17 minute read
EUSKAL ZIRI BERTSOAK
from Bertsolari 118
by elkarmedia
TESTUA: PATRI URKIZU ARGAZKIAK: PATRI URKIZU ETA HAINBAT ITURRI
Hobe da irriaz idaztea negarrez baino, Irri egitea baita gizakiaren berezitasuna.
Advertisement
(Rabelais, Gargantua… 1535)
ZIRI ETA IRRI, IRRI ETA ZIRIKA DEITU ZION PIARRES LAFITTEK MOTA HONETAKO BERTSOEN BILDUMA SAILARI KANTU, KANTA, KHANTORE LIBURUXKA EDERREAN (BAIONA 1967, 167-214). Irri eta ziri sailean sartu nituen neuk kanta hauen ondoren Ihauteri eta astolasterretakoak eta xikitoak eman nituelarik Lapurdi, Baxanabarre eta Zuberoako Kantak I. Anonimoak (124-182, Donostia 1991) liburu lodikotean. Batzuetan kopla iraingarriak bezala izendatu ohi izan dira ere Literatura Terminoen Hiztegia (Bilbo 2008) entziklopedian Satira hitzaren sarreran aztertzen direnean, burla eta isekarekin lotuz. Isekazkoak deitu zitzaien ere XIV, XV eta XVI mendekoak biltzen dituen Euskal Literaturaren Antologia. Testuak eta argibideak Erdi arotik Errenazimentura(I) (Bilbao 2015) Euskaltzaindiko LIB taldeak burutu lehen liburukian.
Satira berez, bertsotan, hitz lauz, edota hitz-lauz eta bertsotan ageri daitekeen literatur generoa izanik egunorozko errealitate gordina bere alde mugaezinetan agertzea dauka helburu: gizonen akatsak, aberatsen bizioak, gizon eta emakumeen arteko harreman traketsak eta gizarteko beste hainbat eta hainbat arlo kritikagarri. Hauek modu errealistan, hizkera arruntean ematen dira borondate argi batekin, alegia, era kritikoan egunerokotasuna adieraztea.
Bizkaiako Foru Zaharrean (1452) aipatzen dira ere nola baziren andere lotsagabe eta nahasleak hauzoetan, zeinak kantatzen zituzten , coplas y cantares a manera de libelo difamatorio, beraz, iraingarriak ziren koplak, eta debekatu egingo dira ere ehun urte beranduago Errenterian (1568) antzeko bertso eta kantak, batez ere elizatik difuntuaren etxerakoan abesten zirenak, zeren eta aritzen baitziren hiciendo endechas y resucitando humores contra vicios y difuntos. (Iruñeako Eliza Artxiboa, Aginaga U, 10 zkia, f. 23). Pertsonen eta bizioen aurkako eresiak, alegia, ohiko bertso satirikoak kantatzen..
Hona hemen bildu ditugun adibide batzuek, iturriak adieraziz nondik norakoak irakurleak sakondu nahiko balu aurki ditzan, baten bat oraino gutxi ezaguna eta argitarabea delarik, eta zenbaitetan testu orijinalaren eskuzkriburen faksimilea eta bertso-papera ilustrazio moduan emango dugularik.
17. Salvat MONHO, Bardotzen Glub (1791)
Salvat Monho (Izturitze 1749 - Bardoze 1821) apaiza, kantiko zenbaiten egilea du, hala nola Iraultza Frantsesak sorrarazitakoen, eta Lafitterentzat pièces fugitives liratekeenen egilea. Monho apaiz errefraktarioetakoa zen, hau da, ideologia antirrepublikanoa zeukana eta 1791ko Apaizgoaren Konstituzio Zibilaren juramentuaren kontrakoa. Bere mihi eta luma zorrotzaren pean, satirarenean, erori ziren Robespierre, Pinet, Mentaberri apaiz errepublikazalea eta beste. Azkainen egon ondoren Bardozera iraganen da 1790. urteko irailean, eta, 1791ko urrian utzi behar izan zion bere plaza Mentaberri, apez zinegileari. Haserre biziaren suak harturik, honen aurka idatziko ditu bere bertsoak. Hona bederatzi bertso dituen satiratik lehen biak (Piarres Lafitte (ed.) Poèmes basques de Salvat Monho (1749-1821). Présentés, transcrits, traduits et annotés par… Ed. Ikas, Baiona, 1972, 30):
Airea: De tout un peu
1. Bardotzen glub! Bakearen gostuz badere. Bardotzen glub Egin nahi dute batzuk! Zer ari diren balakite, Egin nahi ote lukete Bardotzen glub?
2. Glub Bardotzen! Mentaberrik dauku asmatu Glub Bardotzen: Uste dut burutik joan den! Ez dire perlak xerrientzat, Ez konfiturak astoentzat, Preparatzen!
Apaiz ez zinatzaileen kontrako ilustrazioa (Cl. Horvath, 1791).
Mehaine.
18. Jakes LABADIE, Olorongo aphezpiku berriaren arribantzan (1793)
Jakes Labadie, Oihanburu deitua, da kuplet hauek, alegia bertso hauek moldatu zituena Olorongo apezpiku izendatu berriaren kontra eta, ondorioz, auzitara joan zena Claire Belsunce eta Satharitsekin batera 1793ko irailaren 19an. Jakes barbera zen eta 49 urte zituen, Claire Belsuncek, 64 eta Satharitse zalduna omen. Hirurak baxenabartarrak ziren, Mehaine herrikoak, eta Labadie galeretara Guyennera kondenatua izan zen. (Ikus. A. Pons-Devier, “Le Tribunel Criminal des Basses Pyrénées et les Répresentants du Peuple”, Revue Historique et archéologique du Béarn et du Pays Basque, 1924, nº 67, 20-31. Registre du Tribunal du district de la Plaine séant à Tardets. Procedure contre Claire Belsunce, Labadie et Satharits. Dossier nº 108).
1. Ondikotz heldu zarela aphezpiku faltsia, Zer egin duzu kaputxa, fraide arnegatia, Ah, non da, ah, non da Jinkuaren beldurra?
2. Eskumikia ondotik hor zabiltza fierrik, Arthaldea zureganik urrundia jadanik, Artzaina, artzaina, Barnez otso zarena.
3. Burlatzen zare Elizaz, nola Aitasaindiaz, Uste duzu naski bortxaz jabe gure bihotzaz, Agian, agian, ez orai, ez sekulan.
4. Badugu gidari asko, on eta zuzenezko, Gutxiena zurepeko beltzarra omen dago, Xumena, xumena, ez dezakezu mana.
5. Zure beharrik eztugu, ahal zohazke zalhu, Bakea, othoi, iguzu, izanen duzu diru, Herrian, herrian, zerga biltzen denian.
6. Jainkuak argi zaitzala eta konberti ontsa, Bihur zaite komentura zure baithan sartzera, Nigarrez, nigarrez Zaude han zure krimez.
7. Eman dautzuten karguko jeus eztuzu balio, Zu berriz ez ikhusteko ihes egin ginio, Adio, adio, Sekulakotz adio. Amen.
19. Beñat MARDO, Barkoxeko gatu-jalen khantoria (1793)
Beñat Mardo ( 1793 )barkoxtarra da, Mardoenea etxaltekoa ziur aski. Louis Dassancek, euskal kantaren kronika egin nahirik ari zitzaigunean, galdera hau egiten zuen: Nor izan zen lehen koplari ezaguna? Eta ematen digun erantzuna hauxe da: Beñat Mardo, barkoxtarra. Baina, zer dakigu Mardoz? Ezer gutxi. Honek ontzen zituen bertsoez Agosti Xaho atharraztarrak zioen hogei liburutan ez ziratekeela sartuko edozein unetan eta aitzakiarekin ematen zituen saioak jasotzeko estenografo bat han gertatu izan balitz. Horien guztien ezean, bai Sallaberryren kaieretan, bai beste zenbaitetan sakabanaturik edirenik bildu nituen zortzi kanta. Beñat Mardo, Museña, Alexis Arotx, Piarres TopetEtxahun, Dominike Haritxabalet, Mardo-Etxahunen jarraitzailea eta zenbait
Arg: Joanes Etxebarria.
artzain anonimo, besteak beste, genituzke Barkoxeko koblakari eskola osatzen zutenak. Umore eta fineziaz jantziak, mihi zorrotz jostalariz hornituak, izpirituz beteak, balirudike mende oso bat bete zuketela Mardo eta Etxahunen koplari garaikideek, Abbadiak Lore Jokoak XIX. mende erdian hasi aitzin. (Beñat Mardo, 1793. Aitzina, Baiona 1943, 15-16). Frantsesez eman zuen azken bertsoa medio badakigu 1793an bertsopaper moduan inprimatu zirela, eta lehenetarikoa dugula, beraz.
1. Ihautiria huilantzen, Maltesak orhitzen, Ase baten egitera dira abiatzen, Salazar harmaturik, ihizera joaiten, Fortuna du egiten.
2. Paradisen gathia, Oren tristin sorthia, Salazar harmarekin haren hatzemailia, Laur lagunekin, gero, dobatan jalia! Ai zer apetitia!
3. Gathia zen marfundi, Zahar eta itxusi, Hamabost urthe huntan jaten zin xixari, Barbalot, suskandera, arrathu, berhilki, Ez zena grent-garri?
4. Gathia ezarri, Arozteian segretki, Hamabost egunez han herakitazi; Nola beitzen zaharra, trendetzia gati, Gozatzeko hobeki.
5. Gathu jalik nur diren, Nik ez dit erraiten. Sants bere emaztiareki… balinbada han ez zen! Pourtaü gatu-jale dela ez dit entzun ukhen… Ez, ez dit sinesten!
6. Cette chanson imprimée Le onze février Mil sept cent quatre vingt treize à tous j’avertirai: Maltesak gathietarik begira-itzatzie: Zonbait koi dirade.
Pierre Lhande eta Jean Larrasquetek argitaratu Le Poete Pierre Topet dit Etchahun (1786 -1862) et ses oeuvres (Baiona 1946) liburuan bizitza latz, errari eta tristea eraman zuen bakoxtarrak moldatu 21 kanta satirikoen zerrenda eta testua ematen digute, eta Larrasquetek bere aurkezpen artikuluan dioen bezala, hizkuntzaren kolorea, mintzairaren kaustizitatea, euskal sen benetazkoena
Arg: Joanes Etxebarria.
eta fineziaz betetako laborari izpirituaren kontzentratuena ematen digute, non bilatu behar diren bere irautearen arrazoiak herriaren memorian. Hona kanta ezagunenetarikoa, non badirudien astolaster bateko elkarrizketa daukagula:
1. Maria Solt eta Kastero, Bi amoros zahar bero; Hirur hogei hamarna urthetan hartü die amorio! Kastero jelostü gero, Maria Solt ezarri kanpo.
2. Maria Solt dua nigarrez, Izorra dela beldürrez, Barnets-Bordako anderiak kontsolatü dü elhez: Emazte zaharrik oküpü agitzen eztela ez.
3. Maria Soltek arrapostü: Santa Elisabet badüzü; Saintü zahar bateganik oküpü agitü düzü; Kastero ere bada saintü, hala nizan beldür nüzü. […]
4. Kastero eztüzü saintü, Sobera bürhauti düzü; Elizalat juan eta taharnan egoiten dütü; Kastero dena gatik saintü, Maria Solt antzü zira zü.
Lord Wellington (1769-1852) Thomas Lawrence pintorearen arabera.
21. ANONIMOA, Biba Lor Biolenton (1814)
Saran 1993ko apirilaren 12an Euskal Idazleen Biltzarrak antolatuta kantaldi bat eman zen, eta Duela 200 urte… Lapurtarren deportazioak… titulaturiko liburuxka argitaratu. Hogeita bat kanta jasotzen zituen eta 18ak, EtxamendiLarraldek abestu zutena honakoa da. Konpreni ahal izateko kontuan hartu behar dugu Lor Biolenton hori Lord Wellington dela (Dublin 1769 - Walmer 1852), frantses gudaloste napoleondarra Espainiatik bidali zuena. Donostia, aliatua zena, erre egin zuen 1813ko abuztuaren 13an, eta Louis XVIII.a (Versailles 1755 - Paris 1824) ezarri zuen Frantziako errege, 1814tik 24ra iraun zuena. Antonio Zavalak bildu zituen eta bi liburuxkatan idatzi Frantziako iraultza eta konbentzioko gerra bertsotan (I) eta Frantsesteko bertsoak (II) (Etor 1989), gerra eta gertakizun horiei buruz apaizek, soldaduek eta herriak osatu bertsoak, izen bitxiak asmatuz, hala nola hilotina, eta Lor Biolenton.
1. Frantzian errebuelta zenbait da asirik, Ogei eta bost urte ditu konpliturik. Robespierres eta Fines biek kasaturik, Gero aien ondotik Bonaparte jarri zen nausiturik.
2. Biba Lor Biolenton gerlari andia, Zuk ere eman diguzu Frantzian bakea, Eta preso ezarri enperadorea. Biba, biba, biba Luis erregea.
3. Biba, biba, biba Luis emezortzi, Zure izena oraino etzaigu ahantzi, Zu behar zaitugula zagutu nagusi, guziak onetsi, Napoleonesak oro joan ziren ihesi. Biba Lor Biolenton…
22. Martin LARRALDE “BORDAXURI”, Galeretan (1815)
Martin Larralde (Hazparne 1782 - Rochefort 1821) hazpandarrak aitarekin izan zituen gorabehera eta istilu handiak ondarea zela eta. Eta, ondorioz, hilketaz akusatua izan zen. Baionan publikoki zigortua zuten eta, betirako kartzelara kondenaturik, bere egunak Rocheforteko kartzelan bukatu zituen. Badirudi zigorra Paueko hirian, burdinez kargaturik, 10. bertsoan dioen bezala, eman eta kopiatu zituela bertso hauek (Patri Urkizu, LBNZ, II, 664665. Vide: Piarres Xarritton, “Hazparne-ko Martin Larralde (1782-1821), Bernard Larralde (1771-1853), J. Baptiste Larralde (1804-1870), hiru pertsulari bordaxuri-tarrak” Iker 2. Homenaje a Pierre Lafitte. Euskaltzaindia. Bilbo 1983, 667-682). Bi bertso soilik emanen ditut hemen, lehena eta laugarrena, non aita ageri zaigun saindu iduri izanik deabru.
1. Mila zortzi ehun’ta hamabortz garrena ni Ahazpamen preso hartu nindutena; Plumagaineko premu orok dakitena, galeretan higatu beharko naizena. […]
4. Ene aita da gizon kontsideratua, semia galeretan du segurtatua; nun nahi othoitzean belaunikatua, saindu iduri debru madarikatua!
Clement pintorearen margoa. Presoak ihesi nahiean.
23. Marijoan IGOA, Gauza reserbatuak (1820 ing.)
Parisen Dominique Peillen, Joanes Mirande eta beste zenbait kolaboratzailerekin batera Igela, euskaldun heterodoxoen errebista, argitaratzenhasi zen 1962an eta urtarril-martxoko lehen alean, Gauza reserbatuak artikuluaren sarreran J. Moulette gaskoinaren esaldi bat dakar, zeina honakoa den: Euskaldunak ain zirezte fededunak, erri bakoitzean erretoraren seme bat baita. Ondoren Nafarroako bertsolarisa baten bertso berriak Ultzamako ballean, Aetzak igorri zituenak ematen dizkigu. Ez dakigu, nori, eta bertan kontatzen digu nola apez bat zerbitu ondoren xita bat atera zen, haur batez erditu zen. Hona hamabi bertsoetatik bigarrenak, laugarreak eta hamaikagarrenak diotena:
[…] Apez bat zerbitu dut amalau urtean, jaun eta jabe egiñik aren ondasunean, Señora bat bezala jauntzirik soñean, pagu ona eman dit orai atzenean. […]
4. Sazerdote batean ez dira kabitzen burutikan galdua ezpada arkitzen; jarritzen ginanean graziak ematen gauza reserbatuak zizkidan esaten.[…]
11. Adios Erizeko zarrak eta gazteak, nik iduki zaituzket nasirik guztiak ala agintzen zidan nere nagusiak orain agertu dira gure maliziak.
Halaber honako bertsoak eta kantak ez ziren ohi eskas, hala nola, Aita Donostiak jasotakoa (Aita Donostia, Cancionero Vasco, 1554. zkia. T. IX, 2017), eta Ai, Ixabel, Ixabel, Ixabel ederra bertsoarekin hasten dena eta bigarrena honelaxekoa duena:
Labaingo apez gaztiak seme bat omen du, Osaba erraiten dio, berak ala nai du. Aitak meza eman ta semiak lagundu. Labaingo apez gaztiak alaxe egiten du.
24. Joxe Martin MIKELAJAUREGI “EZKERRA”, Algara gozoa Ja Jai (1861)
Ezkerra bezala ezagutuago zen Bidasoako koplariaren bizitzaz askorik ez dakigu, baina aztarna batzuk bederen bilatzen saiatu gara. Lehenik, hona zer dioen garaikide zen Jean Duvoisin kapitainak: Jose Mari Ezkerra d’Irun[…] est le plus fameux coupletier de la frontíère et on peut juger de sa facilité à faire des vers par ce qu’il dit lui-même, qu’il y a dans sa “fabrique de quoi remplir une cathédrale”. Alegia, irundarra zela, mugako koplaririk famatuena, eta izugarrizko erraztasuna zuela bertsoak moldatzeko; eta hiperbolea erabiliz, katedral bat betetzeko adina eginak zituela. Abbadiak 1858an antolatu Lore Jokoetan aurkeztu zuen poeman honakoa zioen berak: Jose de Vera “Ezkerra”. Beraz, esan dezakegu beratarra zitekeela eta Irunen hil zela, bederen heriotza-agiriak halaxe baitio, berea bada. Jean Baptiste Larraldek osatu zituen bertso batzuk haren laudoriotan, hil zenean 1858an. Irungo Misioetarako moldatu zituen bertsopaperean Abbadiak idatzitako honako oharra aurkitu dugu: fait par José Martin Mikael Jaureguy, dIrun, agé de 95 ans en 1858, et qui vient denvoyer une pièce de vers au concours dUrrugne. Hau da, 1858an 95 urte zituela. Beraz, 1763. urtera eraman behar dugu bere jaioturtea. Eta Irungo artxibo sakramentalak irakurriz aurkitzen dugu 1861ean hil zela, abuztuaren zortzian, Martin José Miquelajauregui Echegoyen. Kontuan hartuz gero badela Martin Jose Miquelajauregui bat Irunen jaioa 1784an, ondoriozta dezakegu hau Jose Martinen semea izan zitekeela, eta beraz, 98 urte zituelarik hil zela bidasoatar koplari garaian ospetsua eta gurean ezezaguna. Dudak ditugu. Jose Mari, Jose Martin eta Martin Jose pertsona bera ote? Dena den, pentsa dezakegu, Irunen hil arren beratarra zela jaiotzez, eta, Jean Haritschelharrek lehen karlistaldiko bertsoak komentatzerakoan dioskun bezala, liberala zela eta konstituziozalea. Halaber, 1823ko gerra egina, eta Fernando VII.ak emandako amnistiaren ondoren Bidasoa iragan zuela, eta kontrabandoan ibili zelarik Baionako kartzela ere probatu zuela, han bere umorea eta moderazioa galdu gabe. Artzaina deitu Jauregi jeneralaren agintepean egin zuen jada zahar xamar zelarik, antza, lehen karlistaldia, eta sarjento izatera iritsi zen. Domina eta zauriak ere jaso zituen, baina zor zitzaion pagarik ez. Aztarna gehiagorik ezean, hona bada gure bertso bilketa lantxoa, eskuizkribu eta bertsopaperen artean. Katedrala betetzen zuten bertso haietatik zazpi soilik salbatzea lortu dugu bereak, eta beste lau, berari eskainiak edota bera aipatzen dutenak. Orotara, hamaika. Eta Francisque Michelek zioenez, satira eta karikatura maite zituen, garaiko beste euskaldunen antzera. Irria eta ziria gogoko zuten euskaldun haiek. Galtzen ari ote dira gure artean bertute haiek? (Ikus: Patri Urkizu, “Jose Martin Mikelajauregi “Ezkerra” (Bera 1763 - Irun 1861). Bidasoako Bertsolaria”, Donostia 2014, Egan-3/4, 35-60). Hemen lehen eta azken bertsoa ematen ditugu adibide gisa, eta bertsopaperaren faksimilea:
Koldo Mitxelena kulturunea:C-602 F-18.
1. Nere adizaleak onutz juntatu, Kastillako kontuak biaitut kontatu, Goguan artu Ez naiz bada txit barren barrenen sartu Baina ez dustatu An bizi bainan obe luke urkatu. Ja…ja…jai An bizi bainan obe luke urkatu.[…]
8. Ango sukalde zoko kuriosuak, Lagatzik ageri ez falta aspua, Eserlekua, Iru edo lau arri kintalekua. Ango zokuak Ezkondu azkaroztik garbitzekuak, Ja…ja…jai Ezkondu azkaroztik garbitzekuak.
25. Jean Martin HIRIBARREN, Gure pleintak (1862)
Jean Martin Hiribarren (Azkain 1810 – Bayona 1866), apaiz azkaindarra bertsogile oparoa izan zen. Agosti Xahoren laguna, Baionan kalonje bezala hil zen. Bere idazlanen artean hona batzuek: Iruñeko bestak (1845), Montebideoco berriac (1853), Eskaldunac (1853), Napoleon lehena (Ed. R. M. Pagola, 1994), Escaraz eguia (1858) hitz lauz erlijioen historiaz, eta 891n Eskaldunak gerlan (Ed. X. Arbelbide 1991) antzerkia. Halere, Lafitterentzat bere arnas poetikoak epika edo historia alorrean baino askoz ere antzetsuago eta trebeago, erakargarriago agertzen omen da bertso ziridun eta satirikoetan. Hona jaun mera faltsuien kontra asmaturiko ziriak. (Ikus: Patri Urkizu: “Euskal idazleen bertsoak bigarren errepublikaren gainean (1848-1851)”, La Révolution française dans lhistoire et la littérature basques du XIXe siècle, Ed. JeanBaptiste Orpustan, Izpegi, Baigorri, 1994, 121-147).
Faltsuiak ziren, arras faltsuiak Gure meraren promes guziak. Sekulan ez dut sinhetsiko nik Mera berrien erranetarik. Bi mila gauza hitzeman dauzku Solament bat ez du konplitu. / Sekulan… Herriko etxeak daude nigarrez, Beren zilhuentzat pedaxu galdez. / Sekulan… Urak pasatzen ditugu jauziz, Igelen gisa zangarrak bustiz. / Sekulan… Patar hertsiak erorikoka, Lehen bezala lurrari potka. / Sekulan… Hirrisku xarra dute komunek, Hirrisku xarra herriko sosek. / Sekulan… Ez da hoberik, ez, aferetan, Oro doazi ohiko trazan. / Sekulan… Gaztek zaharrak iduri dute, Gaztek paper berak dituzte. / Sekulan… Herriak beraz sanjatuz mera Sasitik ein du jauzi berrora. / Sekulan… Ez da gezurrik nik erranetan, Ez egiarik meren hitzetan. Sekulan ez dut sinhetsiko nik Mera faltsuien gezurrik.
26. Jean Baptiste OXALDE, Xanxundegiko xakhurra (1867)
Jan Batista 1814an jaio zen Bidarrainen, eta bertan ehortzi zuten 1897an. Guarda eta postari izan zen, Ameriketan ibili zen, herrietako tobera bestetara maiz deitzen zuten bertsoak para zitzan eta Anton Abbadiak prestatu Lore Jokoetan parte hartu zuen honako kantekin: 1851, Kantu berriak Urruñeko pilota partidaren sujeten gainean; 1852, Biba Luis Napoleon!; 1859, Italiako gerla; Tratu eder bat; 1868, Enperatrizari; 1878, Khilo-egilearen kantuak; 1880, Beranteko urrikiak; 1883, Burdinbidea; 1890, Lurreko ene bizia; Etchahun barkoxtarrak eta Oxalde bidarraitarrak elgar errekontratu zirenean eman zituzten kantua; 1894: Madalen Larralde… Gratien Adéma Zalduby (Senpere 1828 - Baiona 1907) apaiz eta poetak ere moldatu zituen bertsoak, eta Oxalde estimatzen zuen beste koplari guztien gainetik (“Art Poétique Basque”, Eskualduna 1899), eta Oxalderen Xanxundegiko xakhurra Ademaren Mehetegikoa bilakatu zen aldaera tipi batzuekin, nondik nabarmentzen zaigun autoretzari zion axola. Zentzu komikoa, irria eta ziria helburu
Joanes Oxalde (Bidarrai 1814-1897).
Eskualdun ona, 1904-V-13.
zuten zenbait abereren itxura eskas eta aldrebesa, jabearen antzekoa, deskribitzen zuten bertsoek, hala nola Ezkerraren zamariak. Hona lehena hamar bertso seilerrodunen artekoa.
Xanxundegiko xakhurra Zangoz errainez makhurra, Berga bat luze muthurra, Larrutik hurbil hexurra, Aste guzian barura, Zeren zen lekhu xuhurra.
Serafin Baroja (Donostia 1840 - Bera 1912) Pio, Rikardo eta Karmenen aita mehatzetako ingeniaria izan zen, errepublikano amorratua, liberala, Donostiaz maitemindua eta idazteminak joa. Luzaroan iraun ez zuten El Urumea, periódico no político (Donostia 1879), eta Bai jauna, bai (Iruñea 1883, Madril 1904) kazeta elebiduna sortu zituen. Hainbat poema ere bai, euskaraz eta gaztelaniaz, hala nola Gaci-guezac, poesías prosaicas en vascuence y castellano (Donostia 1875), eta, tartean, Sarriegik musikatu zuen Donostiako martxaren eta Zezen-suzkoaren hitzak. Eleberri batzuk ere argitaratu zituen gaztelaniaz: Los pillos de la playa (1865), Entre Madrid y San Sebastián amores prosaicos (El Urumea, 1879), Perico de Labaindanere (La Voz de Guipúzcoa 1888), De Chamberí a Madrid. 100 metros en 25 días (La Voz de Guipúzcoa 1895). Euskal operaren aitzindaria izan zen Pudente (1878),
Serafin Baroja (Donostia 1840 – Bera 1912).
Luchi (1904) eta Elcano-ren libretoak idatziz (Ed. Patri Urkizu, UNED, 2007). Hemen dakardan bertsoa 1874an argitaratutako bertsopaperaren laugarrena besterik ez da (Ikus: Patri Urkizu (ed.), Serafin Baroja: bertsoak, Pudente, Tormesko Lazarotxoa, Kontuak. Txertoa, Donostia, 1988, 33):
Zazpi sakristau, amabi alper, ogei basarritar babo, Jauregi buru, Santa Kruz gero, azkenik berriz Otxabo, erlijiyua aitatu ezkero basarritarrak akabo!
28. Gratien ADEMA, Biba Errepublika (1876)
Gratien Adema (Senpere 1828 – Baiona 1907) Zalduby, Hergaray, Artzain Beltcha, Uxaleguy eta beste ezizen batzuekin idatzi zituen hainbat eta hainbat bertso eta alegia. Hazparnen, Bidarrain eta Atharratzen urte batzuez apaiz lanak bete ondoren, bere bizitza Baionan bukatu zuen kalonje gisa. Anton Abbadiaren Lore jokoetan parte hartu zuen zenbait alditan, hala nola 1859an Zenbat hitzuntzi! bertsoekin; 1871n Jeus poemarekin, (Ikus: Patri Urkizu, “Gratien Adema “Zalduby”ren JEUS poemaz iruzkinak”. Euskera 2007, 1009-1032), 1876an Biba Errepublika! bertso ziridunekin eta beste. Hemen azken aipatu tituluaren 19 bertsoetatik lehen biak bakarrik emango ditugu, besteak Anton Abbadiaren koplarien guduak. Bertso eta aire zenbaiten bilduma 1851-1897, (Donostia 1997) liburuan aurki daitezkeelarik:
Dugun errepika, Biba errepublika! (bis) Errepublika zer den ez dakienari, (bis) Huna hots nik egia: denek nausi nahi. Dugun errepika… Errepublikak liro xoraraz mundua, (bis) Damurik fama hitsa du lehen bildua. Dugun errepika…
Jauzika burutu ibilaldi arin honen ondoren, laburbilduz, honakoxea azpimarratu nahiko nuke, alegia, euskal literaturan mendeetan zehar, kontuan harturik bere urria eta hogeigarren mendea eta zehazki honen bigarren partea arte liburu erlijiosoa izan dela ugariena, eta ondorioz euskaldun fededun binomioa zabaldu izan ohi dela aski arrazoiz bazterretan, baina izan dela beste ildo bat ere, beste genero bat, ez dena behar adina aztertu ez eta ezagutarazi, heterodoxotzat jo izan delako eta satira kontzeptu zabalaren barnean sar dezakeguna.
Gratien Adema (Senpere 1828-Baiona 1907).
Ez zitzaion izpiritu kritikorik falta asmatu zuenari erlijioaren eta erregeen kontrako kopla hura, sorginek formula magiko gisa ere erabiltzen omen zutena (In nomine Patrika… egidak ipurdian pot), ez eta Berterretxen khantorearen sortzaileari dioenean Enian uste erraiten ziela aitunen semek gezürrik, non garbi ageri denMauleko gazteluko Beaumont gobernariaren aurkako ziria. […] orain dator fraile malmatz, arro bat, irakurtzeanElizaren zerbitzariaren aurka moja baten ahotan, nabari da Lazarragaren jenio erasmista. Halaber, bi mende geroago, Frantses Iraultza garaian, apaiz zinegileen edota desertoreen kontra ez da bertsorik faltako, ez eta gazteek kantatuko zituzten apaiz dantza debekatzaileen kontrakoak ere.
Mardok barkoxtarrak bere burua aurkezten duenean Museñaren kontra, bakoitzak bere lekua behar duela mantendu esango dio honi, hi tailür hizan bezala ni zintzarri egile, eta Etxahunen jenio eta izpiritua XVIII-XIX. mendeetako bukaera eta lehen partean nabarmen da. Hala, astolasterretako umorea ere ziriz beterik zen, non bertso asko andre-gizonen izenez deitzen diren, — Rekokilart eta Arrider, Maria Solt eta Kastero, Pepa eta Koakin…— eta horien arteko solas irrigarriak irakur ditzakegun. Ofizialenak deitu bertsoetan Etxahunek ofizioei errepasoa emanez ikusten ditu, Jaun aphezek… phakatü gabe hitz bat eztie erraiten, …[eta] sarjant eta notariak… haien elhe ülhün gezürrek nahasten gaiza txipiak… besteak beste. Andreak orotarikoak agertzen zaizkigu. Badira, mustaxtunak, edaleak, adarzaleak, atso dantzazalea, Mariaren alaba debotak, mistikak, kartajokozaleak…
Noski, garaian garaiko eraginez asmatuko dituzte beren bertsoak, eta, gerra denean, alde batekoak nola bestekoak ahaleginduko dira euren bertsopaperekin karlisten alde edo kontra egiten eta euren mezua zabaltzen. Oroitu, adibidez, beste kanta ezagun hura: Azpeitiko neskatxak, gona gorriekin / ez dute nahi dantzatu xapel zuriekin…
Beste saiotxo baterako uzten dut pastoraletako Satanen solasetako bertso ausartak iruzkintzea. Beraz, hasieran esan bezala, hemen aipatu iturrietan gogoko dituenak hobeto ezagutu ditzake euskal gizartearen alde ilun eta ospelak agertzen dituztenak, hain faltan ikusten dugun kritika zentzuaren adierazle, irria helburu duten ziri bertsoak.•