11 minute read
LUZIA GOÑI, BERTSOEN PUNK ARTISAUA
from Bertsolari 118
by elkarmedia
LUZIA GO BERTSOEN PUNK ARTISAUA TESTUA: GORKA EROSTARBE ARGAZKIAK: XENPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROA ETA DANI BLANCO (ARGIA)
Kaleko bertsolaria izan zen; kalean ikusitakotik zein barrenean sentitutakotik idazten zituen bertsoak. Bizitza erdia eman zuen alderrai, eskuetan oinarrituriko ofiziotan; beste erdia bertsotan, emakumerik apenas zebilenean. Oholtzan ez, normalean berak nahi zuen lekuan kantatzen zituen aurrez prestatuak. Ehunka egin zituen azken 40 urteetan. Aurten hil da Luzia Goñi, Basaburuko bertsolari, sukaldari eta talogilea.
Advertisement
OÑI
ORDURAKO HIRU ALDIZ IZANA ZEN TXAPELDUN JULIO SOTO: “Baina txapela janztea beti da
berezia, eta txapela nork jartzen dizun ere bai, haren eskuetatik jasotzen baituzu, bertsogintzaren alorrean nor izan denaren esku-
tik”. 2017an laugarrenez eskuratu zuen Nafarroako txapela, eta Luzia Goñik jarri zion buru gainean. Ez du ahanzteko ordukoa: “Keinu sinbolikoa da txapela janztearena, eta nik ez nuen Luzia Goñiren berririk txapela berak jantziko zuela jakin arte. Oso adierazgarria eta tamala da hori, bertso munduan hainbeste urtetan ibili ondoren, hainbeste txoko eta jende ezagutu ondoren, haren berririk ez izatea. Argi adierazten du itzalean egondako pertsonaia bat izan zela; eta ez bera bakarrik, bera bezala beste hainbeste itzalean egon izanaren adierazle da. Egin zitzaion omenaldi hori egin beharrekoa zela eta ongi etorria izan zela erakusten du horrek”.
Txapelketa hartan ez zuen parte hartu Mintxo Astiz bertsolariak (Iruñea, 1968). Luzia Goñiren iloba da Astiz (2015ean eta 2019an aritu zen txapelketan) eta hark animatu zuen izeba txapeldunari txapela jar ziezazion. Oholtzaren gainean izan zen izeba laguntzen. Ez alferrik, besteren artean, hari zor dio bertsozaletasuna. “Haur nintzela, zortzi-hamar bat urterekin-edo, sanferminetara joan ginen familiako hainbat kide. Goizean zezen-plazan festa egiten zen eguerdi aldera. Oholtzan kantatzekoa zen izeba. Bertsoak idatzita eraman zituen; atera zituen, altxa zen eta hasi zen kantatzen, euskaraz. Jendeak txistu egiten zion, baina berak aurrera egin zuen. Horrek markatu ninduen”. Ez baitzen kikiltzen zenetakoa Goñi; kontrara. “Beti aurrera egiten zuen; ausardiaz”.
Astizen kasua ez da ohikoa Iruñea aldean. Ia etxetik jaso baitzuen bertsozale-
tasuna. Aita eta osaba bertsozaleak ez ezik, bertsotan egiten zutenak, eta izeba Luzia ere, amaren ahizpa, bertsoak idatzi eta kantatzen zituena. “Ez zen inoren zain egoten bertsoak kantatzeko. Familian ia astebururo antolatzen zituen bazkariak; antolatu soilik ez, baita ia 40 lagunentzako jana prestatu ere. Behin bazkalduta, aurrez idatzitako bertsoak atera eta kantatzen zituen. Horrek nire aita eta osaba pizten zituen, eta haiek bat-batean erantzun. Beti umore onez, baina azaltzen zuten halako deserosotasun puntu bat ere; emakumea bertsoak botatzen… eta, gainera, ia 50 urterekin! Ausardiatzat jotzen zuten ingurukoek, are, ia zorotzat ere har zezaketen zenbaitek”. Ausardia hori, “zoro puntu” hori du gustuko, hain zuzen ere Astizek: “Apurtzailea zen izeba. Nik ere bertsotan apurtzaileak izan nituen gustuko eta erreferente gaztetan, Jon Maia, Unai Iturriaga, Igor Elortza. Pixka bat punkiak zirenak. Izeba ere, zentzu batean, pixka bat punkia zen”.
Pixka bat punkia izan beharra baitzegoen, esaterako, Nafarroako sozialisten bilkura batera sukaldari modura joan, eta han, aurrez aurre, Gabriel Urralburu Nafarroako Gobernuko presidenteari bertso kritikoak kantatzeko: “Ez zitzaion asko gustatzen: frailea
deitzen zion, seminarioan hezitakoa baitzen Urralburu, eta jada usaintzen hasita zegoen kontu ilunak zerabiltzala. Batere lotsarik gabe kantatu zizkion. Gauza berdina egin zuen hainbat urte geroago Yolanda Barcina Iruñeko alkatearekin ere. Gainera, gero igual joaten zen beraiengana, eta irribarrez hitz egingo zien… Bakana zen horretan”.
Ilobei eta lagunei eskainitako liburuxka bat osatu zuen 1988an, hainbat bertso sortarekin. Horiek dira oraingoz bildu eta publikaturik daudenak, 1976tik 1988ra bitartekoak. Liburuxka horretan utzi zituen Nafarroako “jauntxo” haiei eskainitako bertsoak (berak idatzi bezala trankribaturik daude liburuxkatik jasotako bertso guztiak).
Nafarroako nafarrak
Nafarroan badaude gizon jakintsuak Baina pentsatzen dute direla jainkoak Gure kontura dabiltz oraindik gaixoak Berak uste baitzuten ginela tontuak
Egunero elizan hor ikusten dira Belauniko jarrita jaunari begira Aberastuta dira denoren kontura Tranpan erori eta oraindik aurrera
Lehenengo trapukeriak hasi dira agertzen Zenbat holako gauza hasi dira azaltzen Orain ez du balio gezurra esateak Begietan makarrik ez dute gazteak
Nafarroako lurrak behar dira landu Belar txarraren zainak atera eta kendu Ongarrituta ongi landare berriak Lana izan dezaten oraintxe gazteak
Ausarta izan beharra zuen inondik ere mandamasen aurrean bertso horiek kantatzeko; baina ez zuen inorekin ondo geratzearren kantatzen. Behin baino gehiagotan utzi izan zuen argi; kasurako, 1995eko martxoan Karmen Larrañagak Bertsolari aldizkari honetan argitaraturiko erreportajean: “Bihotzetik ateatzen dienak die nire bertsoak. Nire bertso gehienak protesta modukok die. Nei gaizki iruditzen zaizkiten gauzak, haixek kritikatzen ditut”. Eta ez zen ho-
rretara mugatu bere gogoeta; garaiko bertsolaritza “epeltzen” ari zela irizten baitzion, eta bertsolaritza ofizio bihurtu zutenek “bihotza jarraitzea baino nahiago zutela entzulea poztea”. Honela bota zuen gogoeta ausart eta garairako punkia: “Danak katezismoa ikastera bezela, Aitagurie esatera bezela, danak berdin. Beti tema bat”.
Luzia Goñik ez zuen bere burua bertsolaritzat; ez zuen bat-batean egiten: “Ez dut balio inprobisatzeko bertsolariek bezela”, zioen umiltasunez. Baina izan bazen. Bertsoak jartzen zituen, eta apetak emandako leku eta unean kantatzen zituen. Gauzak transmititzeko gogoak bizi zuen. Ikuspegi kritikoz gainera. Bertsolaritzaren zuztarreko galderetako batera garamatza horrek. Zer da bertsolaritza? Edo, zehatzago: Bertsolaritza molde bakarra al dago? Goñik behialako kale-kronistaren funtzioarekin lotzen zuen bertsoa, han eta hemen ikusi nahiz sentitutakotik idazten zituen bertsoak, eta behar eta sentitutako lekuan bota. Ez zen handik edo hemendik dei ziezaioten zain egoten. Izaera kaletar eta punkia zuen horretan ere. Kezkatzen zuen kalean ikusten zuenak; kezkatzen zuten jendartearen joerek, gazteenek, batez ere. 80ko hamarkadan heroinaren pandemiak inarrosi zion barrena, eta honela idatzi zuen.
Drogak
Trixtura aundia Daukat biotzean Negar asko egin nun Atzo gabean Neska gaztetxo bat Atari batean Drogaturik! Eta eskean Bere gorputza Saltzeko asmoan Bi gizon zabiltzen Bere inguruan Zakur zar batzun >
< Moduan Farrez eta tratuan Eta nik pentsatzen dut Ez al da ok sendatzeko Leku bat Nafarroan Au da mixeria! Au da Euskal erriko Minbizia Drogak ezin utzi Jenerazio berri au Ikusten dut gaizki Begiratu dezuan Gure kontzientzia Ezta aski elizara joatia Non dago gure laguntza? Au ezta elkar maitatzia Au neretzat da Hipokresia
Behatzaile ausarta eta bertso librea. Ezin izan zitekeen beste modu batera: Bertso librea. Bere izaerarekin bat hori ere. Astiz ilobak azalpena: “Ez zen errimara eta neurrira makurtzen beti. Ateratzen zitzaion moduan egiten zuen, batez ere gero gustura kantatzeko. Doinuak ere oso bereak zituen, bertso doinuan batzuetan; besteetan erdi-jotak bezala, boz izugarri onez, hori bai”.
Kritika sozialerako eta kronikarako erabiltzen zituen hitzak; kronista eta narratzailea zen, baina bazekien metafora eta irudi polit bezain eraginkorrak bilatzen, lirikara arrimatzen. Zer da bestela, agintari sozialistei botatako “belar txarraren zainak atera eta kendu” hura; baina bazekien bere baitara bildutakoak ere idazten, tonu intimista konfesatzaileago batean. Liburuxka berean bildutakoak dira behazuneko harriak kentzeko egindako ebakuntzari jarritako bi bertsoak ere:
Nere gaitzak
Aspaditxoan gaixorik nengoen Beti humore txarretik Aurtengo udan malko ugari joan zaizkit begietatik Nere tristura lanik gabe Etxean kuxkur kuskurra Harriturikan utzi didate Harri koxkorra kenduta Beazunean bilatu naute Pareta ederra eginda Laurehunogeitamahiru Harrikoxkorrez jarrita Mahai zuri batean jarri zidaten Etzanda larru gorritan Kristo bezela lotu eta gero Hasi mentziran lanean
Hilda bezela utzi zidaten Esnatu nintzen bidean Bi ahizpa eta nere alabak han zeuden aldamenean Mediku haiek hantxe zebiltzan Zuriz jantzita hizketan Aurpegi ona neukala baino Indar gutxi anketan Tripak josita sendatu gabe Alde batetik bestera Bi hilabete pasa ondoren Etorri nintzen etxera Dirurik gabe osasun ona Eta diruarekin gaixorik Urteak berriz aurrera doaz Horregatik nago tristerik
Paradoxa bikoitza
Tristerik zela eta bertso eder horiek idatzi zituen 80ko hamarkada horretan. Paradoxa bikoitza da, baina; paradoxa guztiek bezala, bizitzak berak bezala, argia eta iluna, lorea eta arantza berarekin
daramatzana. Umoreak zizelkaturiko pertsona zen, jarrera, espresio eta kantu. Hark idatzitako bertsoak irakurtzea besterik ez dago, hark bizi izandako pasadizo kontaezinak entzutea baino ez, horretaz jabetzeko. Irakurri, bestela, 1976an idatzitako Goizuetan gertatua izeneko hau.
Goizuetan gertatua
Goizuetan gertatua da Denak jakingo dezute Puzker bat bota duelakoz Multa bat jarri diote Gizon horrek etzun kulparik Lotz ederra eman diote Puzkar bakoitxa milla pezeta Orain kobratzen mendute Aspalditxoan aigara ikusten Oso gauza xelebriak Zaharrak ixilik egongo gera Mintzako dira gaztiak Aberatsak eta pobriak Errege ta minixtroak Gizon aundiak izana gatik Botzen dituute puzkarrak Euskal errian kentzen badute Puzkarrak botatzeori Gaztain denbora badator eta Ibiliko gara gaizki Gaztañak jan ondorean Laixter datozte puzkarrak Au guri kentzen badigute Ez gera izango euskaldunak
Eta, hala izanik ere, penak bultzatu zuen bertsolari izatera. Edo, zuzenago esanda, lehen bertsoak idaztera, lehenago ere bertsolari
Dani Blanco (Argia).
bat berarekin baitzeraman Luzia Goñik. Bertsoa maite zuen lehen ere, baita ezagutu ere, baina senarra hil ondotik, eta pena hartatik abiatuta, hasi zen bertsoak idazten eta kantatzen, ia 50 urte betetzear zela, 70eko hamarkadaren amaieran. “Senarra hil zelarik hasi nintzen, oso tristura handia eduki nuen denboraldi batez. Mutil gazte batzuek animatu ninduten, eta bertso batzuk egin nituen azalduz triste nengoela… Penazko bertso horiekin hasi nintzen”. Hala azaldu zion Iker Tubia kazetariari Berriarako 2017ko apirilean egindako elkarrizketan. Horra bigarren paradoxa; 1976an hil zitzaion senarra: Jose Mari Iturbe. Bihotzekoak jota. Gertaera latz horren ondotik plazaratu zuen urtetan gordetako zaletasuna.
Eta, denboraren talaiatik begiratuta, irudika liteke, senarraren heriotzak bitan banatu ziola bizitza. Lehenean bizipenak pilatu
zituela, ezin konta ahala gainera; eta bigarrenean, bizitzeari utzi gabe jakina, baina bizitako hori kontatzen jardun zuela, bertsoen bitartez. Hasi bazen hasi zen, eta ez zion bertsoak idatzi eta kantatzeari utzi orduz geroztik, ia heriotzara arte. Ehunka bertso idatzi zituen.
Aurtengo martxoaren 22an zendu zen Luzia Goñi, 91 urte zituela. Iazko azaroan iktusak jo zuen, eta Iruñeko ospitalean eman zituen zenbait egun ordurako osasunez majo ahulduta zela. Ez zuen horrek uzkaldu, ordea. Mintxo Astizek ondo barrenean gordea dauka pasartea. “Ama eta biok joan gintzaizkion bisitan ospitalera; kafetegira jaitsi ginen, eta han hasi zen bertso kantari. Hogei bat minutu egingo zituen kantuan, bere bertso zaharrak kantatuz, horietako batzuk igual zituzten 30 edo 40 urte”. Esaterako, 1978an, bere bertso aroaren hastapenetan, jaioterriari jarritako haiek. Hona, lehen biak.
Ni jaiotako herri maiteari
Basaburuan dago herri bat Nafarroako txikiena Han jaio nintzen eta nahi nuke Gora jaso bere izena Arrarasko eliz santuan Hartu nuen bataioaz Zazpi urtekin atera ginen Handik familia osoa
Hango ixtoria esplikatzeko Egingo dut egin dezana Egia latza denok dakigu Ez pentsa gezurra dela Hiru aberatsek erosi zuten Hain maite genuen herria Agur etxea eta baratzak Eta gure sutegia
“Agur baratza, agur sutegia”. Eta orduz geroztik geldiezineko periploa; Basaburua udalerriko Aizarotz herrixkan jaio (1928) zen neskatila hark, bizitza eta bizibide alderraiak izan zituen gerora, Iruñean bizi izandako azken 30 urte inguruak salbu, ia etenik gabe. Behin baino gehiagotan aitortu zuenez, “hamalu ofizio, hamabost mixeri” bizi izan zituen. Baina arrainak eskuekin harrapatzen zituen neskato hark beti izan zuen abilezia, ausardia eta autoaskitasun nahikoa bere eskuekin aurrera irteteko.
Lekunberriko Ayestaran hotelera aurrena zerbitzatzera eta sukaldean laguntzera, 14 urterekin. Handik Gipuzkoara salto, Errenteriako Retegi jatetxera. Bi urte baino ez han, baina ez debaldekoak, besteak beste Uztapide eta Mitxelena bertsolariak ezagutu baitzituen, bezero fidelak izanik. Han piztu zitzaion bertsoarekiko harra, behin betiko. Txikitatik zuen bertsoarekiko mira. Nafarroa frankista hartan ez oso ohiko kontua, ez baitzuen sehaskatik jaso bertsozaletasuna. Donostiako Urola jatetxera gero. Eta Eibar hurrena. Arrateko festetan ezagutu zuen senar izango zuena. Elgoibar, Soraluze… eta Nafarroara berriro. Eta amuarrainak eskuekin nola, halaxe lortzen eta kateatzen zituen ogibideak bata bestearen atzetik. Artisauen maneran, eskuekin lan eginez. Zerbitzari, sukaldari, oihal saltzaile, euskaldunberrientzat sukaldari irakasle, talogile azoketan, jostun eta negoziante. Zer ez. Baita autoa izaten emakume gutxietako bat 50eko hamarkadatik aurrera. 20 autotik gora izan baitzituen. Arras independentea garairako. Honela gogoratzen zuen Goñik berak Bertsolarin: “Ni beti, beti izandu naiz notizia… Ni naiz pertsona bat oso independientea… Ni nago akostunbratuta beti nire aldetara ibiltzen formalidadeekin baino…”.
Eta bertsolaria, bizitzaren bigarren erdian. Bere gainerako jardunbideetan bezala, artisauaren ofizioz zizelkaturikoa. Bizitzaren joanean erakutsitako ausardiak eta eskarmentuak balio izan zioten plaza publikoan bertsoak botatzeko. Autodidakta eta autoaskia izan zen, ez zuen inoiz izan goi-asmoko bertsolaritza egiteko pretentsiorik, baina plaza publikoa bere egin zuen batere ohikoa ez
zen garaian: umorez, sen kritikoz eta artisauaren mimoz. “Sarritan abesten zuen Iruñeko alde zaharrean azken urteetan. Oso maitea zen han”, gogoratzen du Mintxo Astizek.
Julio Sotok esan bezala, itzalean aritutako bertsolaria izan zen, “beste askoren gisan”, eta urte luzetan itzalean gordetakoa. Itzaletik ateratzeko omendu zuten 2017ko Nafarroako Txapelketan. Harekin batera omendurik geratu ziren gainerako aitzindariak ere: Mari Luixa Erdozio, Mariana Hargain Etxepare, Mariana Ethegaray Baraziart, Joxepa Antoni Aranberri Petriarena Xenpelar, Mikaela Elizegi, Justina Aldalur… eta oraindik bizi diren guztiak. Mintxo Astiz eta sendikoek, Goñik 1988tik aurrera idatzitakoak biltzea dute orain eginkizun: “Hainbeste izango dira. Tartean oso gustuko zituen pilotariei jarritakoak, Julian Retegi eta Mikel Goñiri, adibidez. Topatuko ditugu”.
Bere-berea zuen marka utzi zuen Luzia Goñik; jarreran eta edukian. Ausarta, txinpartatsua eta sentibera. Punkia, nahi bada. Aitzindaria. Eta analogia ausart samar bat eginez, trikitian Maurizia izan zenaren tankeratsukoa. Ez al lirateke ondo geratuko jarraian datozen bertsoak Maurizia Aldeiturriagaren ahotsean; eta behin ausart eta punkiak izaten hasita, Bertsolari aldizkariko kide batek proposatutakoari helduz, zergatik ez plazaratu Aupa Luzia! leloa daramaten kamixetak? Luziak jantziko zituzkeen.
Dani Blanco (Argia).
Munduko edertasunak
Edertasunez dago Mundua beterik Besterik oraindikan Ez da notizirik Osasuna ez bestea Dena erosten da Dirua izanez gero Trankil bizitzen da Denek hitz goxoak Aberats denari Gaizki ikusita da Gizon pobre hori Gure ustean gaude Zerbait bagarela Heriotza etortzen da Pentsatzen ez dela Gure bizia dago Ongi neurturik Orratzetik hari Bezela zintzilik Edertasunez dago Mundua beterik Besterik oraindikan Ez da notizirik •