni, giharrak gogor, harrokeriaz hobe ez abszeni.

Baina Gizon hitzak badu “On”ek aina polisemi, jarrera, kezka zein gorputz forma, desio zein premi... Asko ez gera “Gizon-gizon” nahiz igual hala komeni...

Ez ote dago #NewMen talderik non sar nintekeen ni?

Nahiz feminismoak soilik berdin ditzaken paperak aliatzeko aski ez ote dira kezka berak?

Nahiz egina norberetzat egiten duen norberak zuk esatea nahi nuke “ongi ari zarete” bat.

Guretzat ere zalantza beldur iturri izan da.

Noiz galduko dut edertasuna?, Hitza hartzeko txanda?, Nola zahartuko naiz ta noiz bukatuko zait parranda?, Maiteko al naute?, Ezin ote dut umerik izan ba...?

Ta zuen hitza nahiz ez den beldurraren soinu banda... Errespetua eragiten dit egia esanda.

Zapalkuntzari ta beldurrari, inkisizioa!

Ahalduntzeak behar du denok dugun misioa.

Ar, harro, orro, arre, aker… Gaur erre tradizioa!

Soinu leunak dira bidea (intuizioa).

Gizon moduan ez dut nahi aurkeztu dimisioa aldatu baizik itotzen nauen definizioa.

This article is from: