4 minute read

aupa MAÑU!

TESTUA: IÑAKI MURUA

Gregorio Larrañaga

Advertisement

Mandiola ezizenez

Mañukorta, jaio zen baserriak halaxe bataiatu baitzuen. Bost senidetan zaharrena, maiorazkoa beraz, hori ere ez zen ahazteko moduko titulua garai haietan, gerraostea eta gosetea bete-betean zeudenean. 1943ko abenduan jaio eta aurtengo udan joan zaigu.

Berak ekarri dizkigu gehienon hiztegian existitzen ez ziren Amallo, Larruskain, Jainkomendi e.a. Bere auzo eta inguruen izenak, aipatu ditudan hirurak, Markina-Xemeingoak. Berak beste inork ezagutzen?! eta erabiltzen ez zituen beste hainbaten artean. Gauzak esateko eta ahoskatzeko modu berezia zuen, keinuz eta imintzioz lagundurik, eta jendeak umorez, algaraz une ederrak pasatzea zuen gogoko. Ez zion buruhauste handirik sortzen bere ateraldiek ala bere imintzioek eta gainerako osagaiek sortzen ote zuten barre eztanda hori jendearengan, ondo pasatzen ari baziren, bera ere bai.

Bertsotarako zaletasuna amamarengandik zetorkion, hark Santa Barbararen bertsoak eta buruz zekizkien beste asko kantatzen zizkiolako sortu zitzaiola bertsotarako grina, zioen. Herentzia genetikoak ere izango zuen zeresana, amamaren senideak nahiz sendikoak ere bertsotan aritzen zirela zioen behintzat, baina gehienek Argentinara joan behar izan omen zuten, beste askoren moduan, hemen asko zaildu zelako bizimodua aurrera ateratzea.

Eskolan hasterako, eta zazpi urterekin hasi zela zioen, ingeniaririk handiena baino gehiagotzat zeukala bere burua, eta, eskola ikasi beharrik zeukanik, burutik pasa ere ez. “Ni dana ikasitte jun nitzuan eskolara”, zioen, eta bizi eskolak erakutsiari buruz ziharduen; izan ere, umetatik baserriko gizonezko nagusiekin zertan-hartan laguntzen ariko zen, berak zioenez egur-ikatza egiten edo karobia betetzen, sutzen… baserriko lurrak lantzeko garaian karea izan zezaten. Ikatza, lehentxeago aipatu amamak azokan saltzen zuela zioen. Baserriko eta mendiko bizimoduan trebatzen joan zen, beraz, ume-umetatik, hala nola txondorrak eskatzen zuenean eta bete behar zenean, egurra egos zedin erre ordez, hurbil zegoen etxolan gaua pasaz, aitonarekin lo eginez bertan. Inguru haietan bizi behar zuela etsita eta, hango berri berak bezain ongi jakingo zuenik eskolan zein bada, maistra ala?

Hark problemak eta… jarriko zizkion, baina bizi eskolak irakatsiak zuen balioa beretzat.

Hamalau urtera arte eskolan ibili zen, baina hamalauak betetzearekin batera, mendian lanean hastea egokitu zitzaion, aitzurra bizkarrean eta basora pinu sartzera beste batzuekin batera. Ugazabak eman omen zion titulu berria, Mañu bezalako gizonik ez zuela ezagutu eta “inginiero de estratas y burdibides” . Halere, apenas maila bereko traturik jasotzen zuen; hasieran bederen, gosea eta nekea galanta: “Harek eurek jaten dabe, baina ni han gosiak akabatu binau”… Amak jarri nahi izan omen zion zer jana, baina aitak: “Bestiek jaten daben lekuen manejetan ikesi ein biok”. Ahal zuen bezala iraun eta hogeita bi urterekin soldadutzara joateko deia jasota, “kajan sartzeko” joan zenean, 1,74 m altuera eta 62 kg. Belarri galantak eta muturra igar-igarra…

Suertea da dena ere, Ferrolera marinara joan behar, Crucero Canarias zelakora, mila soldadu zeramatzan gerraontzira, eta bera itsasoan erabat zorabiatzen zen. Repostero de mayores izan omen zen. Titulu handia, itxura batean, baina kategoria txikikoa bere ustez: platerak garbitu, hautsak kendu …denbora alferrik galdu bai, baina ikasi gehiago, esaten zuen. Bi urte soldadutzan!

Hara joan aurrez, buruan zeukan amaitu eta itzultzean Ameriketara joatea. Pentsatu eta egin!

Elcora joan zen, beharrezko paperak patrikan, hartu eta artzain eman zituen lau urte, bakarrik mendian. Helburu bi zituen eta biak bete zituela zioen: etxe bat erosteko lain diru eginda etorri eta gidabaimena aterata. Gustura ibili zen han, euskaldun asko, bertsotan egiteko giroa eta lagunak ere bai, baina… herrimina edo dena delakoak jota, itzultzea erabaki zuen, eta berriro basoko lanetan hasi zen, ezagun batek hala eskatuta. Ez zeukan soldadutzatik itzuli zeneko sasoirik eta ahalik basoan jarduteko; izan ere, 22 urterekin 62 kilo zen bere pisua eta Amerikatik itzuli zenean 125, tripotxa galanta, baina… baldintzak ere onak ziren eta…

Dena den, denbora gutxira, fabrikan lanean hastea erabaki zuen, kooperatiban hain zuzen ere: Danok Bat izenekoan, 4 urte, eta Cikautxon, handik erretiroa hartu artekoa. Zioenez: “Loteria handirik bada, handixena hantxe etorri jatan”. Beste lantegi batek kiebra jo zuen, hango langileentzat tokia utzi behar zela eta, 57 urterekin, erretiroa hartzeko aukera izan zuen. Hura ez baitzen ibilera, urtean berrehun plaza bertsotan eta, gainera, lantegian beste zortzi ordu edo gehiago lana eginez, egundoko konpetentzia ondoan zuela, gazte ikasiek azkarrago eta hobeto egiten zituztelako piezak makinan. Lo falta handia, atseden premia galanta…

Bertsotan jarraitu zuen ordea, lan guztietatik erabat ez zen jubilatu eta ibilbide arrakastatsua burutu zuela zioen: “Mañukortak baino txalo gehixau entzundakorik gitxi eongok”. Gazteekin egokitzen bazen, saioetan bere eskaria zen “bota handixak niri” eta hala moldatzen zen. Bera baino izen handiagoa zutenekin, berriz, pasadizo hauxe kontatu zuen berak Azkoitiko Urrategin bertsotan aritu ondoren. Manuel Lasarte behintzat han omen zen kantuan eta errota bati kantatutako bertsoa du Mañuk gogoan, Elgoibarren-eta, hainbeste jende drogak hil zituen garaiak izanik:

Errota zaharra, erreka ondoan etzazu egin negarrik gure laguntza badezu eta zu hor ez zaude bakarrik.

Aleak irin eiten dituzte zuk daduzkazun bi harrik arto errea jaten duanak ez dauka droga beharrik.

“Holakuek kantau ta estatua bat, santua emoten juan kantuan.

Oholtzatik bajatu eta Attola topau najuan, ha be bertsuetan jarduten zana. Esan najotsan: `badakik zer pentsau ´oten? Sekulo gehixao bertsorik ez kantetie. Hamen entzunttuan gauzak entzun da zelan dien jakinde, nobatokerixek kantetan ibiltie!´. Da Attolak: ´Botaidak eskua, gauza berdina pentsatzen ari nauk eta!”.

Ateraldietan xelebrea bazen, baina tente egoteko erantzunak ematen ere artista. Begira neuri gertatua behin: Aspaldi jarri zuten Mañukortan telefonoa eta jakin bezain laster esan nion Mañuri: “Aizak Mañu telefonoa jarri omen dezue etxean”, eta berak: “Bai”. Nik orduan: “Ze numero dek ba?”, eta berak: “Etzakixat”. Nik, harrituta: “Baina nola ez dakiala?”. Berak lasai asko erantzun zidan: “Nik etxuat biher, hik jakin biher dok nei deitzeko”. Joiok adarra!

Itsasondoko saioan Egañak egindako galdera ere ez zen nolanahikoa: “Zein da verbo amaren pluskuanperfektoa?”, eta Mañuk erantzuna: “Zuk ikasi nahi dezu zeuk ez dakizuna!”. Baina politena hurrengo egunekoa izan zen, Leitzan ginen eta Lazkanok galdetu zion: “Zer moduz Mañu gazteokin atzo?”. Eta erantzuna: “Txarto, Egaña alu horrek algebra galdetu ostien!”.

Hainbat pasadizo, ateraldi xelebre, bertso on, eskas, poto, hanka luze zein motz eta bere burua asko estimatzen duenaren berri zehatza ematen du bere bizitzaren nondik norakoak jasotzen dituen liburukiak.

Oharra: aitortu beharrean nago, beste behin ere, Xabier Amuriza egundoko bertsolariari eta adiskide maite bezain eskuzabalari esker, egin ahal izan dudala lantxo hau, berak egindako Mañukorta Bertsonajea liburuan oinarriturik. Milesker Xabier.

This article is from: