15 minute read

BERTSO PAPERAK, LEHEN ETA ORAIN.Pello Esnal

Next Article
NESKATXA PILOTARI

NESKATXA PILOTARI

BER TSO PAPERAK, LEHEN ETA ORAIN

TESTUA: PELLO ESNAL ARGAZKIAK: BERTSOLARI ALDIZKARIA ETA XENPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROA

Advertisement

Bertsopaperez ari garela, argi izan behar dugu noizko bertsopaperez ari garen: lehengoez ala gaurkoez. Izan ere, nahiz eta hitz bera erabili biak izendatzeko –bertsopapera–, funtsezko aldea dago bien artean. Idazlan honetan, biak ditugu gai, oso soil bada ere, asmo batekin: argi uztea bien arteko funtsezko aldea, beti ere aurrera begira. Antonio Zavalaren (Tolosa, 1928 – Iruñea, 2009) lanak baliatuko ditut, gaurko grafiara egokituta. Oinarrizkoa da haren hitzaldi bat. Bertso-paperak du izenburu. Sarritan aipatuko dut. Bitan argitaratu zuen: Jakin aldizkarian, 1980an, eta Auspoaren auspoa I liburuan, 1996an (ukitu txikiren batzuekin). Merezi du osorik eta poliki irakurtzea.

1. Bertsopaperak, lehen

Lehengo bertsopaperek ahozko kulturara garamatzate. Zail egiten zaigu hara jauzi egitea, eta nekez irudikatzen dugu zer ziren bertsopaperak. Baina saia gaitezke.

Bertsopapera

Antonio Zavalaren hitzetan, hauxe zen bertsopapera: “Bertso sortaren bat eskaintzen digun papera. Baina beti ere paper askatua, soltea. Eta inprentaz argitaratua”.

Agian, deigarria egingo zaigu definizioa. Ez da harritzekoa. Gutako gutxik izango genuen eskuetan inoiz lehengo bertsopaperen bat. Argazkietan ikusiak izango ditugu eta irakurriak ere bai zientoka, baina ez orri solteetan; eta transkribatuta irakurriak, ez jatorrizko bertsioan.

Zavalak, definizioa eman ondoren, bertsopaperen jaiotzak zer suposatu zuen esaten du: “Gure herri-literatura erabat ahozkoa izan zen antzina. Urte asko iraun zuen egoera horretan. Baina, ahozkoa izanik, ezer gutxi iritsi da guregana. Pena ematen du, baina halaxe da… Ondoren bertsopapera etorri zen. Gure herri-literaturak inoiz pauso garrantzitsurik eman badu, horixe emango zuen”. Lehen belaunaldiko bertsopaperak deituko diegu hemen.

Historia ere egiten du gerrak mugarri hartuta, bertsopaperen sorrera XVIII.

mendearen amaieran kokatu ondoren. Kurba baten irudia du bertsopaperen bilakaerak. Behean, abiapuntuan Guerra de la Convención izenekoa (17931795) eta amaieran 1936-1939ko gerra, biak oso bertso gutxirekin. Kurbaren gailurrean, bertsopaper gehien eragin zuena: karlisten bigarren gerratea (1872-1876). Hasieran, poliki egiten du kurbak gora; abiada handiagoaz gero, harik eta bigarren gerra karlistan goia jotzen duen arte; ondoren, beheraka hasi eta pixkanapixkana egiten du behera, 1936ko gerratean behean amaitzeko.

Zavalak argi azaltzen du zergatik izan zuten bertsopaperek halako arrakasta gerra karlistetan, eta zergatik apenas 1936koan: “Gerra guztietan, tiroka ez ezik, propagandaren borroka ere egin beharra dago. Karlisten gerrate horren denboran, artean hemengo jendeak erdara gutxi zekien eta egunkaririk eta holakorik nekez sartuko zen euskal sukaldeetan. Horregatik, bertsopaperak argitaratzeari ekin zioten bai alde batekoek eta bai bestekoek. Jendearen gogoa irabazteko biderik egokiena zela igarri baitzioten. Azkeneko gerran, berriz, egunkaria eta irratia indarrean zeuden, jendeak ere erdaraz bazekien, eta bertsopaperen beharrik ez zegoen”. Lehen belaunaldiko bertsopaperek ez zuten urruti heriotza. Berehala itzuliko gara pasarte honetara.

Aurretik, aipa ditzagun historia horretako bi protagonista: bertso-jartzaileak eta inprentak.

Bertso-jartzaileez, honela dio Zavalak: “Bertsoen egilea bertsolariren bat iza-

Antonio Zavalaren hitzetan, hauxe zen bertsopapera: «Bertso sortaren bat eskaintzen digun papera. Baina beti ere paper askatua, soltea. Eta inprentaz argitaratua».

ten zen. Xenpelar, Txirrita, Pello Errota, Lexo, Altzoko Imaz, Donostiako Fermin Imaz, Mendaro Txirristaka, Iturzaeta eta abar eta abar bertsojartzaile ugariak izan ziren”. Abar horien baitan kokatzen ditu, beste lan batzuetan, batik bat Bilintx eta Pello Mari Otaño. Bertso-jartzaileak, beraz, bertsolariak izaten ziren, bat-batean bertsotan egiten zutenak; eta horietan, handienak.

Bertsopaperetako gaiak ere aipatzen ditu: erlijio-gaiak –fedeko egiak, herriko misioak, Gabon-kantak, santuen bizitzak…–, apustuak –estropadak, aizkora, sega, harri-jasotzea, pilota… –, lana –nekazaritza, artzaintza, arrantza, fabriketako langintza…–, amodiozkoak –”Neskak mutilari despedida ematen zionean, honek bertso ederrik jarriko zion. Senar-emazteenak ere badira; mutilzahar eta neskazaharrenak ere bai”–, soldaduska, gerra…

Zerrenda luze honek ere merezi du iruzkin bat. Bat-bateko bertsogintzan ere ukituko zituzten gai horiek, baina hori: ukitu, zeharbidez edo bide batez. Bertsopaperek, berriz, gai horiek lantzea eta sakontzea ekarri zuten; edo, bestela esanda, bat-bateko bertsoen errepertorioa zabaltzea eta aberastea.

Arg: Sendoa Bilduma. Arg: Indalecio Ojanguren (Gipuzkoa Kultura).

Inprentez, berriz: “Nere iritzirako, bertsopaperik gehien argitaratu duten herriak hiru hauek dira: Donostia, Tolosa eta Errenteria”. Baina gehiago ere aipatzen ditu. Gipuzkoakoak: Bergara, Azpeitia, Irun, Eibar eta Zarautz. Bizkaikoak: Durango eta Gernika, baina baita Portugalete ere; Nafarroan: Iruñea. Eta, itsasoz bestaldean, Buenos Aires. Beraz, bat-bateko bertsogintza iristen ez zen lekuetara ere iritsi ziren bertsopaperak. Errepertorioa ez ezik, “plaza” ere ugaldu eta zabaldu zuten.

Baina lehengo bertsopaper haiei ere iritsi zitzaien heriotza. Oso ahul sumatu

ditugu 1936-1939ko gerratean. Ondoren, susperraldi bat izan zuten, mordoxka bat ere atera zen, baina giroak ez zien askorik lagundu. “Gerra etorri artean, bertsopaperak indarrean jarraitu zuen. Gerraondoan ere bertsopapera inprentatzen eta kaleratzen zen berriz ere… Baina giroa ez zen lehengoa. Zentsura, alde batetik. Bestetik, hemengo gerraren ondoren, kanpokoa. Gosea ere bai… Eta, pixkanaka, gainbehera hasi zen bertsopapera… Heriotza orain hogei bat urte gertatu zitzaiola esan genezake”. “Orain hogei bat urte” 1980an idatzia da. Baina gehiago zehatz genezake. Zavalak berak argitaratu zuen, 1984an, Sebastian Salaberriaren Nere soroko emaitzak, eta liburu honetan daude jasoak Salaberriak 1964ko irailaren 27an Iturriotzen (Aian) jokatutako sega-apustuari jarritako bertsoak; Donostiako Gráficas Izarran inprimatutako bertsopaperekoak dira. Azkenekoak ote? Hala balitz, 1964. urtean ipini beharko genuke lehengo bertsopaperen heriotza-data.

Beraz, horrez guztiaz ari gara, lehengo

bertsopaperez ari garenean. Baina

Zepai Saria 1975 (Arg: Jexux Azurmendi).

bertsopaperak, azken batean, partiturak besterik ez dira. Euskarria. Abiapuntua. Eta ekintzetan gauzatzen dira.

Agian, bertsopaperek gerra karlistetan izandako arrakasta dugu horren adibiderik argiena. Haiek ateratzen zituztenak ez ziren bertsotan soilik ari. Gerran ari ziren, bertsoen bidez: benetako gerran, propaganda egiten. Bertsoak irakurri eta buruz ikasten zituztenak ere gerran ari ziren… Baita bertso haiei erantzunez bertso berriak egin, inprentan atera eta gizartean zabaltzen zituztenak ere. Gerran, bertsoak arma zituztela.

Adibide horrek gaurkoa ez bezalako gizarte batera garamatza eta, gizarte horretan, gaur ez duten dimentsio batean sumatzen ditugu bertsopaperak: indar betean, funtzio sozial handia betetzen. Gaur, harrigarria egiten zaigu hori dena.

Beste adibide argigarria Zavalaren Juan Maria Zubizarreta bertsolaria liburuan dator. Azpeitian, 1900. urtean, Jose Tejeria urkatu zuten, zazpi urte lehenago aita hiltzeagatik. Orduko egunkarien arabera, 6.000 lagun bildu ziren heriotza ikustera. Tartean zen Zubizarreta bertsolaria. Honek “gero, bertsoak jarri eta inprimarazi zituen. Eta, Azpeitiko hurrengo azoka-egunean, hara joan zen, bertsopaper pila harturik eta hogei bat urteko bere seme Rikardo eta hamabi bat urteko seme Antonio lagun zituela. Eta Azpeitian, kantoi batetik-edo, hirurak batera bertso kantari hasi ziren. Aitak baxu-ahotsa egiten zuen; Rikardok, tenor-ahotsa; eta Antoniok, tiple-ahotsa. Jendea, berriz, bertsopaperak arrapastaka erosten hasi zen. Sei mila paper eramanak omen zituen Zubizarretak, eta bat ere gabe bueltatu omen zen etxera. Txakur handi banan saltzen omen ziren. Geroztik ere makina bat aldiz argitaratu izan dira bertso horiek”. Gaurko zenbait kantautorek pozik hartuko luke halako estimazioa bere kantuentzat.

Bertso-paperak hitzaldian, berriz, hauxe dio Zavalak: “Saltzeko denboran, saltzailea kale-kantoi batean jarri eta kantari hasten zen. Eztarri oneko gizona behar zuen, beraz. Feriak eta merkatuak, festak eta erromeriak iza-

ten ziren egokierarik onenak. Jende asko bilduko zen tokia eta eguna, alegia. Entzule mordoa inguratuko zitzaion saltzaileari. Batzuek berehala erosiko zuten. Beste batzuk, irakurtzen jakin ez eta paperak haientzat balio ez zuelako, edota dirurik ez eta pagatu ezin zutelako, han egoten ziren, memoria erne, saltzailearen kantuari adi-adi, sail guztia buruz ikasi artean. Ondoren, etxerakoan, asto gainean edo gurdi gainean bazihoazen behintzat, erositako paperaren bertsoak kantatuz egingo zuten bidea. Etxera ordurako buruz ikasi ere bai bertso guztiak edo gehienak. Iritsitakoan, bateon bat izango zuten bertso eske”.

Segidan, Uztapideren testigantza dakar: “Bertsotarako gure afizioa horiexetatik (bertso-saltzaileetatik) izan zen. Aitak feriara joanda ekarriko zituen paperak eta guri ematen zizkigun. Eta guk hartu eta bai ikasi ere agudo. Ez zen bakerik izaten dena ikasi arte”.

Harrigarriak egiten zaizkigu testigantza horiek. Agerian uzten dute nolako aldea dagoen orduko eta gaurko gizartearen artean. Baita orduko eta gaurko bertsopaperen arteko funtsezko aldea ere. Gordin esanda: lehengoek egin egiten zuten; oraingo bertsopaperek apenas.

Lehengo bertsopaperen altxorra

Gaur egun, eskueran dugu lehengo bertsopaperen altxorra, Antonio Zavalari esker. Hark bildu zituen, hark aztertu, argitaratu, eta ustiatu, eta hark eman dohaintzan Gipuzkoako Aldundiari. Bertsopaperak bildu. Han eta hemengo ateak jo, inprentaz inprenta ibili… Askotan, originalak eskuratu ondoren, kopiatu eta jabeei itzuli. Horrela osatu zuen bilduma handia.

Bertsopaperak aztertu banan-banan. Egilearen izenik gabekoak, ahal izanez gero, identifikatu. Bakoitza bere testuinguruan kokatu. Eta, ondoren, sailkatu. Xehe-xehe kontatzen du, adibidez, Karlisten bigarren gerrateko bertsoak liburuaren hitzaurrean: “Bertso-sail hauek handik eta hemendik eskuratzean poz handia hartzen genuela esan beharrik ez dago. Bakoitza gure historiaren dokumentu bana baita. Karpeta batean sartzen genuen, baina hau gero eta lodiagoa. Bertso pila bat alegia, batere ordenarik gabe. Horregatik, lanik handiena eman diguna zera izan da: bertso-sail hauek historia aldetik argitzea eta oinarritzea. Bertsoek ez baitute inolako argibiderik ematen: ez noizkoak diren, ez aitatzen dituzten borrokaldiak zer izan ziren, ez gainontzeko politikapasadizoak nola gertatu ziren, ez izendatzen diren pertsonak nor genituen, eta abar eta abar. Esan bezala, bertso pila baldar bat genuen aurrean. Hori dena itxuratzea izan da, beraz, zereginik gogorrena. Baita denborarik gehiena kendu diguna ere. Horretarako, historia-liburuak ederki aztertu behar izan ditugu, bertso-sail bakoitzari adierazpen bana erantsi arte.

Egiteko astuna izan da guretzat: garai batean rompecabezas esaten zena, eta gaur egunean puzzle deitzen zaiona. (…)

Garai hartako jendeak, gertaeren berri ondo zekienez gero, holako lagun-

tzaren beharrik ez zuen. Guk bai, ordea, bertsoak ezin ulertuan gelditu nahi ez badugu.

Beste mesede handia egin dio bilduma honi hori egiteak: bertso-sailak denboraren arabera sailkatu ahal izatea. Kronologiari begiratuz, bata bestearen atzetik gertatu ziren ordenan jartzea, alegia”.

Bertsopaperak argitaratu. Lehengo bertsopaper asko eta asko 84 obratan plazaratu zituen Zavalak. Horietako gehienak –guztira, 58– bertsolariak ardatz hartuta, lehen aipatutako Juan Ma-

ria Zubizarreta bertsolaria bezala; gainerako 26ak gaika antolatuta, Karlisten bigarren gerrateko bertsoak bezala. Baina bada oraindik tolosarrak argitara eman gabeko bertsopaper zaharrik.

Bertsopaperak ustiatu. Zavala, bertsopaperak bertsolarika eta gaika argitaratzean, ez zen bertsoak eskaintzera mugatu. Bertsolari bakoitzaren biografia ere eman zuen –ehun bat bertsolarirena, guztira– eta baita dena delako gai edo gertaera bakoitzaren testuingurua ere. Are gehiago, Bosquejo de historia del bersolarismo plazaratu zuen 1964an, bertsolaritzaren historia ezagutzeko funtsezko obra. Eta, gainera, Euskaltzaindiaren baitan, batbateko bertsolaritza indartzeari eta bertsopaperak berpizteari ere ekin zion.

Bertsopaperak dohaintzan eman Gipuzkoako Aldundiari. Zavalak, azkenik, 2005ean, Gipuzkoako Foru Aldundiari eman zion dohaintzan bere funts osoa. Gaur Donostian dago, Koldo Mitxelena Kulturunean; eta baita www.kmliburutegia.net webgunean ere ikusgai.

Asko landu eta ustiatu zuen tolosarrak lehengo bertsopaperen altxorra. Baina oraindik ere badago zeregina. Horren adibide da, esaterako, Luzia Alberro Goikoetxeak egindako doktore-tesi bikaina: Bertsolarien ahoz: Modernizazio prozesua eta identitate bideak Gipuzkoan, 1830-1936.

2. Bertsopaperak, gaur

Ezagunak ditugu gaurko bertsopaperak. Nekez ohartzen gara, ordea, zer alde dagoen ahozko kulturatik gaurko kultura idatzira. Alde horrek esplikatzen du, batik bat, zer-nolako zailtasunak dituen gaurko bertsopaperak bizirauteko. Baina oraindik ere aurki lezake lekua, ahozkotasuna bizirik dagoen neurrian, gaurko teknologien eta komunikabideen eskutik. Ez da lehengo ahozkotasun hura, baina oraindik bada –erdi-ahozkotasuna ere deitu diote–.

Bigarren belaunaldiko bertsopapera

Azken bertsopapera 1964an aterako zen. Baina oraindik ere bertsopaperak deitzen diegu gaurko bertso jarriei. Komeni da gauzak argitzea.

Antonio Zavalak dioenez: “Bertsoak (…) jendearen gogoa beste gordelekurik ez zuen hasiera batean. Ondoren, paperetara pasatu zen. Baina ez zen hor gelditu. Hurrengo pausoa aldizkarietara egin zuen”. Bigarren belaunaldiko bertsopaperak dira.

Aldizkarietarako urrats hori XIX. mendearen azken aldera egin zuten. Euskal Erria aldizkaria 1880an sortu zen eta berehala egin zien bertsoei leku. Gero etorri ziren Euskalzale, Ibaizabal, Baserritarra, Eskualduna, Gure Herria… Aipamen berezia zor zaio Bertsolariya astekariari; urtebetez plazaratu zen Errenterian, 1931n eta 1932an.

Aldizkari horietako bertsoek, pixkana-pixkana eta oharkabean, bertsopaperen lekua hartuz joan ziren; eta, lekua ez ezik, lekukoa ere bai, neurri batean. Eta hala, 1964tik aurrera, azken bertsopapera argitaratu ondoren, aldizkarietako bertsoak izango dira lehengo bertsopaperen jarraitzaile. Urratua aurkitu zuten bidea, eta hari jarraitu zioten.

Baina funtsezko aldea dago lehengo bertsopaper haien eta aldizkarietako hauen artean. Itxuraz oso antzekoak dira. Biek eskaintzen dute bertso sorta eta biak argitaratzen dira inprentaz. Haiek paper solteak zirela; eta hauek aldizkari baten barruan argitaratzen direla. Baina zer-nolako arrakala dagoen tartean!

Haiek kantatuz saltzen ziren, kantatuz ikasten zituen jendeak, kantatuz zabaltzen zituen… Hauek isilik saltzen dira, isilik irakurtzen ditu jendeak, eta kantatuz irakurtzen dituenak ere ez ditu buruz ikasten. Haiek partitura biziak ziren; hauek partitura hilak. Haiek bazuten egitekoa; egin egiten zuten: borroka, eraso, salatu, goraipatu, festa jarri…, dena delakoa. Hauek apenas duten egitekorik; hauei balio estetikoa aitortuko zaie, baina hortik aurrera ezer

gutxi. Haiek gizartea zuten plaza; hauek etxeko zuloetan isilik daude.

Gizartea eta gizarteko giroaren aldaketak eragin du bertsopaperen aldaketa. Lehen, ahozko gizartean bizi zen herria; eta gizarte horretan bere lekua zuen bertsopaperak. Ondoren, idatzizko kulturan, mututuz joan da.

Izen bera ematen diegu lehengo bertsopaperei eta oraingoei. Baina ez dute izate bera. Haiek bizirik zeuden. Hauek nekez.

Bertsopaper-sariketak

Azken gerraondoan, gainbehera zihoan bat-bateko bertsoa ere. Baina honek bere burua altxatu du. Horretan, zerikusi handia izan zuen Euskaltzaindiak, Antonio Zavala tarteko zela. Bertsolari-txapelketak baliatu zituen, 1960an hasita. Beste horrenbeste egiten saiatu zen bertsopaperekin ere, 1962an hasita. Orduan sortu zuen Euskaltzaindiak Xenpelar saria. Eta arrakastatxoa ere izan zuen.

Bide batez, azalpen txiki bat. Inprentan ateratako paper solteak aurkeztu ziren lehen Xenpelar sarira. Gero, aldizkarietan ateratakoek hartu zuten haien lekua.

Dena den, Zavalak berak berehala igarri zion bertsopaperak ez zuela bat-bateko bertsoak izandako susperraldirik izango.

Xenpelar sariak 1978a arte iraun zuen. Eta gero urte batean ere –1984an– antolatu zen berriro, eta 114 bertso sorta aurkeztu ziren, 77 bertso-jartzaileren lanak. Baina ez zuen jarraipenik izan.

Gaur, bizirik daude beste bertsopaper-sariketa batzuk; esaterako, Basarri saria (Zarautzen), Zapirain anaiak bertsopaper-lehiaketa (Errenterian), Lazkao-Txiki bertsopaperlehiaketa (Ordizian). Baina, ahaleginak ahalegin, ia-ia partitura mutu izaten segitzen dute bertsopaperek. Sariak banatzerakoan, banatzen dira bertsoak paper soltetan, irabazleak kantatzen ditu bertsoak, baina bertso jarriek apenas gainditzen duten esparru hori. Ez da erraza.

Baina badira salbuespenak. Horietako bat gertutik bizi izan nuen. Loiola’ 91 batzordeak bertsopaper-lehiaketa bat deitu zuen, San Ignazio jaio zeneko bosgarren mendeurrena zela eta. Sari ematea 1991ko apirilaren azkenean izan zen, Azpeitian, Zelaitxo zineman. Asko zaindutako saioa. Besteak beste, muntaia berezi bat eratu zuten Manolo Gomezek eta Xabier Unanuek, bertso, irudi eta musika: ardatza, Ai, ene Jainko 40 bertsoak; kantuan, Iñaki Murua, Sebastian Lizaso, Andoni Egaña eta Xabier Euzkitze; abesbatza, Jose Luis Franzesenaren zuzendaritzapean; errezitatzaile, Koldo Bereziartua… Ekitaldi bikaina izan zen. EITBk grabatu eta bi aldiz eman zuen gutxienez.

Nola plazaratu saritutako bertsoak. Hortxe dute bertsopaper-sariketen antolatzaileek erronketako bat. Ondotxo dakite. Eta zaindu ere zaintzen dute, ahal duten neurrian. Dena ez dago beren esku, ordea.

Baina bada asmatu duenik, bertsopaper-sariketaz harago, beste bide bat urratzen.

Kantautoreak: Xabier Lete

Itzul gaitezen berriro 1960 eta 1970eko hamarkadetara. Hura izan zen kantautoreen urrezko garaia, bai Hego Amerikan, bai Europako hegoaldean, eta baita Euskal Herrian ere. Ordukoa da Ez Dok Amairu taldea.

Lan honen ikuspegitik, kantautore bat bereizi beharrean gaude: Xabier Lete. Hura bereizi eta haren kantautore-lana baloratu.

Arg: Javier Garayalde (Wikipedia).

Ustekabean harrapatu gintuen gazte asko, Txirritaren bertsoak kantatzen hasi zenean, Antton Valverderekin batera: Fueroak kendu zituenari, Kubako Gerrarenak, Goizuetako mixiyua, Nagusiya ta maizterra… Indar handia hartzen zuten kantari gazte haien ahotan bertso zahar haiek. Bazirudien haien ahoz ari zela Txirrita bere bertsoak kantatzen. Kantautoreen ahoz bertsolari bat kantuan. Bertso haietako batzuk lehen belaunaldiko bertsopaperetakoak ziren, bertsopaperetan soilik argitaratuak; beste batzuk, bigarren belaunaldikoak.

Baina bada besterik. Xabier Letek kanta batzuk bertso-moldean egin zituen. Ez dira gutxi: Lore gorrien balada, Maiteaz galdezka, Langile baten seme, Gizon arruntaren koplak, Teologia, ideologia, Haizea dator ifarraldetik, Gauaren ordezko eguna, Ez nau izutzen negu hurbilak, Maitasunez hil, Nafarroako azken erreginak Donapaleun…

Kanta horiek, aldeak alde, bertsopaperetakoen ondorengo dira. Badute haien antza. Baina ez antza soilik. Sustraiak bertsolaritzan dituzte, eta arima ere bertsoena dute, Xabierrek berak dioenez: “Ni ez nintzen hitz neurtuetara poeta sotilak irakurriz iritsi, bertsolariak entzunez baizik, gaztetxoa nintzenetik; poesiak eta beste literaturak gerora etorri ziren. Eta bertsolaritzak, zerbait baldin badu, esaldien eta metaforen indar zehatza da. Bertsolariek ez dute hizkera lanbrotsu eta hermetikoa erabiltzen, ulergarria eta ahalik borobilena litzatekeen iruditeria baizik. Eta ahapaldien barruko perpausen ordenamendua ere oso prezisua da, azken esaldiaren eta esanahiaren zerbitzura jarria dagoena, alegia. Nik ez dakit bertsolarien influentzia horrek on ala kalte egin didan abestien hitzak ontzerakoan, baina eragin hori, molde estilistiko bezala, hor izan dudala beti, hori garbi daukat”.

Emaitza aurrean dugu: bertso berriak gaurko hizkeran jarriak eta gaurko moldean eta plazan kantatuak; edo, bestela esanda, lehengo bertsopaper zahar berpiztua, bertsopaperaren hirugarren belaunaldia.•

TXERRiKiEN

BANATZAiLE ETA EKOiZLEA ENPRESEN ZENTRUA. Ama Kandida 21 307. moduloa, ANDOAIN 943 592 923 / www.ormaki.eus

Horra hor, Xabier Leteren kanta horietan, bertso berriak gaurko hizkeran jarriak, eta gaurko moldean eta plazan kantatuak: lehengo bertsopaper zaharra berpiztuta, bertsopaperaren hirugarren belaunaldia.

Sebastian Salaberria.

Luzia Alberro.

This article is from: