1 minute read
Ziztada
from Bertsolari 127
by elkarmedia
Oihana Iguraran
Bertsogintzak eskatzen digu, errealitate konplexuak hitz gutxira ekartzea. Horixe du muina. Ez da erraza, bizitzen ari garen zenbait gauza, distantzia eta perspektibarik gabe, digeritzeko tarterik gabe mikrofonoan okatu beharra. Gutxiago, astintzen zaituen errealitate bat denean. Aldi berean, ordea, astintzen gaituelako sentitzen dugu horiez aritzeko premia oholtzan.
Advertisement
Udako bertso saioetan gero eta espazio (fisiko, tenporal zein sinboliko) handiagoa ari du hartzen eraso matxisten gaiak. Tamalez, jaien parte gero eta ozenago bilakatu delako horien inguruko protokolo, prebentzio eta salaketa. Eta zorionez, beti egon den errealitate bati dagokion kategoria eta erantzuna ari zaiolako ematen.
Gogaikarri egiten da jaietan dagoen herri batera iritsi eta mezu berak eman beharra sentitzea, oraindik ere esan beharra dagoela eta gure ardura dela sentitzea. Barne elkarrizketan aritzen gara pentsatuz hasierako agurrean ez duela zertan, ziurrenik gero irtengo dela gaia, irteten ez bada azken agurrean kanta litekeela… Eta esatea merezi duten beste zenbait mezu bidean utzi beharra dakar batzuetan.
Askotan egokitzen zaigu ideia antzekoak eta gai bera kantatu beharra herritik herrira, egun berean eta asteetan zehar. Aldiro aldatzen dugu esateko modua, noski. Aldiro egokitu behar dugu esan nahi duguna entzun behar lukeenaren neurrira. Hori guztia, unean uneko hitzekin; asmatuko zenuten aurten ze forma hartu duen auzi horrek, bai: ziztada.
Baina kontua da, ziztadak hori baino zabal eta sakonagoak direla; saiora bidean akaso irratian entzun dugula goazen herri horretan bart bortxaketa bat izan dela, edo saio aurretik herriko talde feministak oholtzara igo behar duela protokoloaren berri ematera, edo saio ostean terrazan eserita gaudela tabernak itxi dituztela ziztadak salatu direlako. Horiek dira oholtzan gaia landu beharra sentiarazten diguten ziztadak.
Errealitate horren parte gara, bertsogintzak duen gauza ederrenetakoa baita tokian tokiko giroan murgiltzea. Jai eremu horren gonbidatu eta parte izanik, mikrofonoa eskaintzen zaigunean erantzukizun bat dugu. Eta horrela, oholtzara bidean jai espazio hori gurutzatzen dugu, parkinetik, komun publikoetatik eta jende artetik pasaz; eta ziztadatxoak sentitzen ditugu.
Azkena, oholtzara bidean jendez lepo zegoen taberna gurutzatzen azkena nindoan lerroan, eta gizon batek oihuka Rigoberta Vandiniren Mamá abestiaren bertsioa bota zidan belarri ondora: “no sé por qué dan tanto miedo nuestros penes”… Orratz kamutsak ez du azala zulatzen. Orratz kamutsak ubeldura bilatzen du gehiago.
Batzuetan pertsonaiak eta pertsonak gertu-gertu daude. Elkarbizitzen, edo elkarri bizitza eragozten.
Ez dakit gai berari asko kantatzea aski kantatzea izango den sekula.