15 minute read

DONOSTIAKO ZIUDADIA.Miren Artetxe eta Beñat Gaztelumendi

BERTSO IBILBIDEA

TESTUA: MIREN ARTETXE ETA BEÑAT GAZTELUMENDI ARGAZKIAK: XDZ ETA HAINBAT ITURRI

Advertisement

Lehendabiziko abisua: bidaia hau ez duzu inongo gidatan aurkituko. Bigarren abisua: Donostia bakarra munduan kantatzen den arren, ez da egia: Donostia asko daude Urumea ertzean. Badago Donostia bat Pello Mari Otañok deskribatu zuena: “Donostiyako Ziudadia, Irutxulo-ko uriya; / Etxian zuben perlik onena Jainkuari ixuriya / zartzen diranen alaitzallia gazte guztiyen nobiya; / Zeruba zer dan ez dakit, bañan, zu zera nere gloriya”. Badago beste Donostia bat Infernu izeneko auzoa hustu eta biharamunean bertako bizilagunek bertsotara ekarria: “Infernua da Donostiako postal kanpoko aldea / hiri klasista ta arrazistan sobratzen zaien taldea / propietateak esaten al du zein den etxeen jabea? / Atzo okupen sarea / oso izan zen klabea / desalojoak indartuko du gure komunidadea / zuen hiria ez da izango ipurtzulorik gabea”. Eta badago beste Donostia bat hemen erakutsiko dizuguna. >>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>>> >>>>>>>>>>>>>>>

1 AÑORGA BELODROMOA EASO PLAZA PIKATXILLA. GROS GUARDETXEA. URGULL ANTZOKI ZAHARRA IKATZ KALEA

2 3 4 5 6 7

1.GELTOKIADON / AÑORGA

ERREPIDEA ALDE BATEAN ETA TRENBIDEA BES-

TEAN; labe gosetua etengabe martxan daukan porlan fabrika aldamenean. Añorgan. Garai bateko baserri sakabanatuzko auzoa zena XIX. mende bukaeran hasi zen aldatzen. 1890ean, lehendik Añorga Txikin zegoen errota, harriak txikitzeko moldatuta, zementua ekoizten hasi zen. Hortik aurrera, poliki-poliki hazi da fabrika, eta fabrikaren bueltan auzoa. Fabrikako nagusiek langileei etxeak jarri zizkieten lantoki inguruan, eta, ondoren, baita eskola, zinema, ostatua, frontoia eta pilotalekua ere. Fabrikaren sirena-hotsaren taupadan sortu zen Añorgako kultur dinamika ere.

1972an bertsolari gazteentzako sariketa bat ere antolatzen hasi ziren añorgatarrak: Orixe Saria. Euxebio Igartzabal, Xabier Zeberio, Juan Mari Narbaiza, Jon Enbeita, Luis Otamendi… garai hartan gazte ziren bertsolariak trebatzeko aukera eskaini zuen. Eta ez bertsolariak bakarrik: epaileak zailtzeko ere plaza izan zen Orixe Saria. Joxe Mari Aranaldek Bertso kontuak liburuan jasota utzi zuenez, sariketa hartan aritu zen emakume bat lehenengoz epaile lanetan: Arantza Arruti.

Dena den, plaza bakarrik ez, Añorgak biltzeko lekua ere eskaini die bertsolari eta bertsozaleei. 2008an helduentzako bertso eskola jarri zen martxan, eta dinamika bizian dirau oraindik ere.

Goazen atzera, ordea. 70eko hamarkadaren hasiera da. Bertso jaialdia antolatu dute gaur egun Antxon Aiestaran izena duen aretoan. Bertsozalez beteta daude besaulkiak. Oholtza gainean sei bertsolari, Fernando Aire Xalbador eta Mattin Treku tartean. Bigarren hau altxarazi du Joxe Mari Aranaldek, bakarka aritzeko. Eta jarri dio gaia: “Zuek ez dakit badakizuen, nik bai: Mattinek seme bat du eta seme hori Parisera joan zaio; lan beharrez edo, behintzat etxetik Parisera joan da. Eta nik nahi nuke Mattinek seme horri hiru bertso kantatzea”.

Ordura arte irria ezpain ertzetik zintzilik daraman Mattinen barruan zerbait hautsi da. Eztarrian korapiloa estu, begiak umel, hiru bertso kantatu ditu. Entzuleak inarrosi ditu beren butaka erosoetan. Eta baita bertsokideak ere. Biharamunean Xalbadorrek Mattin nigarrez ikusi dut izeneko bertso sorta ospetsua jarriko dio adiskideari. Guk Mattinen bertsoak ekarri ditugu hona:

Antxon Aiestaran aretoa (San Telmo museoa).

NOSTIA

Mattin (XDZ).

Oraintxe gaia etorri baitzait hemen neri bat-batera, halabeharrez, nere semea, hi juan haiz Parisera; bainan aitaren esan hau beti hartu behauk bihotzera: urte batzuek hor pasata’re etorri behauk etxera.

Nik bazakiat hi ez haizela Parisa joana gogotik, pena haundia huen partitzia ait’et’amaren ondotik; bainan bizitzeko gizonak asko ikusi behar dik; hire bihotza bein’ez urrundu hik, otoi, Eskual Herritik.

Herri txikitik partitua haiz Parise herri haundira, ait’eta ama haretxetikan hor zaudek hiri begira; urte batzuek hor pasata’re Parisen, itzul ta bira, ait’amengana etor adi ta lehenbailehen Euskal Herrira”.

(XDZ).

2.GD / BELODROMOA

PERIFERIATIK ERDIGUNERAKO BIDEA EGIN DUGU DONOSTIAKO SATORZULOETAN BARRENA.

Anoetako estaziora heldu gara itsu-itsuan. Hauxe da Donostiako kirolaren zero gunea: Anoeta (barka, Reale Arena) futbol zelaia, Atano III pilotalekua, Gaska saskibaloi kantxa, Txuri-Urdineko izotz gunea, Karmelo Balda kiroldegia… Eta, noski: Belodromoa. Antonio Elortza belodromoa. Hitzaren Kirol Nazionalaren lau urtean behin 0-tik 10-era neurtzeko ahalegina egin izan da bertan behin baino gehiagotan. Orixe Sarian Arantza Arrutiren izena aipatu baldin badugu ere, Bertsolari Txapelketa Nagusien epaimahaiaren historian 1997an aurkitu dugu emakume bat lehenengoz: Arantzazu Loidi.

Bertsolari Txapelketa Nagusiek, dena den, areto gehiago ezagutu zituzten hona heltzerako. 1936ko San Sebastian bezperan, adibidez, Victoria Eugenian aurreko edizioko txapelduna, Basarri, ari da aurkezle lanetan, gaiak bertsotan jarriz. Hona urte hartan txapeldun geratu zen Jose Manuel Lujanbio Txirritak gerrari kantatu zion lehendabiziko bertsoa:

Txirrita.

Zenbat errezo egin izan det nere denboran elizan, ta pozik nago ikusirikan pakian nola gabiltzan. Ni naizen bezin kobarderikan iñor ezin leike izan semeak gerra ez yoateatik mutilzar gelditu nitzan.

Aitor Gonzalez de Kintana (XDZ).

Baina goazen 1997ra eta gatozen Belodromora. Aulkietan kabitu ezinda dago jendea. Asko zilar-paperetan bildutako ogitartekoak ahalik eta soinurik gutxien eginez irensteko eginahalean ari dira, txirrindularientzako jarritako pista ogi papurrez betetzen. Bertsolari belaunaldi berri bat iritsi da finaleko oholtzara. Bertan da Jexux Mari Irazu. Eta Txirritari bezala, gerrari buruz galdetu dio Bernardo Mandalunizek larrauldarrari: “Gaztetan eraman zintuzten gerrara. Gaur, zahartuta, gerrako zeure zauriei begira zaude”:

1. Goitik agindua eman: “fusila eskutan hartu”, gerraren gogortasuna txikitatikan probatu; frenteko lehen lerroa ederki nuen gozatu, etsaia ala laguna aurrekoa tirokatu! Mendian gora ta behera, han ezin gendun nekatu; orain begiak malkotan ta ezin dira lehortu, nere zauriei begira begiak zaizkit lausotu, zauriak ez dira itxi ta gerra ez da bukatu. 2. Nahiz barrutikan beldurrez, itxuraz behar zan trebe; odola ez zan neretzat sorpresa ta nobedabe; Gerran maltzurkeri dana, ezin da izan herabe, nere bizia arriskuan ezin nun utzi debalde. Nahiz beti zalantzan izan han gelditu edo alde, beti onartzen ditugu kanpokoen hainbat lege; beti behar ote degu etsaien zaurien mende? Ordun zatitu gintuzten ta oraindik hala gaude. 3. Nere desioan kontra aberkide harei tira, nork murgildu ninduen ni hainbesteko sarraskira? Orain hurreratua naiz jubilazio eztira. Oraindik gogoan daukat orduko gauen dizdira; halare barru-barruan biharko egunan desira, begiak itxita goxo etorkizunai begira, nere zauriak, badakit, lurpean itxiko dira, ojala herriarenak han itxiko ez balira!

Irazu. Aitor Gonzalez de Kintana (XDZ).

3.GD / EASO PLAZA

BERRIZ ERE SATORZULOAN BARRENA IRITSI GARA EASOKO TREN GELTOKIRAINO. Gezurra diru-

dien arren, garai batean Urumea ibaiaren arroa honaino zabaltzen zen, itsasoarekin topo egiteko. Hondartza eta baserri ingurua izan zen hau. Urari lurrak kendu ahala, garai bateko Donostia zaharra honaino zabaldu zen, baserriak eta larreak irentsiz. Gaur egun, Amara Zaharra ere deitzen diote batzuek inguruari. Dena den, auzotarren bat inguruan baldin badago, hobe “Amara” bakarrik esanda.

Donostiako festa nagusiak urtarril bukaeran ospatzen diren sansebastianak izan arren, azken hamarkadotan indarra hartu du abuztuko Aste Nagusiak ere. Su-festak zeruan eta izozkia ezpain ertzean dilindan. Herri eta hiri askotan gertatzen den moduan, erakunde publikoek antolatutako egitarauaz gain bestelako proposamenak ere egin izan dituzte herritarrek. 2003tik aurrera Piratek beren egitaraua antolatu izan dute urtez urte.

Hala ere, Donostiako Aste Nagusiak beste hutsune bat izan du urte askoan: bertsolaritzarena. Azkeneko hamarkada pasatxo honetan Easo plazan aurkitu du bertsoak bere lekua. Hemen, adibidez, 2017ko jaialdietako batean Unai Gaztelumendik eta Maialen Lujanbiok egindako saioa, Imanol Artola Felix gai-jartzaile zutela. Unai Aste Nagusirako plan lasai bat egin nahian ari da, baina Maialenek beste asmo batzuk dauzka nonbait…

UNAI GAZTELUMENDI 1. Bertsotan jardun gera leheno ttirri-ttarra gero bazkalostea izan da earra zenbat trago ondoren zerbezan aparra Maialen ez al zaude nekatu xamarra?

2. Urtero Piratetan batetik bestera bateko txalekoa, bestetik bandera baina orain joan nahi det suak ikustera barruko donostiarra nahi nuke atera.

3. Nik hemen bota dizut Maialen erronka donostiar egin naiz halaxe det bota benga onartu zazu nigana igota hau berriz sekula ez zaizu pasako ta. MAIALEN LUJANBIO 1. Bertso saioa nola ez degun izan gaitz hauekin poteatzen hasi gera garaiz nik beste plan bat nahio nere artean, maiz gazte plantak egiten hementxe ari naiz.

2. Nik uste nuen zala den-dena mesprezu baina egitan dabil ta ni ez naiz kexu berezko donostiarra hementxe zaude zu San Sebastian Region esan behar dezu.

3. Intentzioa eskertzen dizut Unai tira baina suek ze mina nere belarrira helaua urtu eiten da eta garesti da garbi esango dizut: goazen Hernanira.

4.GD / PIKATXILLA. GROS

ASTE NAGUSIAN BERTSO SAIOAK BERANDU HASI

ZIREN ANTOLATZEN. Baina, Bertsolari Egunak 1968tik antolatu izan dira sansebastianen jiran. Urtez urte, bertsolari baten omenaldi gisara antolatzen ziren bertso saio haiek. Bertsozale Elkarteak sortu bezain laster hartu zuen bere gain egun honen ardura eta, 1995ean, Bertsolari Egunaren norabidea aldatzea erabaki zuen: omenaldiak egiteari utzi eta esperimentaziorako aukerak zabalduko zituen saio mota bat antolatzeari ekin zion. Hala sortu zen Bertso Eguna.

Hogeita bat urte beranduago, urtarrilaren 30 batean ospatu zen 2016ko Bertso Eguna. Arratsaldeko saioa Kursaal auditorioan egin zen, baina, goizean ere antolatu zen saio bat, Kursaal pareko Picachilla tabernan. Tabernak izena Ulia parean ur azpian dagoen arroka bati zor dio. Donostia eta Pasaia aldeko itsas emakume-gizonek ondo ezaguna dute aizto formako ezkutuko harritzara, hainbat itsasontzi hondorarazi dituelako mendetan zehar. Zaila da ur-azaletik ikusten, ez bada oso marea beheran, edo olatuei aparra ateratzen dielako. Eta zergatik pasatzen dira ontziak Ulia magal horretatik, arriskua dagoela jakinda? Bajurako ontzientzat leku ezin hobea delako. Arrainek arrokan nahikoa zer-jana izaten dute, eta han ibiltzen dira buztana dantzan. Arrantzarik egingo bada, arriskatu beharra dago.

Eta halaxe egin zuen Rosi Lazkanok berrogeita hamar urteak beteta. Txikitatik izan zen bertsozalea. Neba-ahizpek elkarri puntuak jarriz arintzen omen zituzten baserriko lanak.Berrogeita hamar urte beteta hurbildu zen lehen aldiz Orioko bertso-eskolara. Baita oholtzara salto egin ere. Urtarrileko goiz hotz hartan, Picachilla tabernan, honako bertso-jarriak kantatu zituen:

(Berria).

1. Zaharrak-berri dion haritik tiraka, gogoa haurtzarora doa pirrillaka. Nahiz denboran txokoan lotsan hautsak tapa, irriparra sortzeko ahalmena daka. Nahiz denboran txokoan lotsan hautsak tapa, bizi- bizirik daukat: aitzen det tik-taka.

2. Nere lehen ipuia zan kristau dotrina. Isilik egon behar, hizkuntz asko baina… Etxekuak euskeraz, mezetan latina, Santa Anako monjak gaztelera fina. Etxekuak euskeraz, mezetan latina, eta neskak eraman behar mantellina

3. Txarolezko zapatak, galtzetin txuriak; neska txiki harentzat momentu haundiak. Egun berezietan jazteko jantziak, ahizpa zaharragon batzuk aurrez erantziak. Egun berezietan jazteko jantziak Begiratuta garbi neuzkan belarriak. 4. Astelehen goiza beste denen desberdina Sukaldia betian erropa zikina Goiz osoan burrundan jaboi-ur makina Aurrena maindirea, gero galtza urdina Goiz osoan burrundan jaboi-ur makina Automatikoa zan amaren ezina.

5. Nerabetzan ez katxi eta ez zurito Nere beldur guziak izerditan ito Hanka punttetan dantzan bi ordu ta piko Abiapuntu txarra etzan nerekiko Hanka punttetan dantzan bi ordu ta piko Faborez baten hasi ta lotu betiko.

6. Etxerako bidea argitik ezkutu Lehen muxua, bueno… ezpainak ikutu Barru dena algaraz kanpo dena mutu Segundoa bihurtu zitzaidan minutu Barru dena algaraz kanpo dena mutu Pekatua zan baino ez nintzan damutu. 7. Orain dirudigula katu eta xagu Zulotxoan sartzeko ez nabil hain malgu Oilo-ipurdin jartzea hori ez det galdu Desio berriren bat beti zait azaldu Oilo-ipurdin jartzea hori ez det galdu Eta akne zein grano itxusitik salbu.

8. Hazitarako hemen izango ez geranez Holako aukerari ez diot orain ez Seguru segiko det tabarra emanez, gustokoa dudana gustora eginez Seguru segiko det tabarra emanez Lehen hanka punttetan eta orain oinez.

Donostia (XDZ).

5.GD / GUARDETXEA. URGULL

GOAZEN ALDAPAN GORA. URGULL MENDIAN DAGO

GUADERTXEA. 1863ko eraikuntza militarra zena mendiko guardaren bizileku bihurtu zen gerora. 2014ko Feministaldia iritsi zenerako, urteak zeramatzan kultur ekintzetarako espazio gisa moldatua. Urte hartan antolatu zen lehen aldiz bertsolaritzarekin loturiko ikuskizun bat erreferentziazko kultura feministaren inguruko jaialdian. Eta abenduaren hogei hartan han ziren Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi, Ainhoa Aranbururen gidaritzapean, Guardetxeko oholtza hartan, entzule ez-baitezpada-bertsozale saldoaren aurrean.

Spoiler: azken urteotan urtero antolatu dira bertsolaritzari buruzko hitzaldiak, bertsolariek egindako performanceak edo bertso saioak Feministaldian. Are gehiago. Azken edizioetan jaialdiaren itxiera festaren eguna Txapelketa Nagusiko finalaren egunaren arabera aldatu izan dute. Baita Gipuzkoako finalaren egunagatik ere. Publikorik ez galtzeko. Atera kontuak.

Rewind: 2014an, Guardetxean zeuden horietatik gutxi egon ziren 2013an BECen.

Urte hartan Feministaldian programatu ziren hitzaldi, mahai inguru, tailer, proiekzio edota performanceetan monster kultura izan zen ardatz. Gorputz desegokiak, anormalak, bazterrekoak. Zerbait eskas duten gorputzak. Zerbait soberan dutenak.

11:00-13:00 Pedagogías queer: otras producciones de conocimiento Mari Luz Esteban, R. Lucas Platero. 16:30-18:30 Literatura, sexualitatea eta feminismoa Danele Sarriugarte, Kattalin Miner, Itxaro Borda. 19:00-21:00 Rocka, feminismoaren soinua MEFSST!, EmaRock, Anari. 22:00 Bertso saioa: Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi (gai jartzailea: Ainhoa Aranburu) eta kontzertua: Elbis Rever eta DJak: Pinchadiscos Tonadilleras + Dj gurebesta.

Gorputz okerrak. Gorputz desegokiak. Ozenegiak. Gorputz bilauak. Lekuz kanpo dauden gorputzak. Ez dagokien lekuan ez dagokiena egiten duten gorputzak.

Ainhoa Aranburuk hala galdetu zien bi bertsolariei: “Gorputza aipatzen dugunean, zertaz ari gara?”.

(@ttanttakun).

LUJANBIO Mikrotik derrepentean horra, gorputza, aditu bio edo politiko ez du zeharo argitu bakoitzak bere ispiluan zer ikusi, zer aurkitu zenbat sakondu nahi duzun zenbat pentsatzen aritu gorputza izan liteke mami ta odol zirkuitu gorputza egin liteke handitu edo txikitu ze lupa erabiltzen den, mila zirrikitu ditu.

ALBERDI Gorputza da gure gune eta ikusmiren talai gorputza haragi, hezur eta ileekin jarrai; bere neurri ta distantzi, arau, lege eta epai; bere bakardadean nahiz ondoko gorputz horien zai. Izango al naiz gorputza tajuz deskribatzeko gai? Bertsotan gorputza aipatuz aritzen banaiz nolanahi guduzelaiaz ari naiz gozazelaiaz ere bai.

6.GD / ANTZOKI ZAHARRA

GORPUTZ DESEGOKIRIK BADA, BILINTXENA

IZANGO ZEN BAT. Guardetxea eraiki gabea zen 1831n Alde Zaharreko San Bizente elizan bataiatu zutenean. Handik urte gutxira, hirugarren soilairutik erori (edo eskaileretatik amildu, bertsioen arabera) eta aurpegia okertzerainoko kolpea hartu zuen Joakin Indaleziok. Hortik, Moko ezizena.

1865etik aurrera Teatro Zaharrean bizi izan zen, Nikolasa Erkizia eta hiru seme-alabarekin. Bertan, emanaldietarako arotz lanak egiten zituen, eta baita atezain aritu ere. Zortea erdipurdikoa izan eta, 1876an, Bigarren Karlistadan, karlisten granada batek eztanda egin zuen Bilintxen etxean, aurrez beste etxe bat jo, lehertu ez eta leihotik sartuta. Hanka bat ebaki zion eta bestean zauri izugarriak eragin. Sei hilabete iraun zituen bizirik. Geroztik, haren gorpua Polloeko hilerrian dago, eta bere izena daraman Donostiako kalea hiriko kalerik laburrena da; Antzoki Zaharraren aldamenekoa.

Juan Mari Lekuonaren esanetan Bilintxen bertsoen “ikuspunturik aipatuena eta landuena […] damaren dohai fisikoen deskribakuntza poetikoa [da]”. Joxe Mariri idatzitako hauek ere ez dira makalak, ordea.

Bilintx (Aranzadi Zientzia Elkartea).

Bilintx kalea, Hpholke (Wikipedia)

Zaldi baten bizitza (edo Zaldi zuriyarena)

1. Orra sei bertso kale garbitzalleari, zeña bere izenez dan Joxe Mari; erreza lezazkike iru abe mari, indarra etortzeko zaldi zuriyari; animali ori urriki zait neri, falta du ugari egoteko guri; kartoiakiñ egiña dala diruri. 2. Goizero biar diyo eraso lanari, zikiñak bildu arte erri danari; berriz ere obeto bizi ez danari nabarbenduko zaizka ezurrak ugari; ez naiz txantxaz ari, eta, Joxe Mari, zaldi gaxuari nai aña janari eman zaiozu, jartzen ote dan lori.

3. Dago eskeletuen itxura arturik, diña jan ezak daka orla galdurik; nola ez da egongo oso argaldurik, irukitzen badute askotan baraurik? Zaldiya orri nik ez det esperorik ezer ikusterik ezurrak besterik; ez du beintzat izango odol-kolperik.

4. Lana sobra du baña janariya falta, urrikigarriya da dakarren planta; gaxuak ez lezake luzaro aguanta, flakiyarekiñ eziñ mugitu du anka; pentsu gutxi jan ta kalian jiraka, gaizki bizi da ta indarrik ez daka; eziñ karriatu du karro bat kraka. 5. Munduban ez liteke zaldirik arkitu, dubenik orrek aña pena sufritu; biyotzik gogorrena lezake kupitu, ez du zartzera txarra gaxuak atxitu; pausua nagitu, eziñ da mugitu, gutxiyenaz ditu zazpi espiritu, bestela bizirikan eziñ segitu.

6. Gizarajuaz danak pena ar zazute, baldiñ biyotz biguñak badituzute; asi zan egunetik eta oraiñ arte, serbitzuba egiñ du erriyan bastante; igande ta aste, jaiarekiñ naste, makiña bat urte pasa dizkitzute; oraiñ erretirua merezi luke.

7. ZALDIAREN ERIOTZA Indarra zekan arte zikiña karraio eragiten zioten makiña bat saio. Bañan miñez jarri da, indarra juan zaio! Nekearen pagua balaz eman zaio!

8. OBIZDEA Azkenak emen daude zaldi argal baten, zeñak ez zuen iñoiz pentsu on bat jaten; gelditu zaizkan mami puskak eramaten, beliak lan askorik apenas daukaten.

(donostia.eus).

Bilintx hil eta lau urtera, 1880ko irailaren 26an, sei bertsolarik kantatu zuten Antzoki Zaharrean bertan, goizeko 11etan hasita. Tartean ziren Pello Errota, Otaño eta Udarregi. Bertsoaldiz bertsoaldi paretsu ibiliak ziren nonbait hiru bertsolariak eta, prestatutako ariketak bukatu zirenean, desenpatea nola hautsi ez zekitela gelditu ziren epaimahaikideak. Denis Labordek kontatzen duenez, orduantxe bururatu zitzaien bertsolariei hasierako puntuak jarri eta bertsoa bukaraztea. Hori ere bata besteak bezain ongi edo gaizki egingo zuten, epaiaren arabera hiru bertsolariek irabazi baitzuten egun hartan. Kontuak kontu, geroztik, makina bat puntu erantzunekin sufritu —eta gozatu— dugu azken mende eta erdian.

7.GD / IKATZ KALEA

ANTZOKI ZAHARRETIK EZ GARA ASKORIK

URRUNDUKO, HALA ERE. Guardetxean utzitako entzule-ez-baitezpada-bertsozale horiekin batera murgildu gara garai batean ikatza saltzen zen kale ilunean. Inguruko soto batzuetan sagardoa ere egiten zuten, eta jendea elkartzeko aitzakia ederra jartzen zuten kupel inguruetan. Kupel horietako gehienak desagertu dira dagoeneko. San Sebastian Region-a bisitan datozen pintxozalez lepo beteta daude aldameneko kaleak. Marea bizietan itsasoa adina igo dira alokairuen prezioak inguru honetan, eta lorerik gabeko balkoiak eta itxitako pertsianak sumatzen dira nonahi, oporretako etxebizitza bilakatutakoetan. Eta, hala ere, bada oraindik ere igogailurik gabeko eraikinetan gora eta behera ibiltzen den auzotarrik ere.

Baina ez gaitezen desbidera, kale honek galtzeko arriskua izaten du eta; abuztuan, irailean, abenduan eta urtarrilean, bereziki. Edonoiz ikusiko ditugu kantu taldeak Herria parean; Arrano Beltza elkartetik eltze, burruntzali eta kutxarak hartu eta San Sebastian bezperan abiatutako desfileen parodia desordenatuak; 2018ko Donostiako Bertsolari Egunean tabernaz taberna bertsotan jardundako Donostian bizi diren dozena bat bertsolariak; belarri ertzera nahi baino gehiago hurbiltzen diren errimarik gabeko zirtolariak… Denetarik dago hemen. Babes bila dabilenak, dena den, barra ertzera hurbiltzea besterik ez du, Aurresku tabernan, adibidez. Elenitak berehala atendituko du. Hantxe aurkitu ditugu Easo plazako bertsozaleak eta Belodromoko pistan ogitartekoak jaten ari zirenak ere. Xalbador, Bilintx eta Mattin ere begiak piztuta ikusi-uste izan ditugu telebistaren eskuinaldean dagoen txoko estuan. Baina guri kasu handirik ez egin. Kontua da beste bi bertsolari sartu direla tabernara, Elenitak musika itzali duela, eta lepotik helduta entzun dugula Eli Pagolak eta Itxaso Piquerrek osatutako Goierriko ditxaren bertsio aurreskuarra.

Ikatz kalea (irutxuluko hitza).

1. Kantatzen hastera goaz Aurreskuko istoriak batzuak erdi egiak beste batzuak egiak.

2. Txaleko eta partxea tekila eta pechea Aurresku bihurtzen degu gure bigarren etxea 3. Jende asko, lotsa gutxi laztan, muxu ta igurtzi Elenitak parrandetan zer ez ote du ikusi?

4. Kuadrillakoa, laguna, lankide, bizilaguna pertsona diskretoentzat hor egongo da komuna.

5. Zumetza eta elorri hamaika istilu gorri kuadrilla gabe joan ta txalekuakin etorri. 6. Festazalea bazera etorri zaitez gurera lagun kuadrilla eder bat zure zai egongo gera

7. Gehiago ere badira gertatu gabe tartean eta gerta daitezela hemen gauden bitartean gure Aurresku maitean.

This article is from: