20 minute read
ERREBELATUTAKO P(H)OTOAK Jon Martin
from Bertsolari 121
by elkarmedia
BERTSOLARI aldizkariaren I. BERTSO IDATZI lehiaketa
*
Advertisement
GURE URTEBETETZEA EZIN DUGUNEZ ZUREKIN KALEAN OSPATU, aldizkariko orrietan ospatuko dugu… eta nola ez, bertsotan! Idatzizko gure lehen bertso lehiaketa antolatu dugu, eta zuk bertan parte hartzea nahi genuke. Honakoak izango dira ezaugarriak:
— Hiru bertso, librean.
— Zehaztu doinua. — Maiatzaren 31ko goizeko 08:00ak baino lehen bidali beharko dira administrazioa@bertsolari.eus helbidera — Bertsoak bidaltzerakoan zehaztu izen-abizenak, herria eta adina. Bidali lehen planoko zure argazki bat. — Bi adin kategori ezberdinduko dira: bata hamalau urte arte (hamalau barne), eta bestea hamalautik aurrerakoak
— Mikel Mendizabal — Ekaitz Goikoetxea — Eli Pagola
Sariak
GAZTETXOAK — Lehen saria: Gela Urdina scaperoom-erako lau sarrera (Zarautz) + TERNUA-ko kamiseta bat — Bigarren saria: bertsolari ezberdinei buruzko liburuko sorta + TERNUA-ko kamiseta
HELDUAK — Lehen saria: Elkano scaperoom-erako bi sarrera eta Kabian apartamentuetan gau bat bi lagunentzat (Getaria). TERNUA-ko kamiseta bat — Bigarren saria: Eleizondo Landaetxean (Lastur,
Itziar) gau bat bi lagunentzat eta Lasturko tabernan otordu bana bi lagunentzat +
TERNUA-ko kamiseta bat
Partehartzaile guztiei NORK komikiaren kamiseta bat oparituko dizuegu! Garrantzitsua: emaila bidaltzen duzuenean zehaztu ze kamiseta neurri nahi duzuen.
Irabazleen bertsoak udako alean agertuko dira. Eta ez hori bakarrik! Oskar Estanga bertsolari eta musikariak bertso irabazleak musikatuko ditu, eta gure podcast eta youtube kanalen bidez zabalduko ditugu.
OSPATU BERTSOLARI ALDIZKARIAREN 30 URTEAK GUREKIN! •
ERREBELATUTAKO P(H)OT
TOAK
ARGAZKIAK ETA TESTUA: JON MARTIN ETXEBESTE
Hainbat photo joan dira 2016tik hona. Autoreak, 31 eskutik hartu, eta aldizkarian txertatuz emango dio amaiera bidaia honi. Argazkilaritza zaletasun izan dut txikitatik. Denbora askoan aurrezten jardun ostean erosi nuen nire lehen kamera txukuna. Karretedun kamera haietan argazki bakoitza preziatua zen, prezio bat ordaindu beharra baitzegoen klik bakoitzarengatik. Une egokiaren zain pasatu beharreko segundo horiek edertasuna gehitzen zioten jardunari. Distantzia fokala kalkulatu, diafragmaren irekidurarekin jolastu… Emaitza ez zegoen asmatzerik harik eta egia errebelatzen zen arte. Zenbat dezepzio eta zenbat harrotasun lehen argazki horietan! Argazkilaritza digitalak irauli egin zuen aparatuen erabilera. Argazkiak pantailatxoan ikusten hasi ziren unetik berehalakotasuna gehitu zitzaion jardunari eta emozioa gutxitu. Argazkilari baldarroi bigarren aukera, eta hirugarrena, eman zizkigun. Duela bi hamarkada, argazki txukunik egin nahi zuenak kamera handi samarra eramatea ia derrigorra zuen. Kamera handia, ordea, nabarmenegia da lapurrentzat; eta objektiboa helburu duen pertsonarentzat ere bai askotan. Horregatik maite dut India. Han, argazkiak egin diezaizkieten gustatzen zaio jende askori. Jendetzaren erdian
Panpin bihurtu zaituzte pentsamenduz biluzturik pintura, biziz husturik; ponpoxa eta ilustre, punta-puntako biluzte. Zure indar isildua soinekoak fosildua sumendi baten gisara indar kontrolaezin bat da zelofanetan bildua.
Zure begiek, polita, jada ez dute -ez diragarai bateko distira. Eguneroko botika: gora joateko goitika. Jantzita, baina biluzik; irriz, bai, baina ez pozik; bizi, ereduen gisan. Denek nahi dute zu izan; denek nahi dute, zuk ezik.
1
hautatuak, bereziak, sentituko dira akaso. Ez dute, behintzat, guk maiz sentitu ohi dugun mesfidantzaren arrastorik. Argazki onenak, ordea, oharkabean hartuak izan ohi dira; lapurtuak. Erretratatutako pertsonak kamera bere objektibotik kanpo duenean, bere keinu naturalekin diharduenean hartutakoak. Edo, justu, kameraren presentziaz ohartu berritan eskaintzen duen irribarre konplizearen unean hartuak. Horretarako lagun ona izan nuen nire Panasonic zaharra. 300 milimetroko teleobjektiboak urrunetik hurbiltzea ahalbidetzen zidan eta, atzealdeko pantaila jiragarriari esker, ez zirudien argazkirik egiten nenbilenik. Horri esker leku turistikoetan ez nuen argazkien trukean limosna eskean zetozen indiarren uholderik izaten. Ezta argazki sesio profesionalen batean lipar bat lapurtzeko arazorik ere [1].
Kamera hobeak izan ditut, baina ez dut harekin izan nuen esperientziara hurbiltzerik lortu sekula. Besteak beste, egunero poltsan daramadalako orain kamera. Orduan neramana baino askoz hobea eta askoz finagoa.
Egur, metal eta harri eraikuntza transzendental harri, egur eta metal, josi, soldeatu, jarri bat bestearen egarri: metal harri eta egur. Metala jaten duen ur, egurra jan duen pipi, harria hausten, poliki. Denak denboraren beldur.
Ohola, xafla, adreilua gama, delta, beta, alfa adreilua, ohola, xafla finkatu ta kriseilua piztea da kontseilua argitu dadin etxola: xafla, adreilua, ohola, suaren txinpartak entzun zer mendera dezakezun neurtu ezazu hola.
2
Photoek jada eginda zegoen lan bati bigarren bizitza bat ematea ahalbidetu zidaten. Bigarren aukera horretan neurriei eta errimei leku berezia eskaini nien. Bat-batean oso gutxitan erabili izan den dezima neurrian idatzitako bertsoak maiz hautatu izan ditut modalitate honetarako. Idatzizko zenbat eta eredu gehiago izan ahozkorako lagundu dezakeelakoan. Sinetsita nago errima gurutzatuak erabiltzeak ate berriak irekiko lizkiokeela bertsolaritzari. Mamiaren eta azalaren arteko borroka zaharrean bistan da mamiaren aldeko hautua egin duela bat-bateko bertsogintzak, eta guztiz ados nago bide horrekin, baina uste dut esploratzeko geratzen direla zenbait aukera bai neurri aldetik eta bai hoskidetasun aldetik ere. Halako pieza laburrek ahalbidetzen dute hizkuntza bihurritzea [2]
Bertsotan hizkuntza behartzearen ariketen artean badut bat bereziki tiratzen nauena. Hitzak hautsi eta oin gisa erabiltzea jostagarria iruditzen zait. Uste dut bat-batean ere egin daitekeen zerbait dela, baina bereziki zaila iruditzen zait, kontra-intuitiboa da bertsolariontzat. Enkabalgamenduak ez dira asko erabiltzen bertsolaritzan eta niri maistratasun keinuak iruditzen zaizkit. Rapean erabiltzen dira halako baliabideak eta unibertso berri bat irekiko liokete bertsolariok erabiltzen dugun errima sistemari. Gure lehengaia zabala baina mugatua da eta jokorako pieza gehiago jarriko genituzke mahai gainean modu horretan. Ez dut uste, hala ere, entzuleak atseginez hartuko lukeenik halako hitzen ebakidura bat. Ez behintzat lehenengo entzunaldietan. Bat-batean egiteko gai ez naiz sentitzen oraindik, eta ez dut uste horretarako egokiera sortuko zaidanik, baina idatziz egina utzi nahi izan nuen; trebeagoa eta ausartagoa den norbaitek helduko dio, akaso, mango heldu honi [3].
Probatu duzun urtsuena da aukeratxo bat eman, gozo-gozo daude eta zukutsu nahi baduzu eraman gosea daukazun momenturako. Ez al duzu antzeman gogotsu nagoen arren musurik ez dizudala emango.
Bihotzik jada ez daukat, beraz, bular baten lehengusu dudan frutari heldu zaiozu eta emaiozu musu. Behin birramonak ereindakoa sendirako nahi zaitu zu amak zaindua, ta nik bildua zuk gozatu nahi al duzu? Nikhilek hala erantzun dio: -Ekar ezan, arren, ekar. Gero ebaki egin du fruta bere erdigunean zehar eta bi zati banatu ditu -kasta sistema lehertzearta elkarrekin irentsi dute ezin zutelako elkar.
3
Photo honetan bezala, beste askotan ere istorioak kontatu ditut. Irudia abiapuntu hartu eta irudikatutako gidoi batean zentratzen saiatu naiz. Jendarteak onartzen ez dituen desioak aitzakia ederra izan dira maiz bertsoak jartzeko. Honako argazkiak Sri Lankako Kandy hirian hartutakoak dira. Sri Dalada Maligawan gordetzen dute Budaren hagina dena, omen. Urtean, astebetez, errelikia hori urrez apaindutako elefante baten gainean jarri eta desfilatu egiten dute bertakoek. Paparra bistan eta suaren argitan, hipnotizatzailea da hango jende-pasa [4] [5] [6].
Asiako argazkiek Asiako istorioak eskatzen dituzte, baina, askotan, hango irudiak hemengo gertaerekin lotzen saiatu naiz. 2020ko apirilean, birusaz babesteko etxean ixoaldian geundela, lanera joatera derrigortu zuten jende asko. Distantzia soziala ez da bat eta bera Asian eta Europan, eta Myanmarreko harri sakratuetako bat ikusteko erabili genuen garraiobideaz gogoratu nintzen. Neurria tema izan badut, errima are temago. Hiru silabako oinak, sekula aurrez errimatu gabekoak, puzzle batean sartzea izan da maiz egin dudan ariketa [7].
Sugarren beroz izerdi gaziz estalitako gorputzen desioz hiltzen baldin bazinen pasio haren erruz zen. Elkar maitatzen duzue, baina zaila da elkar ikutzen jakinda zuen jerdarteak ez duela ikusten zuzen… Zerk izutzen du zaren guztia? Zerk sutzen? Eta zerk zu-tzen? Sarri ez dugu aldamenean daukaguna ezagutzen…
Oraintxe bertan begiaz keinu egin diozu Jamali, nahi zenioke papar gaineko mihisea desestali, mingaina aho barruan sartu, bilakatu animali, bere beroan hauspotu eta zure beroan kiskali nahiko zenuke, ta begirada haizea hartzera bidali; baina gogoak erre dituzu eta antortxa itzali.
O, su, amaieraren atea zara zu errautsen memoria idatzi ezazu. Pila batean mila oztopo dituzu bilakatu itzazu udaburuko su.
Azti batek esana nire belarrian: “malkoak beti badu leku bat irrian”. Lekua egin dezan zaharrak berrian erre nazazu goxo eta neurrian.
Datorren sasoirako erdi-prestatuak kaleak daude gorriz koloreztatuak. Ez itzazu ahaztu aurten eskatuak ta eraman itzazu kezka keztatuak.
Buda gisara egin nizuen horrenbeste hitzaspertu. Esan nizuen: “Lasai ibili, baina ez guztiz alfertu. Inork okerrik egin badizu ez betirako ankertu; saiatu zaitez bera ulertzen ura ez dadin uhertu, eta ulertu duzun unean zure burua aztertu. Zure burua ezagutzean, liburuetan ikertu. Bilatu gauza denen egia eta besteei agertu. Oinazeari babesa eman ta itsusia edertu. Bilatu gauzen isiltasuna (beste zentzuen kontzertu) tolestu zaitez zure baitara ta altxatzean suspertu. Eguzkiaren indarra jaso dena denean desertu, euri azpian egizu dantza ez baldin badu atertu. Lortu ogia, gurtu ongia eta ekintzatan zertu. Eros daitezkeen alaitasunak berpentsatu ta baztertu”. Ta gurtu egin nahi ninduzuen, irakaspenak eskertu. Argiak piztu, urrez apaindu, handikeriatik gertu. Argi azaldu nizuen, baina ez zenidaten ulertu.
6
Batzuk ERTEan eta besteak EREan batzuk eraldaturik giza-aberean… Argi geratu zaigu laneko xedean denak ez goazela autobus berean.
Begiratuz aurtengo urteko datuak diruak ta bizitzak dira kontrakuak. Zeinen hauskorrak diren gure kontaktuak eta zeinen mardulak gure kontratuak Kotxe txoferdunetan zabiltzate zuek ez zaituztete izutzen besteen izuek. Ikusten egitate zipriztin batzuek uzten al dizuete luna tindatuek?
7
Garraiobideetako argazkiak mugatuak dira eta argiztapen eskasa izan ohi dute. Baina, askotan, bidaiariak ordu-hil asko izaten ditu horietan, eta ez dira jolasteko une txarrak izaten. Egokiagoak dira testuak idazteko, argazkitarako baino.
Hala ere, batzuetan, ale ederrak ateratzen dira. Asiako kaleak argiz, usainez eta zarataz gainezka izaten dira, eta hori deskribatzen duten bertsoak ere idatzi izan ditut [8], Esnesaltzailearen doinuan. Argazkian idatzita dauden elementuak sartzea lortzen da tarteka.
Zenbat garraiobide, hainbat photo argitaratu ditut urteotan [9] [10] [11] [12].
Lantokitik etxera dihoaz gizonak astinduz klaxonak ez dira joaten ziren bezain onak. Etxean itxarongo die zorionak… berdina ote dio itxaron dionak? Batzutan pasiloak ez dira bionak.
Piztu-itzali-piztu autoaren ertzak laranjak ta beltzak berdeak baietzak ta gorriak ezetzak. Loa gertu samar ta urruti ametsak. Etxerako bidea hartu du jendetzak. Lekurik bai al dago maitasunarentzat? Unibertsala haien bizitzen joskera iluntze aldera; gaur ere ez dira nahi bezain goiz atera [(auto banatan), baina guztiak batera] bulegoko atetik etxeko atera inor behartu gabe gelditu ote da?
8
Noizbait kolonia izandakotik barkuz umil-umil datoz. Politikoek jende uholde bat nahi lukete hil datoz. Ez dut pentsatu nahi inork hartzen duenik inor hilda poz, baina jadanik hiru itsaso bete ditugu hildakoz.
Hesiek, geldi. Txarrantxek, urra. Zakur lerdetsuek, kozka. Haiei kritikan, batzuk isilik, eta hizketan mordoxka. Kosta behar zaie kostara heltzea. Kosta, kosta a(ha)la kosta. Noizbait lapurtu genien hura reklamatzera datoz-ta.
9
Ez du ahaztuko lehengo urteko martxoak hemeretzia: tren baten hotsa, ta bera jende askon presak irentsia, irristada bat, oihu andana, izterrean min ertsia… Gero, ezer ez. Gero klinikan hanka baten ausentzia. Datorkiguna onartzea da fedearen esentzia, baina zein jainkok aukeratzen du norbere penitentzia? Nork erakutsi dio topatzen oreka bat herrenean? Nork bilatzen du kanpoan? Eta nork norbere barrenean? Nork jaisten ditu eskilaraok modurik baldarrenean? Nor itzultzen da berriz minera haren urteurrenean? Bidaia bana daukagu hanka lapurtu zigun trenean. Dena aldatzen da galera bat ospatzen hasten denean.
10
Kalkutan taxi gidari zara. Klaxona da pasahitza. Behingoagatik turista batzuk harrapatu bazenitza… Bezeroek noiz eskua altxa beti begira zabiltza; ta, bat-batean, agertu zaizu… erreakzio bortitza! Bolante kolpez salbatu duzu amona baten bizitza.
Baina ordaina edukiko du dama hori saihestuak. Zuhaitz bat erdiz erdi jo duzu. Hain dira kale estuak! Buruan kolpe izugarri bat. Kapotatik ke belztuak. Garezurraren xafla gotorrak barurrantza tolestuak. Ohartu zara zeinenak diren heriotzaren eskuak.
11
Lurra daukazu oinetan. Ez da ez txarra, ez ona. Zu zara hara ta hona ibiltzen dena bidetan, garraiatzeko lanetan bizitza utzi ohi duna. Oin basamortu. Oin duna. Galdetu zure oina den zapaltzen duzun lurraren parte bihurtzen zaituna.
Haur zela ez zen eskola nahi zuen adina izan ta geroztik asto gisan egin izan du nahiko lan. Begiraiozu oin zolan ta esango dizu ze lan zenbat urtez eta zelan burutu dituen makur. Zola zulatua bihur ote daiteke artelan?
12
Gehien jorratutako gaietako bat generoarena izan da. Bizi nintzen etxetik gertu festa giroa sumatu eta atera nuen argazkia, eta nire argazki gogokoena bihurtu zen sakrifikatu berri zuten arkumea larrutzen zuten bitartean begiratzen zidan [13] Bengaluruko neskarena. Batzuetan, aurreikusitako keinu bati esker ateratako argazkiak dira [14]. Bestetan, turistarik apenas heltzen zen Sri Lankako bus geltokiko denda honetan bezala, erretratatuak berak eskatuta ateratakoak [15].
Gurasoek, hitzen bidez, esan didate: “estali”, “noiz ta norekin ibili, ta ahal bada norekin ez”, “ahula zara”, “egin ihes”, “bihurtu zaitez bikote”… Ta galdetu nahi nioke orain nire buruari: Gauzok nire anaiari esan ote dizkiote? Onbeharraren kaiolan hezia, hazi ez nendin. Ta etxetik kanpo, berdin… Lehenengoa naiz eskolan; izango al dut nahiko lan? Esaidazu, andereño. Begiak aldatzeraino heldu nahi nukeen arren maiz jende askorentzat ez naiz haragi zati bat baino.
13
Aitak, kalera joateko jantzi zizun diadema ile bihurria dena mendean edukitzeko (kontrolpean sentitzeko basatia dena berez). Orraziak, irri trebez, nahi luke domatzeko gai; baina ileak ez du nahi, eta haizeak ere ez.
Babesek balaztatuta abiatu zinen zutik. Beti besteen eskutik joateaz nazkatuta, hasi zinen, askatuta, korrika egiten irriz. Kezka gabe bideko harriz muturkatzeko. Hain trebe! Erori bazina ere jaikiko zinake berriz. Ta, ostutako askatasun urteei erreparatu, lotsatu ginen; ohartuz zenbat lapurtu genizun. Ta bertan topa gintzazun atzera begiratzean, bidaia abiatzean ez genizun ezer esan; aurrera egin zenezan kokatu ginen atzean.
14
Arrotz baten eskuak zure izter bitan. Zu, panikoan, geldi eta izerditan. Nahiz azkarrena izan ohi zinen erbitan bera azkarragoa izan zen erditan. Ja ez zaude seguru izan zinenik han; oroitzeko gertatu zen txikiegitan… Baina ikusteko zer pasa zen egitan beste iris bat sortu zitzaizun begitan. Kostata egindako zure aitortzaren inguruan sortu zen zalantza hotzaren minak umilatuta ez zaude pozarren. Gaur amorrua duzu, beldurra, lotsa lehen. Behin bortizki lurra jo zuen okotzaren ondorioz puskatu zenuen hortzaren ordezko protesia nahiz eta hotza den zure orbainei esker dakizu nor zaren.
15
Iparra eta hegoaren arteko talka gogorra da batzuetan. Teorikoki existitzen dela dakiguna muturren aurrean jartzen zaigu tarteka, eta burdinazko barra batek hortzetan bezala kolpatzen gaitu. Klaseen arteko ezberdintasunak hemen baino handiagoak eta finkoagoak dira Asiako leku gehienetan; lan baldintzak, penagarriak; eta haur izateko eskubiderik izan ez duten pertsona asko [19] izan ditu aurrean nire kamerak. Kapitalismoaren paradoxak [17] topatzea ez da zaila izan, eta desesperatuki ihesi abiatu direnak ez dira gutxi [21]. Turismoa diru iturri nagusi bihurtzeak zer desoreka sortzen dituen ikusi ahal izan dut, eta tradizioa turisten sosak eskuratzeko nola erabiltzen den ikusteak amorrarazi nau [18]. Miseriaren dokumentazioari dagokionez, gogoan ditut, bereziki, umezurztegiak [20] eta errepideak asfaltatzeko bere eskuak baino erabiltzen ez zituen emakume hura [16].
Mundu honek eraiki du piramidea zu izan ez zaitezen nire lankidea (aurretik ezartzeko gure lanbidea). Norberak egiten du norbere bidea? Zurea egiteko egizu nirea.
Batzuek oinazerik gabeko oinarriz jaio gintuzten eta beste batzuk, berriz, eskuarki arriskuz; eta esku-harriz bere bide sortzen darraite egarriz galipota beroa eskuekin jarriz.
16
Gaurko ez ezik biharko ere arrantzatzen badu bihar lakura, ondradu, ez du etorri beharko. Ta, demagun, etzirako haina biltzea gaur bertan edo saltzea dendetan… motor bat jartzeko baltsan. Zerbait hasi da balantzan bere beharren orekan.
Hainbeste hasi zen saltzen, -aberastu zen zeharosaltzen zen baino gehiago hasi baitzen arrantzatzen, arraindegiak zabaltzen arriska zaitez, arriska! Doa (ez daukana bista) amildegirantza zuzen. Lakura arraiz hustu zen; ta jendez, haien herrixka.
17
Dena posesioan nahi lukeen sistemaren aurka batzuk bere desioa murriztea dute hauta. Gutxien behar duenak oso gutxirekin mauka daukala esan izan du zenbait jendek alarauka. Desoreka mantentzeko era ere bada hau ta… Zilegi da bihurtzea neurrien argonauta gutxien behar duenak nahikoa baldin badauka. Gaur egun ia guztia eskuratu badaiteke gehiegi itxaron gabe ta erlatiboki merke; zeinek hartuko du bere barrunbeetan aterpe? Zeinek konpartituko du katilukada bete te? Nork berotuko du ura ia bihurtu arte ke? Hutsuneak onartzetik asko ikasi liteke… Hutsik dagoen basoa besterik ezin da bete.
18
Pobre jaio ninduten (esku xamurretan) hautsa beste ondasunik gabeko lurretan. Salmentan jardungo naiz eskola urtetan errukia erabiliz edo gezurretan asko sakondu gabe nire beldurretan. Nork lotu dizkit sokak eskumuturretan? Badakizu turisten kontura bazkaltzen kartera zabaltzeko ezpainak zabaltzen. Besarkada beharrak jolasez estaltzen, baina inuzentzia hasi zinen galtzen galdetu baitzizuten tartean ez al zen tamaina errealeko titererik saltzen.
19
Lau urte dituzu, baina askorentzat jada zaharra; hargatik gaur estu-estu lotu duzu irribarra. Atetik pasa orduko emaztea ta senarra zu izateko lehena. Zu izateko bakarra. Umezurztegi honetan dena da irregularra ta sarri nahasten zaizkizu heltzean ilunabarra joateko desioa ta pazientzia beharra… Noizbait Peter Pani ere irtengo zaio bizarra. Geneek lotu gabeko arreba eta anaiak. Zaharregi jaio ginen pezeratako arraiak. Atea zeharkatzear dauzkazu gurasogaiak ta larrituta estutu egin zaizkizu erraiak. Goxotasunaren bila hemendik atera nahiak besteak bihurtu ditu irribarredun etsaiak. Orain oroitzen dituzu ta dirudite alaiak joateak beldur pixkat ematen zizun garaiak. Behin hona etorri ziren zure anaia biltzera geroztiz haren oroimen bakarra duzu bisera. Hargatik, sartu orduko -arau denak gorabeherajoan zara “amatxo”-ren izterra besarkatzera. Hari eskutik helduta egin duzu ibilera, baina haur txikiago bat hartuta joan da bera. Aldentzen direla ikusiz atean gelditu zara galdetuz galdu al duzun zure azkenengo aukera.
Iparrera heltzeko milaka legoa alboetan hegatsak atzean hegoa. Zailtasunak itoko luke gehiengoa, baina da sendiaren apustu sendoa… Lehenengo beso bat, gero hurrengoa, hura jaitsi ondoren, berriz lehenengoa… Lehenengo beso bat gero hurrengoa, ta bitartean lurra gerturatzen doa. Odiseak, gupidaz, balerik balekar bere ondoan arnas ez al lezake har? Haurrak ta itsasoak eusten dute elkar hondoak ez du hezur gehiagorik behar… Igeri jarraitzen du itsasoan zehar oztopo litzateke egitea negar igeri jarraitzen du itsasoan zehar beti igeri eta beti itotzear.
21
Fedea kontrol bada, kontrola botere, boterea ordena ta ordena lege, legea diru bada ta dirua fede; fedea kontrolatzen duena errege. Gure aiten ta amen karmaren mesede. Oilategira nola, halaxe gu ere; garraiatu gintuzten behin giza-abere. Norbera gara, baina ez gara norbere. Familiari esan beharra adio sei urteko haurrontzat ze sufrikario… Gure buru soildu ta gure murmurio sorbaldatik beherako zintzilikario. Fedeak bai omen du hainbat misterio… Nahiz ez nukeen nahiko Buda, arerio, sistema honi ongi irizten badio errezatzeak ez du askorik balio.
22
Instituzio boteredunak gai interesgarria dira bertsotarako. Bereziki interesatzen zait Indiako espiritualitatea, baina halako jendarte batek botere harreman oso hierarkiko bat ere onartzen du. Fedearen aitzakian ia edozer justifikatzen da zenbait lurraldetan. Etxean jateko aski izango ez duten beldur monje bidaltzen dituzte seme-alabak hiritar askok [22]. Miserian bizitzeak are otzanago bihurtzen ditu asko, eta badirudi, zenbaitetan, ez dutela horren kontzientziarik [23].
Erlijioak ez ezik, indar militarraren erabilerak ere baldintzatu du herri askoren historia [25] [26].
Polizia eta militarrak ere protagonista dira zenbait lurraldetara egindako bidaietan: Sri Lankako iparraldean, adibidez. Asiako poliziekin kontuz ibili beharra dago. Oso soldata baxua dute, eta haietako batzuk ohituta daude sobornoen bitartez soldata osagarri bat sortzera. Horregatik, edozein kontroletatik libratzea lasaigarri da bidaiari zarenean, dolar ibiltari bat baikara askoren begietara [24].
Erlijioak jokatu gaitu. Arma bat da zer datorken. Gure oraingo sufrimendua omen da biharko lorpen. Leher bazeneza, lur bazenio, lor bazeniezaioken… sarri egiten baino gehiago erakutsi du egoten. Orainaldiko sufrimendua gerorako itxaropen zenbati joan zaion bizitza uneari itxaroten…
Fedeak asko, isil-isilik, mantendu du miserian ta nor den horren onuraduna geratzen da agerian. Nahiz ez sinestsi hiruki baten barruan dagon begian gezur guztitan dago egi bat, eta gezur bat egian. Naufragatuta baldin bazaude itsasoaren erdian erreza zazu tarteka, baina segi zazu igerian.
Geldi zaitzake, gogaitu, (hark uniforme bat baitu) jaitsiarazi, galderaz ito, jazarri, epaitu. Gaurkoan ez da etsaitu ta esan dizu “jarraitu”. Oraingoan zu libratu izanak lasaitzen al zaitu?
Zuzentasunaren gida haien eskutan jarri da ta nork asmatu du erabiltzen indarra neurrira? Gris, urdin, berde-oliba… noizbait itzuliko dira. Etorkizunak jarriko zaitu atzera begira.
24
Elefante gaixoa txikia zenean kate batekin lotu zuten zuhaitz mehean; alferrik jarduten zen joateko planean behar haina indar ez zuen, aidanean. Nahiz indarrak aldatu denborak, joanean; ez zen berriz saiatu lehengo afanean. Iraganak iltzatzen gaitu orainean eta lotuko gaitu etorkizunean.
Zernahi heltzeko tronpa ahalguztiduna, armadura gotorra, azala iluna, edozer oroitzeko kapaz den garuna, txikia zen garaiko oroimen astuna. Elefante bat al da herri euskalduna historiak adina hamarkadaduna? Utopia bihurtzen da askatasuna zaintzailetzat hartzean nagusi duguna.
25
Nahiz ta begiak ametsez bete izan gara juzkatuak, busetik irtenaraziak ta trenean ikuskatuak, pertsegituak, torturatuak, zapalduak, puskatuak, borrokarako heziak edo jaiotzez disgustatuak. Errepresioz lau burutako famili hirustatuak. Herriminezko kanten sortzaile, maitasunez sustatuak. Munduko herri zapaldu oro doaz elkartuz patuak; noizbait arrazoi izango duten kartografo frustratuak.
Edukian eta moldean bilatu daiteke edertasuna. Myanmarreko arrantzale honek [30] eta Sri Lankako emakume honek [31] eskainitako argazkiek bertsoetan testua kokatzeko moduarekin jolastera eraman ninduten. Bertsoa batez ere hori baita, jolasa.
Hala ere, bertsoak idazteak beti balio izan dit zauriak sendatzeko, eta oinazea azal barrutik kanporantz ateratzearen ondorio dira zenbait Photo. Bertsogintzan oso ohituta gaude publikoak entzun nahi lukeena aurreikustera, eta ez dakit halako bertsoek zer sentiarazten dioten irakurleari. Pentsatu nahi dut irakurleak berrinterpretatu egingo dituela, zentzu berri bat eman. Hiru dolu behintzat papereratu ditut Photoen bidez. Bi pertsonaren urruntzea kontatzen duten bi ale dira [28] eta [29]. Honako bertsoak, berriz, Jon Barberena hil zen egunean idatzi zitzaizkidan [27].