1 minute read

IRAUN ETA BIZI. Sustrai Colina

IRAUN ETA BIZI

TESTUA: SUSTRAI COLINA ARGAZKIAK: XENPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROA

Advertisement

Beti ez gaude ideia argiz, beti ez gaude bertso egarriz, sarri gogaitu ere egin naiz bertsoz, errimaz ta neurriz. Bertsolariak zelan barrutik ez gauden eginak harriz, larri heldu ta noa irriz: bertsoa eta nire burua maitemindu dira berriz.

(U. Iturriaga, 2001eko Azaroaren 18an, Markinan.)

Izan zitekeen pandemiaren osteko lehen bertso saioko azken agurra. Izan daiteke. Helduko da eskuak hainbeste garbitu beharrik ez eta bihotzarimetako zornea hego haizetan lehortzen uzteko sasoia. Asteburuko saioak ez dira astean zeharreko kutsatze-datuen baitan egongo, entzulearen irribarreak libre etorriko zaizkigu bueltan, protokolorik gabe konpartituko ditugu mikrofonoak zein besarkadak. Bitartean, iraun egin behar, ordea. Iraun eta bizi.

Dorre bikiak eraitsi berriak ziren Unai Iturriagak Txapelketa Nagusiaren 0 gunea ortozik zapaldu zuenean. Ez Lizarra eta ez Garazi, segurtasunaren izenean reseteatzen ziren garunak, bizarrak miatzen aduanetan, 100 ml-ko poteetan ezkutatzen suntsipen handiko armak, eta dena zen ETA. Eskerrak ez dagoen aro txarrik (berriz) maitemintzeko.

Nik beranduago ulertu nuen zertaz ari zen Unai. 19 urte Txapelketaren aparretan bete berritan, nola irudikatu kantura abiatzea baino triku bihurtzea nahiago izango nuela noizbait;

nola sinetsi, gaia jarri osteko herioan bertsoa osatzeko helduleku bila ibili beharrean, gai jartzailearen oinetakoen lokarriekin entretenitzera iritsiko nintzela ni ere. Urratsak aurrera baizik ezin zirela egin pentsatzen nuen orduan. Leire Bilbaok ez zuen oraindik idatzi ez dagoela giza-harreman bakar bat bestea une oro maite duzuna.

Bizitza erdia joan zait ordutik, bizitza erdia erortzen eta berriz zutitzen. Tarte horretan, bertso hori ez dut beti boz berarekin kantatu, ez dut beti belarri berdinekin entzun. Ohartu naiz irabaztean baizik ez didatela nire porrotez hitz egiteko aukera eman. Badakit amore ematear dagoenarentzat berriz maitemintzea ez dela zinezko aukera bat. Badakit. Horregatik, irautearen aldeko aldarri hau, ezerk irauten ez duen garaiotan.

Iraun eta bizi, bizi eta iraun. Berriz maitemintzeko aukera izateko.•

This article is from: