16 minute read

KORONABIRUSA. Maialen Lujanbio Zugasti (32), Jon Maia (46

KOR ONA BIRU SA

IKUSTEN EZ DUGUN ZERBAITEK IKUSTEN DUGUN GUZTIA BALDINTZATU DU. Munduko biztanleriaren ia erdia konfinatuta egon da koronabirusa tarteko, eta pandemiak gogor kolpatu du Euskal Herria. Milaka kutsatu izan dira gure herrian, bertsolaritza horien artean. Plazak hutsik geratu dira, programatuta zeuden makina bat saio bertan behera utzi, eta bertsolaritzatik diru sarrerak jasotzen dituzten askoren egoera ekonomikoa okertu egin da. Bertsozale Elkarteak egoeraren diagnostikoa egin du, eta konponbiderako ideiak mahai gainean jarri. Maialen Lujanbio elkarteko zuzendaritzako kideak kontatu dizkigu nondik-norakoak. Konfinamendua hasi eta berehala Jon Maiak “Ixolamendua” ekimena abiatu zuen twitter sare sozialaren bidez: jendeak senide edo lagun batek bizi zuen egoera pertsonala kontatzen zion, eta berak bertso bat idatzi. Aurreikusten zuena baino okupatuago ibili da. Bertsolaritza ez da ez inmunea, ez eta asintomatikoa. Zaindu gaitezen eta zaindu dezagun. _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _ _

Advertisement

BEGIRATU PANORAMIKO BAT LANBROARI

TESTUA: MAIALEN LUJANBIO ZUGASTI, EHBEKO KIDEA ETA BERTSOLARIA ARGAZKIAK: XENPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROA

Bertsoak etenik ez du. Bertsoa ari da. Ari du. Bertsotan ari gara. Norbere baitan edo norbere leihoan. Uhinetan. Wifian edo kablean. Hotsez edo hatzez. Bideoz edo gabe. Bertsoa ari da. Ari gara. Bertsoak etenik ez du. Ez baitu askorik behar. Gogoa. Ahalegina. Laguna —aukeran—. Nork entzuna —ahal bada—. Bertsotan ari dira. Tele-bertso-eskoletan, ikasle eta irakasleen grina eta bertsoikasgela.eus medio. Sarerako asmatutako bertso-kate eta jolasetan: Nafarroako Elkarteak Euskal Irratiekin antolatutako Konfinamenduko Bertso Saioak; Harituz, Tolosaldeko bertso eskolaren txapelketa; Durangaldean sorturiko Quarenttona, bertso enttonatuen I.go txapelketa…

Bertsozale Elkarteak antolatutako online saioetako baten berri ematen duen kartela.

BERTSOA DA HEZURMUINA.Eta isuria badu. Bizi da. Bainabertsoari bere inguru guztia geratu zaio. Hitz kantatuarekin martxan jartzen den engranaje handitxiki hori: ahotik belarrira, bertso eskola aurrez aurrekoan; entzute eta isiltasun fisikoak; antolatzaileak; gaijartzaile eta beste jardunetako egile kideak; eztabaidak; joan-etorriak; igurtzia; herriak eta hiriak; mokaduak; iritziak; lagunak… Bertsoa, jendarte eta mugimendu egiten duen hori guztia gelditu da.

Udaberria bete-beteko aroa ohi da bertsolaritzan: kurtso amaierako jaialdien denbora; Bertso Udaleku eta barnetegietarako izen emateko garaia; Bertsulari Ttiki; Bertso Eskolen Eguna; Haizea dator; Sakontze Bertso Eskola; Eskolatik Plazara; Plazara!… Denak bertan behera geratuko dira.

Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa; Bardoak; Bizkaiko Txapelketako Udabarriko fasea; BBK Sariketa… gure egutegi estua behartuz atzeratu egingo dira.

Eskolarteko Txapelketen eta topaketen garai seinalatua ere bada hau gazteentzat. Aurrerago beharko dute. Ahalduntze Bertso Eskolak, Udako Ikastaroek edo Bizkaiko eta Euskal Herriko elkarteetako batzarrek ere berdin.

Udaberri antzu antzekoa izango da bertsolari, gai-jartzaile, antolatzaile eta zaleentzat. Plazako jardunean, martxoaren erditik

ekainera gutxienez 184 saio galdu dira, Lankukoak bakarrik zenbatuta. Bertsolariek saiorik ez, zaleek bertso-berririk ez, antolatzaileek zer antolaturik ez, herriek festarik ez… Lanku zerbitzu enpresa ERTEan, bertsoa hedabideek zer hedatua murritz, elkarteko lanak eta langileak minimoetara ekarriak…

Badu, nolabait, bere alde on bat: gelditu behar izan dugun guztiak, genekarren mugimendua erakusten du. Ez nola halakoa, bistan

denez. Bertsolaritzak eta Bertsozale Elkarteak egiten eta eragiten dutena ugaria eta zabala da. Hasi haurretatik eta zaharrenetara; formalenetik, auto-antolatuenera; hasi auzo ertzetik eta hiri puntara; jolasetik, ofiziora; zaletasunetik, ikerketara…

Hona artekoan egindako bideagatik pozik egoteko moduan gara.

Datorkigunari begira jarri behar dugu, ordea… eta zer datorren jakin gabe.

Bertsolaritza ez da jardun isolatua. Kultur munduaren parte da. Kultur munduaren eta munduaren parte.

Kulturgileen kexua ozen entzun da itxialdi honetan eta greba digitala ere deitua izan da. Kulturak duen eta behar lukeen balioaren eztabaida azaleratu da, sorkuntzari zor zaion diru ordainarena, egileen lan baldintzena…

Zer ote litzateke herri bat, mundu bat, kanturik, bertsorik literaturarik, antzerkirik, filmik gabea?

Zer-jana ere falta litekeen garaietan, zail izaten da kulturaren garrantziaz hitz egitea. Baina elikadura da bera ere. Izateko, beharbeharrezkoa.

Zer ote litzateke herri bat, mundu bat, kanturik, bertsorik literaturarik, antzerkirik, filmik gabea?

Gizartea interpelatu nahi izan da, oro har. Eta administrazioa, espresuki.

Administrazioari hain zuzen exijitzen zaio kultura eta kulturgileak aintzat har ditzala eta osa dezala mahai bat baldintza oinarrizkoak elkarrekin adosteko.

Administraziori esaten den lekuan, gainera, Administrazioei irakurri behar da. Hiru lurralde-antolamendutan banatuta egoteak areago zailtzen du analisia, ekintza eta negoziaketa. Beste behin ere.

Oro har, esan daiteke larrialdirako laguntza itoginen batzuk zabaldu dituztela erakundeek. Adabakiak, oraingoz. Ez neurri egiturazkorik. Bertsolaritzak eta kulturak oro har, adabakiak baino gehiago erabakiak behar ditu. Erabaki estrategikoagoak, oinarrizkoak, egiturazkoak. Neurri sendoak, kulturarekin eta kulturak duen egitekoarekin sinesten dutenak.

Eztabaida, noski, ertz askoduna da. Ugaria eta anitza baita kulturgile esaten zaigunon taldea. Greba deialdi honek, oinarrian bat egiteko aukera eman du bederen, nahiz eta multzo horretan jite desberdineko egile eta mugimenduak izan: kultur industria deituak eta mugimendu sozio-kultural garenak; egoera diferenteetan dauden autoreak; langai, jokamolde edo helburu desberdinak dituzten taldeak eta diziplinak…

Bada kritikarako eta autokritikarako premia. Eta badugu beharra elkartu eta kulturaren nolakoaz, eginkizunaz eta garrantziaz aritzekoa; erakundeekiko harremanaz, arteaz eta diruaz, euskararen lanez, egoera laboral eta bitalez…

Ez da eztabaida gai erraza. Bai interesgarria.

Erakundeei exijitu artean baina, kanpotik zer letorkeen zain egon zaleak ez gara. Bertsozale Elkarteak, bere justuan (justuan hitzaren

“Buruari bira 80 mundu hartu zuten parte Beñat

utan” izena zeraman online saioan Gaztelumendik eta Uxue Alberdik.

bi adieretan), ekin egin dio bere baitatik eta kinka larri honetarako neurriak prestatu ditu: 45.000 euro baliatuko ditu, batetik, bertsogintza eta plaza berrabiarazteko; eta bestetik, larrialdi egoerak behartutako bertsolariei babes ekonomikoa eskaintzeko.

Antolatzaile zenbait on-line bertso saioak han-hemenka emititzen ari dira. Elkarteak ere, modu honetan antolatu du larrialdi aroko plazaren suspertzea:

Bidaiak izeneko proposamena abian da. Saio ‘berritzaileak’ bilatu nahian. On-line hedapenak eta joko-arau murritz eta arrarook, kreatiboki zerbait eman dezaketelakoan.

Potokastak izeneko podcast-a ere bai, bertsolari gazteenak ezagutzeko modu gustagarria.

Plaza deitu zaio, bertan behera geratutako saioak birtualki egitea eskaini duen proposamenari. Antolatzaileen laguntzarekin, elkartearen medioekin grabatu eta landuko da, eta antolatzailearen sareetan zabalduko.

Gintza-ren aldetik, artistikoki nahiago bada, emergentzia aro honek (e)zer emango duen ikusteko dago. Baldintza berrietarako modu berriak behar direla planteatzen da, baina urgentziazko forma horiek benetan berritzaileak -are iraultzaileakizango diren zalantzagarria da. Itxialditik irtendakoan lehengora bidezidorra azkarregi egingo dugun… Lehengoaren alde on guztiekin, jakina; baina, akaso, lehengoaren ajeetatik aldatu genezakeena aldatzeko aski denborarik —irudimenik, ausardiarik, kemenik, perspektibarik…— izan ez dugun sentipenarekin.

Etorriko dira ideia eta forma gehiago.

Ez dugu ahazten, hala ere, gure zaleen artean ere ez direla denak sarean

Bertan behera geratu edo moldatu diren hainbat ekimen.

dabiltzanak. Dela ahalmen ekonomikorik ezagatik, edo dela — gure kasuan gehiago, nik uste— ohiturarik ez dutelako teknologietan, bertso zaleetan ez gutxi, gure heleratik kanpo daude une honetan. Sareak mundua bil dezake eta auzoa kanpo utzi. Horren jakitun ari gara. Eta uhinetako saioa hauek, ahal bezain pronto, aurrez aurreko, herriko, festako… bihur daitezen helburuz.

Udari begira, jende bilkuretarako baimenek zer esango esperoan gaude. Bi estatuen arteko Herrian joan-etorrian ibili ahalko dugun, festekin eta festetako plazekin zer gertatuko den, berriz etxera itzuli beharko ote dugun…

Zer datorkigun jakin gabe, datorkiguna aurreikusten eta prestatzen hasi gara. Pandemia honek gure gabeziak eta ahuleziak, asko, agerian utzi ditu. Gure ahal apurrak ere bai.

Bertso mundua, komunitate gisa antolatuta eta elkartuta egotea gako ezinbestekoa izan da historikoki eta hala izango da gerora ere. Harreman-sarea, eragile ugariak eta egokitzeko ahalmena. Bertsozale, bertso-talde, bertso eskola… mugimendu oso horren bidez, bertsolaritzaren engranaje handi-txikiak noiznahi eta nonahi har dezake martxa. Antolatzaile, langile, bertsolari, elkarte, ekimen handi-txikiekin berrabiarazi ahal izango dugu bertsoa jendarte eta mugimendu egiten duen kate luze-zabala.

Datorkigunari begira jarri behar dugu… eta zer datorren jakin gabe.

Lanbro artean argi bakarra, gure pausoentzat oinarria sendoa jarria daukagula.•

2020ko maiatzeko lehen astean idatzia

IXOLAMENDUAREN BERTSOAK

TESTUA: JON MAIA ARGAZKIAK: BERTSOLARI ALDIZKARIA

Nire bertsolari ibilbidean izan dudan esperientziarik berezi eta sakonenetakoa izan da Ixolamenduaren bertsoak izenez bataiatu dudana. Ez dut inoiz ahaztuko eta altxor gisara gordeta dauzkat gure memoria kolektiboan betirako geratuko diren asteotan idatzitako bertsoak, bueltan jaso ditudan mezuak eta opariak eta egindako harremanak. Izan ere, bertsolaria naizen neurrian, Covid 19aren inguruko egoera intentsitate bereziarekin bizi izan dut, bertsoak egin eta egin, bertsoa ekintza zuzenerako tresna sozial gisa baliatuz. Inoiz ez dut egin hainbeste denbora bertso saiorik gabe, baina inoiz baino gehiago izan dut burua martxan bertsoak egiten.

EKIMENA, COVID 19AREN BUELTAKO KONFINAMEN DUARI HASIERA EMAN GENION EGUNEAN JARRI NUEN ABIAN TWITTER BIDEZ. Nigandik eta neuretik, mundua bizitzen ari den egoeraren aurrean berehalako laguntza emateko otu zitzaidan modua izan zen. Zer dakit egiten? Zer egin dezaket nik neure kasa eta etxetik? Pandemiak gure jendartea apenas babesik eta baliabiderik gabe harrapatu zuela ikusirik bururatu zitzaidan ekintzailetza modua izan zen ekimen hau. Twitter izanik neukan sare sozial edo bakarra, bertatik jasoko nituen bertso eskaerak, denak ere egoeraren larritasunari lotuak. Eskatzaileari bertsoaren hartzaileari eta bere egoerari buruzko gutxieneko informazioa eskatzen nion eta hurrengo ordu edo egunetan bertso pertsonalizatua helaraziko nion idatziz, Twitterreko mezu pribatu bidez. Twiterren mezua jarri nuenean ez nekien funtzionatuko zuenik ere edo zer izango zen bueltan letorkeena. Egia esan, ez nuen gehiegi pentsatu, gogoak irabazi zidan eta asko kalkulatu gabe argitaratu nuen proposamena.

Erantzuna berehalakoa izan zen. Mezua azkar zabaldu zen eta lehenengo egunetan eskaera jasa handia jaso nuen. Lehen unetik egoera horretan murgildu nintzen, bertsoak egitera eta ekinak berak erakutsi zidan nola funtzionatu behar nuen. Eskaerak publikoki jaso eta pribatutik erantzuten nituen, tartean informazio intimoa eskatu eta jaso beharra nuelako: hartzailearen izena, arazoa edo egoera eta nabarmentzeko moduko bere ezaugarri pertsonalen bat. Informazio osagarri bezala eta bertsoaren ikuspegia zehazteko batzuetan zeinen partez emango zitzaion ere galdetzen nuen. Normalean, eskatzaile batek edo batzuek hirugarren batentzat eskatutako bertsoak izan dira, gutxitan norberarentzat. Egunak joan egunak etorri, erabat sartua egon nintzen ekimen honetan, orduak eta orduak, jen-

dearen eskaerak behar bezala erantzun nahian, Zumaiako etxe alokatu berrian. Egunak oharkabean pasatu zaizkit askotan, telebista piztu ere egin gabe batzuetan, eta esango nuke, asteak ere ziztu bizian joan zaizkidala eginkizun honetan murgilduta. Denetariko kasuak ezagutu ditut, Euskal Herri osotik iritsi zaizkit eskaerak —batzuetan kanpotik ere bai— eta egoeraren larritasunaren begirada zabala eraiki ahal izan dut. Eskatzaileak: lagunak, kuadrillak, senitartekoak eta elkarteak izan dira gehienbat. Hartzaileak aldiz, denetarik, konfinamenduaren atzean eta birusaren aurrean dagoen sekulako kasuistika erakutsi dit ekimen honek: birusagatik gaixotutakoak, hildakoak, osasun edo gizarte zerbitzuetako langileak, haurdunak, jaioberriak, isolatutako adineko jendea, gaixotasun bereziak dituztenak, banandutako familiak eta bikoteak, presoak, etendako proiektuak… denetarik!

Animoak emateko, opari gisa bideoetan kantatzeko, “zurekin nago” esateko… horrelako funtzioak izan dituzte nire bertsoek. Eta egoeran hain sartua egonik, benetan sentitu dut bertsoak laguntzen zuela. Boteretsua den zerbait bezala sentitu dut bertsoaren izaera. Isolamendua hausteko gai da, eta hartzaileari soilik beretzat eginiko eta soilik beretzat egokitutako pieza bat ematen dio, esklusiboa, neurrira egina, behar duen momentu batean, oztopo denak gaindituz. Hitzaren indarra eta izaera etereoak oztopo fisiko oro gainditu dezake eta bertso xume batek lagun edo senide baten eskutik, Amazonetik edo Ebay-etik eskatu ezin den zerbait helarazten dio behar duenari.

Askotan eskaeraren larritasunak ikusita, ardura handia sentitu dut bertso hauek idaztean eta saiatu naiz hitzez hitz mezua zizelkatzen, larrialdi egoera hori sufritzen ari zen hartzaileari benetako efektu lagungarria, “sendagarria” gerta ziezaion. Oso gaztetxotatik bertsoaren funtzio hori praktikatu izan dut, hileta omenaldi, manifestazio, ezkontza eta abarretan askotan, oso egoera berezi eta emozionalki indartsuetan. Ardura handia sentitu izan dut halakoetan.

Baina inoiz ez dut egin ariketa hori hain intentso eta hainbeste denboran segidan, orain egin dudan bezala.

Hartzailearen lekuan jartzen saiatu naiz aldiro, eta denbora gutxian nolako bertsoa, nolako hitzak, nolako tonuan beharko lituzkeen irudikatu dut. Ariketa oso berezia izan da, oso enpatikoa. Erantzunak hunkigarriak izan dira askotan, negar asko egin dut iritsi zaizkidan esker on mezuekin, marrazkiekin, argazki eta bideoekin… bai eta bertsoa jaso zuen norbait hil egin dela jakitean ere. 5 aldiz gertatu da hori, familiak jakinarazi izan dit denetan ere. Oso sentipen erreala da bertso hauek egiten etengabe sentitu dudana, harrigarria, bertso baten bueltan sortutako hartu-eman batetik eratorria. 260 pertsona ingururekin izan dut harremana, gehienetan laburra, eskatu bidali eta agurtu. Batzuetan jarraitu du eta askotan bertsoaren eraginaren berri eman izan didate… Agian berentzat gauzatxo puntual bat baino ez da izan, baina niretzat, astea joan astea etorri horretara egon naizenez, presentzia handiko zerbait izan da. Denbora beharko dut hau murtxikatu, hausnartu, digeritu eta honetatik zer sortuko zaidan ikusteko, baina gauza bat argi daukat, jende on asko dago hor zehar, maitasuna eta esker ona adierazteko prest; bai eta beste mundu bat eraikitzeko prest ere. Eta bertso baten indarra ezin da kW-etan, km/h-tan edo dirutan neurtu, baina bai esker onetan, irritan edo malkotan. Eta aurrez bagenekien ere, indar izugarria du.

Hemen zenbait bertsoren aukeraketa duzue. Ez dut hautatu informazio pertsonala duen bertsorik, beraz, publiko egin direnen lagin bat baino ez da hau.

Aspaldi nerabilen buruan beste mundu bat posible delako ideiaren bueltan zerbait egitea, zerbait sortu, idatzi, antolatu… eta hara! Egoera honek posible dela soilik ez, beharrezkoa dela ere ikusarazi dio jende askori. Nire bertsoak eta egiten ditudan hainbat gauza, ideia horren zerbitzura egon dira beti eta hemendik aurrera, horretarako tresna izaten jarraituko dute, arrazoi handiagoz.

Ospitaleko azken zuloan ari diren garbitegiko langileak animatzeko, jadanik jubilatuta dagoen lankide ohi batek eskatuta:

Ospitaleko azken txokoan ezkutuan gehienean arrisku gehien duen lekuan gehien behar den unean Garbitegian, dena ematen ari zarete lanean zuentzat dira txalo guztiak nire balkoitxo gainean Milioi bat esker, milioi bat muxu bizitzaren izenean!

Euskal Herriko AEK-k eskatuta, isolatuta eta etxetik ikasten ari diren 10.000 ikasleentzat:

Milaka ikasle zuen etxetan isolatuta zaudete baina euskara ez da hustuko nahiz eta gelak ez bete zenbat ahalegin, zenbat denbora zenbat amets, zenbat neke Zenbat “baneki”, zenbat “bagina” zenbat “ahal da”, ”baliteke” Beste baldintza bat sartu zaigu ez muga eta ez epe… isolamendu oro hizkuntzen azkena izan daiteke baina ikasleak, zuek bai, zuek nola utzi esateke… etsipenaren birusarentzat antidotoa zarete

Hiru urte pasatu eta gero, kalerako lehenengo baimenak zapuztuta geratu zaizkien Altsasuko gazte kartzelatuei bidaltzeko, beren aita eta amek eskatuta:

Izan liteke gutun luze bat Esku bat edo besoa Izan liteke ukabilkada Zerurantz estu jasoa Izan liteke mezu batekin Zeruan doan usoa Manifestapen jendetsuena Senide baten pausoa… Zerk ematen du berotasuna? Zerk babes keinu goxoa? Zerk hausten du isolamendua Zerk laxatzen du lazoa? “Birus” ugarik okertu arren Altsasuko arazoa… Zuek zaudeten lekura beti joango da nire bertsoa

Bere bikotekide presoarekin lehen bis a bisa galdu duenak eskatuta, ziegara bidaltzeko:

Hau da hau marka hainbeste urte dira bion artekoa hasi zenetik eta ordua zen jauzi bat egitekoa baina Korona izenarekin beste birus bat? nahikoa! Pazientzia ta umorea antidoto perfektoa! Maitasuna da isolamendu denen aurkako txertoa

Eta hau, Sabeletik mundura webgunetik eskatuta, haurdun eta isolamenduan dauden guztientzat:

Ontzian sartzen garen garaian Ez dago iragarria Nola izango den gure bidaia lasaia edo larria Inork ez zuen espero mundu mailako aldagarria sentitu, hausnartu, zaindu ta hartu barne munduei neurria Une hauetan maitasuna da gure lehen lokarria sabeletik mundura sortzen den bizitzaren aldarria neguak beti iragartzen du datorren udaberria Zuen barruan daramazue biharko mundu berria

260 pertsona ingururekin izan dut harremana, gehienetan laburra, eskatu bidali eta agurtu. Batzuetan jarraitu du eta askotan bertsoaren eraginaren berri eman izan didate… Agian berentzat gauzatxo puntual bat baino ez da izan, baina niretzat, astea joan astea etorri horretara egon naizenez, presentzia handiko zerbait izan da.

Urdulizeko DBHko ikasleei, irakasleen partez:

Ikasleak ez daki Zer den datorrena Ez eta irakasleak Hau da eromena Agian da ikasgai Garrantzitsuena Egoera hontatik Ikasiko dena.

Herbehereetan bizi den Athletik zalea, Kopako finalerako txartela erosita zuena, udan etorri ezingo dena eta hara joatekoa zen familiaren bisita zapuztuta geratu zaiona:

Herbeherea ia dugu herri bera Eta finala ez da beti bukaera Beti egongo dira hor Aita ama, arreba Udan gozauko duzu Kuadrillaz batera Ta Kopako txapeldun gu izango gera!

Nafarroako Zaraitzu bailarako Gartxot ekimenekoek eskatuta, elkarte kideak animatzeko:

Zaraitzun hots bat aditu dugu ilunean, mezulari oreinak erne zutitu dira Orhira igo da Mari ilargitara zabaldu dira Eguzki-lore ugari Ehunka uso eta arrano irten dira hegalari Harrotu dira pago ta mendi, ur jauzi eta emari Leihoetara atera gara Eta jarri gara adi… isolamendu oro gaindituz Eskutan lau ttantta gari Elkorretatik ari da Gartxot esperantzari kantari

Hau Gasteizko farmazialari elkarte batek eskatuta:

Farmazietan eta Gasteizen gauza jarri da serio! Milioi bat esker botikariei!! Jende askok hala dio!! jendea doa gaixo ta kezka beldur eta istorio aholkutxo bat, jarri bertsoa ere zuen gomendio ez du sendatzen baina bihotzai mesede egiten dio!

Bakarrik isolatuta egoteaz gain, anorexia duen neska bati:

Gizarte honek ematen digu gorputzaren eredua Estereotipo eta kanonak zer infernu, zer zerua ikus ezazu alde onetik gure isolamendua kanpo eragin gabe bilatu egizko pentsamendua munduko leku ederrena da, maitatu zure burua

Azkenik, Radio Euskadiko Boulevard saiotik eskatuta, honako hau:

Besarkada irrati bidez kezkaz zaudeten deneri Bakarrik zein haurdunaldian gaixolarri edo eri Osasuneko langileei lana galdu duteneri Azaleko hainbat gauzetan Bizi izan gara igeri Baloreen aroa dator Nik zuri eta zuk neri Ikasiko dugunarekin Mundu berri bat sor bedi •

This article is from: