15 minute read

AITOR SARRIEGI. Gorka Azkarate

“Gaiei ikuspegi propioarekin kantatzen saiatzen naiz”

TESTUA: GORKA AZKARATE ARGAZKIAK: CONNY BEIREUTHER

Advertisement

Nola gogoratzen dituzu zure hastapenak?

Goierriko bertso eskolan hasi nintzen, Ordizian, eskolako 3. mailan nengoela, Ikastolako irakaslea zen izeba Arantxak animatuta. Eskolaz kanpoko beste ekintzaren batekin ordutegi bateraezinaren ondorioz urtebete egon nintzen joan gabe, atzera berriz eskolako 5. mailan nengoela itzultzeko. Bertsoak idazten ondo moldatzen nintzen. Bat-bateko taldea asteazkenetan elkartzen zela gogoan daukat, baina nik ez nuen pausoa ematen talde hartara batzeko. Joxe Munduate, Mikel Aranburu, Xabier Narbarte, Igor Eguren… gerora nire kantukide izango ziren haiek osatzen zuten talde hura.

Bertso hau gogoratzen al duzu? Mendira joaten da / goizero artzaia // ta bertan egiten du / gustora gaztaia // gero bazkaldutzeko / prestatuaz mahaia // elizara joaten da /entzunez kanpaia.

Nire lehenengo bat-bateko bertsoa! Orain irakurrita lotsa ere ematen dit… Ikastetxez ikastetxe, prestatutako bertsoak kantatzen ibiltzen ginen bat-batean ariko bagina bezala, eta saio haietako batean, Seguran, Mikel Mendizabalek, aldez aurretik ezer ere esan gabe, 4 oinak eman eta jendaurrean bat-batean bertsoa osatzeko eskatu zidan. Bertso hori kantatu nuen, nire lehenengo bat-batekoa. Egia esatera, etxean ere saiatu gabea nintzen artean bat-batean. Xabier Narbartek kantatu zuen lehenengo eta nik ondoren. Sekulako ilusioarekin itzuli nintzen etxera. Idiazabalen izan genuen modu hartako ondorengo saioa, eta han saio osoa bat-batean osatu genuen. Baditut oroitzapen garratzagoak ere, ordea. Eskolartekoan Arrasatera joan eta, kanporaketan, gaiarekin ez nuen bertsoa bukatu, 3 puntu kantatu eta eseri egin nintzen. Gerora, eskolartekoan egin nuen nire bidea bat-batean, eta idatziz

“Bertsolari batzuk oso plaza gutxirekin daude une honetan, eta bidea irekitzeko zailtasunak ugaritu egin direla uste dut: gaztetxeetako saioak, afariak… bidea irekitzeko saio horiek desagertu egin dira”.

ere hor ibiltzen nintzen borrokan. Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze… ez zegoen erraza.

Laurogeiko hamarkada erdialdean bertso eskolek indar handia hartu zuten. Bertso eskolarik izan ez balitz, Aitor Sarriegi bertsolari izatera iritsiko zen?

Ez, ez zen iritsiko. Bertso eskolak zaletu ninduen ni, zalantzarik gabe. Aitak 1986ko Txapelketa Nagusiko finalera ea joan nahi nuen galdetu eta ezetz esan nion, aspertu egiten nintzela eta. Bertso eskolan hasi eta utzi berria nintzen. 1989ko finalera bai, joan nintzen. Ordurako bertso eskolan berriz hasita nengoen.

Hastapen haietan, sentitu al zenuen uneren batean bertsolari konkretu bat edo besteren berdina izan nahi hori?

14-15 urte nituenean Jon Sarasua zegoen modan, nolabait esatearren, gazteen artean. Bazuen gazteontzako nolabaiteko erakarpen indar berezi bat. Euzkitzeren bertsokera ere oso gustuko nuen, bere zehaztasun hura, bertso jarrietatik nentorrelako agian. Neure buruarekin zuzenegia nintzen. Bertsolari zaharrak irakurtzen hasita Xalbador gustatzen zitzaidan gehien: pentsalari handia zela uste dut, zein mundutatik zetorren kontuan hartuta.

Batzuk aipatu dituzu, baina nortzuk izan ziren zure irakasleak eta bertso eskolako kideak?

Irakasle Mikel Mendizabal eta Xanti Garmendia, bigarrenarekin doinuak lantzen genituen batik bat. Banaka grabatu eta hobetzen saiatzen ginen. Bertsokideei dagokienez, hasiera batean Joxe Munduate, Mikel Aranburu eta Igor Eguren, nagusiki. Ondoren Alaitz Sarasola, Aritz Zeberio, Ekaitz Goikoetxea… Unibertsitate garaian horiengandik pixka bat aldendu nintzen eta, handik bueltan, Iñaki Apalategi bilakatu da nire bertsokide nagusia, nahiz eta adinez ni baino gazteagoa den.

Eskolartekoan ibilbide oparoa, eta maila nagusiko zure lehenengo txapelketa, 1995eko Gipuzkoako Txapelketa…

Txapelketa hura proba moduko bat izan zen, belaunaldien arteko neurketa edo. Bertsolaritzaren boomaren erdian, lehenengo aldiz plazetan gehien zebiltzan haiek, edo haietako batzuek behintzat, parte ez hartzea erabaki zuten, txapelduna bera ere tartean. Iñaki Murua, Mikel Mendizabal… aurretik final handietan kantatutako bertsolari haien aurrean gazteek euren burua probatu zuten orduko hartan. Niri dagokidanez, finalerdietan kantatu nuen, eta hura izan zen nire lehenengo txapelketa handia. 97ko Txapelketa Nagusia etorri zen ondoren. Orduan ere finalerdietan kantatu nuen, baina ez nintzen finalera pasa. Belaunaldi berriak “hemen gaude” esan balu bezala izan zen, eta nire adin bertsuko beste bertsolari batzuek Belodromoan kantatu zuten. Ezin iritsiaren sentipen moduko bat izan nuen.

Baina plazetan ohiko bertsolari bilakatu zinen txapelketa haietako finaletara iritsi ez arren…

Bertso jarriei esker nolabaiteko izen moduko bat banuen eta saio batzuk egiten nituen orduan. Neurri batean, horrek balio izan zidan motibazioari eusteko. 2001eko eta 2005eko Txapelketa Nagusietan ere finalerdietan kantatu nuen, eta baita 2003ko Gipuzkoako txapelketan ere. Beti atarian geratzen nintzen eta tematia izan naiz: final handi bat probatu nahi nuen, berdin zitzaidan Gipuzkoakoa edo Txapelketa Nagusikoa. Ahogozo ona daukat alde horretatik, finalak nire txapelketetako ibilbidearen amaiera aldera iritsi zaizkidalako.

Txapelketa Nagusian palmares oparoa: hiru final jarraian, 2009-2013-2017.

2009an, gainera, Andoni Egañarekin kantatzearen poz txiki hori ere izan nuen, final bateko bere azkeneko ofizioa izan zen hartan. Nik erretiratu nuela esaten diot txantxetan… Ez zen erraza Andoni Egañarekin txapelketa batean kantatzea, horretarako finalera iritsi beharra zegoen derrigor 2001etik. Sentsazioei dagokienez, esango nuke 2017an bukatu nuela sentsazio onenarekin. Azkeneko finalean, alegia.

Noiz sentitu zuen Aitor Sarriegik txapelketak uzteko garaia iritsi zela?

2017ko Txapelketa hasi aurretik argi nuen nire azkena izango zela. Oso argi nuen eta hala adierazi nahi izan nuen. Ez badaukazu argi gero interpretazioak etortzen dira, eta finalean sartu ez banintz pena hori izango nuen, baina zorionez finalean sartu eta ahogozo onarekin amaitu nuen. Urteak ez dira alferrik pasatzen, 1995etik batzuk igaro dira eta nekea pilatzen joaten da.

Txapelketa Nagusiak proposamenak plazaratzeko lekua dira askotan (doinu berriak, gai mota ezberdinak…). Zure kasuan

ere zeure estilo propioa garatzeko baliatu dituzula esan daiteke. Gaiei (bakarkakoak batez ere) erantzuteko modu propioa, testuingurua eraikitzeko modu ezagungarria…

Saiatu behintzat egin naiz horretan, norabidea oso argi izan ez arren batzuetan. Kritikak badira bertsolari denak molde berekoak ote garen txapelketetan, eta hori ere hala da neurri batean. Barrutik diferentziak ikusten ditugun arren, esango nuke nahiko berdintsu ikusten gaituztela kanpotik. Norberak bere izaera markatzea beharrezkoa ikusten dut.

Plazan ere saiatzen al zara ahalegin hori egiten, edo saioaren kontestuaren arabera aurpegi bat edo bestea erakusten duzu?

Plazan saiatzen naiz gai batekiko dudan ikuspegia botatzen, rolak uzten didan neurrian behintzat. Ez da erraza, giroak baldintzatu dezakeelako, kantukideak ere bai… Esaterako, ni bakarrik bizi naiz, eta bertsokideek ez ezik publikoak ere askotan badaki hori. Urrezko ezkongabea, amak dena egiten dio… erraza da paper horretan sartzea gero benetan hala ez izanda ere, baina errazkeria horretan ez erortzen saiatzen naiz. Gaiei ikuspegi propioarekin kantatzen ahalegintzen naiz. Jendea deseroso sentiaraztea ere gerta liteke batzuetan, baina ahalegin hori egitea dagokigula pentsatzen dut. Beti ez da posible eta saiatuta ere ez da beti lortzen.

Zenbateraino dago islatuta gure gizartea bertso saio batek irudika lezakeen horretan?

Nik uste ez garela gure inguruko jendearengandik harturiko lagin adierazgarri bat. Gure adinkideak direnak ez ditugu ordezkatzen, edo ez denak behintzat. Bertsotan aritzeko euskalduna izan behar duzu, nolabaiteko atxikimendua izan behar duzu euskararen eta kulturaren munduarekin… Datozen gazteak beren artean agian ez baina gurekiko asko ezberdinduko dira, gu aurrekoengandik bezala. Ez bakarrik itxura aldetik, gaien inguruko trataeran ezberdinduko diren bertsolariak datoz. Denok trokel bertsukoak izan gara garai bakoitzean, eta bertsozalea ere ohituta daukagu horretara. Gehienetan, gugandik espero dezakeen hori kantatzen diogu, gainera.

Garaiak aldatzen ari dira. Zure hastapenetan nagusiki mundu oso maskulinoa zen bertsoen mundua. Denborarekin genero berdinketaren alorrean aurrerapauso nabarmenak eman dira. Emakume bertsolari andana dago gaur egun eta transgenero bertsolariren bat ere bai, zure gertukoa gainera. Bilakaera horretan deseroso sentitu al zara uneren batean?

Deseroso ez, nahiko era naturalean bizi izan dut bide hori. Umetatik ezagutu ditugu neskak sariketetan eta bertso eskoletan, baina gero

plazan ez zeukaten ia presentziarik. Gerora etorri dira beste lanketa batzuk, presentzia ez ezik genero ikuspegiari dagozkionak, gai guztiei beste begirada batekin begiratzeko ahaleginak eta abar. Dena aldatzen ari da, gu ere aldatzen ari gara, eta gehiago aldatu beharko dugu ziurrenik. Dena dela, binarismotik eraikitako botere-harremanen klabean aritu izan gara, eta hortik ikuspegia gehiago ireki behar dugula ikusi dugu, esaterako transgeneroekiko. “Diskriminazio positiboa” deitu izan zaiona hizkuntza gutxituaren ikuspegitik iritsi naiz barneratzera, ez dizut ukatuko hasieran krak egiten ez zidanik. Baina gero transgeneroa agertzen zaizu zure mundu binarioan eta bigarren krak bat egiten dizu buruak. Alde batetik denok gara oso aurrerakoiak, baina gero saio batean “2 neska eta 2 mutil” terminoetan hitz egiten dugu. Ez al dugu ezer ulertu? Hor zalantzak sortzen zaizkit. Maialenen bertsoak txalotzen ditugu Irunen, eta, gero, amaieran esaten ari gara ea bigarren neska sartzen den finalean… Nork dio ez zegoenik?

Iturrizaharretik ur berria

San Andres bidea 35 Arroitz (Nafarroa) 948 537 602 652 117 798 angel.iturri2@gmail.com

“Jendeak ez luke sinistuko bertsolarien errenta aitorpena ikusiko balu”.

Punta-puntako bertsolaria, baina zure ogibide nagusi bilakatu gabe sekula. Erraza al da oreka hori mantentzea?

Batzuek esaten dute bertsotatik bizitzea planteatu zutenerako bertsotatik bizi zirela. Plazetan maiztasunez kantatzen hasi zaren adinaren arabera ere ezberdina da. Txapelketa batzuen ondoren izan ditut plaza asko samarreko urteak, 60 inguru urte askotan, eta, batzuetan, 100etik gertu ere bai. Niretzat gehiegi zela konturatu nintzen. Ostiralean lanetik nekatuta iristen bazara, ostiral gaueko saio horiek gogorrak egiten dira. Konturatu nintzen plaza gehiegi zirela neraman bizimodurako. Plazari errespetua galdu niola ez dut esango, baina ibilerak berak gainditu egin ninduela uste dut. Plaza batzuetatik sentsazio txarrarekin itzultzen nintzen. Neurri egokia 50-70 izan daiteke, eta, hala ere, plaza dezente dira.

Plazetan ondo kantatzeko, ordea, zenbat eta gehiago kantatu, hobe, ezta?

Aurten ez dut asko kantatu eta hori ere ez da ona, forman egotea komeni delako konfiantzaz joateko plaza batera. Edozein kasutan, ez naiz damutzen trote hori zer den probatu izanaz. Probatu nahi nuen, probatu nuen eta niretzat gehiegi zela ikusi nuen. Beste lanbide bat eduki ezean ere gain hartuko zidala uste dut. Aparteko lanbideak denbora kentzen dizu, baina segurtasun handia ematen dizu, hori ere egia da.

Musikaria ere bazara, beste gauza askoren artean. Musikak bertsolari hobea izaten lagundu dizula esango zenuke?

Bertsoa kantatzearekin dago loturik eta ni neu kantari ona ez naizen arren, belarri ona daukat, eta horrek asko laguntzen du. Melodiak azkar harrapatzen ditut normalean. Plazan bi segundoan doinuak ekartzea kostatu egiten zait, baina normalean ez dut arazorik besteren batek kantaturiko doinuari segitzeko, aurretik sekula kantatu gabeko doinua izanda ere. Kantatzeari buruz ari garen

arren, bertso kantatuegia ez dut gehiegi atsegin. Botatako bertsoa dut nik gustuko, kantatutakoa baino.

Pandemia garai honetan garbi ikusi da kulturgintzan diharduen jendea baldintza prekariotan ari dela bizirauten. Bertsolaritza ez dago gaitz horretatik salbu.

Kultur sorkuntza ez dago behar bezain babestuta, nire iritziz. Erakundeen aldetik ez dauka azpiegitura egonkorrik, ez eta laguntza lortzeko erraztasunik ere. Bestalde, ordea, jendearengan ere zenbateraino eta zein modutan dago hedatuta kulturzaletasuna? Jendeak kontsumitzen duen kulturaz ari garenean, gaztelerara itzulitako libururen bat irakurtzeaz ari gara, talde ezagunen baten kontzertuaz, zinema eta musikal atzerritarrez… baina gauza herrikoiagoak, amateurragoak, ez dira kontsumitzen. Kultura jardunean gabiltzanok elkarren mezenas moduko ere bagara: euskal idazleen liburuak irakurtzen ditugu, eta euskal idazleek gure saioak entzuten dituzte, esaterako, eta hor gure burua engainatzen dugu. Hortik kanpo ere badago zalea noski, baina zenbakitan jarriko bagenu… Euskal kulturaren kontsumitzailea han eta hemen errepikatzen den pertsona da. Euskaldun multzo oso handi bat dago gero kultur kontsumo horretatik oso kanpora dagoena. Horregatik diot babestuta ez egotearena, erakundeen aldetik eta baita gizartearen aldetik ere. Denon errua da neurri batean, ardurak berdinak ez diren arren.

Bertsolariek fama eduki dute, joan, hiru bertso kantatu, ondo kobratu eta etxera. Hori horrela al da?

Jendeak ez luke sinistuko bertsolarien errenta aitorpena ikusiko balu. Uste dut Joxe Agirrek esaten zuela bi saio eginda baserriko hilabeteko soldata zela. Garaiak aldatu dira, ordea. Atxikipenaketa kontuan hartuta, ez du izugarrizko kopurua jasotzen bertsolariak. Bertsolarien bizitza ez da jende askok uste duena. Bidaia-

gastuak, ezorduak… ezezkoa emateko aukera ere ez da handia, saio bakoitzarekiko menpekotasun ekonomikoa dagoen neurrian. Horretan lagungarri da beste diru iturri bat izatea.

Plazarik plaza kantuan gustura zabiltzala nabarmena da, baina tarteka entzun izan dizugu bertso saio batera joan baino denbora librea bestelako jarduera batzuekin betetzea nahiago duzula: mendira joatea, kasu. Bakarren bati halako pentsamenduak burutik pasatze hutsa bekatu galanta irudituko zaio agian zure mailako bertsolari batentzat…

Iruñeko finalerdietako saioan (Txapelketa Nagusia) gogoan daukat elurra egin zuela. Sakana elurretan zeharkatu nuen, paisaiari begira amorratzen… eta nik Iruñean kantatu behar! Egia da deiak gustura jasotzen dituela batek, baina ondoren saiora joateko eguna iristen da, eta ohikoa izan daiteke joateko une horretan nagitasun hori sentitzea. Egia da ondoren pasatu egiten zaizula eta saioan zen-

Hitzez eta errimaz eskutik eskura…

“Kritikak badira bertsolari denak molde berekoak ote garen txapelketetan, eta hori ere hala da neurri batean. Barrutik diferentziak ikusten ditugun arren, esango nuke nahiko berdintsu ikusten gaituztela kanpotik”.

tratzea lortzen duzula. Burutazio horiek izatearekin ez naiz gaizki sentitzen, arazoa litzateke kantatzen hasteko unean halako pentsamenduak artean buruan izatea. Baldintza horietan kantatzen hastea, hori bai ez dela zilegi. Txip aldaketa hori modu naturalean egiten da. Bertsotara joatea plan ederra da, gustatzen zaigulako egiten dugu, baina beste plan asko ere geratzen dira bide bazterrean bertsotara joateagatik. Uda batean GR11 ibilbidea egin nuen Pirinioetan barrena eta orduan, adibidez, saio batzuk utzi nituen. Ez zait gustatzen ezezkoak ematea, baina batzuetan ez dago beste aukerarik, lehentasun kontua da. Tarteka norberarentzat egun batzuk hartzea ere komeni izaten da.

Bertsolaritzak egitura egonkorra dauka: elkartea, eskoletako jarduna, ehunka plaza euskal Herri osoan zehar… Zeintzuk dira zure ustez bertsolaritzak epe ertainera dituen erronka nagusiak?

Lehen aipatu dugu generoa, esaterako, transmisioa aipatu duzu… Epe ertaineko asmo horiek beharrezkoak dira, baina aurtengo kasua ikusi besterik ez dago: epe motzera pentsatu behar izatea ekarri digu pandemiak. Aurretik kili-kolo zeuden saio batzuk eroriko dira eta, jende askoren ahaleginari esker plazak egiten ari badira ere, saio mota jakin bat izan daiteke nire ustez kaltetuen: formatu txikiko saioak. Tipologia horretako bertsolaria pixka bat mapatik desagertzea ekar dezake horrek, eta asko kezkatzen nauen kontua da. Momentu honetan bilatu diren alternatibak neurri zorrotzak betetzen dituzten horiek dira, jaialdi tipokoak, emanaldi bereziak, musikatuak eta halakoak. Neurri batean entzule berriak gugandik hori espero izateko arriskua egon daitekeela iruditzen zait, eta aurrez presentzia handia zuten libreko saioak desagertzekoa, esaterako. Denbora pasatzen denean bi bertsolari mahai bueltan librean hasten direnean entzuleak zerbait gehiago espero izateak kezkatzen nau. Bertsolari batzuk oso plaza gutxirekin daude une honetan, eta bidea irekitzeko zailtasunak ugaritu egin direla

uste dut: gaztetxeetako saioak, afariak… bidea irekitzeko saio horiek desagertu egin dira. Aurten zerbait ikasi badugu horixe da: etorkizunean pentsatzea alferrik izan daitekeela!

Badirudi gizarte geroz eta indibidualistago bat bihurtzen ari garela: zinemara joan baino nahiago dugu etxean pelikulak ikusi, kanpoan afaldu baino etxez etxe janaria banatzen duten plataformak ugaltzen ari dira, erosketak Internet bidez egiten ditugu… pandemia sasoi gogorrenean streaming bidezko bertso saioak jarri ziren martxan eta zu ere tartean zinen. Nora goazela uste duzu?

Saio batzuk egin ziren jende guztia ari zelako gauzak egiten. Arlo teknikoari erreparatuz egingarria izan zitekeela ikusi genuen eta egin genuen. Hala ere, ez dut ikusten gerora normaltasuna berreskuratzen badugu abian egongo den formatu bezala. Momentuko behar hura asetzeko bakarrik izan zela esango nuke.

Zer eman dizu bertsolaritzak?

Lagunartea, ingurua, esango luke askok… nik alde horretatik nahiko indibidualki jokatu izan dut. Lagun asko egin ditut bertsoari esker, ez dut esan nahi lagunarterik ez dudanik. Bertso eskola, taldea… aipatzen dira askotan, eta nik ez dut talde giro hori bereziki bilatu, edo bilatu badut ez dut aurkitu. Garai batean elkartzen ginen, baina ez nuke esango gaur egun lagunarte hori dudanik. Jende ugari ezagutzeko aukera bai, eta baita egingo ez nituzkeen gauza asko egiteko aukera ere, aukera arraro eta xelebreak tartean. Behin baino gehiagotan sentitu naiz pribilegiatu bertsoari esker.•

Kate motzean

Bertsolari bat: betidanik Unai Iturriagaren oso zalea naizen arren, Maialen Lujanbio. Neurri motzean ala luzean nahiago? Ariketaren arabera. Bakarka egiteko, neurri luzea nahiago; bestela, motzean eroso sentitzen naiz. Motzean, baina ez koplan, ariketa zaila iruditzen zait. Puntutan bai, gustatzen zait. Oholtza gaineko jarduna ala afalostekoa? Afalostekoa, ondo ateratzen bada gehiago betetzen nau bertsolari bezala. Zure aziertoaren baitan gehiago dago, eta asmatzen duzunean sentsazio oso betegarria da. Agurra etxetik edo bertan, bat-batean: azkenaldian bat-batean, kantuan hasi arte ez baitu batek jakiten zein aldarte izango duen. Amaierako agurra saioa amaitutakoan egiten dut, lehenago prestatzen hasten bazara saioa ondo ez doan seinale.

Illunbe edo BEC? BEC.

Entzule bezala gogoan duzun bertso saioren bat? Beasaingo 91ko Gipuzkoako Txapelketako final laurdena, Anjel Mari Peñagarikanok 7 puntuko doinua atera zuen saioa. Peñaz gain, Andoni Egaña, Jon Sarasua, Aitor Sarasua, Jose Angel Salegi Lizarreta, Pedro Etxezarreta, Eusebio Igartzabal eta Luis Otamendi zendu berria zeuden saio hartan, oker ez banago. Bere garaian irratitik grabatu nuen zinta batean, eta saio hartako bertso asko buruz dakizkit. Zuk kantatu duzun saioren bat? Zapore oso ona utzi zidan Aitor Mendiluzek eta biok Orioko elkarte batean egindako afari batek. Bertan sortu zen giroa edo ez dakit zer izan zen, kontua da egun hartako oso oroitzapen ona dudala. Zenbat bertso dakizu buruz? Zatiak asko, bertso osoak batek daki, 1.000? Baliteke. Pentsa zenbat kanta diren bertso, horietatik hasi eta… Bertsopaperak idazten nituen garaian, neuk idatzitako eta beste bertsolari batzuen sorta asko buruz nekizkien.•

This article is from: