4 minute read

SUZIRI HOTSA

Zauriak erre

Lau gorputz talde bat dira; kolektibo bat, tarteka. Lau adardun soin bakarra, inoiz: oholtza gainean daudenean, bizpahiru ikusentzule edo gehiagok adi-adi so egiten dietenean, eszena batetik bestera trantsizioa egiteko performatu berri duten larrua erantzi eta egoera berri bat eraikitzeko oholtzan koordinazio ia perfektuan mugitzen direnean, berba barik. Errepikapenaren errepikapenaz, automatiko. Segundo bakan horietan non ekintza sinpleenek zentralitatea hartzen duten, non bakoitzaren ale ñimiñoa oinarrizko bilakatzen den datorrenari forma emateko, diluitu egiten dira gure hegalak nolabait: garen norbanakoen arteko zubien ahulguneak galtzen dira kontzentrazioaren mesedetan. Eta enbor bat izan nahi duten lau adar gara. Kolektibo bat.

Advertisement

Ez da emanaldiro gertatzen, ez astebururo. Batzuetan sartuegi gaude geure buruan, norbere gatazka eta minetan, edo norbere poz indibidualean. Baina, argiak pizten diren aldiro, amaierako txalo zaparrada edo zirimiriaren azken tantak irentsi eta oholtzatik jaisten garen aldiro, orduan bai, orduan lau gara. Antzezten ditugun gu esajeratu horien eiteak eranzten ditugun bakoitzean, berriz hartzen dute erdigunea askotariko ezkutu, labana eta zauridun gorputzek eta gure arteko lokarri eta amildegiek.

Lagun talde ginen batera sortzen duen talde bilakatu aurretik, izan ere; ez, sikiera, lagun talde itxi, zehaztu, ezpada hainbat espazio eta egoeratan eta beste hainbat tartean zirela bat egiten zuten lau lagun. Bilbe amaigabe batean galtzen ziren gure arteko loturak eta erraz ahantz genitzakeen partekatutako historiak, gehienetan. Zelai zabal bat geneukan gure artekoei aske arnasten uzteko, nahi genuenean elkartu eta nahi genuenean elkarrengandik aldentzeko.

Eta, espero barik, lau horma erditu zituen lurrak gure inguruan batera sortzeko proposamenari baiezkoa eman genion egun hartan; aterik edukiagatik, nahitaez habitatu beharko genituen lau horma. Etxe dei zitekeen espazioa, baina etxea beti da aldebiko ezpata, berdin izan baitaiteke babesgune eta kartzela. Uste baino leku handiagoa har dezake norberak murruek mugatutako espazio batera sartzean. Baita bizikideek ere.

Sortzeak eskatzen duen biluzteak eraman gintuen, agian, elkarren haragi gorriak besarkatu nahi eta besteari min ematera, edo bestearen atzamar trebeen aurrean kikiltzera. Gela bat baikeneukan laurontzat, eta gela batean barrez leher daitezke lau lagun, baina gela bat itogarria bihur daiteke barruko egoak joko-zelaia hartzen dutenean. Elkar mintzeko asmo arrastorik izan ez arren, geure burua zalantzan jartzera garamatzalako maiz sorkuntzak, formula barik norberak norberetik ateratako ez-soluzioak entseatzea eskatzen digulako. Eta hori zaila da norberaren gelan atea itxita dagoenean, zaila da paper zuriaren aurrean. Bada, bozgoran, besterekin ari garenean, tabernan geundeneko eztabaidak daude horren gainean. Plazak bakoitzari eman dion lekua dago horren gainean. Identifikatu ez ditugun arantzek, inbidiek eta desirek jaten digute larrua.

Horregatik, lagunekin sortzeak batzuetan lagun taldetzat ditugunetan ere nekez aurkitzen den zaintza eskatzen du. Norbera non dagoen ohartzea, noiz gainean eta noiz azpian, eta, ahal dela, zergatik. Gainean dagoen lagunari samurki eskatzea harmaila jaisteko; azpikoari zauriak miazkatu eta denok elkartzeko guneak sortzen saiatzea. Espazio aldapabako, egonkor, erosoak eraikitzea, egunero-egunero. Plazeretik egin behar delako, baina gutxitan dagoelako plazerik atzeko lanik gabe. Eta zaintza lan edo laguntasun dei daiteke; bata edo bestea izan daiteke egoeraren arabera. Baina badut gauza bat argi, eta hori da ezinbestekoa dela.

Garrak agerian

Graziosoa da jendeak erradikal deitzea, egiazki, egunerokotasunean lagunekin dauzkagun elkarrizketagaiak bildu eta apailatuz sortu dugun zer honi. Guk ere ez dakigu ondo definitzen; badauka zerbait bertsotik, badauka mediokritatearen-apologiadun-antzerkitik. Aldarri bat bertsoz, edo halako zerbait. Formalki hibridoa izanagatik, ideia bat duelako oinarrian, edo, nahi bada, ideario bat, mundu ikuspegi bat. Eta horri begira aritu gara gehienetan, gaietatik abiatuta eta eduki bakoitzaren neurrira diziplina, tonu eta estetika bat aukeratuta. Horri, eta dibertitzeari begira, horren alde ere badatorrelako gure aldarria. Borroka eta plazera batzen diren puntuan kokatu nahi dugu geure burua, ahal den guztietan, gutxi baita hori bezain iraultzailea, hori bezain politikoa.

Aldarri bati eman diogu ahotsa, baina eRReri oinarria ematen diona ez da lau kideren auhena. Ez gabiltza txantxetan gai hauek, batzuek zezenak hodeiei begira ari den paseantea harrapatzen duen bezala hartu ei dituzten hausnarketa hauek, lagunartean eta, zehazki, bertso munduko lagunekin gaudenean maiz aipatzen ditugun kontuak direla esaten dugunean. Lanketa sakonen emaitza dira, baina lekua egin dute gure ohikotasuneko txoko guztietan; asanbladez eta eztabaida taldeez harago, gure elkarrizketa arinetan, gure txisteetan. Eta, inork hala pentsa dezakeela dirudien arren, ideiok ez ditugu guk asmatu: kontrara, gure bertsokide eta burkideek eman dizkigute ikuspegi honetara ailegatzeko erremintak, zapalduak sentiarazten gintuen sisteman zama horren atzeko hierarkiak identifikatzeko tresnak, gure pribilegioez ohartzeko moduak. Eta, batez ere, bazterrera hurbilduz mundu lokaztu hau ere ederragoa dela sinesteko arrazoiak.

Liburu eta artikuluetan aurkitu ditugu teoria queer eta transfeminista hauek inoiz, bai, baina askoz maizago egiten dugu topo haiekin kafe baten bueltan edo bertso eskola baten osteko sola- saldian; edo, are, plazan. Gai hauek “gureak” dira, baina azken urteetan lekua hartzen joan dira bertsolaritzan: inguru feminista eta bollo saioetan gehienbat, baina baita plaza hegemonikoan ere. Hor gaudelako, arautik gero eta gehiago aldentzen diren gorputzei ordezkaritza eman nahi dien kolektibotasunean. Inork ahalik eta leku murritzena izan dezagun gogor ekiten duen arren. Inork, gaur egun ere, gure ahotsak harrigarritzat hartzen baditu ere.

Plaza aldatzen ari da, batzuek, beldurrez, ezikusiarena egin gura badute ere. Gu eRRe sortzeko gai izan bagara, aurretik emakumeek bertso plazan lekua hartua dutelako izan da, bollerek sexu genero disidentzietatik bertsotan egin daitekeela erakutsi digutelako. Koxka bat gehiago izaten saiatu gara, ertzerantz. Beste ezer ez bada, lekua hartzeko, leku gehiago, kabi gaitezen hemen egon gura dugun guztiok. Herriz herri joan eta gogorarazteko hemen gaudela, trangaz itxi gura izan duten toki honetan. Eta hurbil dela gure presentzia ahaztea ezinezkoa izango zaien garaia.

Gas ihesa

Ez dut ezagutzen gure jendartean hierarkia bako espaziorik. Jendarteratzen gaituztenetik irakasten zaizkigun (eta, batzuetan, deseraiki eta berreraikitzeko lan egiten dugun) identitate horiek definitzen dute gure balio soziala, gure bizitzetako esparru guztietan ordaina daukan ordena batean. Bide guztiak ez daude gorputz guztientzat irekiak, lurra gogotik landuta ere.

Ezaugarri zurrunak zeuzkan duela hamarkada batzuk jendaurrean bertsotan aritzen zen orok. Pauso itxuraz txikiek iraultza handiak ekarri dituzte ordutik, gorputz batzuen oholtzaratze hutsak eskatzen duen lanketa eta indarra izugarriak direlako. Hainbat genero eta genero adierazpen, hainbat jatorri eta hizkera aurki ditzakegu gaur bertsolaritzan, nahiz eta bertso eskolatik plazarako korridoreak inbutu forma eduki arautik aldentzen diren guzti horientzat. Baina erraza da ertzaren eta erdigunearen perspektiba galtzea titare baten tamainako aniztasuna daukan munduan. Erraza da, barrura begira gaudela, kanpo utzi ditugulako kanpoan dauden guzti horiekin ahaztea. Eta, are errazagoa, beti, gure pribilegioak begien bistatik galtzea.

Feminismoak bertsolaritzan arrakalak eragin zituelako zabaldu ahal izan ditugu pitzadura berriak bollerismotik. Baina non daude bertsolari marikaK, non bertsolari transaK? Eta non bertsolari arrazializatuaK, bertsolari migratuaK, aniztasun funtzionaldun bertsolariaK, gure pribilegiodun soinetatik kartzelako ariketetan sortzen ditugun identitate horiei hiru dimentsioko ahotsa emango dietenak? Eta abesten ausartu ere egiten ez garen horiek doinutan sartuko dituztenak?

Urrats handi asko eman dira azken urteetan, baina asko dago oraindik ibiltzeke, eta bide asko falta zaigu guztioi azken lerroan kokatu eta egiten uzteko. Baina bada joera bat. Eta honi, gaur erradikal deitu duten honi, atera diezaiola beste ertz bat biharko bertsolaritzak. •

Doinua: Paloma (Calamaro) edo Habanera

Gauean dei bat jaso dut, esnatu nau, ze faena! "Erreskate bat daukazu, agudo joan, Joxema". Igogailura heldu naiz, bata, pijama ta dena. Bikote gaztetxo bat da barruan gelditu dena, musuka, erdi biluzik, bero-bero zegoena. "Kaixo, ejem", esan diet, "barkatu eragozpena. Ni ohera joango naiz, zuek bukatu zuena", Oronak egiten baitu bezeroak nahi duena.

Xabier Salvo

This article is from: