1 minute read

Pertsonak saio on bat bukatutakoan

Manex Agirre

(Beste muturra ere hor dago, baina lausoagoa da erabakia: bertso-saio txar bat airean sumatu daiteke, baina ez da hain erraza onartzen. Bertsolari eta bertsozaleon autobabeserako mekanismo zilegi bat izan daiteke.)

Advertisement

Tira, ez da beti gertatzen, baina zer da beti?

Bertso-saio on baten ondoren, autoan sartu, eta lurra borobila dela nabaritzea. Hala utzi ziguten iltzatuta Gu ta gutarrek, Unai Iturriagaren ahotsean. Mikrofonoaren ehundura probatu duenak badaki, gauza ederra dela.

Bertso-saio on bat. Zer da? Bertsolari guztiek dena ondo egin duten saio bat? Ikus-entzuleekin konexio berezi bat lortu duena? Bere martxan, txaloaren funtzioa aldarazi duena? Bertso-saio bat ona izan dela esateko, gutxieneko adostasun bat behar da. Erabaki bat da, baina ez da bozka bidez hartzen: sumatu egin daiteke airean, bukaerako agurrak iristerakoan. Mundu guztiak daki, inork ahoz gora esan ez duen arren.

Bertso-saio on bat edo bertso-saio txar bat, bertso-saio bat da, azken finean. Eta bertso-saio batean, denetik dago. Saio hori ona edo txarra egin dezaketen tamaina guztietako dozenaka elementu daude. Izan diskurtsiboak, izan jarrerazkoak, izan oholtzatik kanporakoak, izan mahaiaren beste aldekoak. Bertso-saio bat ikusten duena ez da ohartzen zenbat gauza ikusten dituen; ez da ohartzen, bukaeran, saioaren nahigabeko balorazioa egiten duenean, gauza horiek guztiek zenbateko pisua izan duten, bere iritzia osatzerakoan.

Kamerarekin zoom-a egin, eta sar gaitezen saioan kantatu ondoren autoan bueltan doan bertsolariaren buru barruko erritmo frenetikoan. Zeren eta bertsolari horrek lurra borobila dela nabaritu dezake… edo ez. Saiotik gustura atera da, are, saioa ona izan dela dioen erabaki kolektibo inplizituaren parte sentitzen da… baina. Agian, Twist (H. Cano) kiribiltzen duen “pentsatu eta esaten ez diren gauzak” hura du gogoan, alderantzizkoa egin duelako: esan dituen gauza batzuk ez ditu gehiegi pentsatu. Edo ia-ia oharkabean pasa den akats bat egin du. Edo bertsoaldiren batean, kantuan asmatu arren, ez da eroso aritu.

Lizaso zenak esandako zenbait kontu gaur egun ez dira baliozkoak. Bertsotan aritzeko ekintza bera aldatu egin da. Baina argi-izpi bat eman dit joan zen ostiraleko kodea hobeto ulertzeko. Momentu batetik aurrera, baleko ber tsoari apenas jotzen genion txalorik. Ez, noski, bertsolaria tentsionatzeko, momentuak ez zuelako eskatzen baizik. Entzuleok eta bertsolariek elkarri ezer esan gabe adostutako zerbait inplizitua bihurtu zen. Hori bai: bertso onetan (gehienetan, esango nuke) lehertu egiten ginen. Liturgiari esanahi berria ematen zitzaion, aldiro. Zerbaitek funtzionatzeko, elementu guztiek izan behar baitute funtzio bat.

This article is from: