8 minute read
DENGBÊJÎ.Zinar Ala
from Bertsolari 118
by elkarmedia
DENGBÊJÎ HERRI KURDUAREN AHOZKO BAT-BATEKOTASUNA
AHOZKO INPROBISAZIO KURDUARI DENGBÊJÎ ESATEN ZAIO. A CAPELLA EDO MUSIKA-TRESNEKIN LAGUNDUTA ABESTU DAITEKE, BAI HAIZEZKO TRESNEKIN (DUDUK-A,BILÛR-A, NEI-A, ZIRNE-A) EDO SOKAZKOEKIN (TEMBÜR-RA MUSIKA-TRESNA NAZIONAL KURDUA ETA BIOLINA EDO KEMANCE-A). MAIZ, ISTORIOAK KONTATZEN DITUZTEN ABESTIAK KANTATZEN DITUZTE DENGBÊJEK, BURUZ DAKIZKITENAK, ETA, BESTE BATZUETAN, BERTSOAK INPROBISATZEN DITUZTE ORDUAK IRAUN DITZAKEEN ANTZEZPEN BATEN BARRUAN.
Advertisement
TESTUA: ZINAR ALA (ERREDAKZIOAN ITZULIA)
MENDE LUZEZ MANTENDU DEN TRADIZIO HAU GAKOA IZAN DA HERRI KURDUAREN MAITASUN, IRAULTZA, BALENTRIA ETA PORROT ISTORIOAK GOR-
DETZEKO. Kondaira horietatik gehienak inoiz ez ziren idatzi, eta dengbêjei eta epopeia historikoak memorizatzeko daukaten gaitasun itzelari esker salbatu ahal izan da aberastasun literario hau guztia ahanzturatik.
Dengbêj hitzak “trobadore” esan nahi du, eta hitz konposatua da: deng (ahotsa edo soinua) eta bêj (esan). Dengbêjei kilambêj ere deitu ohi zaie, eta kilam hitzak “bertsoz osatutako abesti luzea” esan nahi du. Dengbêja edo kilambêja Bakurreko (Kurdistan iparraldea) zonaldean kantu herrikoiak abesten dituen profesionala da, musika-tresnekin lagunduta edota a capella abesten dituena. Dengbêjaren bertsoz osatutako kantuak musika genero independentea dira, eta tradizio narratibo hori islamaren aurreko garaietatik dator.
Rojhilaten(Kurdistango ekialdean) trobadore kurdu profesionalei Iawjebêj esaten zaie. Dengbêjak geografia
kurdu osoan zehar topa daitezke. Arte hau ere oso zabaldua dago Rojavan (Kurdistan mendebaldea), bereziki Mendi Kurduetan (Efrîn). Tamalez, okupazio turkiarra dela eta, dengbêj gehienek erbestera jo behar izan dute Ekialde Hurbileko beste lurralde batzuetara. Dengbêj batzuk Armeniatik datoz. Epopeiak ahoz eta bertso forman transmititu dira belaunaldiz belaunaldi, eta XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran grabatu ahal izan ziren epopeia horietako batzuk, Oskar Mann eta Albert Socin orientalistei esker.
Dengbêjek adin bat izan behar dute beren abilidadeak estimatuak izan daitezen, tradizio narratiboa menderatu behar dute, testu propioak sortu behar dituzte eta abesteko ahots ona izan; ahots fina eta altua, baina hala ere aski indartsua.
Herri kurduaren literatura tradizioa ahoz aho soilik transmititu da mendez mende. Kurdistanen gehien hitz egiten den kurmancî dialektoak, ahozko hizkuntza izaten jarraitzen du hein handi batean. 1950eko hamarkadan kurduen gehiengoa eskolatu gabea zela uste da, eta horrek azaltzen du istorio-narratzaileek zeukaten posizio altua, ondare kultural garrantzitsua zaintzen baitzuten.
1960ko hamarkadan dengbêjak apurka desagertzen ari zirela salatu zuten. 1930eko hamarkadatik aurrera dengbêjîak asko sufritu zuen hirietan eta apur bat gutxiago herrixketan, autoritate turkiarraren errepresioaren erruz, zigortu egitenen baitzuten kurdueraren erabilera publikoa.
Ekialde Hurbilean soilik Bagdad eta Erevan irratiek emititzen zituzten tarteka dengbêjen kantuak.
1991n, Turgut Özal presidente turkiarraren iniziatibaz, kurdueraz hitz egin eta idazteko debekua eten zuten. Handik gutxira, zenbait abeslari kurdu epikoren zintak eros zitezkeen Istanbulen.
Arbaso kurduak zeuzkan Jaar Kemal idazleak ekarpen esanguratsua egin zuen dengbêjìa kontserbatzearen alde. 1963an idatzi zuen Jer Demir Gök Bakır (Burdinezko Lurra, Kobrezko Zerua) eleberriko protagonistetako bat
Evdalè Zejinikè dengbêj historikoa da. Dengbêjîa idazleak ondoren kaleratu zituen hainbat obretan agertzen da.
2003tik musika jaialdiak ospatu dira Diyarbakirren eta gehiengo kurdua daukaten Bakurreko beste hiri batzuetan. Europar Batasunaren diru-laguntzekin Amed/Dijarbakir-eko herriak Mala dengbêjan (dengbêjen etxea) zentro kulturala zabaldu zuen 2007an. Mikel Aiestaran kazetari euskaldunak egoitza bisitatu zuen 2011n, eta honela deskribitu zuen: “Abestiek Dijarbakir zaharrean ezkutatutako harrizko etxe handi honen hormak zeharkatzen dituzte. Herri honen gertakizun garrantzitsuenez mintzo diren melodia kurduak…”
Aspaldi batean dengbêjek bidaiatu egiten zuten haien bertsoak jauntxoen etxeetan abestu eta horrela haien ogibidetik bizi ahal izateko. Baina azken hamarkadetan dengbêjek bestelako lanak egin behar izan dituzte haien familien beharrak asetzeko.
Rahmi Batur kazetariak Dengbêjak, inprobisatzaile kurduak izeneko artikuluan dioenez “dengbêjek, batetik, beren abestiak kantatu eta poema luzeak errezitatzen dituzte, eta bestetik inguruko kondairak biltzen dituzte euren errepertorioa aberasteko asmoz”.
Ikertzaile zein dengbêj ugarik diotenaren arabera, antzinako dengbêjak emakumeen bizipenetan oinarritzen ziren haien kantuak konposatzeko. Rahmik azpimarratzen duenez bidaiatzen ari ziren dengbêjengana hurbiltzen ziren emakume asko, beren istorioak abesti bihur zitzaten.
Testuinguru honetan kontuan izan behar da, beraz, gizonezkoek kantatutako bertso poetiko eta abesti asko emakumeen adierazpenak direla. Horren adibidea da Garabêtê Xaco dengbêj armeniarrak abesten zuen Lawikê Metînê (Metîn mutikoa) kantua, Ainur abeslariak mundu osoko oholtzetan interpretatu zuena.
Denbêjak protagonistaren ahotsa interpretatzen du, tamalez ezezaguna zaigun protagonista batena:
Albert Socin-Taeschler.
Duduk. Pierre Selim.
Ai ama, maitea, zutitu, etorri Jainkoaren izenean, larunbat honetan Garbituidazu ilea eta jantzi nazazu Txirikordatu nire ilea ispiluaren aurrean Hey lê lê lê, o, ama maite Alabak dio, o, ama maitea Bidali norbait nire Metîn senargaiaren etxera Esan diezaiotela etortzeko eta bere burua nire bularrean jartzeko Ezkontzeko eskatu nahi badit, egin dezala Hemendik urrutira eraman nahi banau, eraman nazala. Bestela, bihar beste batekin ezkonduko naiz. Ai, ama maitea Ai gure patu traidorea iruzur egiten digu Eta ez digu zorte onik ekartzen.
Dengbêjeen etxea. Mala dengbêjan. Mikael F.
Silemane Dengizi. Durzan Cirano.
Gizonezko dengbêjak
Artikulu honetan ez daukagu tokirik Kurdistango bazter guztietan kantuan dabiltzan dengbêj bikain guztiak aipatzeko.
Bakur aipatzen badugu, kurduen burura etorriko den izena akirorena da. Bere egiazko izena akir Deniz zen, eta Esmirnan hil zen 1996an, dengbêjen historian arrasto handia utzita. Bere maisua Reso dengbêja izan zen, eta Reso bera beste dengbêj legendario baten ikaslea izan zen: Evdalê Zeinê, kurduen Homero. Gaur egun Sakiroren inprobisazioak telebista kurduetan transmititzen dira eta dengbêj gazteek beren errepertorietan sartzen dituzte.
Rojavan nabarmentzekoa da Cemîl Horo, Mendi Kurduetako Urretxindorra izenez ere ezaguna. Berari eta beste dengbêj batzuei esker bertako herritarrek asko zekiten iraultza eta kondaira kurduen inguruan. Erregimen siriarrak kurduera debekatu zuen mende erdiz. Kurdistan osoan zehar bidaiatu zuen Cemîl Horok, eta kurduera eta arabieraz gain turkiera eta persiera ere menperatzen zituen. Batzuetan inprobisatu egiten zuen kondairak abesten zituen bitartean, abestiaren gaiarekin zerikusia izan beharrik ez duten bertsoak kantatuz, baina aldi berean oinarrizko melodiatik atera gabe.
Cemîl Horok disko bat grabatu zuen Aie an hilezkorrarekin, eta bildumako abesti nagusia Mem eta Zînen arteko maitasun istorioa izan zen, Ehmedê Xanîren (1651-1707) maisulan bat. Mem u Zîn epopeia nazional gisa kontsideratzen dute kurduek, eta dengbêjek belaunaldiz belaunaldi transmititutako Memê Alan printzipe kurduaren kondairan oinarritzen da. Manuel Martorell eta Urtzi Urrutikoetxea kazetarien ahaleginari esker obra honen laburpen bat euskaraz irakurri daiteke (Men eta Zin, Txalaparta).
Azken urteetan dengbêjei ongietorria ematen zaie telebista kurduetako programetan, eta estatu turkiarreko kanal ofizial kurduan (TRT Kurdî) Dengbêj izeneko programa emititzen dute astero.
Emakume dengbêjak
Tamalez, gizarte kurduaren izate patriarkalak ez zien errazten emakume dengbêjei herriz herri bidaiatzea eta jardutea, gizonezkoek egiten zuten bezalaxe. Hala eta
Viyan Peyman.
guztiz ere emakume dengbêj askok toki bat topatu ahal izan zuten musika tradizional kurduan, eta horrela, haien izenak herriaren oroimenean tinko geratu dira. Haien artean Mariam Xan (1904-1949) eta Eie an (19381996) nabarmentzen dira.
Gaur egun dengbêj emakume profesional ugari gonbidatzen dituzte telebista platoetara eta ezkontzetan abestera. Bestalde, profesionalak ez diren emakume askok dolu egoeretan abesten dute malko eta samin oihu artean, galdutako senide edo laguna goraipatzen duten bertsoak inprobisatuz.
Gaur egun gazteek dengbêjaren usadio honekin jarraitzen dute, eta berrogeialdi garai hauetan egunero zabaltzen dira sare sozialen bidez dengbêjen arteko topaketak, eta zuzenean abesten dute hainbat parte hartzailetako errondetan.
Abesti tradizionalak menperatzea ez da erraza, ezta abesti berriak inprobisatu eta konposatzea.
Rojhilat lurraldeko Vijan Peiman gerrilari dengbêjak Kobanê herriaren erresistentziari buruzko abestia sortu zuen 2015ean. Urtebete gero hil zen Rojavan, Estatu Islamiarraren aurkako borrokan.
Ai ama, gaixoa ni!
Nire bihotzak negar egiten du gaur, a ze zorigaiztoa erori zaigun gainera!
Gaur Kobanêren erresistentziari buruz abestuko dut, munduak eta gizateriak errezitatuko duen poema bat izan dadin, ai ama!
Gaur ere neska eta mutil kurduek beraien bularrak tanke eta bonben aurkako ezkutu bihurtu dituzte…
Ai, ama, gaixoa ni!
Gaur Kobanêko amak irudikatzen ditut negarrez, irudikatzen ditut umeak eta agureak minez eta amorruz orroaka.
Kobanêko haurren malkoak ikusten ditut, eta iruditzen zait Eufrates erreka herriko kaleak urpean uzten ari dela.
Ronï Erez izeneko dengbêj gaztea akiro handiaren mireslea da, eta bere familiari esan dio hiltzen denean ez errezitatzeko bere hilobi ondoan Koraneko bertsoak, akiroren abestiak baizik. RonÏk abesti tradizional asko kantatu ditu, eta 2018an kantu bat konposatu zuen turkiarrek Efrîn konkistatu eta gero. Gure lurrean guda bat lehertu da Gure olibondoen hostoak erortzen ari dira Gure heroiak Mendi Kurduak babesten dabiltza Efrïn turkiarren atzaparretan erortzen ari da Amen laguntza oihuak eta haurren negar zotinak entzuten dira. Jainkoaren izenean gure agureak hiltzen ari dira.
Topaketa edo gaualdi batean euren artean norgehiagokan aritzen diren dengbêjen saioei buruz ez da asko ikertu. Batzuek baieztatzen dute antzina horrela lehiatzen zirela dengbêjak haien artean: bat inprobisatzen hasten da eta besteak melodia bereko bertsoekin erantzuten dio.
Ezkontza kurdu batzuetan antzeko lehia bat ikusten da. “Henna”-ren errituaren bueltan emakume eta gizonak ezkongaien inguruan esertzen dira, eta gehienetan emakumeek abesten dute. Emakumeetako bat andregaiaren aldean kokatzen da berau goraipatzen duten bertsoak abestuz, eta senargaiaren ondoan dagoen beste batek gizonezkoari buruzko laudorioak abesten erantzuten dio.
Mamoste Maruf blogariak artikulu batean dengbêjen batbatekotasunaren profesionaltasuna deskribatzen du. Dengbêj bat gai batekin inprobisatzen hasten denean melodia jakin bati segi behar dio, eta bertsoko azken hitzaren intonazio berarekin amaitu behar du. Dengbêjak kale egin eta ez duenean bertsoaren errima aurkitzen, galdu egiten du. Jarraian beste dengbêj bati egokituko zaio besteak amaitu ez duen tokitik jarraitzea.
Kurdistan. Samal Tofik.
Robert Reigle etnomusikariak eta Istanbuleko Unibertsitate Teknikoko irakasle elkartuak dengbêjak miresten ditu, eta ahotsa erabiltzeko daukaten modua erakargarria eta autentikoa dela deritzo: “Arte honi dekorazioa eta instrumentuak gehitzen badizkiozue, aitortza jasoko du mundu osoan eta gizateriaren ondare bilakatuko da”.
Bertsolari eta dengbêjei esker gure munduko kultura aniztasuna aberasten duten ahozko bi inprobisazio artez gozatzen dugu. Bi arte hauek Gizateriaren Ondare Kultural Inmaterialaren zerrendan egon beharko lirateke.
Askotan malkoak isurtzen ditut dengbêjak abesten entzuten ditudanean. Era berean, niretzat oso hunkigarria izan zen BECen bertsolariak entzun eta Maialen Lujanbio bere bigarren txapela janzten ikustea, Txapelketako final zoragarri hartan zutik jarritako milaka lagunek bertsolariak txalotzen zituzten bitartean.
Mintzola Fundazioak antolatutako “Europa bat-batean” bezalako proiektuei esker milaka urte dauzkaten arte hauek ikusgarriagoak egiten dira. Kantu inprobisatuaren nazioarteko topaketa hau esperientzia bikaina izan zen niretzat, Euskal Herriko zenbait herri eta hiritako oholtzak beste kultura batzuetako lagunekin konpartituz. Nazioarteko aitortzaren bidean beste ahalegin bat. •