8 minute read

Felix Zubia, Elixabet Etxandi Oihane Perea, Estitxu Arozena, Oihana Iguaran, Joanes Illarregi, Enare Muniategi eta Fredi Paia.

Lehen eta orain

DOINUA: BIZIAEZDANEHOIZEGOITEN

Advertisement

Maitasunean, lanean edo Nahi duzuen alorrean, Une batzutan azpian gaude, Besteetan tontorrean. Zenbait kasutan borondatean, Askotan derrigorrean, Milaka kontu izaten dira, Sarri modu gogorrean, Ezin asmatu zer sortuko den Gure bidezidorrean.

Denda txiki bat genuen lehen, Kalean ginen indartsu, Interneteko salmentek baina, Pentsa zenbat enbarazu. Nahiz eta gogor jarraitzen dudan “Torizu eta ekatzu”, Autonomoa nintzen aurretik, Orain autonomo faltsu, Amazonentzat derrigorrezko Partitzaile fin naukazu.

Ekuadorreko herri batean Munduratua izaki, Guztia utziz Europarako Jauzia nik erabaki. Aitona Joxe zaintzen nuen nik, Hiltzean guztia gaizki, Orain etxetan ez naute hartzen Birus zahar baten aitzaki, Nire gorputza salduz bizi naiz, Ai gure Amak baleki! Esku leuna dudanez berez, Patriketan arrantzale, Beti izan naiz jende multzoen Eta pilaketen zale. Distantziaren kontu honekin Guztiak egin dit kale, Nahiz batzuetan bakar bat ostu, Nire senaren seinale, Garai hobeak iritsi arte Metroan nago eskale.

Taberna baten jabea nintzen, Festazale borrokatu, Kokainaren bidean sartu Eta kalean bukatu. Orain zaborrak bilduz gauean, Egia zertan ukatu, Ustekabean mundu honetan Nire tokia topatu, Nire moduko zaborrak ezin zuen hobeto asmatu.

Askotan amets egiten dugu Ume txikien modura, Gauza handiek eta politek Sortzen digute lilura. Ustekabean aldatzen zaigu Bizitzaren abentura, Besteak errez epaitu gabe, Albora utziz tristura Umore onez hartu dezagun Parean datorren hura.

2020-2021

Gogoratu naiz nola poztu ginen 2019ko abenduaren 31an, gauerditan atzera kontua amaitu eta 2020 iritsi zenean. Azkenean hamarkada berrian sartuak ginela pentsatu genuen, 10ak gibelean utzi eta 20en arora sartu ginela. Gogoratzen naiz nola gure 20 urteen langa pasako genuela pentsatu genuen 2000. urtean sortu ginen guztiok. Ilusioz beterik txin-txin egin genuen eta txanpaina kopak ahoratu, gure aurrean genuen urte ustelaz jabetu gabe. Orain, oroitzapen zaharrak besterik ez dira urte zaharrak, elkartzen gineneko momentuak, besarkadak eta kopa bete txanpain eginiko txin-txinak. Hipokrisia osoz deskonfinatuko dute iparraldea gabonetan eta urte zaharra ospatzeko, ekonomia ez dadin erori. Baina gu aspaldi erori ginen zepoan, eta ematen diguten askatasun zantzu soilekin poztea ohituratu gara dagoeneko. Pena da, baina orai, gure lehengo askatasunen ilusio horri eusten diogu klandestinoki elkartuz, elkar ikusiz, klandestinoki elkar besarkatuz. Bertso saioak ere klandestinoki antolatzen ditugu orain, bertso eskolak bezala. Xilabari pausa botoia sakatu diogu, eta etorkizuneko planak planifikatzen hasi gara, a edo b planen artean errealistena hautatzen.

Baina goitik datozen erabaki arbitrario eta anarkikoek kultura bera baldintzatzen duten honetan, bertsoa.com begiratzea besterik ez zaigu geratzen, bertsoa zer zen gogoratzeko bezala. Kultura telematikoari ohitu gaituzte, maskara, distantzia eta mugimendu murriztuei ohitu ginen gisan. Ez dakit zer dakarren 2021 urteak. Dakidan gauza bakarra da nik 21 urte beteko ditudala, 20+1ek 21 egiten duela, eta kopak erdi beterik edo erdi hutsik, txin-txin egingo dugula.

Ertzak atarian

Ezetz esan diet gehienetan era honetako proposamenei. Ez dut oso gustuko obligazioz idatzi behar izatea eta ez dakit ziur oraingoan baiezkoa emateko arrazoia zein den. Behar bada badut zerbait esateko. Eta hemen gaude. Txikitan idazteko erraztasuna nuen arren alperra nintzela diote, horregatik hautatu nuela bertsolari ibilbidea. Izan daiteke… Behar bada hor dago koska. Paperak badu gustuko ez dudan zerbait dena den. Hor geratzen da. Betiko. Eta buelta

gehiago ematera behartzen zaitu. Eta niri intelektual puntua falta zait.

Paperen ertzetan bat-batean etorritakoak apuntatzen diren bezala idatziko dudala sinetsi nahi dut. Txorrota zabalduta… Baino tira, momentuz isuria hasteko, atarian, apunte batzuk baino ez.

Ipuinari amaiera aldatu nion eta gidoirik gabe nabil aspaldion. Ez genuen galeperrik jan. eta menu bejeta eskatzen dut bertso afaritan (edo nuen). Suerte pixka batekin bidaiaren erdia eginda, neure ertzak onartzera heldu berri akaso…Ugalketa fasearen ertzean. Guztiek kadukatutzat jo eta norberetzako momentu onena izan daitekeen bide-gurutze mitikoan nago. Eta euskal kulturaren finisterretan esnatzen naiz goizero. Nafarroak ezkerrean duen ertzean, lautada eta mendi artean, Ebrok irentsitako zubien bestaldean. Hortxe dut jarria, intentzionalitate guztiz, lanerako eta bizitzeko esparrua. Euskalduntasunaren bestaldeetan, deseraiki eta berreraikitzen ari diren bazterretan, eta zailtasun beste aukera eskaintzen duten tokietan.

Ertzak maite baititut, paperekoak eta beste guztiak, erdigunetik urrun dauden guneak, espazio estraofizialak. Pribilegio eta aitortzarik gabeak, baliabidez urriak, sormenerako territorio libreak… Aitortzen dut. Konformagaitz eta disidenteek tilin egiten didate. Asko. Eta nonahi ditugun gaztelu hautsi hauetatik bota nahi ditut nire harrikadak. Garden eta zuzen. Bertsoak bezala, barrutik, gehiegi egosi gabe. Ea kapaz naizen hitza bete eta plaza berri honetan (ere) gozatzeko. Zarena zarelarik ere, gogoa baduzu… Laster arte!

Haritzaren gorostia

Jon Martinek eman omen dit lekukoa. Bere Haritzaren memoria eskertuz, haritzaren gorostiarekin hasiko dut nire blog honetako ibilbidea.

Aritxulegitik ez urruti, Lesakako eskola mendi inguruan bada bertze harizti bat, eta hango haritz baten enborrean sortutako gorosti eder bat. Nik, nire kabuz ez nukeen ikusi ere egingo, baina beti dago norbait bidea aurkitzeko lorratzak emango dizkizuna eta hemendik aipamena nire aitzindariei, naturaren mirari horren kontzientzia emateagatik. Badira bertso gorostiak modu naturalean birsortzen diren lurrak, baita Nafarroan ere, gutti batzuk. Baina gero eta beharrezkoagoa dute elikatuko dituen haritz baten laguntza, izan Bertsozale Elkartea, bertso eskola, bertsozale taldearena, norbanakoena edo aitzineko denena.

Zergatik ematen du haur batek izena bertso eskolan, Barañainen adibidez… Nolatan, zer motibaziokin… Hainbertze kirol eta kultur aktibitateen eskaintza izanik, bertso eskolarako tarte bat hartzen duen hori altxor gisara ikusi behar genuke. Play Station, Xbox, Youtube, Mugikorrak edota Disney chanelak itzali eta gugana hurbiltzen den gazte hori mimoz zaindu behar genuke bertso eskoletako irakasleok.

Nere asmoa ez da lezioak ematea ez eta mirariak egitea ere. 20 urtetik goiti daramatzat bertso eskolak ematen. Zerbaiti buruz aritu behar badut, eta ez hilero zeri buruz aritu bilatzen erotu, hauxe da eginen dudana: bertsoaren ikas prozesuaz, bertso eskolak emateko moduaz, arrakasta izaten duten ariketen inguruan… aritu nahiko nuke blog honetan. Horien inguruko hausnarketa pantailaratzean neronek ere zerbait ikasiko dudala ziur bainago.

Hilabetean behin, niri eman zizkidaten bezala, nik ere norbaiti bidea aurkitzeko lorratzak emateko saiakera bat baino ez dut egin nahi.

Bolumena

Mikrofonoak asmatu aurreko garaian, ahotsaren bolumena izan zitekeen bertsotarako aurrebaldintza. Isiltasunaren bolumena beti zaindu izan da bertsogintzan, txaloena baino gehiago axola zaigu, ziurrenik (biak dira bertsoaren lehengai, baina oparoago izaten da lehena). Bertso eskolan ere, azkar esan ziguten ozen kantatzeko (bularra puztuta eta paparra goian). Geroztik, ahotsa eta eztarria zaintzen ikasi nahi izan genuen, bertsoan zehar bolumenari tinko eusteko.

Bolumen fisikoari dagokionez, beti sumatu dugu ezin dela oholtza erdizka okupatu. Orduan eta espazio gutxiagorekin ausartu, orduan eta txikiago sentituko gara. Hobe bularra puztean eta paparra jasotzean hankak zabalik kokatzea mikrofonoan. Eserita zaudela ere, belaunak elkarrengandik apartatzea komeni. Okupatu bolumena, izan bolumena. Pandemiak okupatu daitekeen bolumena erdira jaitsi duen honetan; oholtzan elkarrengandik gero eta urrunago gauden honetan; musukoak derrigorrezkoak diren honetan, bertsoak bolumena galdu du. Ez naiz galdu diren plazez edo espazioez ari, ez eta megafonia edo ahotsen ozentasunaz ere. Txanponaren beste aldeaz ari naiz, elkarren arteko bolumen fisiko minimoaz eta batez ere, xuxurlaz.

Xuxurla galdu du bertsolaritzak COVID garaian. Lerro militarretan sakabanatutako entzuleek ez dute gaia entzun osteko ideia lagunari kontatzerik, musukoaren atzean ezkutatutako aurpegiek ez dute ateraldi batek eragindako barrea konpartitzen uzten. Bertsolariok ere, ez daukagu atzean eserita saioaren inguruko iruzkinik egiterik (askotan, lagungarri zaiguna, konpainiatik harago giroari begira erabakiak hartzeko). Musukoaren atzetik elkar ulertzen ahalegintzen gara, bolumena igo eta bertsokidea oztopatu edo esatekoaz beste egin hautatuz etengabe. Gero zutitu, gaia entzun, mikrofonoa mugitu/edo ez, mozala erantzi eta doinua adosteko ere koreografia xelebreak antzezten ditugu, gehiegi gerturatu ez baina kideak xuxurlatzen duen doinua zein den antzeman nahian (zenbat bider hasi dugu saioa ondo entzun gabe eta lehen notetan ohartu ez zela hori…!). Bertsolaritzak eutsi dio bere funtsezko izateari, komunikazio hori bermatzea lortu da. Baina hizki xeheko komunikazioa, paratestuala, keinuz egiten duguna eta batez ere xuxurla galdu ditugu; gure lana ez baita mikrofonoan abesten dugun horrekin bakarrik eraikitzen. Bolumen handi aforo-neurtuen garaiak ez dio tarterik utzi gure komunikazio modu oharkabe bezain garrantzitsuari. Garai txarrak dira bolumen baxuko hitzentzat. Niri garbigailua ataskatuko didate musukoan trabatutako xuxurlek.

(Beste) injustizia bati jarriak

DOINUA: HEMENZIZURKILDARBAT

Hitz egiten badugu gazte eta herriz bi izen idatzita daude letra larriz uste genuenean pasa zela neurriz “dena da ETA”-rekin kontaktuan jarriz Audientzi Nazionala bueltan dator berriz Akusazioa da trinkoa, zuzena aspaldi jo-puntuan zen euren izena baina jakin nahi nuke zein den funtsa, sena zer den benetan bertan epaitzen zaiena: aurkitu dena edo aurkitu nahi zena?

Nahiz eta teorian den bake garaia batzuk nahiago dute polbora usaia Madrilen hortzak zorrotz oraindik etsaia gezurrak saltzea da betikoen nahia epaiketa baino lehen prest dago epaia

Batzun militantziak zenbat enbarazu Aitor ta Galderrentzat Madrilera pausu ikusirik hainbeste ankerkeri kasu Estatuko makinak eman duela su burura etortzen zait berriro Altsasu Kasuak ilusio faltsu asko hil du baina ezin da euren jokoan murgildu nahi dute jokaldia ongi borobildu beldurra erein eta agintea bildu bi atxilotu eta herri bat isildu

Zortzi urte eskatuz batekoz besteko nahiko arrazoi bada kalera jaisteko ireki diren auzi guztiak ixteko hemen azken ohar bat inoiz ez ahazteko herri bat duzuela zuek babesteko

Urte barrian

Urte barrian sartu barritan

DOINUA: ZAZPIAKOHIALBATETIK

Urte barrian sartu barritan natorkizue kantari, 20a oraindik ez dogu ahaztu 21ari adi. Bertso barriak jartzera noa Gabonen panoramari, iaz Jesusen ordez jaio zan Covid hemeretziari.

Euren etxean geratu dira osaba eta izeko, baita aitxitxe-amuma eta hiru loba oinordeko. Mahaiaren bueltan alkartu gara familiko lau, etxeko neurri guztiak errespetatuz neurririk barik jateko. Bi asten bueltan lau ospakizun, pasatzea da, hau da lar! “Etxean trankil egon gura dot” pentsatuz hainbeste bidar. Ohitura barri asko ondo dauz albora itziz hainbeste zahar, ze barriakaz koinatua be ez dogu aguanta behar.

Lehenago zana hamar polboroi zein bi litro intxor-salsa, ta afal ostean etxekoekin kantu zahar eta dantza. Aurten ahora esperantzagaz hamabigarren mahatsa, urte barrian musu emotea ez daiten izan hain gatza. Gabon barriak asmatu eta ondo pasatzen igarri, begietara sakon begira egon garenez alkarri, gauza bakarra eskatu gura deutsut zuri, urte barri: Triste denak eroatea ta besarkadak ekarri.

Filomena

DOINUA: IKUSTENDUZUGOIZEAN

Elur zuriaren otsein bilakatzen da edozein gutxienez urtean behin Paisaia zuri artistikoak txiki utzi du Guggenheim errutinak gaitzan jarein panpin biribilak erein guztiok bihurturik sein. Txingar bartzunen ilendi zure ondora banengi erraz ninteke defendi irristaketan jolastu gara urli, sandi zein berendi zure oinetan errendi gatzaizkizu mila sendi soineko zuridun mendi.

Txantxangorriaren gorte giza ibilera dorpe eskizalearen zorte zuritu dira mendi bizkarrak etxe barru oro surte urtarrileko elurte lurgain zuri, sator lurpe elur urte gari urte. •

This article is from: