2 minute read
EURIPIDESEN BERTSOAK: BOTIKA ETA POZOI.Fredi Paia
from Bertsolari 118
by elkarmedia
EURIPIDESEN BERTSOAK: BOTIKA ETA POZOI
TESTUA: FREDI PAIA
Advertisement
BERE IRUDIA AGERI DIGUTEN ESKULTURETAN:hodi-edalontziak asmatu aurreko sudurra, kirru-zapak, bizardun eta irri ttipiarekin azaltzen da beti. Berrogeialdi, naufragio edo Bilboko Aste Nagusi iraunkor batean biziko balitz bezala. Marmol kolore zurbileko aurpegia, baita British Museumeko busto ofizialean ere. Fisikoki Peloponesoko Iparragirre baten itxura zuen.
Euskalduna izan zitekeen, Euri bide edo antzeko izenetik eratorritako baserriko semea. Baina orduan Uztapide greziar bat zatekeen. Eta ez omen zuen bizitza osoan bisigu begigorririk bertsotu. Bere aire soroslea Etxahun Barkoxekoa, Solferinoko itsua edo Foruak galdu ondorengo Txirrita greziar batena zen. Mahaigiro horretan gustura legoke Euripides, berak esan legez: Seme-alabarik ez izatea zorioneko zorigaiztoa da.
Bertsolari hitza kakotxik gabe darabilt Euripides izandatzeko (izandatu aditzetik). Izan ere, XX. mendeko ikerlariei esker badakigu greziar bertso klasikoen ahozko jatorriaren berri. Une honetan bertan, baliteke, John Folley eta Euripides greziar epika, lirika, komedia eta tragediaren ahozko sustraiez aritzea, hitz neurtutan, ahozkotasunaren historiaren txosnan.
“Bertsolari”ren ordez “inprobisatzaile” deitu izan banio, mekanizazioaren ondorengo jendartearen begien hiztegitik, bertso orfikoa botako lidake Euripidesek. Ea bizitzea zer den galdetuko lidake: inprobisatzea, planak desegitea, gogoratzea, aldatzea, errepikatzea, ausartzea… Eta nik jada ez dut erantzunik.
Beste garai batekoa zen Euripides. Bertsotan aritzea, soinuen bidez eraikitako irudien arteko elkarrizketa transformatzailea, argibide bat baino ez zen garaikoa.
Garrantzitsuena da Euripidesen bertsoak hain zirela onak, jendearen bizitza salbatzeko balio zutela. Bai, bere bertsoak xalbadorrak izatera heldu ziren. Hala dio behintzat Plutarko historialari greziar erromatartuak, bere Nicias. Bizitza paraleloak liburu klasikoko pasarte bitxi batean: Siziliako biztanleak Euripidesen bertsoen zale amorratuak ei ziren.
Bertsolari hitza kakotxik gabe darabilt
Bereziki, greziar jatorriko sirakusarrak. Hiriko portu zaharrean egoten ei ziren Greziatik heldutako merkatarien zain. Ea Euripidesen bertso berririk ote zekarten. Hala zenean, bertsoak buruz ikasi eta elkarri irakasten zizkieten sirakusarrek. Abiadura harrigarrian zabaltzen omen ziren Euripidesen bertsoak siziliarren artean.
K.a. 415. urtean, Atenasko hiriak gerra espedizioa antolatu zuen Siziliako sirakusarren aurka. Nicias (bizitza paraleloak zituena) izendatu zuten atenastarren espedizio buruzagi. Eta porrot militarra erabatekoa izan zen. Sirakusarrek Nicias hil zuten eta, paraleloki, milaka atenastar hartu zituzten preso. Burruntziarekin bekokian zaldi baten irudia markatu (Troiako zaldia?), esklabo modura saldu eta Sirakusako harrigunagan lanean hiltzera kondenatu zituzten. Hurrengoan ere etorri, Pitxin!
Plutarkok xehetasun handiz kontatzen ditu preso atenarrek pairatu zituztenak. Harrobietan bizi izan ziren kateaturik, aterperik gabe, lanean, egunean kilo erdi garagar jan eta litro laurden ur edanez. Gehienak hil ziren.
Aitzitik, pasartearen amaieran, Plutarkok hala dio: “Zenbait preso atenastarrek Euripidesi esker lortu zuen askatasuna. Euripidesen bertsoak buruz zekizkiten atenastarrak ziren. Euripidesen tragedietako bertsoak irakastearen truke askatasuna eskaini zieten sirakusarrek. Eta behin aske, Greziara bueltatzerakoan, guztiz hunkiturik joan zitzaizkion Euripidesi eskerrak ematera”.
Euripidesen bertsoek buruz ikasi zituzten atenastarren bizitzak salbatu zituzten. Bertsolariaren eta entzulearen asebetetze mailan goren gradua. Txaloa baino askoz sakonagoko zerbait. Oinarrizkoagoa. Baina anekdotikoagoa, batez ere.
Greziarrentzat bertsoak, musika, dantza eta antzerkia medikuntza ziren; anatomia legetxe. Beraz, guretzat anekdota harrigarria baino izan ez dena, europar arte eta kulturaren sustraiak erein zituztenentzat, euren hautemate sakonenen baieztapen bat zen.
Euripidesentzat argibidea, ostera, pharmacos hitz grekoaren esangura bikoitzaren paradoxa izan zen: botika eta pozoi. Preso atenastarren bizitzak salbatu zituen sormen bertsotu berak bihurtu zuen Euripides, handik urte gutxira, Arkelao errege mazedoniarraren txakurren afari.