Bertsolari 121

Page 162

ZORTZIKO HANDIA

Lehen eta orain

DOINUA: BIZIA EZ DA NEHOIZ EGOITEN

Maitasunean, lanean edo Nahi duzuen alorrean, Une batzutan azpian gaude, Besteetan tontorrean. Zenbait kasutan borondatean, Askotan derrigorrean, Milaka kontu izaten dira, Sarri modu gogorrean, Ezin asmatu zer sortuko den Gure bidezidorrean. Denda txiki bat genuen lehen, Kalean ginen indartsu, Interneteko salmentek baina, Pentsa zenbat enbarazu. Nahiz eta gogor jarraitzen dudan “Torizu eta ekatzu”, Autonomoa nintzen aurretik, Orain autonomo faltsu, Amazonentzat derrigorrezko Partitzaile fin naukazu.

Esku leuna dudanez berez, Patriketan arrantzale, Beti izan naiz jende multzoen Eta pilaketen zale. Distantziaren kontu honekin Guztiak egin dit kale, Nahiz batzuetan bakar bat ostu, Nire senaren seinale, Garai hobeak iritsi arte Metroan nago eskale. Taberna baten jabea nintzen, Festazale borrokatu, Kokainaren bidean sartu Eta kalean bukatu. Orain zaborrak bilduz gauean, Egia zertan ukatu, Ustekabean mundu honetan Nire tokia topatu, Nire moduko zaborrak ezin zuen hobeto asmatu. Askotan amets egiten dugu Ume txikien modura, Gauza handiek eta politek Sortzen digute lilura. Ustekabean aldatzen zaigu Bizitzaren abentura, Besteak errez epaitu gabe, Albora utziz tristura Umore onez hartu dezagun Parean datorren hura. •

Ekuadorreko herri batean Munduratua izaki, Guztia utziz Europarako Jauzia nik erabaki. Aitona Joxe zaintzen nuen nik, Hiltzean guztia gaizki, Orain etxetan ez naute hartzen Birus zahar baten aitzaki, Nire gorputza salduz bizi naiz, Ai gure Amak baleki!

2020-2021

Gogoratu naiz nola poztu ginen 2019ko abenduaren 31an, gauerditan atzera kontua amaitu eta 2020 iritsi zenean. Azkenean hamarkada berrian sartuak ginela pentsatu genuen, 10ak gibelean utzi eta 20en arora sartu ginela. Gogoratzen naiz nola gure 20 urteen langa pasako genuela pentsatu genuen 2000. urtean sortu ginen guztiok. Ilusioz beterik txin-txin egin genuen eta txanpaina kopak ahoratu, gure aurrean genuen urte ustelaz jabetu gabe. Orain, oroitzapen zaharrak besterik ez dira urte zaharrak, elkartzen gineneko momentuak, besarkadak eta kopa bete txanpain eginiko txin-txinak. Hipokrisia osoz deskonfinatuko dute iparraldea gabonetan eta urte zaharra ospatzeko, ekonomia ez dadin erori. Baina gu aspaldi erori ginen zepoan, eta ematen diguten askatasun zantzu soilekin poztea ohituratu gara dagoeneko. Pena da, baina orai, gure lehengo askatasunen ilusio horri eusten diogu klandestinoki elkartuz, elkar ikusiz, klandestinoki elkar besarkatuz. Bertso saioak ere klandestinoki anto-

160

latzen ditugu orain, bertso eskolak bezala. Xilabari pausa botoia sakatu diogu, eta etorkizuneko planak planifikatzen hasi gara, a edo b planen artean errealistena hautatzen. Baina goitik datozen erabaki arbitrario eta anarkikoek kultura bera baldintzatzen duten honetan, bertsoa.com begiratzea besterik ez zaigu geratzen, bertsoa zer zen gogoratzeko bezala. Kultura telematikoari ohitu gaituzte, maskara, distantzia eta mugimendu murriztuei ohitu ginen gisan. Ez dakit zer dakarren 2021 urteak. Dakidan gauza bakarra da nik 21 urte beteko ditudala, 20+1ek 21 egiten duela, eta kopak erdi beterik edo erdi hutsik, txin-txin egingo dugula. •

Ertzak atarian

Ezetz esan diet gehienetan era honetako proposamenei. Ez dut oso gustuko obligazioz idatzi behar izatea eta ez dakit ziur oraingoan baiezkoa emateko arrazoia zein den. Behar bada badut zerbait esateko. Eta hemen gaude. Txikitan idazteko erraztasuna nuen arren alperra nintzela diote, horregatik hautatu nuela bertsolari ibilbidea. Izan daiteke… Behar bada hor dago koska. Paperak badu gustuko ez dudan zerbait dena den. Hor geratzen da. Betiko. Eta buelta


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.